View
2
Download
0
Category
Preview:
Citation preview
1. Zenbat denbora pasa da proiektua sortu zenetik? Zer funtzio zituen hasieran?
Zer aldaketa eman dira bide horretan? Añorgako Gazte Asanblada (A.G.A.) 1990. urtean sortu zen. Ia 30 urteko ibilbide
luze honetan, funtzio eta forma anitzak hartu ditu asanbladak, baina bere
oinarriak zutik dirau: Añorgatarrok saretu eta gure artean proiektu nahiz tresna
ezberdinak garatzea. Herritik eta herriarentzat lan egiten dugu.
Gaztetxeari dagokionez, urte batzuk lehenago sortu zen asanbladaren behar
izanetik jaio zen. AGAren jardunak, eta oro har auzoko gazteriak, bere jarduna
aurrera eramateko espazio baten beharra zuen. Behar honi erantzuteko AGA eta
Añorga Kultur Kirol Elkartearen (AKKE) arteko harremana erabakiorra izan
zen. Harreman honen ondorioz 1994. urtean AKKEk “gimnasio” modura
erabiltzen zuen lokala asanbladari utzi zion, 25 urtez AGAk kudeatu duelarik.
AKKEek kudeatzen dituen eraikin askoren modura, haien jabetza “Cementos
Rezola” enpresarena da. Zementeraren sorrerak, XIX. Mendearen bigarren
erdialdean, auzoa goitik-behera eraldatu zuen, auzoko azpiegituraren zati handi
bat enpresaren bitartez hornitu zelarik. Honen eraginez, gaztetxearen egoera
juridikoa nahiko berezia da.
Gaur egun, AKKE eta AGAren arteko harremana ona da, eraikinak eta elkarteak
hasieran zuten harreman zuzena “ahaztua” dagoen punturaino. Gaztetxeak
etorkizunean izan litzakeen arriskuak Rezolaren itxiera edo eraldaketa sakon
baten ondorio izango lirateke. Hau honela, epe ertain batean inongo arrisku
legalik ez dugula esan genezake eta epe luzean ere seguru gaudela egoera asko
korapilatzen ez den bitartean.
2- Espazioaren funtzionamendua, nola erabiltzen dezue, zertarako eta antolaketa
era.
Azken 30 urtetako ibilbideari jarraiki, añorgatarren eskuetara dagoen tresna izan
nahi du Añorgako gaztetxeak. Egun, herriko gazteria saretu eta lanerako nahiz
aisirako espazioak sortzean datza gure jardunak. Helburu hauei erantzutera
begira egun martxan ditugun tresnei erreferentzia egin ezkero; kontzertu
“mutturrak”, gazte afariak, gitarra ikastaroak edota asanbladak azpimarratuko
nituzke.
A.G.A. hamabost pertsona inguruk osatzen dugu, baina asteroko asanbladetako
asistentzia zertxobait baxuagoa izaten da, hamar bat pertsona biltzen gara. Gazte
Asanblada osatzen dugun kideon perfila nahiko anitza da: urte luzez lanean
dabiltzanak, unibertsitateko ikasketak amaitu eta gehiago gerturatzen ari
direnak, gaztetxoenak…
Jarraikortasunari dagokionez, ostiral arratsaldeko “zitak” kostantzia duela esan
daiteke, nahiz eta gora-beherak ere ematen diren. Taldearen baitan, kostantzia
eta inplikazio maila ezberdinak daude, baian egun nahiko ondo kudeatzen dugun
errealitate bat da.
Gazte Asanbladako kideon lan-banaketari erreferentzia egin ezkero,
proposamenak egitean, ardurak hartzean edota lan-ildoak norabidetzerako
orduan nahiko modu autonomoan jarduten dugu. Gaztetxea bizitzeko modu
ezberdin hauek, gazte asanbladaren bidez koordinatu eta gain-begiratzen dira.
Azken aldian geroz eta hobeto funtzionatzen gabiltzala esango genuke.
3. Zertarako uste duzue beharko zela gaztetxe bat? Gure ustetan autogestioa eta herri izaera izan behar dira gaztetxearen oinarriak.
Gazte komunitate konprometitu bat sortzeko tresna izan behar da, herritik eta
herriarentzat pentsatuko duena, eta bere ateak irekita izango dituena.
4- Donostiako egoera nola ikusten dezue, gaztetxeen aldetik (adib harremama
guneen artean). Azken aldian autogestioaren eta gaztetxeen oihartzuna aspaldian baina ozenagoa
da, Iruñea dugu honen adibide garbia. Donostiaren kasuan ere olatu hau bere
bidea egiten ari da, Alde Zaharreko Kijera gaztetxea delarik kasu
esanguratsuena.
Harremana beharko lukeena baina mugatuagoa dela uste dugu. Gure arteko
harreman informal eta kausalak dira elkarren artean lotzen gaituztenak.
Gainera, errealitate honi Añorgaren izaera propioa gehitu beharko genioke gure
kasuan. Hau honela, orain arte gaztetxeak saretzeko asmoz egin diren
proposamen ezberdinek arrakasta handirik eduki ez dutela uste dugu. Gure esku-
hartzea oso mugatua izan bada ere, norabide horretan sakontzeko beharra
ikusten dugu.
1. Zenbat denbora pasa da proiektua sortu zenetik? Zer funtzio zituen hasieran?
Zer aldaketa eman dira bide horretan? Irailaren 2an okupatu genuen Kaialdeko eraikina urte mugitu baten ostean. Parte
Zaharreko gazte asanblada azken bi urtetan gaztetxe bat eskuratzearen
helburuarekin indartsu zegoela, eta abuztuaren 31ko okupazio sinbolikoaren eta
Auzo Lokalaren astebeteko esperientziaren ostean, Donosti mailako eta
ingurutako beste zenbait asanbladen laguntzaz azkenik lortu genuen okupazioa
bitarteko hautaturik gaztetxea lortzea.
Egun, 5 hilabete egin berri ditugu Kijera Gaztetxean, eta gorabehera asko izan
ditugun harren, denbora honetan proiektuari forma ematen jardun dugu. Orain,
2019ko otsailean desalojo arriskuan jarraitzen dugu. Hilabete daramagu
erresistentzia fasean, 24 orduz beti dago norbait gaztetxean, Udalak gu botatzeko
asmoa argi utzi baitzuen gure aurkako espedientea irekiz. Erresistentzia eguneko
lau txandatan antolatzen dugu, eta denbora honetan zehar, asanbladako kideez
gain, auzotar ezberdinen (haurguneko gurasoak, esaterako) eta beste leku
askotako kideen laguntza jaso dugu.
Egoera juridikoari dagokionez, esan bezala, desalojo arriskuan gaude,
aurkeztutako alegazioen erantzunaren zain eta ebazpenaren esperoan. Ez dakigu
zenbat iraun dezakeen honek, ez dakigu zein den Udalaren asmoa, baina guk argi
dugu ez garela Kijeratik joango, auzoarentzako ireki genuen proiektua
defendatzen jarraituko dugu.
2- Espazioaren funtzionamendua, nola erabiltzen dezue, zertarako eta antolaketa
era.
Gaztetxeko jardun nagusia asanbladak kudeatzen du, baina auzo zein hiri mailako
eragile ezberdinek ere erabiltzen dute espazioa haien beharrak asetzeko.
Gaztetxeko asanblada ostiralero biltzen da eta 15-20 gaztez dago osatuta.
Eraikina lau pisutan banatzen da, eta espazio bakoitza funtzio bati dago
atxikituta. Espazio ezberdinak aipatzearren, areto nagusia, sukaldea, liburutegia,
bilera-gela, tailerra, frontoia eta aisialdi gela ditugu besteak beste.
Ezin dezakegu aipatu gabe utzi Haurgunea, hasieratik gazte asanbladak argi izan
zuen eraikineko espazio bat auzoko gaztetxoenentzako izan behar zuela, eguraldi
txarraren eta kalearen erabilera pribatiboaren biktima zuzenak baitira.
Auzotarroi kalea erabiltzeko eskubidea kentzen diguten honetan, auzoko gazteok
gaztetxoenei haien aisialdirako gela bat eskaini genien. Gurasoek aukera hau
gogotsu eta esker onez hartu eta Haurgunea autogestioz antolatzeari ekin zioten
azaroan. Hala ere udalak gogor zapaldu du Haurgunearen proiektua guztiz
debekatuz haurrak eraikinaren erabiltzaile izatea, oraintxe bertan, tamalez,
bertan behera dago proiektu hau.
Espazio erabilienak bilera gela, areto nagusia eta liburutegia direla esan genezake,
bertan egiten baitira bilera, tailer, formakuntza eta proiekzioak. Hala ere, aisialdi
gela beti egon ohi da beteta jende ezberdinagatik, negu gorrian auzoko gazteek
duten espazio estali goxo bakarra baita (tabernez gain). Tailerra eraikineko
edozein konponketa egiteko erabiltzen da, bai eta gauzak sortzeko ere. Frontoian
astero egiten dituzte zirko entrenamenduak, bai eta lagunarteko pilota partiduak
ere. Sukaldea otorduak egiteko eta gure artean goxo eta lasai hitz egiten egoteko
espazio bilakatu da. Horrez gain terraza bat ere badugu eguraldi ona egiten
duenetan edota haizea hartu nahi dugunetarako primerakoa dena.
3. Zertarako uste dezue beharrezkoa dela gaztetxe bat.
Gaztetxe bat guztiz beharrezkotzat jotzen dugu auzo bakoitzak antolatzeko eta
komunitate bat sortzeko lekua izan dezan. Generazio ezberdinak elkarlanean
arituz, haien proiektuak gauzatzeko espazio fisiko bat izatea guztiz ezinbestekoa
dela deritzogu. Horrez gain, talde zein eragile desberdinek haien beharrak
asetzeko lekua da gaztetxea, bai eta harreman mota ezberdinak sortzekoa ere.
Egunerokoan aurki ditzakegun oztopoei autogestioz eta elkartasunez erantzuteko
edota alternatibak eraikitzeko guneak dira. Auzoa eta auzotarron beharrak
erdigunean jarriz, hauei erantzutea eta beharretara egokitzea duena xede.
4- Donostiako egoera nola ikusten dezue, gaztetxeen aldetik (adib harremama
guneen artean).
Orokorrean, Donostia egoera on batean dagoela uste dugu, izan ere, gune
autogestionatu ezberdin ugari ari dira lanean problematika ezberdinen bueltan.
Txantxarreka esaterako, etorkinekin izugarrizko lana ari da egiten; Belartzan egin
nahi duten poligono industrialaren aurkako borrokan BelartZAD.
Hala ere, Donosti mailako sare baten falta somatzen dugu. Kijera Gaztetxera gune
ezberdinetako kideak hurbildu dira, eta ekarpen ugari egin dituzte, baina
harremana ez da modu formal batean ematen, antolaketa eta saretze baten
beharra ikusten dugu. Proiektu bakoitzak izan ditzakeen behar eta gabeziak denon
artean asetzeko aukera ematen baitu, eta hiria bera jasaten ari den turistifikazio
bortitzaren aurrean modu kolektiboan erantzuteko baliabideak eskaintzen ditu.
1. Zenbat denbora pasa da proiektua sortu zenetik? Zer funtzio zituen hasieran?
Zer aldaketa eman dira bide horretan? 1996etik Intxaurrondoko gazte asanblada Letamaneko fabrika eta Intxaurrondoko
Ikastola izan zena erabiltzen hasten da. Denboran irautea lortu duen espazio
honek, jarduera asko aurrera eramatea ahalbidetu du, Euskal Herriko askapen
borrokaren ispilu bat izan da gure ustez.
Euskara sustatzeko AEK, desmilitarizazioren aurkako Intxaurka mugimendua,
intsumisoen mugimendua (1994etik), auzoko jaiak, sozializatzeko taberna
proiektua, Intxaurrondoko etxebizitza gazte frontea (1998tik) eta horrekin lotuta
gaztetxea eta etxebizitza proiektu berean uztartzeko arazoak, drogekiko
eztabaidak eta dinamikak, auzora bideratutako Intxaurkari aldizkaria,
entseiatzeko musika gelak eta talde ugariren kontzertuak, AHTaren aurkako
mugimendua, pirata gauak,... Era pixka bat nahasian aurkezten ditugu,
informazio gutxi dugulako gaur gaurkoz borroka guzti horien eduki eta ibilbideaz.
Ez dira ahaztu behar ere herri mugimenduaren loraldiaz aparte, alde txarrak:
espazioaren eta bertako kideen kriminalizazioa, 2007an fabrikaren desalojoa eta
eraisketa,... epealdi guzti hau ulertzeko ezaugarri garrantzitsua dugu.
Gaur egungo egoerarekin aldeak badaude, egun aisiaren lanketak bere garaian
komunitate handi bat sortzeko tresna zena, gutxinaka pisua galtzen joan dela uste
dugu. Zentzu berean egun zaila da intsumisoak edo AHTak zuten indarra egungo
gure jardueretan aurkitzea, egun borroka espazio asko eta anitzagoak ditugu,
aberastasun gehiago dago zentzu batean eta batasunak lortzea erronka handiagoa
dela uste dugu. Errealiatea aldatu bada ere, erronka edo korapilo antzekoak
ditugu; drogen inguruan, botere harremanen inguruan, erabileraren inguruan,
antolakuntza formen inguruan,...
2- Espazioaren funtzionamendua, nola erabiltzen duzue, zertarako eta antolaketa
era.
Ba azken urtean eztabaidatzen egon ondoren hainbat proiektu martxan jartzea
erabaki dugu: Garbigailu eta lehorgailu kolektiboak asteartero, zaintza lantaldea,
hausnarketa taldea, baratza eta etxebizitza lantaldea. Kolektibo ezberdinak
biltzeko espazioa ere bada: Jai batzordea, traganarruak, talde feminista,…
Guzti hau aurrera eramateko asanblada orokorrak astean behin edo bi astean
behin deitzen ditugu eta ildo konkretu bakoitzak bere asanblada propioak ditu ere.
Interesgarria da aipatzea klase partikularren proposamena, aisi taldearen ideia
eta Garberaren aurkako plataforma, gaur gaurkoz geldirik dauden proiektuak
dira, baina potentzialitate asko izan ditzazketen proiektuak dira.
3- Zertarako uste duzue beharrezkoa dela gaztetxe bat.
Lehenik eta behin sortu dugun gizarte honetan, kolektibo ezberdinek espazioen
beharra dutelako beren proiektuak aurrera eramateko. Bigarrenik Askapen
borrokan gure ekarpena egiteko modu on bat delako (horregatik urbildu ginen
gehienak). Behin espazio hauetan lanean ikusten duzu, espazioak dituen
potentzialitateak: kontra kultura bat sortzeko, identitate kolektibo bat garatzen
hasteko, egunerokoan auzoari bizitza emateko,... finean gauzak beste era batera
egiteko.
Askotan gaztetxe bat zer den eta zer ez den eztabaidatzen amaitzen dugu eta
gehienetan mesede baino edukiz husten dugu hitza. Forma politikoaz edo
antolakuntza formaz hitz egiten dugu proiektu konkretuetaz hitz egin beharrean.
Autogestioa ulertzeko era ezberdin asko daude, espazioak edo izenak ezin du
bertan egingo dena mugatu.
4- Donostiako egoera nola ikusten duzue, gaztetxeen aldetik (adib harremana
guneen artean). Espazio asko daude, baina ez gara behar adina kide: askotan espazioak azpi-
erabiliak ditugu eta ez gara gure artean elkar laguntzera iristen.
Egungo gune autogestionatuen antolakuntza formak zerikusi asko du egoerarekin;
antolakuntza asanblearioek sortzen dituzten erritmo propio ezberdinak eta
autonomiazko funtzionamenduen ondorioak dira. Horrek adostasunak aurkitzea
eta estrategia orokor bat eraikitzea asko zailtzen du.
Bada oreka bat bilatu behar dugu auzoko beharren eta zapaldu bezela ditugun
behar amankomunen artean. Guk nahi hala ez, espazio bakoitzaren ekintzek
besteetan eragiten du, hortaz eztabaidak emateko eta minimo batzuk lantzeko
markoen beharra dugu.
1. Zenbat denbora pasa da proiektua sortu zenetik? Zer funtzio zituen hasieran?
Zer aldaketa eman dira bide horretan?
Txantxarreka gaztetxea 2013an sortzen da, garai hartan EH Bilduko
udaletxearekin hitzarmen bat sinatu ondoren. Lau urteko lagapen publikoa izan
zen, bertan Villa Alegria eraikina Txantxarreka gaztetxea sortzeko uzten zuen
Donostiako Udaletxeak. 2017ko Urrian amaitu zen lagapena, eta geroztik egon
gara udaletxearekin kontaktuan kontratua berritzeko. Udaletxearen eskutik ez da
inongo interesik izan kontatua berritzeko, eta 2018ko udaratik aurrera argi eta
garbi utzi du udaletxeak bere posizioa, gaztetxean ezin direla egon migranteak
lotan, baina migranteak joan bezain pronto kaleratu nahi gaituztela.
2- Espazioaren funtzionamendua, nola erabiltzen duzue, zertarako eta antolaketa
era.
Gaur egun gaztetxeak ildo nagusiena Txantxafrika da, gaztetxean udaratik
migranteak bizi direlako eta hauen bizitza eta beraien egoera hobetzen saiatzen
den proiektua da. Bestetik, gaztetxeak jarraitzen du ekimen kulturalak
bertaratzen, kontzertuak gehien bat. Nahiz eta ez den ildo aktibo bat
Txantxaeskola edota Martxoaren 8ren inguruan gaztetxean egin ziren ekimen
ezberdinak garrantzi handia dute gaztetxearen baitan. Horrez gain, Txantxarla
proiektua dago, aktualitate eta formakuntza politikoa lantzen saiatzen den
poriektua da.
3- Zertarako uste duzue beharrezkoa dela gaztetxe bat.
Txantxarreka gaztetxean gaztetxeak ulertzeko ikuspegi ezberdinak daude, baina
gaztetxea bere baitan ez dauka posizio orokor edo akordatu bat gaztetxeak berak
zer izan behar duen edo zer nahi dugun. Gaztetxe guztiek beraien arazoak dituzte
eta gurean arazo pertsonal eta politikoez gain asko kostatzen ari zaigu lanketa
politikoak aurrera ateratzea, izan ditzakegun arazo juridikoengatik eta gaztetxeaz
gain etxe bat dalako, bertan bizi diren migranteentzat.
4- Donostiako egoera nola ikusten duzue, gaztetxeen aldetik (adib harremana
guneen artean). Gaztetxeen koordinadora edo koordinazioa bultzatzea oso interesgarria izan
daiteke gure gaztetxeek bizi duten blokeo pasatzeko. Baina jakin nahiko genuke
koordinazioa hori zertan islatuko den, material prestaketa edo kaleraketa bat
ekiditeko, edota gaztetxeen potentzialitate politikoa areagotzeko, proiektu
kolektiboak eraikiz. Orokorrean gaztetxeak eta beraien izaera politikoa indartu
ditzaketen proposamenak interesgarria iruditzen zaizkigu.
Badira ia lau urte, 2015eko maiatzaren 1ean, Añorgako Firestone lantegi
berreskuratu zenetik. Eraldia abiapuntu izan zuen proiektuak, Donostian
kapitalismoaren logikatik kanpo aritzen ziren proiektu ezberdinen topaleku izan
nahi zuen. “Ekintza zuzena gure bizitzen gain” hartu eta autogestioan,
elkarlanean eta egunerokotasunaren eraldaketan gabiltzanon elkargune izan zen
eraldia. Asteburu batez luzatu zen dinamikak Donostiako herri mugimendua
saretzeaz haratago, eztabaida gune eta proiektu berriek abiapuntu izan nahi
zuen. Testuinguru honetan sortu zen Firestone Lantegi Berreskuratua, egun
Fires modura ezagutzen duguna.
Lau urteko ibilbide honetan, proiektua definitzen eta eraldatzen joan da.
Okupaturiko eraikin zaharrari bizitza eman zaio, bizitzen gaineko kontrola
berreskuratu eta komunitatearekin harremantzen buru-belarri lan egin delarik.
Norabide honetan ulertu behar ditugu burutu diren dinamika eta jarduera
ezberdinak: kapitalismoaren hondakinen biziberritzea, serigrafia, tailer
mekanikoa, hacker laborategia, doako denda, etxebizitza proiektua eta
okupazioen sostengurako baliabideak, espetxeen aurkako jardunaldiak, jostun
tailerra edota azoka herrikoiak. Era berean, elikadura burujabetza landu dute,
kolektiboki ogia, kontserbak, garagardoa, txanpaina eta bertako produktuen
erosketa kolektiboak. Azken boladan ordea espekulazioaren eta eraiste makinen
hotsak gogor jo du Fires aldean.
2018ko udazken aldera, Gailur Alde S.L. enpresaren ohar bat jaso zuten. Bertan,
azaroaren 5ean lantegia ustera deitu zituzten, berau zigilatzeko agindua emango
zutela adieraziz. Desalojo arriskuaren aurrean proiektuko kideek Fires babestera
deitu zuten Donostialdeko herri mugimendua. Testuinguru honetan ulertu behar
ditugu Azaroak 4an gaua pasatzera joateko egindako deia edota Azaroak 5eko
prentsaurrekoa.
Erresistentzia eta proiektuarekiko babesa adierazi nahi zituen Azaroaren 5eko
prentsaurrekoak. Proiektua defendatzeko bi arrazoi nagusi mahaigaineratu
zituzten, firestone lantegiak proiektu autogestionatuak ahalbidetzen dituela eta
Donostialdeko hiri eredua kuestionatzen duela. Kapitalaren eta turisten interes
eta neurrira eraikitzen ari diren Donostian, hiriaren periferian kokatzen diren
auzo eta herriak, langileria donostiarraren lo leku bilakatzen ari dira. Auzoetako
komunitate eta bere izaera zalantzan jartzen ari dira, zentru komertzial eta
etxebizitza bloke handiek hauen konposizioa errotik eraldatzen dutelarik.
Donostia bizitzen ari den gentrifikazioak gogor jo du Añorga aldean, Belartza 2
proiektua, Atotxarrekan “poltsikoak beteta” dituztenentzat egindako etxeak
edota Añorga-txikiko eta infernuko etxebizitza proiektuak honen adibide
direlarik. Añorga bizitzen ari den eraldaketa honen baitan ulertu behar dugu
Firesen egoera, Añorgatarren hitza zapaldu eta kapitalaren interesei men egiten
dien prozesu honen baitan.
Firestone Lantegi Berreskuratuaren eta bertako proiektuaren gainetik, 250
etxebizitza eraiki nahi dituzte eraikina kokatzen den eremuan. Gailur Alde S.L.
enpresak burutzen duen etxebizitza proiektuaren eskumenak Eusko
Jaurlaritzarenak dira, eskumen hauek hilabete batzuez “Lakuako” bulegoetan
mantenduko direlarik. Hala ere, egoera juridiko hau hilabete batzuen buruan
aldatu daitekeela adierazi digute, Donostiako udalak proiektua bere egiteak
Fires arriskuan jarri dezakeelarik. Udalaren eta eraikuntza enpresaren
interesen aurka, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa kokatuko genuke.
Firestone enpresak urte luzez izandako jardunak, eraikina eta bere inguruko
lurrak kaltetu ditu, eraikuntza lanetan hasteko baldintzak eskuratzea oso
garesti aterako delarik.
Ondorioz, udalak proiektua garatu ahal izateko eskumen judizial eta
ekonomikoak lortu arte Firesen egoera behin-behinean “lasai” egongo dela dirudi.
Hala ere, interes ekonomikoez haratago, autogestioan oinarrituriko proiektuaren
aurkako estrategia judiziala martxan dela salatu dute proiektuko kideek,
erresistentzia eta konpromisoaren garrantzia azpimarratu dutelarik.
Erresistentziarik onena, proiektuari bizia ematen jarraitzea dela azpimarratu
zuten Azaroak 5eko prentsaurrek
Langile boterea dominazio burgesari oposizioan sortzen den boterea dugu.
Dominazio burgesaren edo gauza bera den kapitalismoaren azterketa eta
kritika du oinarri, bere indarra lan horren zehaztasunaren araberakoa
duelarik. Langile boterea langileen berehalako beharrei erantzuteko eta aldi
berean tokian tokiko zapalkuntzak gainditzekoa gaitasuna da (izan auzo bat,
enpresa bat edo estatua bera). Finean helburu taktikoak eta estrategikoak
uztartzen dituen indar alternatibo eta antagonista da.
Kapitalismoak langileria produkzioaren gaineko baliabideen kontroletik
kanporatzen duen momentutik ematen da. Langile boterearen eraikuntza hori
ordea burgesiaren indarra medio, sistematikoki zapaldua izan da, oposizio
posizioetatik forma propioen garapenera iritsi ezinik askotan. Honela gaur
gaurkoz langile boterearen historia, epealdi motzeko fenomeno gutxi batzuen
bilduma da, fenomeno konplexuak eta emaniko zonaldeetan gainera garapen
ezberdinarekin gertatua.
Pariseko Komuna izango genuke lehenetariko adibide historikoa. Marxek
bertan kapitalismoaren suntsiketaren beharraz aparte langileriaren
antolakuntza forma propioaren beharra azpimarratu zuen. Botere burgesari
aurre egiteko ezin ditugulako bere tresnak erabili, bestelako antolakuntza eta
esperientziak garatu behar ditugulako. Hala ere, Komunaren porrotak langile
mugimenduan zalantzak sortzen ditu eta beste bide batzuk hartzen dute
garrantzia; estatuaren aparatuen hartzearen beharraz eta hona iristeko
aliantza eta taktika berrien inguruan eztabaidatzen da gehien bat. XX. mende
hasierako Italian, Alemanian eta Errusian adibidez.
Behin Sobietar iraultza emanda boterea nola eskuratu eztabaidatzetik boterea
nola gestionatu eztabaidara pasatzen gara (hasierako puntura bueltatuz).
Estatua hartu duten iraultzaile Boltxebikeen eta langile batzordeen (Soviet)
bideak, hasiera batean uztargarriak ziruditenak, gero eta antagonikoagoak
bihurtzen dira. Langile batzordeen indarra gutxinaka hazten ari den garaia
dugu (langileak burgesiaren sabotajeei gero eta indar gehiagoz erantzuteko
neurriak hartzen hasten direlako). Gobernuak lantegietan produkzioaren
zaintzara eta distribuzioaren kontrolera mugatzea erabakitzen ditu Sovietak,
produkzioarekin loturiko erabaki lokalak alboratuz. Gerra zibilak eta kanpoko
estatu inperialisten mehatxuek Sobietar Batasuna estatu aparatuen aldeko
posizioetara mugitzen dute, Sobieten potentzialidadea garatzeke geratuz. (D.
Mandel, Los comités de fábrica en la Revolución Rusa).
Epealdi honetatik ezin dugu trantsizio fase baten beharra ondorioztatu,
langileen ofentsibak eskatzen duen erradikaltasun politikoa mugatzen dituzten
irakurketak direlako horiek. Bada instituzio burgesek langileen mesedetan lan
egin dezakeenaren ideia, baina behin prozesu iraultzailea hasita irakurketa
hauek zentzua galtzen dute, oztopo bilakatuz. Espainiar guda zibila horren
adibide historikoa da ere.
1960ko hamarkadan ikuskera hori berrartzen da eta langile klasearen
politikaren autonomia aldarrikatzen da; Frantzia eta Italian adibidez. Klase
interesak lehenetsiz langile mugimendua hauspotzen da eta fabrika lantegiak
soilik protagonistak izatetik sektore produktibo guztietako langileak bilakatzen
dira sujetu.
Garai interesgarria da langileen antolakuntzen forma hegemoniakoak eta
aurreiritziak kolokan jartzen dituelako. Soldatapeko lanaren ukazioa
erdigunean jartzen da unibertsitate eta lantegiak okupatuz eta langileen
beharrentzako herramintak garatzen dira: “zentro sozialle” eta base gorrien
sorrera garaia da. Europan langile aristokraziak burgesiarekin duen aliantza
eztabaidagai jartzen du eta kapitalismoaren interesak erasotzeko baldintzak
ezartzeko gai da, ondoren guztiz asimilatuak diren harren. (Asimilazio hori
ulertzeko antolaketa forma propioaren azterketa eta eskala garrantzizko
elementuak dira).
Garai berean kapitalismoaren garapenak zentru-periferia desorekak konpondu
beharrean areagotzen ditu. Periferietan kapitalismoari oposizio zabaltzen
delarik, irakurketa anti-inperialistak garatuz. Hala ere aliantza interklasistak
ukatu gabe ematen dira prozesu gehienak (abertzaletasun iraultzailearen
teoriari jarraiki). Labur esanda blokeo politikoa eta ondoren asimilazio
politikoa izango dira herrialde hauen ibilbidea, beste batzuetan ere, burgesiak
estatu kolpe bidez erantzungo duelarik.
Kokapen honekin amaitzeko, aipatuko dugun azken elementua errebisionismoa
dugu. Egun esan bezela desadostasunak daude instituzio burgesetan langile
klaseak egin beharreko lanaren inguruan, nolabaiteko potentzialitatea
onartzen zaielako. Ulergarria da oso izan dugun ibilbide historikoagatik eta
noski epe motzean bide sinple eta egingarriena dirudielako. Sektore batzuek
ordea haratago doaz eta iraultzaren ezinezkotasuna argudiatzen dute eta honen
ordez erreforma politikoa proposatzen dute bide erreal bakar bezala.
Erreformak ordea langile botereak sortzen ditu (ibilbide politikoak erakusten
digun moduan). Horrek ez du esan nahi erreformak langile boterearen
erabakiak direnik, lehenago esan bezela muga politiko berriak dira, hainbat
helburu izan ditzakenak: Klase elkartasuna oztopatu, langileria desmobilizatu,
negoziazioa bidez barne kontraesanak sortzea, bestelako estrategia dutenekin
elkarlana bideratzea,...
Errebisionismoak haustura politikoaren beharra ukatzen du, beraz gure
eguneroko borrokak uztargarri egiten dituen forma politiko bakarra etengabe
oztopatzen lan egiten du. Kapitalaren balorizazioa eta langile antolatuen
beharrak erabat kontrajarriak direla onartzen ez duen mugimendu politikoa
dugu. Borrokatzen jarraitu behar dugun ideologia beraz.
Langile mugimenduak esperientzia historikoen lanketa eta azterketan bide
luzea du egiteko; Borrokak bateratzeko eta beharrak amankomunean jartzeko
antolakuntzak pentsatu behar ditu, sindikatuen eta alderdien lana zein diren
zehaztu behar ditu, langile boterean espresioak defendatzeko erabaki
konkretuak hartu behar ditu, egungo dominazio burgesa aztertu behar du,...
Guzti honetaz hausnartzeko hainbat adibide historiko uzten ditugu:
Pariseko Komuna (1871), Langile batzordeak (Alemania 1914-1918), Turineko langileak (Italia
1919-1920), Asturiaseko komuna (1934), Espainiar guda zibila (1936-1939), Sobietak (Sobietar
Batasuna 1905), Hungaria (1956), Iraultzaren defentsarako batzordeak CDR (CUBA 1960),
Frantzia (1968), Italia (1970ko hamarkada), Bolibia (1970), Lantegien koordinadorak (Argentina
1975), lantegi batzordeak (Txile 1970-1973), Lurrik gabeko mugimendua (Brasil 1970), Iran (1978-
1979), Zapatistak (Mexico 1990), Warisatak (Bolibia 2003), Oaxacako Komuna (Mexiko 2006),
Venezuelako komunak (2007),...
1890 ematen da Bizkaiako lehen greba orokorra. Bizkaia eta konkretuki
meatzaldeak dira kapitalismoaren garapenaren ondorioak gehin pairatzen
dituzten Euskal lurraldeak eta bertan ematen dira ere langile borrokaren
gatazka gordinenak. 12 orduko lan orduen kontestuan aurkitzen gara, non
gainera, langileek maizterren barrakoi eta dendetan bizi eta kontsumitu behar
zuten. Langileen lehen mobilizazioak lan ordu horien murrizketarekin lotuak
zeuden, 1890ko maiatzak 1eko grebatik hasita.
1888an PSOE sortzen da eta honek bultzatzen ditu lehen mobilizazio horiek.
Garaiko alderdi horrek bat egiten zuen lehen internazionalaren bideorri
taktikoarekin (hau ilegala bazen ere), baina aldi berean ez zuen langile
antolakuntzarik bide hori gauzatzeko. Langile klasearen interesak lehenestea
eta alderdi burges guztiak borrokatzea, alderdiaren hazkunde azkarra ekarriko
die. Alderdiaren eragina mugatua da, meatze gune horretatik kanpo motelago
doa prozesua, Donostiko talde sozialista 1897an sortzen da.
1907an langile borrokak barrakoiak eta maizterrek langileei inposaturiko
dendak debekatzea lortzen da. Garai zailak dira langileentzat, soldataren %75
elikaduran gastatzen baidute eta esplotazioaz gain; analfabetismoa,
alkoholismoa, tuberkulosia eta tifusa ohiko arazoak direlako.
PSOE alderdiak eta ondorioz langile mugimenduak lehen kapituluan
aipaturiko iraultza vs erribisionismoa gatazka erreproduzitzen du, gutxinaka
bigarren aukerara lerratuz. Espainia mailako PSOE alderdiak eta UGT
sindikatuak erreformen aldeko ideologian kokatu behar ditugu 1914
hasierarako. Egoera honek azaltzen du Lehen Mundu Gerran zehar izan zuten
jarrera, Espainiar beste indar politikoekin batera neutraltasunaren eta
garapen ekonomikoaren alde kokatuz, Lehen Mundu Gerraren aurka kokatu
beharrean. Garai horretan ere hasten da alderdi errepublikarrarekin aliantza
interklasista.
1919an 8 orduko lan ordua lortzen da. 1921ean krisi ekonomikoa dator eta
PSOE barruko komunistek bide propio bat hastea erabakitzen dute. Urte bat
beranduago 1922an UGT-k sindikatu barnean zituen komunistak kanporatzen
ditu. Garai historiko garrantzitsuak dira Euskal Herriko langile
mugimenduarentzat: Batetik UGT barneko komunistak CNT (1910ean sortua)
alderdirekin elkarlanean hasten direlako. Eta bestetik autodeterminazioaren
aldeko Komunisten posturak, sektore abertzaleak erakarriko ditelako (1921ean
ere ANV sortzen da).
Komunistek sorreratik sindikatuen batasuna babestuko dute, UGTk ordea
mugimenduaren zatitzearen jarrera izango du. Garai historiko interesgarriak
dira, komunista, anarkista eta abertzaleen elkarlanak jarrera erreformistaren
mugak agerian utziko dituelako. Hau Espainia mailan ere gertatzen da (langile
elkartasuna gauzatzen hasten baida) eta sektore atzerakoienak demokrazia
burgesa onartu ordez, diktadura faxista prestatzen hasten dira.
Donostian 1917ko Aste Nagusiko lehen egunean emango da lehen greba
orokorra, abuztuaren 13tik 16ra irauten duena. Garai horretararte komertzio
eta turismo gune garrantzitsu bat da, botere ekonomikoa eta militarra
erakartzen duena, “Belle Époque” fenomenoaren azken urteak dira. Grebari
erantzuteko, salbuespen egoera ezartzen da eta “centro obrero”-a ixten dute eta
arduradun sindikalak atxilotzen dituzte (eskema hau askotan errepikatuko da).
1923 Bitarte krisi ekonomikoa medio langileen egoera okertzen joango da.
Gatazka gehienak Pasaiako badian hasiko dira ondoren eskualdean zabalduz.
1920ko maiatzean Oreretako langileak greban hasten dira eta pixkat
beranduago Donostia batzen da. Alkatea gobernu zibilarekin negoziaketetan
zegoen bitartean, guardia zibilak kanpoan itxaroten zeuden langileak
disolbatzen ditu, bi langile hiltzen dituelarik. Gipuzkoako langile antolakuntza
ahula da oraindik, eta uda hasieran planteatzen zen greba orokorra antolatzeko
ezintasunak daude.
1923-1930 bitarte Primo de Riveraren diktadura ezartzen da. Krisi garaian
aurkitzen geranez burgesen aberastasuna babesteko neurri protekzionistak
hartzen dira, baita ere langile borroka blokeatzeko neurriak, batez ere CNTren
arma bidezko oposizioa zapaltzeko. Erlijioa, familia eta Espainiar batasuna
babesteko neurriak ere hartzen dira.
1931ko maiatzean Donostian, Ategorrieta inguruan, Espainiar errepublikaren
garaian, guardia zibilak zazpi langile pasaitar tiroka hiltzen ditu. Langile
hauek beren lan baldintzengatik greban ari ziren, Kantauriko hainbat portutan
bezela. Bi mila langiletik gora Pasaiatik Donostiara abiatu ziren “Ogia gure
seme-alabentzat” eta “Askatasuna gure kideentzat” aldarrikatuz. Urrian ere
beste gertakari garrantzitsu bat ematen da; emakumezkoen bozka eskubidea
legeztatzen da.
Kontestu historikoak oso mugimendu erradikalizatuak aurkezten dizkigu
(mundu mailako komunismoa vs faxismoa lehiaren ispilu). Langile borrokaren
aurrera pausuek oposizio handi bat dute aurrean (grebek erantzun militarra
jasotzen dute) eta gero eta ageriagoa da Espainian estatu kolpe baten
prestakuntzan ari direla. 1934 Asturiaseko Komuna dugu horri oposizioan
herriak antolatzen duen autodefentsa.
Donostian beste leku askotan bezela aste bateko greba orokorra aurrera
eramaten da, greba iraultzailea ere deitua (Bizkaia eta Gipuzkoan 42 hildako
eta 1500 atxilotu utziko dituena). Argi geratzen da badagoela faxismoari aurre
egiteko indar bat (talde armatu eta guzti, MAOC), baina nabaria da ere
iraultzarako estrategia argi baten falta.
1936ko estatu kolpean legalitate burgesaren kolapsoak, langileen
autoantolakuntza sortzen du, bere behar inmediatoetarako antolatuz,
soldatapeko lanaren ukazioa eta jabetza kolektiboa ezartzen hasten dira.
Tamalez esperientzia hauen aurrekari eta garapen faltak gerra irabaztea
lehenestera eramaten ditu alderdi iraultzaileak. Atzerriko demokrazien babesa
lortuko zutela ere pentsatzen zuten gobernu errepublikarra babestean.
Donostian CNTek adibidez gobernu egituretan parte hartzen du hasieratik eta
horrek hainbat kontraesan sortzen dizkio. Elizarekin zein jarrera izan, langile
justizia edo demokrazia burgesa gauzatu, armen inguruko kontrola,... Hala ere
aldaketa iraultzaile batzuk ematen dira; lokalak berreskuratzen dira, jantoki
sozialak sortzen dira, armen produkzioa kontrolatzen da,... esperientzia motxa
da ordea hiria ebakuatzea erabakitzen delako.
Beste leku batzuetan neurriak sakonagoak eta erradikalagoak dira (Katalunian
adibidez), orokorrean espontaneoki sortzen diren antolakuntza forma berrien
konposizioek ez dute errepublikaren indar korrelazioa errespetatzen. Botere
burgesak erabaki asko errebisatu eta atzera botatzen ditu guda galdu baino
lehen (enpresen eta lurren jabetzarekin lotuak gehienak).
Guda zibila amaituta, erbesteko iraultzaileek gerrila formatua diseinatzen
hasten dira. Saiakera garrantzitsuena Aran bailarako inkursioa dugularik.
Hainbat porroten ostean (horrek ez duelarik justifikatzen jarrera aldaketa)
1948an, PCEak gerrila taktikak alboratzen ditu, anarkistak bakarrik geratuko
direlarik; kopuru txikian eta baliabide militar eskasekin. Aipatzekoa da egoera
horretan ere herritarren babesa, 20.000 pertsona gerrila laguntzegatik
atxilotuak izan ziren diktaduran zehar.
Ondarretako kartzela eta Donostiako zezen plaza presoz beterik aurkituko dira
guda amaitzean. Martuteneko kartzela 1948an eraikitzen da. Errepresioa,
militante iraultzaileen hilketa eta historiaren manipulazioa izango dira epealdi
honen ezaugarriak, baita ere noski Euskal Herriaren identitate nazionalaren
ukazioa.
1959ean E.T.A. sortzen da eta gerrilaren ideiari buelta bat ematen dio. 1965
urterarte beren ideologia eta antolakuntza hausnartzen doaz mundu mailako
esperientziak ahalik eta hobekien egokitzeko. Euskal Herri langilea subjektu
iraultzaile bezela izendatzen dute eta boterea arma bidez lortzeko fronte
herrikoi baten alde lanean hasten dira.
1967 urtean atxiloketak, tiroteoak, eztandak, banku lapurretak, torturak,...
gatazka sozial handiko urteak izango da. Ekintza-errepresioa-ekintza bidez,
errepresio egoera bakoitzetik indar gehiagorekin ateratzea zen taktika,
intentsitatea igoz botere politikoa eskuratzeko gaitasuna izan arte. Taktika
horren ezintasunak mili eta polimilien banaketa dakar. Jarraian dagoen testu
honek nahiko argi uzten ditu bi posturak.
“En realidad toda nuestra estrategia política está en función directa con
nuestra capacidad militar. Si esto adquiere un nivel muy elevado
mediante la extensión de la lucha armada a amplios sectores de nuestro
pueblo y un aumento en la complejidad de nuestro dispositivo militar, la
perspectiva de una victoria total sobre el aparato de ocupación y
explotación implantado por la oligarquía española sobre Euskadi debe
pasar a un primer plano. Si en cambio, nuestro dispositivo armado queda
a un nivel semejante al de nuestra actual potencia de fuego, las
perspectivas políticas deben cambiar. Entonces cobra mayor importancia
la idea de lograr arrancar ciertas concesiones a la oligarquía, imponiendo
condiciones que, si bien no suponen su derrota total, sí desbordan los
límites previstos por ella.”
Comunicado de la segunda parte de la VI Asamblea (ETA pm).
1967 -1971 bitarte Bizkaia eta Gipuzkoan bost salbuespen egoera izendatzen
dira, horrek suposatzen duen errepresio guztiarekin. Seigarren salbuespen
egoerak: zazpi hildako eta 4000 atxilotu uzten ditu (gehienak torturatuak).
Zezen plaza bat erabili beharra dago kartzela moduan.
Borroka militarraz gain langileen auto antolakuntzak gero eta esparru gehiago
hartzen ditu. 1959 -1960 tartean adibidez Gipuzkoako lehen ikastolak,
bestelako herri mugimenduen antzera era klandestinoan antolaturik sortzen
dira. 1970erako 11.000 bat haur daude antolaturik Gipuzkoan. 1972tik aurrera
Euskal Herri osoan funtzionatzen daude.
70ko hamarkada langile borrokaren eta euskal kulturaren berpizkunde garaia
dugu (soilik horrela ulertu dezakegu 80ko hamarkadan sei talde armatu
iraultzaile egotea).
Behin Franco hil eta hilabete batzuetara, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko
gertakariak ematen dira. Gasteizko langileek garaiko antolakuntza sindikala
errefusatu eta auto antolakuntza bidez hainbat lan baldintza hobetzeko
borrokan ari zirenean.
Urte berean amnistia partziala onartzen da (langile borroka desmobilizatzeko
estrategian). Honen gabeziei erantzuteko Euskal Herriko langileriak amnistia
osoaren aldeko mobilizazioak antolatzen ditu eta amnistiaren aldeko martxa
bat antolatzen da, 5 hildako eragiten dituena. Azkenean 1977an amnistia
onartzen da, baina ez soilik diktaduraren aurka borrokatu duten langileentzat,
baita ere frankismoaren alde lan egin duten funtzionarioentzat. Honela sartzen
gara demokrazia burgesean.
Frankismoaren amaierak hainbat lokal hutsik uzten ditu, hauek gazte
kuadrilek okupatuko dituztelarik. Bi posizio politiko egongo dira: bata behar
sozialei lotua, administrazioari zerbitzu gehiago eskatuz (taldeko konkretuek
jarduera konkretuak gauzatzeko espazioak, aisiarekin lotuak) eta bestea kezka
politikoei lotua, espazio propioen beharra azpimarratzen dituztenak
momentuko bizi eredua borrokatzeko.
Posizio hauek oposizioan baino bata bestearen garapen bezela ulertu behar
ditugu, aisien eskaeratik alternatiba politikoak bilatzera mugitzen da
orokorrean gazteria, seguraski bizi zen kontestu historikoagatik eta inguruko
herritako esperientzia arrakastatsuengatik (adb. Katakrak 1984). Sortzen
diren gaztetxeetan ikuspegi integral bat emaneko ikuskera nagusitzen da
beraz. Gazte problematika bere osotasunean landu nahi duten espazioak dira,
kapitalismoa era erradikalenean borrokatzeko tresnak sortuz.
Kontra botere bat sortu nahi da arazo inmediatoak erantzuteko gaitasuna
izateko, ikuspegi autonomo argi batetik: fanzine eta irrati libreak sortzen dira
hiri eredua salatzeko, plataforma ekologistak, drogen inguruko irakurketak,
autodefentsa taldea feministak, soldaduskaren aurkako taldeak, langabetuen
asanbladak, etxebizitza lantaldeak,...
Donostian lehen okupazioa 1977ko abenduan hasten da. Prim kaleko lokal bat
okupatzen da (OJE-ren lokal bat). Okupazioak sei hilabete irauten ditu.
Hurrengo okupazioa 1983an ematen da San Martzial kalean (la Voz de España
aldizkari ohiaren eraikinean). Saiakera hauetan udala eta diputazioaren zesioa
bilatu nahi da, baina edukiak, gazteria politikoki antolatzea du helburu.
1980ko hamarkadan sortzen diren 90 gune okupatuetatik soilik zazpik lortuko
dute zesioa, beraz kaleratze eta berrokupazio asko gertatuko dira epe honetan.
Zesioak ere ez dute bermerik emango Bidebietako guneak (1986etik 1988ra) eta
Egiakoak (1987-1991) naiz eta lagapenak izan, desalojatuak dira adibidez.
80ko hamarkada erdialdetik autonomoen eta ezker abertzaleko militanteen
proposamenen arteko talka ematen da. Hauen posizio politikoa hurbiltzen doa
denborarekin, esan daiteke ezker abertzaleak bere posizioak eraldatzen dituela
autonomoen proposamen asko bere eginez eta hemendik aurrera espazio
hauetako hegemonia ezker abertzalearen gain erortzen hasiko da. Eztabaida
elementu nagusiak: antolakuntza forma, etxebizitza eta gaztetxeen arteko
erlazioa, gazte edo heldu sujetu arteko definizioa, borroka taktiko ezberdinak,...
Ez da kasualitatea ere epe honetan okupazioaren eztabaida soziala haztea.
Oreretan adibidez 1987an gaztetxe baten desalojoaren ondoren istilu larriak
ematen dira. Urte berean Bidebietako eta Egiako desalojoekin (munizipalen eta
polizia nazionalaren eskuz) istiluak sortzen dira ere. Udalak ondoren espazio
horiek egokitzeko gazte langabetuak hautatzen ditu giroa baretu asmoz.
Donostian era publikoan okupatzen den lehen etxebizitza 1984ean gertatzen
da. Segituan desalojatzen da, aipatzekoa da okupazio horrek zuen babesa:
zaintza turnoak egiteko,... 1986ean Donostiako etxebizitzak estatuko
garestienak dira, eta aldi berean 11.000 etxebizitza hutsik daude. 1987an
Ategorrietan zegoen etxebizitza okupatu bat (okupa zaharrena, baina publiko
egin gabekoa) desalojatzen da, lehen aldiz ertzainen bidez.
Gaztetxeen artean eta gaztetxe eta etxe okupatuen arteko elkartasun epealdi
emankor bat dugu Donostian. Garai honetan okupazioa eta etxebizitzaren
aldeko kanpainak eta desalojoak era amankomunean lantzeko eztabaidak
emango dira hirian. Donostiko gaztetxeen koordinadora eratzen da ere urte
hauetan.
1992an kaleratzeak nola erantzuteko jardunaldiak egiten dira Gasteizen eta
bertan ere ez dira etxe eta gaztetxeak bereizten, borroka berean daude. Etxe
okupazioa ez da gainera gazteen kontu bat, aipatzekoa da 1992an Otxarkoagan
120 familia okupa zeudela, urte horretan kaleratuak izango zirenak.
1994ean Euskal Jairen erresistentzia ematen da, honekin beste okupazio
epealdi bolada bat irekitzen delarik. Oraingo honetan burgesiak beste era
batera erantzungo du, neurri sakonagoen bidez: ETTak sortzen dira eta gazte
asko lan prekarioetan sartzen dira. 1996an lege aldaketak ematen dira eta
okupazioa gehiago jazartzen hasten dira. Gainera baimendu gabeko
mobilizazioei lupa jartzen hasten zaie, fenomeno hau desagerrarazi nahian.
1996an ere soldaduskaren amaieraren notiziak ere desmobilizazioa handitzen
dute.
2000 urtean ideia bat egiteko 500 bat lagun daude okupa bezela bizitzen
Donostialde osoan eta nolabaiteko sarea dute sortu berri dute, okupen
asanblada bidez. 2004ean Euskal Jai botatzen dute, fenomeno nahiko
garrantzitsua da baita Espainia mailan ere. Beste okupazio fase bat hasiko da,
baina orain nagusiki gaztetxeena (etxe eta gaztetxeen orain arteko harremana
ahultzen doa).
2005ean Egian eta Loiolan bi gaztetxe okupatzen dira. Garai hortarako
Letaman, Urgull, Infernu eta Añorgako guneak ditugu, azpimarratzekoa
delarik sortzen duten musika eskaintza. Euskal Herri mailan ere loraldi bat
ematen da. Segiren partetik ere bada apustu bat, nazional mailan botere
konkretuak garatzen hasteko. 2005ean Gazte Mugi topaketak egiten dira eta
Gaztetxeen Koordinadorak lehen okupazio kongresua ospatuzen du,
MusikHerria herri diskoetxea sortzen da 40 musika talderen artean. 2006ean
gazte proiektu komunikatiboen topaketak ospatuko dira eta urte berean ere
Gaztetxe Martxa ospatuko da, gaztetxe guztietatik pasatuz.
Apustu hauek ordea zailtasunak dituzte: errepresioak gaztetxeetan ibiltzen den
jendea jo puntuan jarriko duelako. Gaztetxeak krisian sartzen dira dinamika
propioak eten eta errepresioa salatzeko gaitasuna baino ez dagoelarik.
Donostian 2006-2008 tartean Egia eta Letaman gaztetxeak desalojatzen dira
adibidez. Egoera zail honi krisiari ekonomikoa gehitzen zaio.
Ikusi dugun bezela langile boterea botere propioen antolakuntzatik eratortzen
da prozesu iraultzaileak sortuz; jabetza pribatuari oposizioan ematen diren
okupazioak guzti honen abiapuntua dira beraz. Langileek bertatik alternatiba
edo antagonismoa eraiki nahi badute (benetan gauzak aldatu nahi badituzte)
langile estrategiara batu beharko dira, hau da, botere ekonomiko, politiko eta
soziala antagonisten eraikuntzari ekarpena egin hasi beharko diote. Estrategia
horren lehen emaitzak dira gaztetxeak, baina baita ere: ikasle gelak, etxebizitza
okupatuak, lantegi berreskuratuak,...
Puntu honetan ados egonik hainbat eztabaida eta hainbat lan konkretu
proposatzen hasi gaitezke:
-Lehenik eta behin Donostiako analisi amankomun baten beharra dugu;
sistema produktiboa asko aldatu baida; kapitalek mugikortasun handia dute
egun, gero eta urrunago gaude produkzio esparruetatik, gero eta bananduagoak
lan esparruan eta bizitzan,... Finean hiri ereduaren interes kapitalistak eta
hauengatik langileriak jasan ditzakeen ondorioak landu behar ditugu: apustu
etxeak, espekulazioa, prostituzioa,... Bi ideia hauek batuz militantzia eredu
konkretu baten proposamena pentsatzen hasi behar gara.
-Amankomunean emango dugun eztabaida hortarako, garrantzitsua da gure
egungo egoeran dauden mundu mailako borrokak aztertzea eta baita gure
borroka tradizioaren azterketa egitea.
-Dominazioa burgesa gure borrokekin talkan aurkitzen den momentu guztietan
ere aztertu behar dugu: zapalkuntza asko geratzen dira landu gabe?
Zergatik?... . Legalitate burgesak espazio okupatuei egiten dizkion eskaera
administratiboak adibidez hartzen baditugu: Kasu konkretu honetan hauek
gure boterea zertan eta nola mugatzen duten landu beharko genuke, beraien
eskaerak onartzearen ondorioak, inposatzen duten erritmo politikoen
ondorioak,... Beste modura esateko ez da nahikoa kapitalismoaren zapalkuntza
konkretuak identifikatzearekin, hauek gure espazioetan erreproduzitzen
ditugun hala ez ere landu behar dugu.
-Legalitateaz hitz egin, hau ulertu eta ondoren legitimitateaz hitz egiten hasi,
proiektu konkretuen edukiaz eta langileen babes mailak honekiko bilatuz.
Eduki horrek langileriaren antolakuntza forma propioak lehenetsi beharko
ditu, hots klase interesak (lehen parrafoan esan bezela). Horrek ez du esan nahi
guztiz koherenteak izan behar dugunik edo instituzio burgesekin negoziaziorik
ukatzen dugunik.
-Azterketa eta eztabaida hauei indar errealen diagnosi bat gehitu beharko
litzaioke. Tokian tokikoak eta orokorrak, blokeo konkretuak identifikatuz.
Honen ondoren batasun politikoa hainbat borroken inguruan lantzen hasteko,
hori baida gure elkartasun forma. Batasun politikoa bi zentzutan ulertzen
dugu: territorialean eta sektore ezberdinen artean. 1. Maila territorialean
borroka konkretuak eskala nazionalean koordinatuz (gutxienez). 2. Sektore
ezberdinen artean (Donostiako historia laburrean ikusi izan ahal den bezela)
gaztetxe eta etxebizitzen artean elkarlanak bultzatuz, okupazioa bulegoak
elkarlanean eraikiz, formakuntza tailerrak espazio ezberdinen artean
partekatuz, topaketak bultzatuz, barnera zein kanpora begirako komunikazio
forma propioen garapena eginez,...
-Botere konkretuen eraikuntzaz eta hauen koordinazioaz ari gara, baina hau ez
da leku guztietan aldi berean emango. Eztabaidak adibidez amankomunak eta
orokorrak izatea nahi badugu ere hasiera batean ildo konkretu baten inguruan
hasiko dira eta seguraski ez espazio guztien artean.
-Azken batean komunitate baten eraikuntzaz ari gara, momentu honetan
postura politiko ezberdinak eta ia kontrajarriak dauden honetan, guk
batasunerako deia egiten dugu ez era abstraktuan eta ez noski eztabaidarik
gabe. Langile klasearen aukera bakarra hor soilik aurkitzen dugulako eta gure
oraingo proiektuen indarra ere hor aurkitzen delako diogu komunitate bezela
lan egin behar dugula. Komunitatearen eraikuntza ez da isolaturik bizitzea edo
ahalik eta koherenteena izatea, ez dijoa ere zuzenki produkzio forma propioen
garatzea lehentasun bezela azpimarratzearekin. Fase politiko honetan
antolakuntza eraginkor bat hausnartzea litzake gehiago, okupazioak babestu
eta lagunduko dituena, informazioa eta eztabaidak ahalbidetuko dituena,
proiektu antzekoak batuko dituena, komunitatea handitzeko ekintzak
antolatzen dituena,... laburbilduz egunerokoan kapitalismotik defendatzeko
tresnak izango dituena. Burgesiaren erasoek erakusten digute batasuna
posiblea eta beharrezkoa dela, Kijeran ikusi izan ahal dugun moduan.
Okupazioen autodefentsatik, autodefentsa era orokor batean ulertzera eta
antolatzera pasa behar gara, ulertuta ildo bakoitzak bere erritmo propio eta
beraz epe motzeko helburu propioak izango dituela.
-Subjektuaren eraikuntza horrek baditu erronka garrantzitsu batzuk:
Gaztetxeen historiaren inguruan irakurtzen; hasieratik mutilen presentzia
baino txikiago izan bada ere, beste herri mugimenduekin konparatuz portzentai
altuagoan ageri dira emakumeak. Honek espazio hauen potentzialitateaz hitz
egin ahal digu. Hala ere presentzia horrek ez du lortzen guneak
maskulinizatuak izateari uztea eta rolen banaketak iraultzea. Autokritika bat
egin behar dugu proposatzen ditugun erritmoetan, orain arteko lan
banaketaren eta antolatzen ditugun ekintzen inguruan.
-Adinarekin ere autokritika egin behar dugu. Gazteak lan mundura sartzen
diren einean beste batzuk sartzen dira errelebo jenerazionalak emanez, hau
interesgarria da espezializazio eta botere harremanekin apurtzen duelako,
baita ere identidade kolektibo bat garatzeko, baina muga asko ere baditu.
Donostian Auzoetxea eta Firestone bezelako esperientziek logika horrekin
apurtzen dute. Errefuxiatuek ere eztabaida hori sortu dute, gaztetxeak
etxebizitza izan ahal dira? Gure ustez, tokian toki langile botereak eraiki behar
duen forma politikoa indarren arabera eta beharren arabera baloratu behar da.
Nolabait esatearren, kontraesnak borrokatzeko forma politiko egokienak
ezaugarrituko du espazioa.
Bukatzeko, militante komunistaren beharra azpimarratzen dugu fase politiko
honetan, interklasismoa ordez langile elkartasuna gauzatzen lan egingo duena.
Botere konkretuen beharra eskala naziolalean egituratzen hasteko koordinazio
baten alde lan egingo duena. Bide horretan langile boterearen eraikuntzan
historikoki eginiko akatsak gure egitenez.
Testuak eta liburuak: -Gasteizko gaztetxea 30 urte. 2018. Autoekoiztua.
-El movimiento de okupación como proceso emancipador. 2017. El
Caso de Donostialdea. Sheila Gil Gadrones. -Pasaia 1931-1939 la memoria de los vencidos. Xavier Portugal
Arteaga. -Los orígenes del Movimiento Obrero Vasco. Años 20. Jon Kerejeta -La gestión obrera, 1967. Paul Mattick. -Autogestión de la miseria o miseria de la autogestión. Terra
cremada.
Pelikulak: -Londres no es Sevilla. 2007. Casas Viejas CSOA-aren desalojoa.
-Jimmy's Hall (Jimmyren Aretoa) Zuzendaria Ken Loach, 2014.
James Graltonen bizitzan oinarritutako pelikula, James Gralton
Irlandako alderdi komunistaren sorreran parte hartu zuen.
-Martxoak 3, izana presente, garena borrokatu. -Martxoaren 8, greba feminista. Batu grebara! Batu
iraultzara! -Martxoak 22, 23, 24 Gipuzkoako gaztetxe eta gazte
asanbladen topaketak, Hernaniko Kontrakantxa
gaztetxean.
Recommended