Upload
others
View
6
Download
0
Embed Size (px)
Citation preview
1
Gipuzkoako Foru
Aldundiaren egoitza-
harreraren esparru-
programa
2012
2
AURKIBIDEA
1. Aurkezpena
2. Lege-esparrua
3. Egoitza-harreraren definizioa
4. Egoitza-harreraren eginkizunak eta helburuak
5. Egoitza-baliabideen motak sarean
6. Hartzaileak
7. Baliabide materialak: azpiegiturak eta ekipamenduak
8. Giza baliabideak
9. Antolamendua eta kudeaketa
10. Esku-hartzearen prozesua eta faseak
11. Egoitza-harreraren ebaluazioa
12. Egoitzako arretaren printzipioak eta irizpideak
3
1. AURKEZPENA
Hogei urte baino gehiago bete dira Harrerako eta Adopzioko gaietan Kode Zibila aldatu
eta haurrak babesteko esku-hartze esparru berria ezarri zuen 21/87 Legea, ondoren
adingabearen babes juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoak zabaldu eta aberastu
zuena, agertu zenetik. Araudi-esparru berri horrek haustura nabarmena ekarri zuen
ordura arte adingabeak babesteko egin ohi ziren esku-hartzeekin alderatuz gero,
normalean ongintzako ikuspegi batean oinarrituz eta babesik gabeko haurrak
instituzionalizatu nahian egiten baitziren gisa horretako esku-hartzeak. Legeria
berriaren abiapuntuan, aitzitik, neska-mutiko guztiek familia baten barruan hazi eta
garatzeko duten eskubidea zegoen beste ezeren aurretik. Helburu horrekin, araudi-
esparruak guraso-mailako trebetasun eskasak dituzten familiei edo krisi-egoeran
dauden familiei laguntzeko programei ematen die lehentasuna, seme-alabek euren
gurasoekin batera egindako bizikidetza babestu eta sustatzeko asmoarekin. Bizikidetza
hori ezinezkoa denean eta neska edo mutikoa bere familiatik aldendu beharra
gertatzen denean, neska-mutiko horiek familia-testuinguru normalizatzaileen barruan
kokatzeko premia ezartzen du lege-esparru berriak, familiako harrerak eskaintzen
dituen mota desberdinak, are adopzioa ere, baliatuz.
Planteamendu horiek aski garbiak diruditen arren, egoitza-harreraren erabilera
gehiegizkoak jarraitzen du izaten Estatuko erakunde publikoek garatu izan duten
haurrak babesteko sistemaren ezaugarrietako bat, erabilera-tasa hori oso-oso altua
baita Europar Batasuneko beste herrialdeetan gertatzen denarekin alderatuz gero. Eta
aldi berean, gure inguruan espezifikoak eta bereziak diren zenbait gertaera ere
kontuan hartu behar dira, esate baterako bakarrik dauden adingabeen etorrera ezin
ugariagoa, edo euren gurasoen kontra erasoak egiten dituzten nerabeak babesteko
duela gutxi aldarrikatu diren neurriak, gertaera horiek azal baitezakete, neurri handi
batean bederen, zifra horiek zergatik diren hain altuak.
Ikuspegi horretatik, esparru-programa honek funtsezko bi abiapuntutan dauka bere
oinarria. Lehenik eta behin, lege-esparruarekin bat etorriz eta adingabekoen interes
gorena errespetatuz, argi eta garbi utzi behar da familia-harrerak izan behar duela bere
familiatik aldendu beharra daukaten neska-mutikorik txikienentzat aplikatu beharreko
neurria. Atxikimendu eta lotura-mailako premiak, giro lasai eta egonkorra lortzeko
beharra, erreferentzia-irudi gutxi baina sendoekin, horiek guztiak nekez lor daitezke
babeseko etxe eta egoitzetan. Bigarrenik, egoitza-harrerak artatu beharreko xede-
populazio aski zabala izan dezakeela onartzen da, azken hamabost urteotan ikaragarri
aldatu diren profilak dauzkaten neska-mutiko koskortuz eta nerabez osatua baitago
batik bat. Horientzako prestatutako harrerako etxebizitzek eta babeseko egoitza-
zentroek ingurune seguru eta babeslea, abagune sozializatzailez eta hezitzailez
betetakoa eskaintzeko gai den proposamena izan behar dute, gazteen gizarte eta
heziketa-mailako premia guztiak modu integralean aseko dituen ingurunea, hain zuzen
ere. Egunetik egunera gehiago agertzen ari diren profil emergente horiek ebaluatu eta
4
beharrizan horiei egiazki erantzuna emango dieten programak sortu behar ditu
egoitza-harrerak. Horren ondorioz, portaera eta osasun mentaleko arazo —eta baita
adikzio edo zaletasun— larriak ere dituzten haur eta nerabe gero eta gehiago iristen
direnez, ezinbestekoa da egoitza-harreraren barruan eginkizun terapeutiko eta
errehabilitatzailea ere kontuan hartzea, etxebizitza eta egoitza espezializatuetan
gauzatzen dena. Era berean, egoitza-harreran artatutako biztanleriaren barruan
bakarrik dauden adingabeen kopurua gero eta ugariagoa denez azken garaiotan,
beharrezkoa da biztanleria-mota horren premia bereziei aipamena egitea ere.
Esparru Programa honek egoitza-harrera modu planifikatu, kontrolatu eta ebaluatuan
egin behar dela onartzen du, elkarren artean oso diferenteak diren premiak eta
beharrizanak dituzten neska, mutiko eta nerabeen arretan ahalik eta kalitate-mailarik
handiena ziurtatzeko, eta egunetik egunera handiagoak eta espezializatuagoak diren
arreta-eskaerak asetzeko. Esparru Programa da, hain zuzen ere, planteamendu horren
gakoetako bat, eta egoitza-harrera bezala ulertzen dena definitzea, eta baliabide
horren esku hartzeko oinarrizko prozesuak, bere irizpideak, helburuak, eginkizunak eta
funtsezko osagaiak ezartzea izango lirateke programa horren xede nagusiak, hasi
alderdi materialetatik eta giza baliabiderik egokienak finkatzeraino. Eta hori guztia gaur
egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren lurraldean dagoen errealitatea kontuan hartuz.
Prozesuei dagokienez, garrantzi berezia hartzen du esku-hartze maila diferenteen
eginkizunak argitzeak, batetik, eta egoitza-baliabideetako teknikarien eta Foru
Aldundiko zerbitzuetako teknikarien arteko koordinazioa ezartzeak eta hobetzeak,
bestetik. Egoitza-harreraren funtzionamendua ebaluatzeko orduan, horiek izan ohi dira
sarrienik hobetu beharrean gertatzen diren alderdiak, eta beraz, espero izatekoa da
dokumentu honetan ematen diren zehaztapenek prozesu horiek hobetzen lagunduko
dutela.
Esparru Programa honekin ahalegin berezia egin da, berebat, kalitateko estandar-sail
bat ezartzeko, egoitza-harrerako baliabideak eta babeseko lekuak martxan jarri eta
horiei eusteko, eta baita prozesuaren kalitatea ebaluatzeko ere gida moduan
baliagarriak izango diren jarduketako printzipioak eta irizpideak proposatuz, era
horretan funtzionamenduan kalitateko mailarik altuenak lortzea xede edo helburu
orokorra izan dadin.
5
2.- LEGE-ESPARRUA
Lurraldeko maila diferenteetan egoitza-harrerako lanari eragiten dioten araudi
desberdinak aztertuko dira jarraian. Araudi orokorrenak aipatuko dira aurrena, eta
haurren babesari eta egoitza-harrerari dagozkion araudi autonomiko bereziagoak
zehaztuko dira segidan.
2.1. Europako Nazioarteko Araudia
– Haurren Eskubideen Deklarazioa, 1959ko azaroaren 20koa.
– Hagako Hitzarmena, 1961eko urriaren 5ekoa, adingabekoen babesari dagokionez
agintarien eskumenak eta aplikatzekoa den legea ezartzen dituena.
– Nazio Batuen Adierazpena, 1986ko abenduaren 3koa, haurren ongizateari eta
babesari buruzko printzipio sozial eta juridikoak ezartzen dituena, aipamen berezia
eginez adopzioari eta zaintzako etxeetan ezartzeari dagozkien alderdiei, nazio-
mailan bezala baita nazioarteko mailan ere.
– Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena, Nazio Batuen Erakundearen 1989ko
azaroaren 20ko Batzar Nagusiarena, New York-en egina.
– Haurren Eskubideen Europako Gutuna, A3-0172/92, Europako Parlamentuaren
1992ko uztailaren 8ko ebazpena.
2.2. Estatuko Araudia
– Konstituzioa.
– Kode Zibila.
– 21/1987 Legea, azaroaren 11koa, adopzio-gaiei dagokienez Kode Zibileko eta
Prozedura Zibilaren Legeko hainbat artikulu aldatzen dituena.
– 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta
Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
– 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari
buruzkoa eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituena.
– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa.
– 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilari buruzkoa.
– 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Espainian dauden atzerritarren
eskubideei eta askatasunei, eta horien gizarteratzeari buruzkoa.
– 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabekoen erantzukizun penala
arautzen duena.
– 42/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, haurrek euren aitona-amonekiko dituzten
familia-harremanei dagokienez Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzen
dituena.
6
– 1174/2004 Errege Dekretua, uztailaren 30ekoa, adingabekoen erantzukizun penala
arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa onartzen duena.
– 2393/2004 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Espainian dauden atzerritarren
eskubideei eta askatasunei, eta horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko
4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duena.
2.3. Araudi autonomikoa
– Autonomia Estatutua, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartua.
– 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta
Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa.
– 209/1985 Dekretua, uztailaren 2koa, adingabekoen babesari, tutoretzari eta
gizarteratzeari dagokionez Autonomia Erkidego Osorako Erakundeetatik
Gipuzkoako Lurralde Historikora zerbitzuak eskualdatzekoa.
– 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
– 64/2000 Dekretua, apirilaren 6koa, zeinaren bidez onartu baita Euskal Autonomia
Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta
betebeharren gutuna, eta iradokizunen eta kexen araubidea.
– 155/2001 Dekretua, uztailaren 30ekoa, gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak
zehaztekoa.
– 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko
Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.
– 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteari
buruzkoa.
– 131/2008 Dekretua, uztailaren 8koa, gizarte-babesik gabeko egoeran dauden haur
eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituena.
2.4. Foru Araudia
– 45/1985 Foru Dekretua, ekainaren 25ekoa, adingabekoen babesari, tutoretzari eta
gizarteratzeari dagokionez Autonomia Erkidego Osorako Erakundeetatik
Gipuzkoako Lurralde Historikora zerbitzuak eskualdatzekoa.
– 35/1999 Foru Dekretua, martxoaren 23koa, adingabekoen babesa, garapen
pertsonala eta gizarteratzea eta gizarte-arriskuan dauden pertsona edo
familiartekoentzako laguntzak sustatzera bideratutako diru-laguntzak ematea
arautzen duena.
– 4/2001 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan
gizarte-zerbitzuen sistema antolatzen duena.
– 4/2011 Foru Dekretua, ekainaren 30ekoa, Gizarte Politikako Departamentuaren
egitura organiko nahiz funtzionalari buruzkoa.
2.5 Haurrak eta nerabeak babestu eta zaintzeari buruzko otsailaren 18ko
3/2005 Legea
7
Haurrak eta nerabeak babestu eta zaintzeari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak
definitu ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoan neska, mutiko eta nerabeen zaintza eta
babesari buruzko jarduketa-printzipioak eta eskumenen nahiz erakundeen esparrua.
Legearen zioen azalpenean adierazten den bezala, helburu hirukoitza du Legeak:
a) Euskadiko Autonomia Erkidegoko neska, mutiko eta nerabeei, bai bertako
egoiliarrei zein pasadizokoak direnei, Konstituzioak, Haurren Eskubideei buruzko Nazio
Batuen Hitzarmenak, Haurren Eskubideen Europako Gutunak eta ordenamendu
juridikoak, oro har, aitortzen dizkieten eskubideak egikaritzeko aukera bermatzea.
b) Haurren eta nerabeen ongizatea eta eskubideak sustatzeko jarduerak, eta
baita horien zaintza eta babesera bideratutako esku-hartzeak ere, zein eremu eta
esparrutan egin behar diren ezartzea, familia-giroan eta gizartearen eremuan behar
bezala garatuko direla ziurtatzeko.
c) Arrisku edo babesgabeziako egoeran aurkitzen diren neska, mutiko eta
nerabeen eremuan jarduketa-printzipioak eta eskumenen nahiz erakundeen esparrua,
hala nola baita arau-hausle adingabekoekin eduki beharreko esku-hartzea ere
definitzea.
Administrazioak arrisku eta babesgabeziako egoeretan aurrera eraman beharreko
ekintza babeslea arautzen du Legeak, bere III. tituluko II. atalaren barruan, eta baita
egoera horietan aurkitzen diren adingabekoen inguruan har daitezkeen haur-
babeserako neurri diferenteak ere, arreta berezia eskainiz adingabekoa familia-gunetik
aldentzea dakarten neurriei, nola diren: familiako harrera (VI. atala), egoitza-harrera
(VII. atala) eta adopzioa (VIII. atala).
V. atalean luze-zabal arautzen da egoitza-harrera (zehazkiago esateko, 75. artikulutik
80.era bitartekoetan), neurri horren inguruan kalitate-bermeak ezarriz, eta
horretarako zerbitzu eta zentroen baimen, erregistro, homologazio, ikuskaritza eta
ebaluaziorako prozedurak finkatzen dira, egoitza-zentroek bete behar dituzten
baldintza materialak, funtzionalak eta pertsonal edo langileei buruzkoak arautzeko
ardura eta erantzukizuna eta baita bertako neska, mutiko eta nerabe egoiliarren
eskubideen eta betebehar edo obligazioen aldarrikapena ere Erkidegoko
Administrazioari esleituz. Alderdi horiek guztiak gerora garatuak izan dira jarraian
aipatzen den gizarte-babesik gabeko egoeran aurkitzen diren haur eta nerabeak
egoitza-harreran hartzeko baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008
Dekretuan.
3) Gizarte-babesik gabeko egoeran aurkitzen diren haur eta nerabeak egoitza-
harreran hartzeko baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretua
Eusko Jaurlaritzak egoitza-harrera arautzeko xedatutako Dekretu hau da gisa horietako
baliabideak arautzen dituen lege-esparrua, eta eremu edo alor horretan eskumenak
8
edo erantzukizunak dituzten Administrazio, erakunde eta langile guztiek kontuan hartu
eta bete beharrekoa da. Arau zabal eta guztiz zehatza da, Esparru Programa honetan
nekez laburbil daitekeena, dokumentu hau bertan agertzen diren arau eta
zehaztapenetara aski ongi egokitzen den arren.
Arauak bost titulu dauzka: titulu horietako lehena xedapen orokorrei buruzkoa da, eta
bertan egoitza-harreraren kontzeptua zedarritu eta definitzen da, tipologia bikoitza
ezarriz: bertan artatzen diren neska, mutiko eta nerabeen arretan erabiliko diren
programa-motak, batetik, eta erabili eta baliatu ahal izango diren egoitza-baliabideen
motak, bestetik. Egoitza horietan artatutako adingabekoen, eta baita beren egitekoa
etxebizitza eta egoitza horietan betetzen duten profesionalen eskubideak nahiz
obligazioak jasotzen ditu II. tituluak. Baliabide horiek bete beharko dituzten baldintza
materialak arautzen ditu III. tituluak, IV. tituluak betebehar funtzionalak ezartzen
dituen bitartean, baldintza horien artean hartuz arretaren oinarrizko fase eta osagaien
erregulazioa, arreta-guneen, esku hartzeko pauta edo ereduen, antolamenduaren
nahiz kudeaketaren erregulazioa, eta baita bizikidetza-arauena ere. Azkeneko atal
horrek neurri zuzentzaileei buruzko eta euste fisikoko neurriak aplikatzeko aukerari
buruzko araudi erabat garrantzitsua biltzen du. V. titulua, azkenik, bere lana baliabide
horietan betetzen duten langileei buruzkoa da, eta kualifikazioko gutxieneko
baldintzen, kategorien eta ratioen inguruko alderdiak jorratu eta jasotzen dituen
araudia ezartzen da bertan.
Esparru Programa honek aipatu araudia onartzen du, eta programa hori hartuko da
kontuan dokumentu honetan zehazki ezarria ez dagoen edozein alderdi erabakitzeko.
Bere lana egoitza-harreren eremuan egiten duten langile guztiek ezagutu eta
errespetatu beharko dute arau erregulatzaile hori. Horrez gain, Esparru Programa hau
gizarte eta heziketa-mailako esku-hartzearen ikuspegitik lantzen da, alderdi praktikoak
eta baita tresna bidezkoak ere zehaztuz, baina planteamendu juridiko zorrotzago edo
planteamendu arau-emaile hertsiagoetan arreta berezirik jarri gabe, horrelakoak
aipatu Dekretu horretan kontsultatu beharko baitira zuzenean.
9
3. EGOITZA-HARRERAREN DEFINIZIOA
Egoitza-harrera “ordezko zaintza-neurri bat da, Administrazioak edo epaileak
erabakitakoa, eta beharrizan material eta afektiboak nahiz hezkuntza arlokoak
familiaren baitan —aldi baterako behintzat— bete ezin dituzten haur eta nerabeei
egoitza batean arreta integrala ematea da bere helburua” (131/2008 Dekretua). Beren
etxeetan jarraitzeko aukerarik ez duten adingabekoei zuzendutako babes-neurri bat
da, beraz, eta horri esker beren premia eta beharrizanak gogobeteko moduan aseko
dituen egoitza eta bizikidetzarako leku bat eskaintzen zaie adingabekoei. Neurri hori
funtsezko bi ezaugarritan dago oinarritua: bere izaera instrumentala, batetik, helburu
egonkor eta normalizatua begiesten duen Kasu Plan baten zerbitzura baitago; eta
tenporalitatea edo behin-behinekotasuna, bestetik, denbora mugagabeko edo
egonaldi oso luzeko ordezko etxe baten premian dauden adingabekoak familia-
harrerara edo are adopziora bideratu beharko bailirateke, ahal den bezain laster.
Horrela, bada, egoitza-harrerako baliabideak, bere modalitate desberdinetan, gizarte-
baliabide egokia gertatzen dira familiaren ordezko bizikidetza-giro baten premian
dauden adingabekoentzat.
Eta normalizazioaren oinarrizko printzipioari jarraituz, egoitza-harrerako baliabideak
familiaren antzeko bizikidetza-giro bat sortzen saiatuko dira, bakoitza bere aukera eta
ahalbideen barruan, eremuak, jarduerak, arauak eta harreman pertsonalak banatzeko
arauzko eredu sozialak errespetatuz betiere.
Ildo beretik, gizarte-baliabide komunitarioak erabiliko dira artatutako neska-mutikoen
premiak eta beharrizanak estaltzeko, eskola-mailari dagokionez bezala baita
osasunaren, aisiaren edo denbora librearen ikuspegitik ere, etxe barruan gizarte-
integrazioarentzat oztopo edo traba gerta daitezkeen zerbitzu edo jarduerak erabiltzea
baztertuz.
Egoitza-harrerako baliabideek, adingabekoen heziketaren eta garapenaren ardura bere
gain hartzen duten heinean, ebaluazioko sistema egokiak ezarriko dituzte neska,
mutiko edo nerabe bakoitzaren premiak eta beharrizanak zehatz-mehatz ezagutzeko,
eta Esku hartzeko Heziketa Programa baten bidez lortu beharreko lehentasunezko
helburuak finkatzeko.
Artatutako biztanlerian azken urteotan gertatu diren aldaketei eta baita horretan
arituko diren profesionalen profilei ere erreparatuz egoitza-harrerarako proposatzen
den arreta-eredua, esku-hartze sendo eta indibidualizatua da, gizarte-trebetasunen,
ezagutzako trebetasunen edo autonomia pertsonaleko trebetasunen eremuan hain
ohizkoak diren garapeneko atzerapen jakin batzuen edo portaerako arazoen kasuan
10
prebentzio-mailako nahiz errehabilitazio-mailako estrategiak aurrera eramateko gai
dena.
Egoitza babesleku soil bezala ulertzen duen kontzeptua gainditu beharra dago
ezinbestean, horren ordez heziketarako eta terapiarako eredu bat proposatuz: bertan
profesionalek estrategia eta baliabide ugari erabiliko dituzte beren ardurapean dauden
neska, mutiko edo nerabeen garapena ahalik eta gehien potentziatu eta indartzeko.
Egoitza-harrerak programak ebaluatzeko sistema bat ere edukiko du, etxebizitzan edo
zentroan egindako egonaldiak neska, mutiko edo nerabe bakoitzaren garapenaren gain
eduki duen eragina baloratu ahal izateko, bai helburuak betetzeari dagokionez eta
baita jasotako heziketak epe luzera eduki dituen ondorioei dagokienez ere.
Egoitzen esparruan adingabeko pertsonekin egindako esku-hartzeek Foru Aldundiko
Haurren zerbitzuko arduradunek prestatutako Kasu Plana izango dute beti
erreferentzia eta gida moduan. Egoitzan sartzeko prozedurak, jarraipen-prozedurak,
bajak eta espedienteei, gorabehera bereziei eta bestelako puntu garrantzitsuei
buruzko alderdiak Foru Aldundiak landutako arauetan eta protokoloetan ezarritakoari
jarraituz egingo dira.
11
4.- EGOITZA-HARRERAREN EGINKIZUNAK ETA
HELBURUAK
Egoitzek garai batean bete izan zuten eginkizuna alde batera utzita, haurrak babesteko
neurri eta esku-hartzeen sare koherente baten barruan sartuak egotea da gaur egun
gisa horretako gizarte-baliabideen ezaugarri nagusietako bat. Egoitza-harrerako
baliabideen erabilerak (horien modalitate desberdinetan) duen oinarrizko printzipioa
da kasuaren ebaluazio egokia eta zorrotza egin ostean erabakitzen dela zer-nolako
baliabide erabili, eta beste era bateko esku-hartzeen komenigarritasuna edo
bideragarritasuna baztertu ondoren, egoitza-harrera hautatzen dela aukera guztietan
onena bezala.
Beraz, egoitza-baliabide batean egindako sarrera edo ingresu guztiek Kasu Plan zehatz
bati erantzutea planteatzen da abiapuntu gisa, eta plan horren helburuak argi eta garbi
ezarria egon behar du, heziketa-lanerako oinarrizko gida eta orientazio izateko. Kasu
bakoitzak hurrengo orientazioetako bat jaso beharko du, jarraian adierazten den
eginkizun edo funtzio nagusiarekin batera:
1. Adingabea banantzea, itzultzeko aurreikuspenarekin (familia berriz
elkartzea): neska, mutikoa edo nerabea, familiako etxebizitzatik banandu edo
aldentzearen beharra erabaki den kasuetan, gerora itzultzeko aurreikuspenarekin
baldin bada ere, familia-harrera erabili beharko litzateke batik bat, baina aukera hori
ezinezkoa denean egoitza-harrerak familiako etxea ordezteko eta adingabekoarentzat
bizikidetza, babes eta heziketako lekua izateko helburua betetzen du. Dena den,
egoitza-harrera moduan landu daitezkeen helburu orokorrei berehala familia-girora
itzultzera zuzendutako xedeak edo helburuak gehitu behar zaizkie, azken horiei
lehentasuna emanez gainera. Kasu horietan, familiekin egin beharreko lana
ezinbesteko eginkizuna da, bai harrerako etxebizitzak edo egoitza-zentroak berak
egiten duena eta baita, kasua izanez gero, familiekin esku hartzen espezializatuak
dauden taldeek garatuko dutena ere, beharrezkoa izanik beti alderdien artean
koordinazio estua egotea. Egoitza-harrerak irauten duen bitartean landu beharreko
funtsezko beste eginkizun bat neska, mutikoa edo nerabea familia-girora itzultzeko
prestatzea izango da, egoitza-baliabidearekiko deslotu eta berriro ere bere familia-
girora itzultzeko prozesuarekin.
2. Behin betiko banantzea edo bereiztea: familia-giroa eta horrek sortutako
egoera atzeraezina denean eta neskak, mutikoak edo nerabeak neurri alternatibo
egonkor bat behar duenean, egoitza-baliabideak aldi baterako harrera-funtzioa bete
dezake, zubi gisakoa, bien bitartean beste familia batean txertatzeko aukerak zehatz-
mehatz eta arreta handiz aztertzeko modua edukitzeko horrela. Kasu honetan, helburu
orokorrei beste helburu espezifikoago batzuk gehitu beharko zaizkie: aldez aurretik,
gabeziak edo tratu txarrak direla medio adingabekoa jasandako kalteetatik
12
errekuperatzeko helburua, edo baita harrera edo adopzioaren bidez bere
etorkizunerako oso garrantzitsua izan daitekeen alternatiba edo aukerarako
prestatzeko helburua ere.
3. Independentziarako prestaketa: ikusiz familia berriro elkartzeko dauden
zailtasunak, adingabekoak beste familia-giro batean txertatu nahi ez duenean edo ezin
duenean, eta lan-mundura hurbiltzeko adinetik hurbil dagoenean, funtsezko helburu
moduan helduen bizimodurako prestatzeko asmoa duen beste programa hau plantea
daiteke. Kasu honetan lan-munduan txertatzeko edo ikasketekin jarraitzeko helburuak,
eta independentzia nahiz erantzukizuneko trebetasunak bihurtzen dira baliabideetan
egin beharreko lanaren ardatz nagusi. Adingabekoari bizimodu independenterako
prestakuntza-aukerak bilatu eta eskaintzea, eta autonomia-azturak indartu eta
sendotzea izango da baliabideen egitekoa.
4. Errehabilitazioa eta tratamendua: bere gurasoen kontroletik kanpo dauden
eta portaera-arazo larriak dauzkaten nerabeen kasuan —izanik kasu horien formarik
larriena gurasoen kontrako indarkeria-arazoak—, eta tratu txarren egoerarik ez
dagoenean, zaila gertatzen da aurreko kasuetan bezalako Kasu Plan bat ezartzea.
Babesgabeziako profil berri horien aurrean beharrezkoa da familiako etxebizitzan
bizikidetza berrezartzeko aukera emango duen gizarte eta heziketa-mailako,
terapeutika nahiz errehabilitazio-mailako esku-hartzea egitera bideratua egongo
litzatekeen Kasu Plan berri bat.
Edonola izanik ere, egoitza-harrerak terapeutika eta errehabilitazioko helburua eduki
behar du kasu guztietan, euren familietatik bereizi edo bananduak izan behar duten
neska, mutiko eta nerabeek jasan dituzten kalteak eta esperientzia traumatikoak
kontuan hartzen baditugu. Esku-hartze horiek edozein egoitza-baliabideren barruko
beste ekintza bat gehiago balira gara daitezke, edota baita tratamendu intentsiboago
baterako diseinatutako baliabide espezifikoen bidez ere, Programa Espezializatuaren
barruan sartzen direnen kasuan gertatzen den bezala.
Helburuei dagokienez, adingabeko guztiek jasotzeko eskubidea duten eta araubidez
familia-giroan garatzen den heziketa-mailako ekintza sozializatzailea egikaritzea eta
aurrera eramatea da egoitza-baliabideen funtsezko xedea. Horrelako familia-girorik ez
dagoenean, babeserako egoitza-baliabideak bilakatzen dira adingabekoaren
heziketarako eta garapenerako euskarri nagusia. Dena den, xede edo helburu hori
behar bezala betetzeko, kontuan hartu beharko dira lau helburu orokor nagusi:
1.- Adingabekoaren garapen eta hazkunde pertsonala ahalik eta gehien
indartzea, bere alderdi nagusietan (intelektuala, afektiboa, soziala eta
osasunari dagokiona). Horri esker, egoitza-baliabide batean egindako
egonaldiak familia-egoera desegoki batek eragindako narriadura saihesteaz
gain, adingabekoak eduki ditzakeen trastorno edo atzerapen posibleak
gainditzen ere lagun dezake.
13
2.- Adingabekoak sozializazioko giro edo ingurune nagusietan (eskolan,
komunitatean edo, horrela gertatuz gero baita lan-munduan ere)
integratzea, gizarte-baliabide normalizatuen erabilera areagotuz. Neska,
mutiko edo nerabearen familia-giroarekin harremanak edukitzeko modurik
egokiena zein den kasu bakoitzean erabakiko da.
3.- Adingabekoentzat segurtasun eta babeseko ingurune bat eratzea, bertan
erantzukizuneko eta harreman positiboko heziketa-eredu baliagarrietan
oinarritutako ikaskuntza-esperientziak sortu ahal izateko.
4.- Ezarritako Kasu Plana lortzeko bidean ekarpen egokiak egitea, plan horretako
helburuak modu ahalik eta bizkorrenean eta egokienean lortzeko modua
eman dezaketen ekintza eta esku-hartzeei lehentasuna emanez heziketa-
programa indibidualetan (HPIetan).
14
5.- EGOITZA-BALIABIDEEN MOTAK SAREAN
Adingabekoak babesteko asmoarekin bideratu ohi diren arreta eta laguntzako egoitza-
baliabideen barruan, eskainitako baliabideak neska, mutiko eta nerabeek dauzkaten
arazoen askotarikotasunari eta espezifikotasunari ahalik eta modurik onenean
egokitzeko aukera sail bat ezartzen da. Baliabide horiek artatutako biztanleriaren
premietara egokitu ahal izateko, jarraian zehazten diren programa sail bat elkar
artikulatu eta lotu beharko da.
EGOITZA-HARRERAKO PROGRAMAK
1. Programa orokorrak.
1.1. Larrialdiko Harrera Programa: ingresu edo sarrera urgentea eskatzen
duten neska, mutiko eta nerabeei bideratua dago. Programa honen helburu nagusiak
hurrengoak dira: adingabekoei beren premia eta beharrizanen berehalako babesa
eskaintzea eta esku-hartze globaleko plan bat ezartzeko kasuaren balorazioa egitea.
Bere behin-behinekotasuna eta egonkortasunik eza direla medio, benetan
beharrezkoak diren kasuetan soilik aplikatu beharko da, eta ahalik eta denbora
laburrenean gainera, 60 egunez gehienez ere. Programa hau larrialdiko etxebizitza edo
egoitza espezifikoetan garatu ahal izango da, edo adingabeko jakin batzuekin bestelako
edozein baliabide-motatan erabili ahal izango da bestela (haur txikiak, oinarrizko
programak edo programa espezializatuak). Bestetik, ezaugarri eta beharrizan oso
espezifikoak dituzten adingabekoen talde jakin batentzat larrialdiko arreta edo
laguntzaren premia maiz samar eman beharra gertatzen denean, talde horrentzat
larrialdiko harrerako pisu edo egoitza-zentro bereziak sortu ahal izango dira. Gaur
egun, adibidez, ezinbestekoak gertatzen dira bakarrik dauden adingabekoentzako
lehen harrerako egoitzak.
1.2. Oinarrizko Programa: bertan hartutako adingabekoen heziketa-mailako
premiak eta bizikidetzako beharrizanak berez artatzeko modua ematen duen programa
da. Programa hau da egoitza-baliabide guztien abiapuntua eta programa horri beste
programa espezifikoago batzuk gehi dakizkioke, bertan artatutako neska, mutiko eta
nerabeen premien eta adinen arabera. Oinarrizko programaren barruan sartzen diren
prestazio esklusiboko egoitza-baliabideak etxebizitza egonkorrak izan ohi dira, 4-18
urte bitarteko neska, mutiko eta nerabeei zuzenduak, kasu bakoitzaren arabera
iraupen diferenteko harrera eskaintzen dutenak, eta pisu edo unitate bakoitzeko
gehienez ere 10 adingabekorentzako edukiera duten etxebizitza edo egoitza-
zentroetan gertatzen direnak.
1.3. Haur txikien Arretarako Oinarrizko Programa: 0-3 urte bitarteko neska-
mutikoei zuzendua; egonaldiak iraupen oso laburrekoak izan ohi dira, haurra familia-
15
giro batean kokatu ahal izateko ezinbestekoa den denbora besterik ez. Programa hori
iraungi beharrekotzat jotzen da, eta familia-harrerako baliabideen aldetik adin
horietako neska-mutiko guztiei erantzuna ematea lortu bitartean soilik mantenduko
da.
1.4. Emantzipazioko Programa: 16 urtetik gorako nerabeei zuzendutako
zerbitzua da, beren pertsona-mailako, gizarte-mailako eta laneko autonomia-prozesua
errazteko. Etxebizitza horien gehienezko edukiera 8 plazakoa izango da.
Autokudeaketako erregimenean funtzionatu ahal izango dute, hezitzaile baten
etengabeko gainbegiradapean, izan ere egiturari eta bertako egoiliarrei emandako
laguntza eta jarraipena antolatzea izango baita teknikariaren lana. Etxebizitza
espezifiko batean egingo da zerbitzu hori, edo baita egoitza baten barruan, ahalik eta
autokudeaketa-mailarik handieneko unitate berezi batean ere, betiere heziketa-
mailako teknikari batek gainbegiratuta.
1.5. Emantzipaziora prestatzeko Programa. Bizimodu independentea egiteko
oinarrizko trebetasun batzuk eskatzen dituen emantzipazioko programara iritsi aurreko
pauso moduan, trantsizio hori erraztuko duen prestakuntzako programa bat landu
daiteke 14 urtetik aurrera. Programa hori adin horretako nerabeen kasuan aplika
daiteke, edozein motatako pisu edo zentroren batean aurkitzen direla ere.
2. Programa espezializatuak
2.1. Portaerako arazoak dituzten nerabeen arretarako programa
espezializatua: oinarrizko programan artatuak izatea ezinezkoa egiten duten portaera
bereziki disruptiboak dituzten hamahiru urtetik aurrerako nerabeekin landu daitezkeen
baliabide espezifikoak dira. Bere helburu nagusia nerabeari gizarte eta heziketa-
mailako orientazioa eta izaera terapeutikoa duen esku-hartze intentsiboa, integrala eta
konpentsaziozkoa eskaintzea da. Programa horiek modu espezifikoan garatuko dira
beti, bere eginkizun eta helburu nagusira egokitutako lekuetan eta beharrezko
baliabide materialez eta giza baliabideez hornituta. Bere helburua tratamendu
intentsiboa lortzea denez, programaren iraupena esku-hartze horren xedeak
erdiesteko ezinbestekoa den laburrena izango da. Bertan artatutako adingabekoen
gehienezko kopurua 12koa izango da unitate bakoitzean.
2.2. Portaerako arazo larriak dituzten nerabeen laguntza intentsiborako
programa espezializatua: Bai gazteentzat beraientzat edo beste hirugarren
batzuentzat kalte edo galera larriak ekar ditzaketen edo beren garapen integrala
arriskuan jar dezaketen portaera larriki disruptiboak edo gizartearen kontrakoak, behin
eta berriz errepikatzen direnak, dituzten 13 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzendua,
edozein dela ere horien jatorria, portaera-arazoak dituzten nerabeentzat aurreko
atalean aurreikusitako programa espezializatuaren esparruan artatzea bideraezina dela
irizten denean.
16
EGOITZA-HARRERAKO BALIABIDEEN TIPOLOGIA
Egoitza-harrerako baliabideak era honetan sailkatzen dira:
1) Egoitza-zentroak: 11tik 24 plazara bitarteko edukiera duten bizikidetza
guneak, etengabeko zuzkidura dutenak, bertan artatutako neska, mutiko eta nerabeen
kopuru, adina eta ezaugarrietara egokitutako heziketako behar adina langilez
hornituak. Portaerako arazo larriak dituzten nerabeen laguntza intentsiboko programa
espezializatuaren aplikaziora bideratzen direnean, egoitza-zentroek 10 plaza izango
dituzte gehienez ere, eta eraikin independente batean kokatuak egon beharko dute,
lekua bestelako etxebizitza edo ekipamenduekin partekatu gabe, eta zentro horien
egitura arkitektonikoa eta diseinua aurrez definitutako esku-hartzearen ezaugarrietara
egokitu eta moldatuko dira. Zehazkiago esateko, zentro horiek isolamendu-neurriak
hartzeko bereziki diseinatu eta bideratutako eremu bat eduki ahal izango dute,
131/2008 Dekretuaren 101. artikuluko 5. atalean begietsitako terminoetan.
2) Harrerako etxebizitzak edo pisuak: etxebizitza arruntetan kokatutako
bizikidetza guneak, gehienez ere 10 plazako edukiera izango dutenak. Etxe funtzional
moduan egituratzen dira, eta horietan ezinbestekoa da bertan artatutako neska,
mutiko eta nerabeen kopuru, adina eta ezaugarrietara egokitutako heziketako
langileen etengabeko presentzia.
3) Emantzipaziorako prestatzeko zentroak: 9 eta 30 plaza bitarteko edukiera
duten bizikidetza guneak, heziketako langileen etengabeko presentziarekin, laguntza
eta heziketa-mailako zerbitzua eskaintzen dutenak, eta 14 urtetik gorako nerabeei
zuzenduak, bizimodu autonomoa egiteko beharrezkoak diren trebetasun pertsonalak
eta sozialak eskuratzeko prozesua errazteko eta baita etorkizunean lan-munduan
sartzera bideratutako lanbide-heziketako prozesua bultzatzeko ere. Bere
ezaugarriengatik, zentro hauek dira emantzipaziorako prestakuntza-programa
aplikatzeko baliabiderik egokiena. Emantzipaziorako prestatzeko zentroak hurrengo
atalean definitutako emantzipazioko etxebizitza edo pisuetara sartzeko eman
beharreko aurreko pausoa izan daitezke.
4) Emantzipazioko etxebizitzak edo pisuak: etxebizitza arruntetan kokatutako
bizitegi edo egoitza-ekipamenduak, 16 urtetik gorako nerabeei zuzendutako laguntza
eta heziketa-mailako zerbitzua eskaintzen dutenak, gazte horien autonomia pertsonal,
sozial eta laboraleko prozesua errazteko asmoarekin. Pisu horiek egoitza-zentroekin
lotuak egon daitezke, edo horietatik gertu kokatuak bestela, haien laguntzako egitura
jaso ahal izateko. Etxebizitza horien gehienezko edukiera 8 plazakoa izango da.
Autokudeaketako erregimenean funtzionatu ahal izango dute, hezitzaile baten
etengabeko gainbegirada teknikoarekin, izanik teknikari horren eginkizuna egiturari
eta bertako egoiliarrei eman beharreko laguntza eta jarraipena antolatzea. Bertan
artatutako pertsonen premia eta beharrizanak edo emantzipazioko programak berak
horrela gomendatuz gero, egiturak heziketako beste teknikari batzuen laguntza ere
izango luke.
17
6. HARTZAILEAK
Oro har, beren babesgabeziako egoera dela medio zaintzako neurriren baten premian
dauden 18 urtetik beherako pertsona guztiak izan daitezke egoitza-baliabide
desberdinen erabiltzaileak. Eta zehazkiago esateko, familia-gunearekiko banaketa edo
bereizketa-egoeran aurkitzen diren eta familia-harrerako neurriak erabiltzea ezinezkoa
den edo gomendatzeko modukoa ez den adingabekoen kasuan ulertzen da erabili
behar direla batez ere egoitza eta bizitegi-mailako neurriak. Aipatu zaintzako neurri
hori gerta daiteke babesgabezia-kasu baten ondorioz tutoretza bat hartu delako, edo
baita etorkizuneko babesgabezia-egoera bat saihesteko familien beraien eskariz
egindako esku-hartze moduan ere. Azken kasu horretan, zaintzak familiari laguntzeko
helburu prebentiboa dauka, besterik gabe, eta adingabekoaren tutoretza familiak
gordetzen du. Aurrekoez gain, posible da era berean, legeak adierazten duen bezala,
zaintza epaileen erabakiz hartua izatea ere.
Zenbait kasutan egoitza-harrerak bereziki erraztu dezake adingabeko batzuekin
aurrera eraman beharreko esku-hartzea. Izan daitezke familia-harrerari uko egiten
dioten nerabeak, edo baita aurrez izandako gabezia-esperientzien ondorioz
harremanetarako zailtasunak dituzten nerabeak, horrek familia batera berehala
egokitzeko prozesua oztopatu egingo bailuke.
Beste alde batetik, talde-giroko bizikidetzak heziketan duen garrantzia eta zeregina
bereziki garrantzitsua gertatzen da nerabezaroan, eta baita bizimodu
independenterako prestakuntzaren beharra ere, eta alderdi horiek guztiak funtsezkoak
dira zalantzarik gabe harrera-etxeetan eta egoitzetan egin beharreko lanaren barruan.
Hainbat anai-arreba batera harreraren premian suertatzen direnean ere, egoera
horrek egoitza-neurri bat hartzera eraman gaitzake.
Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuko babeserako edozein atalen aldetik egin ohi den
aurre-balorazioaren ondotik, egoitza-baliabidea tentu handiz aukeratu behar da,
neska, mutiko edo nerabe bakoitzaren ezaugarri berezietara hobekien egokitzen den
aukera edo baliabidea bilatuz betiere, eta ondorengo kasuotan baliabide espezializatu
bat esleituz:
– Adingabekoek portaera-arazo larriak dituztenean, eta bai beraien burua eta baita
beste batzuena ere arrisku larrian jartzen dutenean, horrek programa espezializatu
batera bideratzeko aukera kontuan hartzera eramango gintuzkeelarik.
– Adingabekoek egoitza-baliabidearen barruan bizikidetza normalaz gozatzea
ezinezkoa egiten dien arazo psikiatriko larriak dituztenean, adingabeko horientzat
baliabide espezifikoago bat lortu beharko bailitzateke osasun mental publiko edo
pribatuko sarean.
– Adingabekoek aldez aurretik desintoxikazio eta psikoterapiako lan bat egitea
eskatzen duen droga-mendetasun motaren bat dutenean.
18
Kasuek desgaitasun larriak erakusten dituztenean, horien premia eta beharrizanak
egoitza-baliabideetan behar bezala artatuak izan daitezkeen ala ez baloratuko da beste
ezeren aurretik, edota desgaitasuna duten pertsonentzat jarritako zerbitzu-sarearen
barruan arreta espezifikoagoa behar ote duten bestela.
Artatu beharreko adingabekoen artean adin, egoera eta arazoen aldetik
desberdintasun handiak agertzen direnez, oso garrantzitsua da babeseko baliabideen
sareak beharrezkoak diren baliabide komunitario guztiak erabiltzea adingabekoen
premia eta beharrizan diferenteak modu egokian estaltzeko: haurtzaindegiak, eguneko
zentroak, desgaitasunak dituzten pertsonentzako zentro espezifikoak, zentro
okupazionalak, osasun mentaleko unitate terapeutikoak edo neska, mutiko eta
nerabeen premiak estaltzeko modua eskain dezakeen beste edozein.
Arreta eta laguntza hori, definizioz, hemezortzi urtetik beherako pertsonekin egiten
den arren, egoitza-harrerak helduen bizimodura prestatzeko mekanismoak ezarri eta
martxan jarri beharko ditu, hala nola jarraipeneko jarduketak, laguntzak eta baita
harrera bukatu ostean hemezortzi urte bete eta independizatu beharra daukaten
gazteentzako programa espezifikoak ere. Artatutako pertsonaren eta Foru Aldundiaren
artean egindako hitzarmenari esker, eta emantzipazioko programa baten barruan, 18
urtetik gorako pertsona gazteek ere egoitza-baliabideak erabili ahal izango dituzte,
baldin eta adin-nagusitasunaren aurretik babes-sareko baliabide bateko egoiliarrak
izan baziren. Gazte horiek egoitza-harrerako sarean egin ahal izango duten egonaldia
18 hilabetekoa izango da, gehienez ere, eta muga hori gainditzeko arrazoi egokiak
beharko dira ezinbestean, pertsonaren premia indibidualei eta egonaldi hori luzatzeak,
baliabide berean bizi diren gainerako egoiliarrentzat eduki dezakeen eraginari
erreparatuz batik bat.
Egoitza-harreran artatutako biztanleriaren barruan kasu berezia osatzen dute bakarrik,
akonpainamendurik gabe alegia, dauden adingabekoek, bai azken urteotan kopuruan
izan duten hazkundeagatik eta baita euren egoerak dauzkan berezitasunengatik ere.
Horregatik, egoitza-harrerako sarean adingabeko horien arreta behar bezalakoa izan
dadin kontuan hartu beharreko irizpide espezifiko batzuk ematen dira jarraian.
Bakarrik dauden adingabekoak honela izan dira definituak: 18 urtez azpiko neska,
mutiko eta nerabeak, proiektu migratzaile bati bakarrik edo laguntzarekin ekin
diotenak, beren jatorriko herrialdetik kanpora eta legez edo ohituraz beraien ardura
eduki ohi duten pertsonengandik bananduak aurkitzen direnak, eta helburuko
herrialdera asilo-eskaera baten bidez edo modu irregularrean heldu direnak.
Adingabeko pertsona horiek erronka ikaragarria izan dira azken urteotan autonomia-
erkidego ia guztietako adingabekoen babeserako zerbitzuentzat. Bat baino gehiago
dira zailtasun eta oztopo horien arrazoiak.
Lehenik eta behin, neska, mutiko eta nerabe horien babesgabeziako egoera ulertzeko
arrazoi nagusi moduan, proiektu migratzaile bat egin eta ustez aukera gehiago
eskaintzen dituen herrialde diferente batean bizimodu berri bati heltzeko gogoa edo
nahia aipatu behar da. Talde honek planteatzen duen eskaera nagusia bizikidetzaren
19
eta ostatuaren aldetik dituen premiak estaltzearena da, eta baita prestakuntza jaso
ondoren gizartean nahiz lan-munduan txertatzeko gogoa ere, azken finean. Dena den,
tutoretzapeko adingabekoak diren heinean, jaso beharreko arretak haratago doaz, eta
arreta horien artean sartzen da bere premia eta beharrizan guztien estaldura, oraindik
ere garapen bidean dauden pertsonak direnez, eta heziketa integral horrek alderdi
guztiak hartzen ditu bere baitan, intelektualak, afektiboak nahiz instrumentalak.
Babes-sistemak talde hori behar bezala artatzeko izan dituen zailtasunak ulertzeko
hainbat arrazoi eta kausa aipa daitezke. Alde batetik, autonomia-erkidego
desberdinetan haurrak babesteko sistemak eraikiz joan ziren, gurasoek beren gain
hartu behar zituzten heziketa eta babeseko obligazioak behar bezala ez betetzeagatik
sortutako babesgabeziako egoerei aurre egiteko batik bat. Sistema horrek familiekin
egin beharreko lanari eman zion lehentasuna adingabekoaren banantzea saihesteko,
eta banantze hori gertatzen zen kasuetan, familia-harrera edo aldi baterako egoitza-
baliabide bateko egonaldia izan ohi ziren aukera lehenetsiak, behin betiko
konponbidea lortu arte. Legeek familia berriro elkartzea ezartzen dute lehentasunezko
irizpide gisa, irtenbide hori posible den kasu guztietan, edo ordezko familia bat bilatzea
bestela, harreraren edo adopzioaren bidetik, adingabekoek familia-giroan bizitzeko
duten eskubidea gauzatu ahal izateko. Ikuspegi horretatik, argi eta garbi geratzen da
lege-esparru hori ez dela nahikoa bakarrik edo akonpainamendurik gabe dauden
neska, mutiko eta nerabeen premiei erantzuteko, izan ere familia berriro elkartzea ez
baita normalean posible izaten, eta sarritan adingabekoak ez baitu hori nahi izaten ere
eta, bestetik, harrera eta adopzioko aukerak oso txikiak izaten baitira. Talde honen
premietara gehien hurbiltzen den babeseko esku-hartze mota independentziako eta
bizimodu heldurako trantsizioan laguntzako proiektuena da, erreferentziako familiarik
gabeko proiektuak hain zuzen ere, adin-nagusitasuna iritsi arte bizimodu heldu
autonomoa lortzeko bidea jorratzen dutenak.
Lege-esparruak bakarrik dauden adingabekoek dauzkaten premia hain espezifiko
horiek bete eta estaltzeko zailtasun handiak zituen bezala, esku-hartzeetan erabili ohi
diren baliabideak ere ez daude adingabekoak artatzeko prestatuak. Egoitza-harrerako
baliabideen kasuan, bakarrik dauden adingabekoen aurreneko kasuak etortzen hasi
zirenean, lehen harrerako baliabideak bezala esaten direnetan artatu ohi zituzten,
urgentzia edo larrialdiko kasuak sartu ohi diren lekuetan hain zuzen ere. Aukera
horietan, erabili beharreko baliabide edo esku-hartzerik egokiena aukeratzeko
ebaluazio bat egiten da. Eta autonomia-erkidego askotan lehen harrerako egoitza
horiek kolapso izugarria jasan zuten, gero eta neska, mutiko eta nerabe gehiago iristen
baitziren horietara eta sarean ez baitzegoen bertara bideratzeko behar adina baliabide
egoki. Neska, mutiko eta nerabe hauek zituzten ezaugarriak, beren zailtasun linguistiko
nahiz kulturalak eta euren arteko profilen desberdintasunak zirela medio, oso zaila izan
zen irtenbide egokiak bilatzea. Lehen harrerako baliabideak egonaldi iraunkorreko
bizileku bilakatu dira sarritan bakarrik dauden adingabekoentzat. Gisa horretako
nerabeak hartzeko bizikidetzako etxe egonkorrak irekiz joan diren autonomia-
erkidegoetan, nerabe horiek elkarrekin batera bizi dira normalean, baina ez lurralde
horretakoak bertakoak diren beste adingabekoekin batera, eta kasu horietan, bakarrik
zeuden adingabeko gero eta gehiago etortzeak baliabideen kopuru handia ireki eta
20
martxan jartzea ekarri zuen. Baina askotan ezinezkoa zen baliabide horietarako behar
adina langile edukitzea eta baliabide horiek zituzten premia berezietara behar adina
egokitutako heziketa-proiektuak prestatzea ere.
Bakarrik edo akonpainamendurik gabe dauden adingabeko pertsonen arretak daukan
beste hirugarren arazo edo zailtasun bat adingabeko horien etorreren kopuruak
autonomia-erkidego batetik bestera eta baita denboran zehar ere izan dituen
gorabehera izugarriak dira. Gipuzkoara etorriz, 2008. urtean erregistratuak zeuden
harrerako kasuak 100 inguru ziren bitartean, 2009an, berriz, 220tik gora ziren. Antzeko
gorabeherak ikusi izan dira beste autonomia-erkidego batzuetan ere, eta izugarrizko
arazoa planteatzen dute adingabeko horien arreta epe ertain eta luzera planifikatzeko
orduan.
Nolanahi dela ere, bakarrik dauden adingabekoen arretak, egoera hori aurreikusi ez
zuen babes-sistema bati planteatzen dizkion berezitasun eta zailtasun guztien gainetik
ere, babesgabeziako egoeran dagoen beste edozein adingabekoren kasuan
planteatuko litzatekeen arretaren araubide beretik joan behar du. Eta horren barruan
sartzen da tutoretza onartzea, egoera babesgabeziatzat jotzen bada, eta baita
adingabekoak dituen babes eta heziketa integraleko premiak betetzea ere.
Babes-sistemaren barruan neska-mutikorik txikienak familia baten barruan hartuak
izateko aukera ere begietsi beharko litzateke, dela gure lurraldean bizi arren umearen
jatorri kultural berekoak diren familietan, dela bestelako familietan ere. Dena den,
kasurik gehienetan haurren premia eta beharrizanak estaltzeko egoitza-harrerako
sarera jo beharko da, eta horretarako beharrezkoa da esku hartzeko printzipio sail bat
planteatzea:
Bakarrik dauden adingabekoentzako lehen harrerako baliabide espezifikoak:
pertsona horien hasierako ebaluazioa oso konplexua izan ohi da normalean. Lehenik
eta behin, pertsona horien inguruko informazioa eta, sarri askotan, baita
dokumentazio ofiziala ere eskasak izaten direnez, beharrezkoa gertatzen da benetan
adingabekoak direla eta, beraz, babesgabeziako egoeran dagoen adingabeko pertsona
bati dagokion tratamendua jasotzeko eskubidea dutela egiaztatzea. Bigarrenik,
adingabeko horien jatorriko herrialdeak eta erreferentzia kulturalak hain diferenteak
izanik, beharrezkoa gertatzen da, ahal izanez gero bederen, lehen harrerako egoitza
horiek atzerriko hizkuntza eta ohiturak ondo ezagutuko dituzten langilez hornitzea.
Horixe baita ebaluazioan sakontzeko aukera eskainiko duen harremana eta gerora
heziketa-lan arrakastatsua emango duen lotura lortzeko modu bakarra. Gainera,
nerabe hauen etorrera-kopuruetan izaten diren gorabehera handiak kontuan hartuz
gero, lehen harrerako baliabide hauek gainerako etxeek baino edukiera-marjina askoz
ere zabalagoak eduki beharko lituzkete.
Kasu-plan indibiduala lantzea. Lehen harrerako tresna hauetan ebaluazio
indibidualizatua egin beharko da kasu bakoitzean, babesaren premian dagoen beste
21
edozein adingabekorentzat egin ohi den bezala kasu-plan bat diseinatu eta formulatu
ahal izateko, bere premia espezifikoen ebaluaziotik abiatuz betiere eta bakarrik dagoen
adingabeko pertsonaren tratamendu generikoa edo orokorra kontuan hartzeko
aukerarik gabe. Kasurik gehienetan emantzipazioko plan bat izango da seguruenik
aukeratutakoa, bizimodu heldurako trantsizioan laguntza edo akonpainamendua
egiteko modua emango diena. Eta kasu horietan nerabeen egoitza-baliabideetara
bideratuak izan beharko dute, bertan independentziako trebetasunak landu ahal
izateko, bai mintzaira eta kulturaren aldetik eta baita lan-munduari begira ere heziketa
eta trebakuntza lantzen diren bitartean. Independentziako trebetasunen maila
beharrezkotzat jotzen den punturaino iristen denean, nerabe horiek emantzipazioko
etxeetara bideratuak izan beharko dute, bertan bizimodu heldurako prestatuko dituen
autokudeaketa egikaritu ahal izan dezaten.
Oso gutxitan gertatzen den arren, bakarrik dauden adingabeko horiek oraindik ere
gazteagoak izango balira, 12 urtez azpitik baleude batez ere, harrera bidezko familia-
giroko integrazioaren aukera ere baloratu behar litzateke.
Egoitza-baliabideetan egin ohi den bizimoduak eskatzen dituen gutxieneko
trebetasunak lehen harreratik bertatik eskuratu eta landu behar lirateke, bizikidetzako
tresna horietan egindako txertaketak arrakasta izateko aukera ahalik eta gehien izan
dezan.
Beste alde batetik, komenigarria eta desiragarria litzateke ezen bakarrik dauden
adingabeko pertsona horiek, euren emantzipazioko kasua lurraldekoak bertakoak diren
beste nerabe batzuen antzekoa denez, bizikidetza denek elkarrekin egin zezatela,
jatorriz atzerritarrak nahiz bertakoak diren nerabez osatutako eremu mistoak
sortzeraino. Hala ere, nerabeek beraiek bizikidetzako esperientzia horiek elkarrekin
bizitzeko duten motibazioaren beraren baitan legoke eremu mistoak sortzeko irizpide
hori, eta horregatik ez da komeni egoera ez alde batera ezta bestera ere behartzea.
Baliabide espezializatuen erabilera: Egoitza-harrerako sarean artatua izaten den beste
edozein neraberen kasuan gerta daitekeen bezala, dauzkaten premia eta beharrizanei
erreparatuz, etxe berean egindako bizikidetzak, mesedegarria izan ordez arrisku larria
dakarrenean bai nerabeentzat edo baita besteentzat ere, beren portaerako
arazoengatik nahiz adikzio edo osasun mentaleko beste edozein asaldu edo
nahasmenengatik, nerabe horiek programa espezializatuko baliabideetan artatuak izan
behar dute. Lehen harrerako baliabideetan kasu horiek detektatzeko eta nerabearen
premia espezifikoak finkatzeko ebaluazio egokia egin beharko da, behar bezala
artatuko dituen baliabidera bideratuak izateko. Garrantzi handikoa da, jatorriz
bertakoak diren adingabeko pertsonen kasuan gertatzen den bezalaxe, arreta askoz
ere espezializatuagoa jaso beharra daukaten edo egonaldia baliabide horietan egiteak
mesederik edo onurarik jasotzeko gutxienezko trebetasunik ez daukaten nerabeak
emantzipazioko pisuetara ez bideratzea. Arreta hori estaltzeko lehendik dauden
programa espezializatuak erabili ahal izango dira, eta beraz bakarrik dauden
adingabeko pertsonen eta bertako adingabekoen artean bizikidetza mistoko eremuak
sortuko dira horrela, edo bestela baliabide espezifikoak ireki beharko dira lehenengo
22
taldearentzat, horrelakoen premia duten adingabekoen kopurua handia denean, eta
baliabide horren beharra justifikatua dagoenean.
Bestela esanda, bakarrik edo akonpainamendurik gabe dauden adingabekoei ematen
zaien arreta, babes-neurriak eskaintzen zaizkien gainerako neska, mutiko eta nerabeek
dituzten eskubide berdinekin eta planteamendu berdinetatik abiatuz planteatzen da.
Ezarritako prozesua berdin-berdin jarraitu behar da: ebaluazio indibidualizatu egokia
aurrena, nerabearen premia espezifikoetara egokitutako kasu-plan bat landu eta
prestatzea jarraian, eta premia horiek hobekien bete ahal izango diren egoitza-
baliabidera bideratzea azkenik. Lehen harrerako prozesua da adingabeko pertsona
horien arretak duen berezitasunik garrantzitsuena: dokumentazioa jasotzeko unea,
nerabe bakoitzaren egoera zer-nolakoa den egiaztatzea eta nerabe horiek bizi duten
errealitatea ezin hobeto ezagutu behar duen pertsonalaren eskutik egindako
ebaluazioa. Ebaluazio horretatik abiatuz, kasu-planak eta dagozkion baliabideen
erabilerak gainerako adingabekoentzat baliatzen diren prozesuaren pauta berdinak
jarraituz egiten dira eta, beraz, Esparru Programa honetan izaera orokorrarekin
planteatzen diren kalitateko arretaren irizpide berberak aplikatu behar zaizkie kasu
horiei ere.
7. EGITURA FISIKOA: KOKAPENA, ETXEBIZITZA ETA
EKIPAMENDUA
Egoitza-harrerak familiaren etxea denbora jakin baterako ordeztuko duen bizikidetza-
giro bat sortzea esan nahi duela kontuan hartuz, harrera horren itxura fisikoaren
diseinua eta haurraren nahiz nerabearen heziketarako ahalik eta aukera gehien
eskainiko dituen eremu eroso, bero eta goxoa sortzera iristeko modua, funtsezko
gakoak dira prozesu honetan. Ondorengoak dira egoitza-baliabide batek bete behar
dituen baldintza eta ezaugarri nagusiak:
Kokapena eta baliabideak
Egoitza-baliabideen lokalizazioa edo kokapena ingurune egokietan ezarri beharko da,
neska, mutiko edo nerabeen heziketa eta integrazioko lana aurrera eramateko
beharrezkoak diren baliabide eta aukera guztiak —eskolatzea, prestakuntza, osasuna,
aisia eta entretenimendua— eskaintzen dituzten herri edo hirietan. Alde batera utzi
eta saihestu beharko lirateke baliabide komunitario gutxi dauzkaten herriak eta baita
auzotarren artean gatazka edo arriskurako osagaiak dauzkaten zonak ere, horietan
adingabekoa erraz sar baitaiteke arrisku-taldeetan. Inguruak eta irispideak ere
seguruak, eta ongi argiztatuak izan beharko dute.
Aurrera eraman beharreko programa egoitza-harrerako oinarrizko programa ez
denean, arreta berezia jarri beharko zaie inguruneak bete beharreko premia eta
beharrizan zehatzei. Zailtasun eta konplexutasun bereziko kasua da, adibidez,
portaera-arazo larriak dituzten nerabeentzako prestatutako programa
23
espezializatuena, horrelakoak ingurune irekiagoetan kokatu behar baitira, tailerrak,
baserriak edo askotariko jarduerak egin ahal izateko aire zabaleko eremuak antolatuz
horietan. Emantzipazioko pisuen kasuan, berriz, garrantzitsua da enplegua bilatzeko
erraztasun handiagoko herrietan edo lanbide-prestakuntzarako aukera eta eskaintza
gehien duten zonetan kokatzea horrelakoak.
Diseinu arkitektonikoa
Orokorrean, egoitza-harrerako baliabideek, beraien tamaina eta ezaugarrien arabera,
indarrean dagoen legerian ezarriak dauden baldintzak bete beharko dituzte sanitate,
hirigintza, arkitektura, segurtasun eta higieneko gaiei dagokienez, eta horien artean
sartzen dira era berean soinu eta zaraten kontrako babesa, baldintza termikoak,
suteen aurkako babesa eta kanpoko nahiz barneko irisgarritasuna.
Eraikuntzak ingurune familiarra, abegitsua eta erosoa eskaini behar dio bertan
artatutako nerabeari, eta debekatuak geratzen dira etxebizitza baten itxura eta
ezaugarrietatik kanpo geratzen diren eta ingurunetik banantzen dituzten egiturak
(murruak, burdinsareak, etab.) edo baita instituzio itxien ezaugarri diren eremu
zabalak edo pasabide luzeak ere. Errotuluak eta izendapenak ere debekatuak daude,
baliabideari izaera eta itxura instituzionala ematen diotelako.
Neska, mutiko eta nerabeentzat unitate desberdinak dauzkaten baliabideen kasuan,
unitate bakoitzak eremu independente bat eratu beharko du, gisa horretako
etxebizitzetan gaur egun ohizkoak diren eredu kulturalei erantzungo dieten eremu eta
egontoki ezaugarri guztiekin (logelak, egongela, bainugelak eta baita sukaldea ere, ahal
izanez gero). Garrantzitsua da erabilera berezietarako egontokiak —ikasketa-aretoak
edo telebista ikustekoak, esaterako— saihestea, eredu tradizionalak, hain arauzkoak ez
direnak, irudikatzen baitituzte.
Eta programa espezializatuek nerabearen euspena bideratzeko neurri fisikoak eta
bestelako berezitasun batzuk ere galda ditzaketen arren, eskakizun horrek ez du, inolaz
ere, egoitza-baliabide horren barruko eremuak eta diseinu orokorra etxebizitza
abegitsu eta familiar batek edukiko lituzkeenen ahalik eta antzekoenak izatetik
salbuesten.
Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea indarrean sartu ostean
eraikiak edo zaharberrituak izan diren egoitza-harrerako baliabideek lege horretan eta
hori garatzeko araudian aurreikusitako betebehar eta baldintzak bete beharko dituzte.
Harrerako pisuek eta baita emantzipaziokoek ere, desgaitasunen bat duen neska,
mutiko edo neraberen bat hartzen dutenean, indarrean dagoen irisgarritasuneko
araudian gurpil-aulkien erabiltzaileak diren edo mugikortasun murriztua duten
pertsonentzat eta baita desgaitasun sentsorial edo psikikoa duten pertsonentzat ere
gordetako etxebizitzei buruz ezarritako egokitzapen guztiak eduki eta baldintza guztiak
bete beharko dituzte. Nolanahi ere, egoitza-harrerako baliabideen sarean,
babesgabeziako egoeran dauden eta mugikortasun mugatua edo komunikatzeko
24
zailtasunak dituzten edo mendekotasun-egoeran aurkitzen diren neska, mutiko edo
nerabeen premiei erantzuteko aski izango diren behar adina plaza egokitu egongo
direla bermatuko da beti.
Gelak
Gelak erabilera indibidualekoak izango dira, edo erabilera bikoitzekoak bestela,
gehienez ere. Aldi baterako izanik, gela hirukoitzak ere prestatuko lirateke, baldin eta
anai-arrebaz osatutako talde bat etxebizitza edo unitate berean mantentzeko ahalegin
berezia egitea ezinbestekoa denean. Baina egoitza-baliabide guztietan gela indibidual
bat egongo da gutxienez.
Gela horiek gure gizartean ohizkoa den ereduaren edo arauaren arabera itxuratuko
dira, eta bertan haurrak edo nerabeak ikasteko nahiz aisiarako balia ditzakeen eremu
propioak eratuko dira. Neska, mutiko edo nerabe bakoitzak bere mahaia izango du,
tiradera eta guzti, aulkia, apalak bertan eskolako materiala edo irakurgaiak jartzeko,
eta baita musika-aparatua, jolasak eta aisiarako beste tresna eta gailuak jartzeko
eremua ere. Aurrekoaz gain, gelan bertan bere arropa armairu batean gordetzeko
adina leku izango du, eta nerabeen kasuan baita bere objektu pertsonalak giltzapean
gorde ahal izateko lekua ere.
Etxebizitza edo egoitzako gela eta leku guztiak zabalak eta argitsuak izango dira, baina
logelak batez ere. Logela guztiek aireztapen naturala izango dute eta azaleraz ez dira 9
m2
baino txikiagoak izango erabilera bakarrekoak, ezta 12 m2
baino txikiagoak ere gela
bikoitzak.
Logelak inoiz ez dira beste egontoki edo areto batzuetara iragateko
nahitaezko pasabideetan kokatuko.
Bainugelak eta komunak
Egoitza-baliabideek artatutako neska, mutiko eta nerabeen taldeak dauzkan premia
eta beharrizanak, eta baita bertan diharduten langileenak ere, asetzeko adina
bainugela eta zerbitzu izango dituzte.
Egoitza-zentroek ondorengo zerbitzuak eduki beharko dituzte, gutxienez:
– Zona komunetan: konketa bat eta komun bat 8 neska, mutiko edo nerabez
osatutako talde bakoitzeko, eta langileentzako gordetako konketa bat eta
komun bat
– Logelen zonan: komun bat, konketa bat eta dutxa bat 4 neska, mutiko edo
nerabez osatutako talde bakoitzeko
– 0tik 3 urtera bitarteko neska-mutikoak artatzen dituzten egoitza-zentroek,
aurrekoez gainera bainuontzi garaiarekin, aldatzeko mahaiarekin eta
armairu batekin hornitutako beste areto bat ere eduki beharko dute
haurrak aldatzeko
25
Harrerako pisuek bainugela bat edukiko dute, gutxienez, bertan artatutako 5 neska,
mutiko edo nerabez osatutako talde bakoitzeko. Emantzipazioko pisuek, berriz,
bainugela bat izango dute, gutxienez, 4 nerabeko talde bakoitzeko.
Nerabeen kasuan, bainugelak kisketa bat eduki beharko du, norberaren intimitatea
errespetatuz erabili ahal izateko, baina hala ere beti egongo da desblokeatzeko
kanpoko gailu bat, larrialdi edo emergentzia-kasuetan erabiltzeko prestatua.
Ekipamendua, altzariak eta dekorazioa
Altzariei, ekipamenduari eta dekorazioari dagokienez, erosotasuna eta konforta dira
jarraitu beharreko printzipio nagusiak, sendotasunaren edo nesken, mutikoen eta/edo
nerabeen beraien interesez kanpoko beste irizpide batzuen gainetik. Kolorearen
aldetik, dekorazioa eta altzariak adingabeko pertsonen adinera eta horien premietara
egokituko dira, eta baita familia-giroko etxebizitza baten kasurako arau edo eredutzat
jotzen diren joera eta modetara ere. Bereziki zainduko dira apaingarri gisako osagaiak,
esate baterako gortinak, tapiz eta alfonbrak, edo logelei kolorea eta berotasuna
ematen dieten maindire, ohazal eta ohe-jokoak ere.
Garrantzi handikoa da neska, mutiko eta nerabeek egoitzako baliabidea osatzen duten
zati diferenteen dekorazioan parte hartzea. Logeletan, bakoitzak bere eremu
propioaren dekorazioa pertsonalizatzeko askatasuna izango du, instalazioak egoera
onean mantentzeko arauak errespetatuz betiere.
Egoitza-baliabide guztiak garbi eta itxura ordenatuan mantendu behar dira. Heziketa-
taldeak ahalegin berezia egin beharko du baliabidea abegitsua, txukuna eta bertan bizi
direnen gustukoa gerta dadin, eta horretarako euren ekarpenak egitera animatuko
ditu neska, mutil eta/edo nerabe guztiak, osagai eta eremu komunak zaintzeko eta
ordena eta garbitasunerako gustua aldarrikatuz eta erakutsiz eguneroko portaerarekin.
Egoitza-baliabideek kanpoko eremuak edo lorategiak dauzkatenean, behar bezain
garbi eta txukun mantendu beharko dira horiek ere, inolako osagai hondatu edo
arriskutsurik gabe. Edozein matxura edo jabetzako ondasunetan, barruan bezala baita
kanpoan ere, gertatutako kalte edo hutsune guztiak ahalik eta bizkorren konpondu
beharko dira.
Egoitza-baliabideek bertan bizi diren adingabekoen eta langileen ongizaterako
beharrezkoak diren klimatizazioko eta aire girotuko mekanismoak edukiko dituzte.
Beste dependentzia eta esparru batzuk
Heziketa-taldearen aretoa kudeaketa eta administrazioko eginkizunetara bideratuko
da, hala nola baita elkarrizketa eta jarraipeneko lanetara ere. Barruan giltzarekin
26
itxitako artxibategiak egongo dira, bertan gordetako dokumentazioa
konfidentzialtasunez tratatzeko.
Botikina garrantzi berezia hartzen duen eremua da, asko izaten baitira era guztietako
tratamendu farmakologikoaren premian gertatzen diren neska, mutiko eta nerabeak,
eta edozein lesio edo istripu gertatuz gero ezinbesteko lekua bilakatzen da.
Adingabekoek mugatua izango dute bertarako sarbidea.
Sukaldea alikatatua egongo da sabairaino, beharrezko tresna eta menajeko
ekipamendu guztiez hornitua, eta hurrengo ekipamendua edukiko du barruan:
despentsa, hozteko eta izozteko tresneria egokia, eta elikagaiak prestatzeko
beharrezkoa den ekipamendua, batez ere sukalde-suak eta labea. Arropa garbitu eta
lehortzeko beharrezkoa den ekipamendua ere sukaldearen barruan kokatua egon ahal
izango da pisuen kasuan, baina egoitzetan, ordea, instalazio horiek elkarrengandik
bananduak egon behar dute. Ekipamendu horiek guztiak baliabide-motara egokituko
dira beti, diseinuan eta ezaugarrietan. Egoitzen kasuan, errespetatzeko modukoak
izango dira jantoki kolektiboen baldintza sanitarioen inguruan indarrean dauden araudi
eta legeak, egoitzei aplikatzekoak diren heinean.
Suteen kontrako babes-neurriak
Egoitza-harrerako baliabideek suteen kontrako ondorengo babes-neurriak hartu behar
dituzte:
a) Dekorazioan eta altzariei dagokienez, betiere suari erresistentzia-bermerik
handiena jartzen dioten irtenbideak hautatuko dira, baina baldintza hori ingurune
abegitsua eta goxoa sortzeko beharrarekin konbinatu eta bateratuz. Sorkuntza berriko
baliabideek, eraikuntza aldetik, indarrean dagoen araudian aginduzkotzat jotzen diren
suaren kontrako erresistentzia-ezaugarriak dituzten materialekin eginak izango dira.
b) Egoitza-harrerako baliabideek suteen kontrako larrialdiko plan bat landu eta
praktikan jarri beharko dute, dagokien zerbitzu teknikoen laguntzarekin. Plan horretan
hurrengo puntuak hartuko dira kontuan:
– Suteak sor ez daitezen beharrezkoak diren prebentzioko neurriak.
– Sute bat deklaratzean langileek, eta baita neska, mutiko eta nerabeek
jarraitu beharreko jarduketen sekuentzia definitzea.
– Eraikina hustu eta ebakuatzeko bide eta moduen zehaztapena.
– Prestatutako plan hori, idatziz, neska, mutiko eta nerabeei, batetik, eta
langileei, bestetik, zabaldu eta jakinaraztea, eta sute bat gertatuz gero
berehala egin beharreko jarduketen laburpen bat, erraz ulertzeko modukoa,
hurrengo leku hauetan jartzea: zentroko langileek normalean okupatzen
dituzten lokalak, arrisku handiko zonak, neska, mutiko eta nerabeen
logelak, egongelak, pasabide eta korridoreak eta atariak.
27
c) Egoitza-harrerako baliabideak kudeatzen dituzten erakundeek bertako
langileak trebatu beharko dituzte, prebentzioko nahiz detekzioko alderdietan, bai
sutearen kontra jarduteko arauetan eta baita etxebizitzaren edo egoitzaren ebakuazio-
planean ere, suteen kontrako larrialdiko planari jarraituz, eta bi urtez behingo
maiztasunarekin ebakuazio-simulakro bat egin beharko da.
d) Suteen kontrako larrialdiko plana etxebizitza edo egoitza kokatua dagoeneko
eremuko suteak itzaltzeko zerbitzura bidaliko da, eta baita gizarte-ongizatean eta
babes zibilean Eusko Jaurlaritzaren barruan eskudunak diren organo eta sailetara ere.
Egoitza-harrerako baliabideek aplikatzeko modukoa den indarrean dagoen araudian
aurreikusitako instalazioak eduki beharko dituzte, eta edonola izanik ere ondorengoak
ezinbestekoak dira:
– Seinaleztapena.
– Larrialdiko argiztapena, egoitzen kasuan.
– Su-itzalgailu eramangarrien hornidura.
– Detekzio eta alarmako instalazioak.
Aurreko alderdi guztiak betetzeaz gain, suteen kontrako segurtasun-sistemen
mantentzea ere bermatu beharko da, bai prebentzioaren aldetik, eta baita detekzio,
itzaltze eta ebakuazioaren aldetik ere, eta alderdi horiek kontrolatzeko egindako
ikusketen erregistroa egunera eramango da.
Behaketa-sistemak
Larrialdiko harrera-programak aplikatzera edota portaerako arazoak dituzten nerabeei
arretako programa espezializatuak eskaintzera bideratutako egoitza-baliabideetan,
hurrengo behaketa-neurriak ezarri ahal izango dira, baliabide horietan sumatutako
premia eta beharrizanen arabera:
a) Segurtasuneko sistema bat ezarriko da zentroan sartu ahal izateko.
b) Larrialdi edo emergentziako kasuetan, dela gaixotasunagatik, suteagatik,
bertako egoiliarren matxinadagatik edo baita irteera eta sarrerako segurtasun-
sistemaren akatsengatik, zentroko langileei beharrezkoa gertatzen den laguntza
espezializatura berehala iristeko modua emango dien sistema bat ezarriko da.
c) Lankidetzako akordio espezifiko bat hitzartuko da larrialdiko zerbitzuekin,
krisi-egoeretarako.
d) Zentroan isolamendu-areto bat dagoenean, larrialdi-kasuetan bertara
sartzeko eta/edo areto hori berehala ebakuatzeko modua emango duen sistemaren
bat egon beharko du.
28
Egoitza-baliabideek, aurrekoez gain, beste sistema hauek ere edukiko dituzte:
telefonoa, telealarma-zerbitzua edo alarmako beste tresna eta gailu batzuk, zentroan
bertan artatutako pertsonen edo baita zentroko langileen bizitzarako edo osotasun
fisikorako arriskuko egoerak gertatzen direnean laguntza berehala eskatu ahal izateko.
29
8.- GIZA BALIABIDEAK
Egoitza-harrerako baliabideetan diharduen langile-plantilla, bai kopuruaren eta
sexuaren aldetik, eta baita prestakuntza eta esperientziaren ikuspegitik ere, bertan
aplikatzen diren egoitza-harrerako programaren edo programen esparruan esleituak
dauzkaten eginkizunak aurrera eramateko aski den profesionalen talde batek osatua
egongo da, esku-hartzeko eremu desberdinetan neska, mutiko eta nerabeen premiei
eta beharrizanei modu egoki eta eraginkorrean erantzun ahal izateko.
Jarraian zehazten dira langile horien kategoriak, bai erantzukizuneko lanpostuei eta
baita zuzeneko esku-hartzeari dagozkionak ere, eta lanpostu horien egiteko nagusiak.
8.1. Zuzendaria
Erakundearen edo elkartearen pertsona arduraduna, eta horrez gain harrera-pisu jakin
baten edo egoitza-zentro baten arduraduna ere izan daiteke aldi berean. Egoitza-
harrerako baliabide bateko zuzendariak eta baita bertako pertsona arduradunak ere
erdi-mailako edo goi-mailako unibertsitate titulua eduki beharko dute, gizarte-
zientzien, hezkuntza-zientzien edo portaera-zientzien arloetakoren batean.
Foru Aldundiak, egoitza-harrerako baliabidearen izaera eta bertan ezartzen diren
programen arabera, egokitzat jotzen dituen kualifikazio, trebakuntza eta esperientzia-
mailako baldintza gehigarriak ezarri ahal izango ditu.
Bere egitekoak hauek dira:
a) Adingabekoen legezko zaintza bere gain hartzea.
- Legezko zaintza hori eta baita Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoitza-
harrerako esparru programa ere behar bezala betetzen direla bermatzea.
- Bere ardurapeko adingabeko pertsonen oinarrizko premia eta beharrizan
guztiak (materialak, heziketa-mailakoak eta intelektualak, sanitarioak,
emozionalak, sozialak, etab.) estaliak daudela bermatzea.
- Neska, mutiko eta nerabeei ingurune segurua, mantentzailea, babeslea,
hezitzailea eta aldi berean baita konpontzailea ere eskainiko zaiela ziurtatzea.
- Legezko eskubideak —dokumentazioa, laguntza edo akonpainamendua eta
legezko ordezkaritza— errespetatuak izan daitezen arduratzea.
- Zerbitzu desberdinak ezagutu eta horien aurrean bere burua aurkeztea,
koordinazioko egitekoa harrera-baliabidearen arduraduna den pertsonari
eskuordetuz.
- Foru Aginduak betearaztea.
30
b) Plan ekonomikoa prestatu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea. Harrera-
baliabiderako funtsak zuzkitu eta hornitzea.
- Hitzarmenaren xede diren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa eta prestazioa egitea.
- Zentroan artatutako adingabeko pertsonen zerrenda hilero Gipuzkoako Foru
Aldundian (GFAn) aurkeztea.
- Profesionalen zerrenda hilero GFAn aurkeztea, zerrenda horretan gertatutako
aldaketak eta horien arrazoiak adieraziz.
c) Lan-kontratazioa bideratzea.
- Langileak (hezitzaileak nahiz zerbitzuetako langileak) hitzarmen/kontratuetan
ezarritako irizpideen eta ezaugarrien arabera eta harrerako baliabideek
dauzkaten premien arabera hautatzea.
- Bajak eta/edo oporraldiak direla medio beharrezko ordezkoen kontratazioa
kudeatzea.
d) Harrera-baliabideko giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea, jarduera
profesionala aurrera eraman ahal izateko baldintzak erraztuz.
- Giza baliabideek beren lana modu egokian bete ahal izango dutela bermatzea.
- Langileen eginkizunak eta zereginak definitu eta antolatzea.
- Lana kalitatez egin dadin arduratzea.
- Langileei esleitutako zereginak aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabide
material eta ekonomikoak hornitzea.
- Eraikina eta bertako egiturak gainbegiratu, zaindu eta mantentzea.
- Larrialdiko eta segurtasuneko sistemen eta eraikineko aparatuen aldian behingo
ikuskapena gainbegiratzea.
- Langileek egindako eskaerak eta planteatutako ekimenak jaso eta horiei kasu
egitea.
- Egoitza-baliabideko teknikari eta profesionalen artean sor daitezkeen
gatazketan esku hartu eta erabakiak hartzea.
e) Zentroak bere Proiektua, Harrerako Egoitza Protokoloak, Memoria eta Barne
Araudia dituela, eta zentroko langile guztiek araudi horiek guztiak betetzen dituztela
bermatzea.
- Heziketako esku-hartzea egokia izan dadin arduratzea.
- Proiektu Pedagogikoa bete dadin arduratzea.
- Zentroko araudia errespetatu eta bete dadin arduratzea.
- Egoitza Harreraren Ebaluazio eta Erregistro Sistema (SERAR bezala ezagutzen
dena) ezagutu eta horri jarraitzea.
- Barruko prozedurak aurrera eraman daitezen arduratzea.
31
- Foru Aldundiaren irizpideak eta orientazioak bete daitezen arduratzea.
- Harrera-baliabidearen funtzionamenduari buruzko dokumentazio guztia landu
eta Haur, Nerabe eta Gazteen zerbitzura bidaltzea.
e) Baliabidearen eraginkortasuna ebaluatzea.
- Baliabidearen funtzionamendua ebaluatzea, bai egitura-mailan eta baita
langileen mailan ere, erakundeak emandako zerbitzuen inguruan egindako
jarduerak biltzen dituen urteko memoria baten bidez.
- Zentroko Heziketa Proiektua bete dadin eta urtero proiektu hori berriro landu
dadin arduratzea.
- Zerbitzuan kalitateari buruzko Kudeaketa Planak landu eta bultzatzea, sei hileko
maiztasunarekin.
- Teknikari profesionalen eginkizunak eta praktikak etengabe eta modu jarraituan
ebaluatzea, aldez aurretik ezarritako kalitateko irizpideetan oinarrituz.
f) Langileak gainbegiratzea eta horien trebakuntza planifikatzea.
- Bertan ari diren pertsona profesionalei beren lanaren eta elkarte barruko
funtzionamenduaren kanpoko gainbegirada teknikoa bermatzea.
- Edozein argitalpen-proiektu, lankidetzako jardunaldi nahiz batzarren berri edo
kanpora begira garrantzia izan dezakeen beste jarduera guztien berri GFAri
garaiz jakinaraztea, baldin eta jarduera horretan GFArekin sinatutako
hitzarmenean aurreikusitako jarduerak islatzen badira, eta horretarako
beharrezkoa izango da Foru Aldundiaren adostasuna.
- Langileei Aldundiak antolatutako prestakuntzako ikastaroetara joateko aukerak
eman eta laguntzea.
- Aldundiak proposatutako ikerketetan lankidetza eskaintzea.
- Pertsona erabiltzaileen arreta egokia bermatzeko bidezkoak diren barne-
prestakuntzako saioak antolatzea.
g) Erakundeak dauzkan ezaugarrien arabera, zuzendariaren edo beste instantzia
batzuen (lehendakari, ahalordedun nahiz kudeatzailearen) ardurakoak izango dira
beste eginkizun batzuk, esate baterako:
- Hitzarmenak GFArekin sinatzea. Eta, horrekin, bere gain hartutako obligazioak
beteko direla bermatuko du, eta baita eskainitako zerbitzuen kalitatea ere.
- Erakundearen legezko ordezkaria izatea.
- Funtzionamendu ekonomiko-administratiboa kontrolatzea: gastuaren
justifikazioa egingo du.
- Sarreren eta gastuen kudeaketa ekonomikoa egitea; zergak, plangintza
ekonomikoa eta inbertsioko eskaerak aurkeztuko ditu, eta elkartearen barne-
ekonomiaren kudeaketaz arduratuko da.
- Langile eta teknikariak kontratatzea, eta horien barruan sartzen da baita
gainbegiralearen figura ere.
32
8.2 Baliabidearen arduraduna
Egoitza-baliabide jakin eta zehatz batean ardurak eta erantzukizunak dituen heziketako
langilea. Bere egitekoak hauek dira:
a) Zentroak bere Proiektua eta Harrerako Egoitza Protokoloak dituela, eta zentroko
langile guztiek araudi horiek guztiak betetzen dituztela bermatzea.
- Proiektu Pedagogikoa bete dadin arduratzea.
- Zentroko araudia errespetatu eta bete dadin arduratzea.
- Egoitza Harrerako Protokoloak ezagutu eta jarraitzea.
- Egoitza Harreraren Ebaluazio eta Erregistro Sistema (SERAR bezala ezagutzen
dena) ezagutu eta horri jarraitzea.
- Barruko prozedurak aurrera eraman daitezen arduratzea.
- Foru Aldundiaren irizpideak eta orientazioak bete daitezen arduratzea.
- Sei hilean behin bere ardurapeko harrera-pisuko edo egoitza-baliabideko
kudeaketa-planak GFAra bidaltzea.
- Gertaera larri eta oso larriengatiko heziketa-neurri zuzentzaileen aplikazioa
baimentzea.
- Euspen fisikoko nahiz isolamenduko neurrien aplikazioa baimentzea.
b) Taldearen barne-koordinazioa aurrera eramatea.
- Heziketa-funtzioa aurrera eramateko teknika eta trebetasun egokiak sendotu
eta indartzea.
- Dokumentazioaren jarraipena dinamizatu eta bizkortzea.
- Heziketa-lanaren eguneroko jardunean sortzen diren gatazkak eta zailtasunak
jaso, landu eta zuzendaritzari helaraztea, eta horiek konpontzeko alternatibak
proposatzea.
- Heziketa-lanerako premiak identifikatu eta hobekuntzak proposatzea.
c) Heziketa-taldeari laguntza emozionala eskaintzea.
- Entzute eta parte hartzeko giroa sortzea.
- Langileei erabakiak hartzeko unean laguntza ematea.
- Erakunde desberdinen eta heziketa-taldearen arteko informazio-kanala bideratu
eta erraztea.
d) Bertan artatutako adingabekoekin eta horien familiekin izandako heziketako esku-
hartzea bermatu eta gainbegiratzea, kasu bakoitzarentzat prozesu ahalik eta onena
saiatuz.
• Neska, mutiko edo nerabearen ingresua gertatzen denean:
33
- Adingabeko pertsonak eta euren familiak antolatu eta artatzea,
harrerako baliabidearekin izandako lehenengo harremanetan.
- Neska, mutiko edo nerabeari bere egoera pertsonal eta legalaren
berri ematea.
• Neska, mutiko edo nerabearen egonaldiak irauten duen bitartean:
- Harrerako Baliabideen atalak ezarritako bilera desberdinetara
joatea: sareko bilerak, sarrera nahiz irteerakoak, zuzendaritzako
bilerak.
- Neska, mutikoa edo nerabea joaten den lekuetako (ikastetxe,
terapia psikologiko, etab.etako) profesionalak ezagutu eta horien
aurrean bere burua aurkeztea.
- Familiaren eta egoitza-baliabidearen parte-hartzea eta lankidetza
erraztea.
- Egoitza-baliabideak ezagutu eta kasuaren premien arabera
mobilizatzea; adingabeko pertsonak gizarteratzeko inguruan
dauden baliabide egokiak (kiroldegia, liburutegia, aisialdiko
taldeak...) zein diren antzeman, horiekin harremanak izan eta
negoziatzea.
- Adingabekoaren familiarekin lanean egon daitezkeen
baliabideekiko koordinazioa bideratzea.
- Kasu Plana betetzea ahalbidetuko duten laguntza eta babes
guztiak ematea.
- Egoitza-harreran hartua dagoen adingabekoari Foru Aginduek
araututakoez bestelako salbuespenezko bisitaldiak eta irteerak
ezagutzera eman eta eskatzea.
- Adingabeko pertsonak gainbegiratu eta Justizia, Osasun edo
Hezkuntzako administrazioekin izan ditzaketen harremanetan
horiei laguntzea, baldin eta salbuespen moduan, hezitzaile
tutoreaz gain bere presentzia ere gomendagarritzat joko balitz.
- Adingabeko pertsonei GFArekin dauzkaten elkarrizketa edo
hitzorduetara laguntzea, eta egiten den itzulketan ere presente
egotea, baldin eta salbuespenez bere presentzia
gomendagarritzat joko balitz.
- Foru Aldundiaren irizpideak eta orientazioak bete daitezen
arduratzea.
- Neska, mutiko edo nerabeentzat prebentzio-mailan
egituratutako programen aplikazioa ahalbidetzea (sexu-heziketa,
trebetasun sozialak, droga eta alkohol-kontsumoa, etab.).
e) Harreran hartutako adingabekoei buruzko dokumentazioa eta eskaerak kudeatzea.
34
- Hezitzaile tutoreari eta heziketako taldeari Kasu Plana transmititzea (ikus
Egoitza Harreran sartzeko eta Egonaldia egiteko Protokoloa).
- Adingabeko pertsonekin eta horien familiekin lotutako txostenak gainbegiratu
eta sinatzea, eta jarraian GFAra bidaltzea.
- Adingabeko pertsonen txosten garrantzitsuak prozesuan esku hartzen duten
gainerako profesionalei bidaltzea.
- Gerta daitezkeen gorabeherak Egoitza Harrerako atalari jakinaraztea.
f) Heziketako taldearen barruan, adingabekoen artean, heziketako langileen eta bertan
artatutako pertsonen edo horien familien artean, eta egoitza-baliabidearen eta beste
batzuen artean (komunitatea, ikastetxea,...) gerta daitezkeen gatazketan bitartekari
izatea.
- Aparteko gorabehera edo gertakarien aurrean, bera da erabakiak hartzeko
arduraduna.
- Egoitza-baliabidean sortzen diren premiak detektatu eta zuzendariari
helaraztea, eta baita horri dagozkion jarduera egokiak ahalbidetzea ere.
g) Asteko plangintza arreta emateko dauden aukera eta ahalbideetara egokitu dadin
saiatzea.
- Baliabideko eguneroko martxa antolatzea, eguneko zereginen eta eguneroko
gastuaren banaketa kontrolatuz.
- Heziketa-taldeak astez aste adingabeko pertsonarekiko egiten duen heziketako
jarraipena kontrolatu eta bermatzea.
8.3 Hezitzailea
Neska, mutiko eta nerabeekin, eguneroko bizikidetza-giroan eta komunitate-
inguruneko normalizaziorako baliabideak eta bitartekoak erabiliz, heziketa-lana egiten
duen profesional espezifikoa, unibertsitateko maila ertaineko titulazioaren jabe dena.
Bera da egoitza-harrerako zerbitzuan erreferentziako oinarrizko langilea.
Hezitzaileek Gizarte Heziketako diplomatura bat eduki beharko dute, edo Hezkuntza
Zientzietako edo Gizarte Zientzietako lizentziatura bat bestela, betiere aldez aurretik
Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak luzatutako gaikuntza lortu badute. Bere
egitekoak hauek dira:
a) Gipuzkoan adingabeko pertsonen arreta arautzen duten dokumentuen (Esparru
Programa, Protokoloak eta SERAR) irizpideak ezagutu eta jarraitzea, hala nola baita
bere erakundearen barne-dokumentuak ere (Zentroko Heziketa Proiektua, Barne
Araudia, arauak, norberaren eta gainerakoen eginkizunak, zereginak eta ardurak,
etab.), horietan islatutako funtzionamenduko irizpideak onartu eta praktikara
eramatea, eta edozein kasutan:
35
- Erreferentziako araudi horren arabera esku hartzea.
- Neska, mutiko edo nerabeen eboluzioa behatu eta horren jarraipena egitea,
euren proiektu pertsonalak erdietsi edo eskuratzeko bidean laguntza eskainiz.
b) Adingabeko pertsonei zainketak ematea eta beren oinarrizko premia materialak —
etxea, higienea, elikadura, janzkera edo segurtasuna— estaltzea, neska, mutiko eta
nerabeen adina eta horien ezaugarriak kontuan hartuz ahalik eta autonomia-mailarik
handiena lortzen saiatzeko.
- Adingabeko pertsonei elkarrizketetara joaten laguntzea.
- Adingabeko pertsonak zaindu eta babestea, egoitza-baliabidearen barruan
bezala baita hortik kanpora ere.
- Adingabeko pertsonek arropa eta oinetakoei dagokienez dauzkaten premiak
antzematea, eta horiek erostera joaten laguntzea.
- Adingabekoak sanitateko eta higieneko alderdietan gainbegiratu eta laguntzea.
- Adingabeko pertsonei beren jardueretarako behar duten eskolako nahiz eskolaz
kanpoko material guztia ematea.
c) Adingabekoen oinarrizko premia eta beharrizan emozionalak bete daitezen saiatzea,
neska, mutiko eta nerabeen gaitasun eta ahalmen pertsonalen erabateko garapena
estimulatuz eta indartuz, euren eboluzio-prozesuan identifikazio egokia erraztuko
dieten erreferentziako ereduak eskainiz.
- Adingabeko pertsonekiko harremana heziketako esku-hartze baten moduan
bideratzea.
- Norberaren balorazioa eta autokontzeptu positiboa sustatzea.
- Eguneroko bizimoduan erantzukizunak hartzea sustatzea.
- Autokontrolaren garapena lantzea.
- Autoestimua indartu eta bultzatzea.
- Adingabeko pertsonekiko eredu lasaitzaile bilakatzea, haiei kezka edo
urduritasuna ekar diezaieketen egoera guztietan, eta euren bulkadak
bideratzea.
- Autonomia sustatzea.
- Nerabeei bizimodu heldurako trantsizioa egokia izateko eta, hala egokituz gero,
bizimodu autonomoari ekiteko beharrezkoak diren bitarteko eta gaitasun
guztiak eskaintzea.
- Adingabeko pertsonen garapen pertsonala, eta baita pertsonen arteko garapena
ere, erraztuko duen dinamika positiboari eustea.
- Adingabeko pertsonen desberdintasun pertsonalak, kulturalak eta erlijiosoak
onartu eta ideia horiekiko errespetua sustatzea.
d) Bisita-erregimena bete dadin saiatzea, Foru Aginduan ezarritakoaren bidetik:
- Neska, mutiko edo nerabeari laguntzea eta hura agurtzea familiarekin doanean,
eta itzultzerakoan berriro ere hura hartzea.
36
- Neskak, mutikoak edo nerabeak duen portaera eta jarrerari buruz aldian behin
bere senideekin hitz egitea, egoitzara egindako bisitetan.
- Adingabeko pertsonak bisiten aurrean edo baita bisita horietatik itzultzean duen
erantzuna behatzea.
- Familiari, eta baita neska, mutiko edo nerabeari ere argibideak eta orientazioa
eskaintzea.
- Familia, eta baita neska, mutiko edo nerabea ere gaitasun eta trebetasunez
hornitzea, elkarren arteko harremanak hobetzeko eta sor daitezkeen gatazka
posibleak konpontzeko.
Bisitak “laguntza” edo “akonpainamenduarekin” gertatu beharrekoak balira:
- Familia-sistemako kide desberdinentzat erreferentziako eredu izatea bisitetan.
- Guraso-sistemari lagundu eta aholkularitza ematea, dagozkien eginkizun eta
zereginetan.
- Elkarrizketa indartzea eta akordio, muga eta arau-sail bat ezartzea familia-
sistema osatzen duten azpisistema desberdinen artean.
- Balio egokiak transmititzen laguntzea.
- Ezarritako helburuak lortzeko lan egitea.
- Adingabeko pertsonentzat kaltegarriak gerta daitezkeen mezuak eta/edo
jarrerak neutralizatzea.
- Adingabeko pertsonen osotasun fisiko nahiz emozionala gorde eta babestea,
jarrera negatiboak birbideratzeko modurik ez dagoenean bisitak etetera
iristeraino.
e) Gizarteratzea sustatzea, bizikidetzako eremu edo esparru desberdinetan.
- Adingabeko pertsona kulturan eta bizitza sozialean txertatzen saiatzea.
- Komunitateak dituen baliabideak ezagutu eta adingabeko pertsonen premia eta
beharrizanen arabera mobilizatzea.
- Informazioa eta ikaskuntzarako, prestakuntzarako eta/edo lanerako sarbideak
eskaintzea.
- Adingabeko pertsonek egoitza-baliabidearen barruan aurrera eramandako
jardueren jarraipena eta kontrola egitea, eta komunitatean (auzoan, inguruan,
…) bizikidetza ona izan dadin saiatzea.
- Adingabeko pertsonei gizarte-mailako jarrerak eta trebetasunak eskuratu eta
garatzen laguntzea, egoitza-baliabidearen barruan nahiz kanpoan bizikidetza
erraztu dezaketen heinean.
- Adingabeko pertsonengan parte-hartzea eta atxikimendua eta kide izateko
sentimendua sustatzea.
- Denbora librea neska, mutiko edo nerabearekin batera programatzea.
37
f) Adingabeko pertsonari ezarritako bizikidetzako arauak eta balioak, bere eskubideak
nahiz obligazioak azaldu eta transmititzea.
- Arauak bete behar direla azaldu eta horretan saiatzea.
- Gizarte-mailako balioak eta arauak transmititzea, hitzezko mezuen eta horiei
buruzko jarreren artean koherentziari eusten saiatuz.
g) Heziketako taldearen koordinazioan parte hartzea.
- Txanda-aldaketetan gertatutakoari buruzko informazioa helaraztea.
- Heziketako taldearen bileretara joan eta horietan parte hartzea, irizpideak
partekatu eta bateratzeko nahiz taldekideen esku-hartzeei eta lan globalari
koherentzia emateko eremu gisa hartuta.
8.4. Hezitzaile tutorea
Hezitzaileak bere-bereak edo propioak dituen egitekoez gain, neska, mutiko eta nerabe
jakin batzuen erreferente edo tutore moduan, hurrengo zeregin eta egitekoak bete
beharko ditu:
a) Esleitutako adingabeko pertsonaren arreta indibidualizatua eta berezitua
bermatzea, pertsona horrekiko hurbiltze-giro bat sortuz aldi berean.
- Egoitza-baliabidean esleitu zaion adingabeko pertsonaren sarrera edo ingresua
prestatzea (ikusi Harrerako Protokoloa).
- Adingabeko pertsona harrerako prozesu horretan partaide eta protagonista
bilakaraztea, adingabekoaren interesak kontuan hartuz betiere berari dagozkion
proposamen eta erabaki guztietan.
- Adingabeko pertsonarentzat erreferentzia gisa aritzea, entzuna eta bere
zailtasun, premia eta desiretan lagundua izan den norbait dela senti dezan, eta
ahal dela bere eskaerak bideratuz.
- Aldi berean autoritate, maitasun eta interesekoa izango den lotura mantentzea
adingabeko pertsonarekin.
- Negoziatzaile eta bitartekari gisa aritzea, gizartearen eskakizunen eta
adingabeko pertsonaren premia eta beharrizanen artean oreka bilatzeko.
b) Bere erreferentziapekoa den adingabeko pertsonarekin egindako esku-hartzearen
jarraipen estua egitea, prozesuaren koherentzia bermatuz.
- Egoitza Harrerako atalak kasuaren jarraipena egiteko ezarritako bilera
desberdinetara joatea (sareko bilerak, sarrera nahiz irteerakoak, …).
- Behaketako Protokoloa landu eta bere tutoretzapean dauden adingabeko
pertsonen SERAR sistemaz arduratzea, bertan emandako ohar eta argibideak
jarraituz.
38
- Adingabeko pertsona egoitza-baliabidean sartzen denean azterketa mediko bat
egitea, bere osasunari buruzko dosier bat osatuz (jasandako gaixotasunak,
hartutako tratamenduak, txertoen jarraipena, etab.), eta txosten horrek
SERAReko Osasunaren Metaketa Erregistroan izango du bere jarraipena.
- Behaketa-aldiak irauten duen bitartean adingabekoari ebaluazio diagnostiko
psikologiko bat egin diezaioten eskatzea.
- Neska, mutiko edo nerabeari egoitza-baliabidean indarrean dauden arauen,
eskubideen eta betebeharren berri ematea.
- Banakako Heziketako Esku-hartze Plana aurrera eramatea (PEI bezala ezagutzen
dena). Adingabeko pertsona artatu eta gainbegiratzea, bere eboluzioaren une
bakoitzaren arabera landu beharreko eremu desberdinetan.
- Esku-hartzea aurrez egindako plangintzara egokitzen dela bermatzea, eta bertan
egokiak eta beharrezkoak diren aldaketak sustatzea.
- Foru Aginduak errespeta daitezen saiatzea eta Kasu Plana aldarazteko
proposamenak aktibatzea, plan hori ahalik eta modurik egokienean garatzeko.
- Plangintza eta ebaluazioko prozesuan neska, mutiko edo nerabearen parte-
hartzea sustatzea eta baita familiarena ere, bakoitzaren ahalmen eta
posibilitateen arabera.
- Esku-hartzearen ebaluazioa egitea, eta ea “Kasu Planean” ezarritakoarekin bat
datorren ikustea, proposamen-txostenak, kasuaren berrikuspenak, gorabeheren
txostenak, tratamendu psikologiko nahiz psikiatrikoaren eskaerak, etab. landuz.
- Tutoretzako lana aurrera eramatea, adingabeko pertsonarekin asteroko
tutoretza-saioak eginez.
- Astez aste adingabeko pertsonaren jarrera diferenteak baloratzea, eta
horretarako eremukako eguneroko jarraipen-orriak erabiliko dira.
- Esku-hartzearen inguruan aldaketak egiteko beharrezkoa den informazio
garrantzitsu guztia baduela egiaztatzea, eta aldaketa-prozesu hori gidatzea.
- Neska, mutiko eta/edo nerabeari eta baita horien familiei ere eragingo dieten
erabakiak hartzen laguntzea.
- Egoitza-baliabideak adingabeko pertsonaren eta horren familiaren arretaren
mesedetan erabiltzea.
- Neska, mutikoa edo nerabea joaten den lekuetako (ikastetxe, terapia
psikologiko, etab.etako) profesionalak ezagutu eta horien aurrean bere burua
aurkeztea.
- Kasuan esku hartzen duten figura profesional desberdinekin (gurasoak, eskola-
eremuko erreferentziak, arlo terapeutikoa nahiz sanitarioa, gizarte-zerbitzuak,
denbora librea edo senideak besterik gabe) harremanetan jartzea.
- Beste pertsona profesional batzuen (terapeuta, gizarte-zerbitzu, familian esku
hartzeko talde, etab.en.) txostenak eskatu eta jasotzea.
- Adingabeko pertsonei justizia, osasun, heziketa eta gainerako administrazioekin
dituzten harremanetan laguntzea.
- Adingabeko pertsonei GFArekin dauzkaten elkarrizketa edo hitzorduetara
laguntzea, eta egiten den itzulketan ere presente egotea.
39
c) Neska, mutiko eta/edo nerabearen familiaren jarraipena egitea.
- Neskak, mutikoak eta/edo nerabeak bere familiarekin duen harremana erraztu
eta bideratzea, posible eta komenigarri den heinean.
- Gurasoek beren semea edo alaba familiatik banantzea eta egoitza-zentroan
ingresatzea eragin duen arazoaren kontzientzia har dezaten bultzatzea, arazo
hori aztertzen lagunduz. Familiari semearen edo alabaren berri aldian behin
ematea, eta familiak adingabekoaren inguruan ematen dion informazioa biltzea.
- Familiari telefono-deiak egin, eta aldian behin haiekin biltzea.
- Adingabeko pertsonari bere historia baloratzen laguntzea, atxikimendua eta
kide izatearen sentimendua sortuz.
- Egoitza-baliabideak ezagutu eta familiaren premien arabera mobilizatzea.
Adingabekoaren familiarekin lanean egon daitezkeen baliabideekiko
koordinazioa bideratzea.
- Familiari bere seme-alaben heziketa eta sozializazioko eginkizunean laguntzea,
gainbegiratutako bisiten, elkarrizketen eta harreman telefonikoen bidez.
- Oporraldien plangintza, jarraipena eta ebaluazioa neska, mutiko eta/edo
nerabearekin eta familiarekin batera egitea.
- Neska, mutiko eta/edo nerabearentzat lagungarriak izan daitezkeen alternatibak
baloratu eta eskatzea, gomendagarriak diren heinean, laguntzako familiak edo
akonpainamendu eta aisiarako boluntariotzako programak esaterako.
- Denbora-epe laburrean etxera itzultzerik aurreikusten ez baldin bada harrerako
familia bat eskatzea, adingabeko pertsonaren garapen ebolutiborako baliabide
egokitzat jotzen bada betiere.
- Neska, mutikoa eta/edo nerabea familia-harrerarako prestatzea, baldin eta
GFAk eta heziketa-taldeak proposatu eta onartutako alternatiba hori bada.
- Familia berriro elkartzea ahalbidetzeko beharrezko laguntza eskaintzea, esku-
hartzearen azken helburua aukera hori baldin bada betiere.
- Bisita-erregimenaren jarraipena egitea, Foru Aginduan ezarritakoaren arabera,
elkarraldi horietan adingabeko pertsonari laguntzen nahiz harrera egiten saiatuz
betiere, batez ere bisita horiek “akonpainamenduarekin” egitekoak baldin
badira. Eta hori posible ez balitz, bisita horien inguruko ahalik eta informazio
gehien bildu beharko du.
- Familiarekin jarraipeneko bilerak egitea aldian behin, eta baita telefono-deiak
ere.
40
d) Adingabeko pertsonen egoitza-harrerako prozesuan laguntza edo akonpainamendua
eskaintzea.
- Epe luzera komunitate-mailako laguntzak sortu eta gara daitezen eta baita Kasu
Plana betetzeko beharrezkoak diren harremanak ezartzen laguntzea.
- Adingabeko pertsonei Egoitza Harrerako prozedura guztien berri ematea.
- Kasu bakoitzean markatutako orientazioa —dela familia berriro elkartzea, beste
familia batera trasladatzea edo baita nerabearen autonomia eta deslotura ere—
lortzea ahalbidetuko duen lana gidatzea.
8.5 Hezitzaile laguntzailea (integrazioko teknikaria)
Heziketako teknikari laguntzailea heziketa-taldeko kidea da, hezitzaile nagusiaren
eginkizunak osatzen dituena. Heziketako taldeetan laguntzaileen kopuruak ezingo du
izan hezitzaileen gehi laguntzaileen batura osoaren herena baino handiagoa. Hezitzaile
laguntzailearen lanaldia gaueko txandetakoa izango da batik bat, hezitzaileen heziketa-
lanaren osagarri eta indargarri moduan.
Bere lanbide-prestakuntzaren edo trebakuntza akademikoaren titulazioa gizarte-
integrazioko goi-mailako teknikariaren mailakoa edo antzekoa izango da. Bere
egitekoak hauek dira:
a) Gipuzkoan adingabeko pertsonen arreta arautzen duten dokumentuen (Esparru
Programa eta Protokoloen) irizpideak ezagutu eta jarraitzea, hala nola baita bere
erakundearen barne-dokumentuak ere (Zentroko Heziketa Proiektua, Barne Araudia,
arauak, norberaren eta gainerakoen eginkizunak, zereginak eta ardurak, etab.),
horietan islatutako funtzionamenduko irizpideak onartu eta praktikara eramatea, eta
edozein kasutan:
- Erreferentziako araudi horren arabera esku hartzea.
- Neska, mutiko eta nerabeen eboluzioa behatu eta horren jarraipena egitea,
euren proiektu pertsonalak erdietsi edo eskuratzeko bidean laguntza eskainiz.
b) Adingabeko pertsonari zainketak ematea eta bere oinarrizko premia materialak —
etxea, higienea, elikadura, janzkera edo segurtasuna— estaltzea, bere adina eta
ezaugarriak kontuan hartuz ahalik eta autonomia-mailarik handiena lortzen saiatzeko,
baina betiere hezitzaile tutoreen orientazioa kontuan hartuz.
41
- Adingabeko pertsonei elkarrizketetara joaten laguntzea.
- Adingabeko pertsonak zaindu eta babestea, egoitza-baliabidearen barruan
bezala baita hortik kanpora ere.
- Adingabeko pertsonek arropa eta oinetakoei dagokienez dauzkaten premiak
antzematea, eta horiek erostera joaten laguntzea.
- Adingabekoak sanitateko eta higieneko alderdietan gainbegiratu eta laguntzea.
- Adingabeko pertsonei beren jardueretarako behar duten eskolako nahiz eskolaz
kanpoko material guztia ematea.
c) Adingabeko pertsonaren oinarrizko premia eta beharrizan emozionalak bete
daitezen saiatzea, adingabekoaren gaitasun eta ahalmen pertsonalen erabateko
garapena estimulatuz eta indartuz, bere eboluzio-prozesuan identifikazio egokia
erraztuko dioten erreferentziako ereduak eskainiz, eta horretarako hezitzailearekin edo
hezitzaile tutorearekin koordinatu beharko du.
- Neska, mutiko eta/edo nerabeekiko harremana heziketako esku-hartze baten
moduan bideratzea.
- Norberaren balorazioa eta autokontzeptu positiboa sustatzea.
- Eguneroko bizimoduan erantzukizunak hartzea sustatzea.
- Autokontrolaren garapena lantzea.
- Autoestimua indartu eta bultzatzea.
- Adingabeko pertsonekiko eredu lasaitzaile bilakatzea, haiei kezka edo
urduritasuna ekar diezaieketen egoera guztietan, eta euren bulkadak
bideratzea.
- Autonomia sustatzea.
- Nerabeei bizimodu heldurako trantsizioa egokia izateko eta, hala egokituz gero,
bizimodu autonomoari ekiteko beharrezkoak diren bitarteko eta gaitasun
guztiak eskaintzea.
- Adingabeko pertsonen garapen pertsonala, eta baita pertsonen arteko garapena
ere, erraztuko duen dinamika positiboari eustea.
- Adingabeko pertsonen desberdintasun pertsonalak, kulturalak eta erlijiosoak
onartu eta ideia horiekiko errespetua sustatzea.
d) Gizarteratzea sustatzea, bizikidetzako eremu edo esparru desberdinetan,
hezitzailearen edo hezitzaile tutorearen orientazioak jarraituz.
42
- Adingabeko pertsona kulturan eta bizitza sozialean txertatzen saiatzea.
- Komunitateak dituen baliabideak ezagutu eta adingabeko pertsonen premia eta
beharrizanen arabera mobilizatzea.
- Informazioa eta ikaskuntzarako, prestakuntzarako eta/edo lanerako sarbideak
eskaintzea.
- Adingabeko pertsonek egoitza-baliabidearen barruan aurrera eramandako
jardueren jarraipena eta kontrola egitea, eta komunitatean (auzoan,
inguruan,…) bizikidetza ona izan dadin saiatzea.
- Adingabeko pertsonei gizarte-mailako jarrerak eta trebetasunak eskuratu eta
garatzen laguntzea, egoitza-baliabidearen barruan nahiz kanpoan bizikidetza
erraztu dezaketen heinean.
- Adingabeko pertsonengan parte-hartzea eta atxikimendua eta kide izateko
sentimendua sustatzea.
- Denbora librea neska, mutiko edo nerabearekin batera programatzea.
e) Adingabeko pertsonari ezarritako bizikidetzako arauak eta balioak, bere eskubideak
nahiz obligazioak azaldu eta transmititzea.
- Arauak bete behar direla azaldu eta horretan saiatzea.
- Gizarte-mailako balioak eta arauak transmititzea, hitzezko mezuen eta horiei
buruzko jarreren artean koherentziari eusten saiatuz.
f) Heziketako taldearen koordinazioan parte hartzea.
- Txanda-aldaketetan gertatutakoari buruzko informazioa helaraztea.
- Heziketako taldearen bileretara joan eta horietan parte hartzea, irizpideak
partekatu eta bateratzeko, eta taldeko pertsona profesionalen esku-hartzeei eta
lan globalari koherentzia emateko eremu gisa hartuta.
g) Egoitza-baliabidean gauez artatutako adingabeko pertsonen arreta egokia
bermatzea.
- Bere lanak irauten duen bitartean esna mantentzea, ager daitekeen edozein
gorabehera edo gertakariri aurre egin eta erantzuteko.
- Gauean sor daitekeen edozein premiari erantzun egokia eman ahal izatea
(larrialdi medikoak, ihesaldiak eta Ertzaintzari egindako jakinarazpenak,
deskontrolak, 112ra egindako deiak, ingresu psikiatrikoak, etab.).
8.6. Laguntza teknikoko profesionalak
Heziketako lanaren osagarri gisa, beste profesional batzuk ere aritu ahal izango dira
laguntza moduan, eta adingabeko pertsonekin aurrera eraman beharreko esku-
hartzean beren ezagutza espezifikoak eskainiko dizkiote heziketa-taldeari eta
zuzendaritzako taldeari.
43
Profesional horien egitekoak hauek dira.
Psikologoa:
- Neska, mutiko eta/edo nerabeen ebaluazio psikologikoko zereginak egingo ditu,
aurrez kasuaren azterketan egin izan diren ebaluazioak osatzeko beharrezkoak
gertatzen diren alderdietan, hezitzaileek beren eguneroko lana ahalik eta
hobekien enfokatu eta bidera dezaten batez ere.
- Laguntza psikologikoa eta terapeutikoa eskainiko du, osasun mentaleko zerbitzu
espezifikoak edo bereziak eskatu ez arren, laguntza osagarria eskatzen duten
kasuetan.
- Osasun Mentaleko Zerbitzuekin egindako jarduketak koordinatuko ditu, zerbitzu
horiek publikoak nahiz pribatuak direla ere.
- Hezitzaileei ebaluazioko zein esku-hartzeko tresna eta baliabideak eskainiko
dizkie, kasu bakoitzaren premia eta beharrizanetara hobeto egokitu ahal
izateko.
- Laguntza emango dio heziketako taldeari kasuen ebaluazioko prozesuetan,
adingabeko pertsonen programa indibidualetan eta baita premiak detektatzeko
orduan ere.
- Bere lankidetza eskainiko du egoitza-baliabideko ebaluazio-prozesuetan,
emaitzei dagokienez bezala baita prozesuei dagokienez ere.
Gizarte-langilea (horrelakorik balego):
- Familia-giroko ebaluazio osagarriak egingo ditu.
- Adingabeko pertsonentzako beharrezko baliabideak kudeatuko ditu eta gizarte-
baliabideen zerrenda (erakundeak, lan-mundukoak, akademikoak,
prestakuntzakoak, aisiakoak, etab.) landu eta egunera mantenduko du,
adingabekoaren gizarteratzea errazteko.
- Jarduketak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuko ditu.
- Pertsona erabiltzaileek gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko egin beharreko
ikaskuntza sustatuko du.
- Harremana mantenduko du adingabekoa bideratzen duten baliabideekin eta
familiekin, horiek guztiak prozesuan parte har dezaten eta gizarteratzeko fasean
jarraitutasuna ziurtatzeko.
Psikiatrian espezializatua dagoen medikua (horrelakorik balego):
- Erreferentziako hezitzaileek artatutako pertsonen eta horien familien arazoen
aurrean egin beharreko jarduketak koordinatuko ditu, zentroko
arduradunarekin batera, batez ere arazo horiek portaerako trastornoekin,
44
nahasmen mentalekin, nortasunaren trastornoekin, edo substantzia toxikoen
gehiegizko kontsumoekin lotuak daudenean.
- Bera izango da erreferentziako pertsona eta solaskidea, bi zentroek osasun
mentaleko sistemarekin izan beharreko harremanean, baldin eta harreran
hartutako adingabekoek tratamenduren bat jaso behar badute bertan.
- Medikuek adingabeko pertsonei agindutako medikazio psikiatrikoa
gainbegiratuko du, tratamendu horrek irauten duen bitartean eta adingabekoak
egoitza-baliabidean hartua egoten jarraitzen duen bitartean.
- Argibide eta laguntza teknikoak emango dizkio heziketako taldeari egoitza-
baliabidean egin beharreko jarduketa orokorrak —eguneroko bizimoduko
jarduerak, zeregin okupazionalak, gizarteratzeko jarduerak, tutoretzak,
asanblada eta batzarrak, bisiten gainbegiratzea, familiei eskainitako laguntza,
etab.— diseinatu eta antolatzeko.
- Prestakuntzako ekintzak antolatu eta emango ditu baliabideko langileentzat,
bertan artatutako adingabeko pertsonen eta horien familien problematika
bereziarekin lotuak dauden ekintzak hain zuzen ere.
- Talde-jarduera espezifikoak antolatu eta bultzatuko ditu baliabidean hartutako
adingabekoentzat, horiek dauzkaten arazoekin lotuak daudenak: talde-
dinamikak, tailerrak, ikasgela tematikoak, etab.
Irakaslea:
- Heziketako programak eta jarduerak diseinatu eta emango ditu artatutako
adingabeko pertsonentzat, horien eskolatze-mailari, gaitasunei eta premia
espezifikoei lotuak betiere.
- Orientazio teknikoa emango dio heziketako taldeari adingabeko pertsonen
eskola-giroan eta prestakuntza-giroan proposatzen diren jardueretan.
- Heziketa-taldearekin batera arituko da baliabidean hartutako adingabeko
pertsona bakoitzak prestakuntza nahiz lanbidearen alorretan edo lan-munduan
dituen gaitasunak, motibazioak eta interesak detektatzeko.
- Baliabidean artatutako adingabeko pertsonek eskolatzeko sistema
normalizatura iristeko modua emango dieten oinarrizko trebetasunak eskura
ditzaten saiatuko da, edo hori ezinezkoa balitz, baliabidetik irteterakoan
gizarteratzeko edo lan-munduan sartzeko gutxieneko aukera bermatuko duten
beste sistema alternatibo batzuetara.
- Bera izango da, hain zuzen ere, erreferentziako pertsona eta solaskidea egoitza-
baliabideak eskola-sistemarekin eta lan-orientazioko edo lana bilatzeko
zerbitzuekin izango dituen harremanetan.
Gainbegiralea
45
- Gainbegiralea kanpoko profesionala izango da beti, erakundearen barruan beste
egitekorik ez duena. Eta horrez gain, gainbegiratzen duen erakundeko pertsona
erabiltzaileekin ez du harreman profesionalik ezta pertsonalik ere izango.
- Gainbegiratzeak prestakuntza zehatza eskatzen du, lan horretan parte hartzen
duten profesionalen artean koherentzia teknikoa lortzeko eta lantaldeko kide
guztien aldetik funtzionamenduko irizpide egokiak eta homogeneoak onartzeko,
betiere GFAk ezarritako irizpideekin bat etorriko direnak.
- Laguntza edo akonpainamendu erregularra izango da zuzeneko arretaz
arduratzen den heziketako taldearentzat, izan ere, artatutako adingabeko
pertsonei eta horien familiei zer gertatzen zaien, eta horrek guztiak beraiengan
pertsona gisa eta profesional gisa sortzen duena ulertzen laguntzeaz gain,
adingabekoekiko harremanak modurik egokienean bideratzeko gakoak ere
aurkitzen lagundu beharko baitie.
- Zuzendaritzako taldearentzat ere laguntza edo akonpainamendu erregularra
izango da, jarduteko erakunde eta testuinguru desberdinetan talde horren
egitekoak definitu, antolatu eta betetzeko modu berezia aurkitzen laguntzeko.
Gainbegiratze-lan horren planifikazioa, bere helburuak zehaztuz, eta baita metodologia
eta denboraren araberako egutegia ere, Gipuzkoako Foru Aldundian entregatu
beharko da urtero, Egoitza Harrerako atalak bere oniritzia eman dezan.
8.7. Administrazio eta zerbitzuetako langileak. Etxeko laguntzailea
Harrerako egoitza-baliabide bakoitzak izango ditu administrazioko eta zerbitzu
orokorretako bere langile propioak (sukalde, garbiketa nahiz mantentze-lanetarako),
baliabide bakoitzaren izaeraren, aplikatzen dituen programen motaren eta bertako
egituraren tamainaren arabera beharrezkoak diren langileen kopurua osatzeraino.
Egoitza-baliabideetako erreferentziako figura gisa (emantzipazioko pisuetan izan ezik)
Etxeko laguntzailearen figura aipa daiteke, ondorengo egitekoekin:
a) Eguneroko menuak osatzea, menu horiek orekatuak eta bertan artatutako
pertsonen premia dietetikoetara egokituak izan daitezen saiatuz, adingabekoen eta
profesionalen taldearen iradokizunak kontuan hartuz betiere.
b) Erosketa egitea.
c) Janarien kontserbazio egokia mantentzea.
d) Sukaldeko tresnak egoera onean eta leku seguruan gorde daitezen zaintzea,
alferrikako arriskuak saihestuz.
e) Etxeko edo egoitzako garbiketa-lanak egitea, eta bertan hartutako pertsonen arropa
garbitu eta lisatzea.
46
8.8. Boluntariotza eta ikasketa nahiz lanbide-mailako praktikak
Egoitza-baliabideetan pertsona boluntarioek ere jardun ahal izango dute
Boluntariotzako Erakundeen bitartez, baldin eta aldez aurretik lankidetza-akordioren
bat sinatu bada erakunde horiekin, baina inola ere ez da onartuko izaera indibidualeko
lankidetza pertsonalik.
Harrerako egoitza-baliabideetan beren lankidetza ematen duten pertsona boluntarioek
Boluntariotzako Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta horien jarduna
profesionalekiko lankidetzakoa izango da, adingabekoen heziketa-prozesua aberaste
aldera, baina inolaz ere heziketako taldearen egitekoak eta zereginak osatu edo
ordezteko asmorik gabe.
Ikasketa nahiz lanbide-mailako praktikak egiten ari diren pertsonek ere baimena izango
dute harrerako egoitza-baliabideetan jarduteko.
Boluntariotzako nahiz praktiketako langile guztiek behar bezala baimenduak egon
beharko dute eta esleitzen zaizkien ardurak eta eginkizun delikatuak ondo ezagutu
beharko dituzte. Harrerako baliabide bakoitzaren Funtzionamenduko Araudi edo
Erregelamenduan argi eta garbi adierazi beharko dira pertsona horiek euren lankidetza
ematen hasi aurretik ezagutu beharreko alderdi nagusiak. Dena den, figura horiek
laguntzako osagai moduan arituko dira beti, zeregin eta une jakin batzuetan, eta
heziketako langileak falta direnean inolaz ere ezingo dute pisuaren edo egoitzaren
ardura edo erantzukizuna beren gain hartu.
8.9. Langileen ratioak
Harrerako egoitza-baliabideak mantentzeko eta horietan etxeko lanak egiteko
beharrezkoak diren langileez gain, horietan lortu beharreko gutxieneko
langile/pertsona erabiltzaile ratioa, teknikariei eta heziketako langileei soilik
dagokienean, harrerako egoitza-baliabidearen motaren eta bertan aplikatutako
programa-motaren araberakoa izango da.
Heziketako taldea.
Heziketa-taldeari dagozkion ratioak adingabeko 8 pertsonaz osatutako talde bakoitzari
begira ezartzen dira, direla gehienez ere edukiera hori duen pisu batean artatutako
adingabekoak, direla egoitza-zentro bateko unitate batean bizi direnak.
Hurrengo ratioak aplikatuko dira:
47
- Egunez, hezitzaile baten presentzia bermatu beharko da neska, mutiko edo
neraberik egon ez arren ere.
- Egunez, eta artatutako adingabekoak bertan daudela, presentziazko ondorengo
ratio hauek bermatu beharko dira:
– Larrialdiko harrera-programa: hezitzaile bat 3 neska, mutiko edo
nerabez osatutako talde bakoitzeko, baldin eta larrialdiko harrera
hori bereziki programa jakin hori aplikatzera bideratutako harrerako
egoitza-baliabide batean edo harrerako egoitza-baliabideko modulu
batean ematen bada betiere.
– Oinarrizko programa: hezitzaile bat 4 neska, mutiko edo nerabez
osatutako talde bakoitzeko.
– Portaera-arazoak dituzten nerabeentzako arretako programa
espezializatua: hezitzaile bat 3 nerabez osatutako talde bakoitzeko.
– Portaerako arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza
intentsiboko programa espezializatua: hezitzaile bat 2 nerabez
osatutako talde bakoitzeko.
– Haur txikien arretarako programa: hezitzaile bat eta heziketako
laguntzaile bat bertan artatutako 6 neska-mutikok osatzen duten
talde bakoitzeko, ahal den neurrian bederen, neska edo mutiko
bakoitza beti erreferentziako pertsona berek artatua izateko
moduan antolatuz langileen txandak.
Harrerako egoitza-baliabideek, gainera, komenigarritzat jotzen diren laguntzako beste
langile osagarri batzuk ere eduki ahal izango dituzte, bertan hartutako biztanleriaren
premiei eta ezaugarriei erreparatuz, baldin eta osagarri horiek hezitzaileen eta
heziketako laguntzaileen batura osoaren herena gainditzen ez badute.
Gauez, berriz, presentziazko hurrengo ratio hauek aplikatuko dira:
- Larrialdiko harrera-programa: hezitzaile bat 3 neska, mutiko edo nerabez
osatutako talde bakoitzeko, baldin eta larrialdiko harrera hori bereziki
programa jakin hori aplikatzera bideratutako harrerako egoitza-baliabide
batean edo harrerako egoitza-baliabideko modulu batean ematen bada
betiere.
- Oinarrizko arreta-programa: heziketako laguntzaile bat pisu bakoitzeko, edo
heziketako laguntzaile bat modulu bakoitzeko egoitza-zentroen kasuan, baldin
eta larrialdiko egoera batean hezitzaile bat edo teknikari bat esku hartzeko
prest egongo dela bermatzen bada betiere.
- Haur txikien arretarako programa: hezitzaile bat eta heziketako laguntzaile bat
bertan artatutako 6 neska edo mutikoz osatutako talde bakoitzeko.
- Portaera-arazoak dituzten nerabeentzako arretako programa espezializatua:
hezitzaile eta heziketako laguntzaile bana, unitate bakoitzeko.
- Portaerako arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko
programa espezializatua: hezitzaile bat eta heziketako laguntzaile bat 5 nerabez
osatutako talde bakoitzeko.
48
Emantzipazioko pisuen kasuan, bi hezitzailek eta heziketako laguntzaile batek
osatutako taldeak jarri beharko dira gutxienez.
8.10. Langileen hautaketa
Haurrak eta nerabeak babestu eta zaintzeari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen
48.j) artikuluarekin bat eta funtzio publikoa arautu eta eraentzen duen araudiaren
esparruan, pertsona profesionalen egokitasuna bermatuko duten langileak hautatzeko
prozedurak diseinatuko dira, neska, mutiko eta nerabeen interes gorena zaindu eta
beraien eskubideak babesteko. Izaera bereko neurriak hartuko dira baita harrerako
egoitza-baliabide publikoetan adingabeko pertsonen arretan esku hartzen duten
pertsona boluntarioak hautatzeko ere.
Era berean, eta Haurrak eta nerabeak babestu eta zaintzeari buruzko otsailaren 18ko
3/2005 Legearen 106. artikuluarekin bat, erakunde pribatuekin sinatutako lankidetzako
akordioen barruan, beren eskumenen esparruan eta baimena nahiz homologazioa
emateko eta ikuskatzeko esleituak dauzkaten eginkizunak betetze aldera, harrerako
egoitza-baliabideetan neska, mutiko eta nerabeei ematen zaien arretan esku hartzen
duten langileak, bai profesionalak eta baita boluntarioak ere, egiten dituzten lanak eta
zereginak betetzeko egokienak izan daitezen saiatuko dira administrazio publikoak.
Langileak hautatzeko prozedurak hautagaien kualifikazio akademikoa, esperientzia eta
ezaugarri pertsonalak baloratzeko aukera eman beharko du, eta baita egoitza
bakoitzean ezartzen den harrerako programaren arabera gaitasun horiek lanpostuei
dagozkien eginkizunak betetzeko egokiak diren ala ez esateko modua ere. Hautatutako
pertsonak probaldi jakin bat bete beharko du eta epe horretan langileen artean
esperientzia handia duen beste batek gainbegiratuko du berak egindako lana; probaldi
hori behar bezala gainditzeak lanpostua bereganatzeko aukera emango dio
hautagaiari.
8.11. Langileen prestakuntza
Azken hamarkada hauetan aldaketa ugari gertatu dira haurrak babesteko egoitza-
baliabideetan, eta aldaketa horien artean nabarmentzeko modukoa da bertan
artatutako neska, mutiko eta nerabeen profiletan ikusten dena: egunetik egunera
arreta-premia gehiago eta zailtasun gehiago dituzte adingabekoek, portaera eta
osasun mentaleko arazoak direla medio. Aldaketa horiek, heziketako langileen
gutxieneko prestakuntza espezifikoa osatu behar duten hainbat alderdiri buruzko
ezagutza gero eta gehiago eskatzen dizkiete egoitza-baliabideetako zuzeneko arretako
langileei.
Horregatik, harrerako egoitza-baliabideek langileak trebatu eta prestatzeko plan bat
eduki beharko dute, hasierako prestakuntza eta etengabekoa ere barruan hartuko
49
dituen plana, hain zuzen ere. Hasierako prestakuntzari dagokionez, hurrengo edukiak
hartu beharko dira kontuan gutxienez:
- Gizarte-zerbitzuen sistema, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen
funtzioak eta baita haurren babesean espezializatuak dauden zerbitzuenak
ere.
- Haurren babesa arautzen duten lege eta arauen multzoa, eta EAEko
131/2008 Dekretua batez ere.
- Haurren babesgabeziako egoerak: tratu txarren motak eta esperientzia
horren ondorioak.
- Haurren babesgabezian esku hartzeko prozesua: faseak eta erabakiak
hartzeko irizpideak.
- Egoitzako laguntza eta arretan jarduteko printzipioak.
- Haurtzaroaren eta nerabezaroaren psikologia ebolutiboa: etapa
desberdinetako premiak eta beharrizanak.
- Garapeneko trastorno eta nahasmen nagusiak haurtzaroan eta
nerabezaroan.
- Artatutako biztanleria-motaren ezaugarri nagusiak.
- Neska, mutiko eta nerabeetan premiak ebaluatzeko teknikak: elkarrizketa,
behaketa, dokumentazioa jasotzea.
- Heziketa-lana programatzeko teknikak eta jardueren planifikazioa.
- Portaerako arazoak dituzten neska, mutiko eta nerabeekin lan egiteko
teknikak, eta harrerako egoitzetan gatazka-egoerei aurre hartzeko teknikak.
- Nerabeekin independentziako gaitasun eta trebetasunak lantzeko teknikak
eta tresnak.
- Talde-lanerako teknikak.
- Beste kultura batzuetatik datozen adingabeko pertsonekin egin beharreko
lana.
- Heziketa afektibo eta sexualerako teknikak, neska, mutiko eta nerabeetan.
- Krisi-egoeretan esku hartzeko prozedurak.
- Prestakuntza espezifikoa, sexu-abusuari dagokionez.
- Dokumentazioa landu eta kontserbatzea.
- Harrerako egoitza-programen tipologia desberdinei lotua dagoen
heziketako beste edozein alderdi.
- Neska, mutiko eta nerabeekin harremanak edukitzeko trebetasunak:
portaeren aurresangarritasuna, autonomia eta erantzukizuneko
trebetasunak irakasteko estrategiak eta teknikak, portaerak aldarazteko
estrategiak eta teknikak, portaera desegokiei aurre hartzeko eta portaera
horien ugaltzea saihesteko teknikak, bizikidetzako arau-esparrua ezagutzea,
baliabide-komunitatea osatzen duten kideen eskubideak eta erantzukizunak
ezagutzea, portaera positiboak indartu eta sendotzea.
- Osasunerako heziketa, haur-gaixotasunen prebentzioa eta kontrola,
gaixotasun infekto-kutsakorren prebentzioa, droga-mendetasunen
prebentzioa, istripuen prebentzioa eta lehen sorospenak.
50
- Pertsonen immobilizazio fisikoko eta isolamenduko neurriak behar bezala
aplikatzea.
- Janarien prestaketa eta manipulazioa, bere egitekoen artean elikagaiak
prestatzea ere sartzen den langileen kasuan.
- Programaren eta bere heziketa-lana betetzen dueneko baliabidearen
dokumentazio teknikoa, eta horren barruan hurrengoak sartuko dira
gutxienez:
– Egoitza-harrerako esparru programa.
– Harrerako egoitza-baliabidearen heziketa-proiektua.
– Barne-araudia.
– Neska, mutiko eta nerabeen eskubideak eta obligazioak, eta baita
bertako teknikari eta profesionalenak ere.
– Harrerako egoitza-atalaren jarduteko protokoloak.
– Praktika onen eskuliburua.
– SERAR programa.
– Bertan diharduten figura profesional desberdinen rolak eta egitekoak.
– Profesionalak familiarekiko duen egitekoa eta erantzukizuna.
– Larrialdi-kasuetan jarduteko pautak eta irizpideak.
Etengabeko prestakuntza, aldiz, zerbitzuko premia eta beharrizan ebolutiboetara
egokituko da lehenik eta behin; langileen prestakuntzako beharretara eta, ahal izanez
gero, baita langileen gustu eta lehentasunetara bigarrenik; eta haurrak eta nerabeak
babesteko eta artatzeko lurraldeko zerbitzu espezializatuek harrerako egoitza-
baliabideetarako ezarritako helburuetara azkenik.
Hurrengo eduki hauek hartuko ditu bere barruan:
- Hasierako prestakuntza eguneratzea.
- Langilearen egitekoekin lotutako ezagutza bereziak.
- Talde-laneko eta lanbide arteko koordinazioko gaitasunak eta trebetasunak.
51
9. ANTOLAMENDUA ETA KUDEAKETA
Egoitza-baliabidearen tamainaren eta tipologiaren arabera, antolamendu-mailako
premiak oso diferenteak dira, baina hala ere, zenbait elementu edo osagai komunak
direnez, kasu guztietan agertzen dira.
9.1. Erantzukizuna eta parte-hartzea
Egoitza-baliabide bakoitzaren barruko funtzionamendua eta harremanak antolatzeko,
eta baita erakundeen eta GFAren arteko harremanei dagokienez ere, ezinbestekoa da
erreferentziako figura batzuk ezartzea, instantzia bien artean gauzak argi uzteko eta
bataren nahiz bestearen erantzukizunak zehatz-mehatz definitzeko:
- Erakundearen zuzendaria: berak ordezkatzen du erakundea.
- Egoitza-baliabidearen arduraduna: harrerako pisu edo egoitza-zentro jakin
bateko funtzionamenduaren inguruan erantzukizuna duen heziketako langilea.
- Hezitzailea edo hezitzaile tutorea: heziketa-mailako oinarrizko figura, neska,
mutiko edo nerabe jakin batentzat erreferentzia gisa izendatua izan daitekeena,
eta heziketako programa indibidualaren erantzulea izango dena.
- Heziketako taldea: baliabideko heziketa-mailako profesional guztiak egongo
dira partaidetzako organo horretan ordezkatuak, baita erakundearen
zuzendaria eta/edo arduraduna, eta laguntza teknikoko profesionalak ere,
horrelakorik balego.
Pertsona horien guztien egitekoak Esparru Programa honetako giza baliabideen
atalean zehaztu dira aurretik.
Dena den, edozein egoitza-baliabideren antolamenduan adingabeko pertsonen
partaidetza-maila ahalik eta handiena sustatu beharko da betiere, horien adina eta
gaitasun-irizpideak kontuan hartuz, eta baita adingabekoen familiena ere, Kasu Planak
horretarako aukera ematen duen egoeretan.
9.2. Lanen plangintza
Langileen laneko ordutegiei dagokienez (zuzeneko langileena bezala baita
zerbitzuetako langileena ere), oso kontuan hartu beharko da faktore horrek erabat
baldintzatzen dituela harrerako baliabidearen heziketako ahalmenak eta, beraz, baita
adingabeko pertsonek jasoko duten arretaren kalitatea ere.
Laneko txandak neska, mutil eta nerabeen arreta egokia bermatzeko moduan antolatu
beharko dira, batetik, baina baita pertsona profesionalek bere lana baldintza egoki eta
bidezkoetan betetzeko aukera izateko moduan ere, bestetik. Era berean, eta ahal den
52
neurrian, bertan diharduten profesionalek euren bizitza pertsonala eta familiarra
laneko premia eta beharrizanekin bateratzeko modua ere eskaini beharko luke
antolamendu horrek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko
4/2005 Legeak aurreikusitakoaren bidetik.
Ordutegien plangintzak duen garrantziari begira, hurrengo irizpideak hartu beharko
dira kontuan:
- Eskolako ordutegia dela medio, egoitza-baliabideetako heziketarako denbora
bazkaldu eta afaltzeko orduen artean kontzentratzen da, eta beraz, ordu-tarte
horri dagozkion txandak indartu beharko dira, eta horiei eman beharko zaie
lehentasuna, heziketako unitate bakoitzean bi hezitzaileren presentzia
gutxienez ziurtatua egon dadin une horietan.
- Goizetan, berriz, beharrezkoa izan daiteke hezitzaileren baten presentzia,
izapideren bat edo medikuari bisita egitea, edo antzekoren bat egin behar
duten adingabeko pertsonei laguntzeko. Ordu-tarte hori, gainera, programazio
edo ebaluazioko lana bideratzeko gorde daiteke sarritan. Azken finean,
zuzeneko arretara jarriak dauden langileen presentzia ezinbestekoa den
kopurura mugatuko da denbora-tarte horretan.
- Hezitzailea lanaldi oso luzeetan eta jarraian atseden-eguneko tarte luzeak
txandakatuz aritzera behartzen duten errotazio intentsiboak saihestuko ditu
txanden diseinuak, sistema horren ondorioz adingabeko pertsonekin ezarri ohi
den erlazioa intermitentea edo aldizkakoa izaten baita, tartean hainbat
egunetako absentziak tartekatuz. Txandak neska, mutiko eta nerabeen premia
eta beharrizanen arabera diseinatu behar dira, ahalik eta langileen
jarraitutasun eta egonkortasunik handienean oinarrituz, eta GFAren
oniritziarekin betiere.
- Txanda batetik besterako atseden eta ordezte-denborak, hezitzaileenak eta
baita zuzeneko arretako beste langile batzuenak ere, hogeita hamar
minutukoak izango dira gutxienez, euren arteko harremanean bi profesionalek
(sartzen denak eta irtetera doanak, alegia) gerta daitezkeen gorabehera
posibleen, bukatu gabe geratutako zereginen, eta bestelako puntuen inguruko
informazioa trukatzeko adina denbora izan dezaten.
- Aste bakoitzean bilerak egiteko denbora ere ezarri beharko da heziketa-taldea
osatzen dutenentzat laneko ordutegiaren barruan: ordubete edo bi ordukoa
izango da, kasu guztien jarraipena egiteko, eta koordinazio eta eraginkortasunik
handiena lortzeko beharrezkoa den beste edozein gai tratatzeko.
- Gaueko txandan lan egiten duten profesionalek ezinbestean esleituko zaizkien
arreta eta administrazioko lanak betetzen emango dute beren lanaldia.
9.3. Egoitza-zentroen egituraketa
Adingabeko pertsonen kopuru handia hartzen duten egoitza-baliabideetan, berriz,
bizikidetzako unitatea izeneko egiturak osatzen du heziketako jardueraren
antolamendua.
53
Unitate horiek egituratzeko irizpideak ondorengoak izango dira:
- Unitate bakoitzak bere bizikidetzako eremu propioa izango du, edozein pisu
edo etxebizitzak duen antzeko banaketarekin (gelak, bainugelak, egongela, eta
ahal izanez gero baita sukaldea ere).
- Talde horiek sexu bietako adingabeko pertsonak bildu behar dituzte, kasu
zehatz eta jakin batzuetako arazoek horrelakorik ez egitea aholkatzen dutenean
izan ezik. Anai-arrebek elkarrekin egon beharko lukete, irizpide orokor moduan,
batera egote hori senideetakoren baten interesen kontra gertatzen ez bada
noski.
- Unitate bakoitzak bere hezitzaile arduradunak eta espezifikoak izango ditu,
neskek, mutikoek eta nerabeek erreferentziako figura jakin batzuk edukitzea
lortzeko kasu guztietan. Unitate horretan, neska, mutiko edo nerabe bakoitzak
bere hezitzaile edo hezitzaile tutore propioa izango du.
- Nerabeentzako bizikidetzako unitate bereziak edo espezifikoak antolatu
beharko dira, hamabost urtetik aurrera batez ere; unitate horiekin nerabeak
gerora independente izateko modua bilatzen da, bertan bizimodu
autonomoagoa egin eta independentziarako prestakuntza espezifikoa jasotzeko
modua izan dezaten. Horri esker, jarraian emantzipazioko pisu batera
pasatzekotan, nerabeak beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak eskuratuak
izango ditu jadanik.
9.4. Heziketa-lanaren oinarrizko metodologia
Neska, mutiko edo nerabe bakoitzarekin egin beharreko lan pertsonala, Heziketa
Programa Indibidualean (PEI izenekoan) biltzen den esku hartzeko sekuentzia batean
oinarritzen da. Jarraian sekuentzia horren fase nagusiak azaltzen dira:
- Hasierako ebaluazioa: Neska, mutiko eta/edo nerabe bakoitzari azterketa bat
egingo zaio aldez aurretik, eta azterketa horrek esango du ea egoitza-
baliabidean ingresatzea den neurririk egokiena eta bere interesentzat mesede
gehien ekarriko diona. Azterketa horren ondorioz, ebaluazio-sail bat egingo dira
adingabekoaren inguruan, pertsona horren premia zehatzak ezagutzeko
oinarrizko abiapuntu bihurtuko direnak. Edozein kasutan, eta behin harrera
egin ondoren, adingabekoaren beharrizanen ebaluazioa osatu beharko da, eta
ebaluazio fisikoa eta psikologikoa egingo zaizkio batez ere. Ingresua, bestalde,
hartutako neurriaren helburuak eta iraupena ezarriko dituen Kasu Planarekin
batera joango da, adingabekoa aurreikusitako programa batera atxikiz.
Hasierako ebaluazioa osatzeko, heziketa-taldeak neska, mutiko eta/edo
nerabearen egoeraren ebaluazioa egingo du, egonaldiaren lehenengo bi
hilabeteetan (behaketa-aldia), eguneroko harremanaren testuinguruan
elkarrizketa edo behaketaren moduko tresnak erabiliz horretarako. Eta puntu
honetara iritsita, adingabeko pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako
HPI bat egiteko moduan egongo dira hezitzaileak.
54
- Programazioa: adingabeko pertsona bakoitzak bere hezitzaileak edo hezitzaile
tutoreak, egoitza-baliabideko gainerako profesionalen lankidetzarekin eta
neska, mutiko eta nerabeen adina eta garapen-maila kontuan hartuz,
adingabekoen parte-hartzearekin, talde-lanean landutako HPI propioa eduki
beharko du. Lortu beharreko lehentasunezko helburuak, garatu beharreko
estrategiak, erabili beharreko bitartekoak eta baliabideak, eta baita emaitzak
baloratzeko modua ere zehaztuko dira programa horretan. Beraz, kasu
bakoitzaren egoeran gertatuko diren aldaketetara egokituz eta moldatuz
joateko adina malgutasun eduki beharko du programa horrek. Aldian behin
berrikusi eta eguneratuko da programa, eta gainerako dokumentazioarekin
batera artxibatu eta gordeko da.
- Esku-hartzea: bertan diharduten pertsona profesionalek eguneroko
bizikidetzan oinarrituz eta komunitateko baliabideak erabiliz garatzen dute
normalean esku-hartzea. Zuzeneko arretara jarritako langilea bere estrategiak
aurrera eramateko heziketa-eremuak bilatzen saiatu eta ahaleginduko da kasu
bakoitzean. Arreta berezia jarri beharko du neska, mutiko edo nerabe
bakoitzarekin harreman indibidual egokia lortu ahal izateko, baina zenbait
ikaskuntza eskuratzeko taldeko jarduerak osagarri ezin hobea izan daitezkeela
ahaztu gabe inondik inora. Harremanerako espazio edo eremu horiek modu
indibidualizatuan bilatzea izan ohi da profesionalen zailtasunik handienetako
bat, baina baita lortu beharreko helburu nagusietakoa ere aldi berean. Oso
garrantzitsua da adingabekoarekin jarduera jakin bat partekatzea, eskolako
lanetan laguntzea, garraioko joan-etorriak, medikuari egindako bisitak, eta
antzeko egoerak aprobetxatzea lan horretarako. Zuzeneko esku-hartzeari
dagokionez, laguntzako teknika espezifikoetan behar adina prestatuak egon
beharko dute profesionalek, bai heziketako giro beroa sortzeko batetik eta ager
daitezkeen egoera zailak eta gatazkak konpondu ahal izateko ere, bestetik.
Egoitza-baliabide espezifiko batzuetan, edo neska, mutiko eta nerabe jakin
batzuekin beharrezkoa izango da helburu prebentiboa, terapeutikoa edo are
errehabilitaziokoa duten esku-hartzeak programatzea, kasu bakoitzaren premia
errealak estali ahal izateko.
- Balorazioa: Hasieran ebaluazio bat egiten denez, eta jarraian esku hartzeko
prozesu bat martxan jartzen denez, amaieran ezinbestekoa izango da lortutako
helburuen balorazioa egitea. Hilero ebaluazio bat egitea gomendatzen da,
ebaluatu nahi dugun adingabeko pertsonak bere eguneroko bizi-giroan
baliatzen dituen ebaluazio eta erregistroko tresna eta bitartekoetatik abiatuz.
Helburu horri begira, kasuak funtsezko zenbait alderditan zer-nolako eboluzioa
daraman erregistratzeko modua emango dion ebaluazio-sistema bat eduki
beharko du hezitzaileek. Sistema horrek legez ezarritako jarraipen-txostenak
egiteko modua emango du, adingabeko pertsona bakoitzari dagozkion
gorabehera nagusiak, eta baita proposatutako helburuetan egindako
aurrerapausoak ere, laburbiltzeko modua egongo baita txosten horietan.
Ebaluazioa adingabekoaren hezitzaileak edo hezitzaile tutoreak egingo du,
55
baina heziketa-taldeko gainerako kideen lana ere baliatuz. Prozesua pisuaren
arduradunak gainbegiratuko du une oro, eta ahal dela neskak, mutikoak edo
nerabeak eta baita familiak ere hartuko dute parte.
Oinarrizko metodologia horren garapena errazteko Egoitza Harrerako Erregistro eta
Ebaluazioko Sistema (SERAR) erabiliko da, izan ere sistema hori aplikatu beharko baita
nahitaez GFAren sare osoan.
9.5. Kudeaketa, plangintza eta ebaluaziorako euskarri dokumentalak
Jarduera eta esku-hartze desberdinen plangintzan eta programazioan oinarrituz beteko
dute beren lana egoitza-baliabideek, bertan erabiltzen den programa-motaren eta
bertan artatzen diren pertsona adingabekoen arabera. Plangintza hori hurrengo
euskarri dokumental hauetan oinarritzen da:
- Zentroko heziketa-proiektua. Egoitza Harrerako Esparru Programan oinarritua
dagoen dokumentu honek definitzen eta deskribatzen du egoitza bakoitzaren
identitatea eta nortasuna, bere helburuak eta zereginak zehaztuz, eta baita
bertan artatutako biztanleria, plazak, lanaren eta heziketaren antolamendua,
eta pisu edo egoitza bakoitzeko kudeaketako eta laneko eredua identifikatzeko
modua eman dezaketen gainerako alderdi guztiak ere.
- Barne-araudia. Dokumentu honen helburua funtzionamenduko zenbait alderdi
eta batez ere bizikidetzaren erregulazioarekin lotutako arau jakin batzuk
zehaztea da, horiek guztiak ezagutzea eta behar bezala betetzea oso
garrantzitsua baita bai zentroko langileentzat eta baita adingabekoentzat ere.
- Kudeaketako sei hileko plana. Plan horiek seihileko bakoitzeko egoeraren
analisia jasotzen dute, epe laburreko helburuak eta esku hartzeko lehentasunak
ezarriz egoitza-baliabidea hobetzeko asmoarekin betiere, bai adingabekoekin
izandako lorpenei dagokienez eta baita laneko metodologian eta
antolamenduan egindako aurrerapausoei dagokienez ere. Arestian aipatutako
analisiaren ondorioa izaki, hobekuntzako ekintzak sustatu behar ditu, eta
jardueren programa, aurrekontua eta hori guztia aurrera eramateko ardura
duten pertsonak zehaztuko dira bertan.
- Urteko memoria. Urteko memoriak erakunde bakoitzaren kudeaketaren berri
ematen du, eta urtean zehar egindako jarduera nagusiak eta lortutako
estaldura-mailako nahiz ahaleginen mailako adierazle garrantzitsuenak azaldu
beharko lukete memoria horretan.
- Urteko mantentze-plana. Egoitza-baliabide bakoitzak kokatua dagoen eremuan
dauden etxebizitza-premiei aurre egiteko planifikatutako ekintzen multzoa
hartzen du plan horrek, alderdi materialei (egitura fisikoa, ekipamendua,
56
altzariak, dekorazioa, etab.ei) dagokienez. Aurrekontu ekonomikoa ere sartuko
da plan horretan.
- Kanpo-gainbegiraketako urteko plana. Erakundeaz kanpoko profesional baten
aldetik zentroko profesionalen taldeari eskainitako akonpainamendu edo
laguntzako eta prestakuntzako jardueren urteko aurreikuspena hartzen du
dokumentu horrek, baliabideko funtzionamendu-irizpideetan eta pertsona
erabiltzaileei eskainitako arretan koherentzia teknikoa lortzeko helburuarekin.
- Profesionalen zerrenda: Egoitza-baliabide bakoitzeko profesionalen hileroko
zerrenda, eta bertan izen-deiturak, kategoria profesionala, enpresan alta eta
baja emandako datak eta aldi baterako laneko ezgaitasunak zehaztuko dira.
- Erakundeetatik egindako bisiten txostena: Fiskaltzako, Arartekoaren bulegoko,
Osasun Ikuskaritzako edo beste erakunderen bateko profesionalek aldizka edo
noizean behin egiten dituzten bisiten laburpen bat jasotzen da txosten
horretan.
Dokumentu horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako
Departamentura bidali beharko dira, Egoitza Harrerako atalak ezarritako
aldizkakotasun, formatu eta edukiarekin, atal horrexek baitu, hain zuzen ere, horiek
onartzeko edo onartuak izateko egin beharreko aldaketak eskatzeko ardura edo
erantzukizuna.
Egoitzako harrera arautu eta eraentzen duen 131/2008 Dekretuak egoitza-
baliabidearen funtzionamenduko datu orokorrei buruzko informazioko erregistro-sail
bat ezartzen du, gainera. Erregistro horiek guztiak txukun antolatuak egon behar dute,
eguneratuak, segurtasuneko baldintzak bete beharko dituzte eta egoitza-
baliabideetako jarduera kontrolatzeko eta gainbegiratzeko eskumenak dituen edozein
erakunderen (GFA, Epailetza, Fiskaltza, Arartekoa, etab.en) eskura egon beharko dute.
Ondorengoak dira erregistro horiek:
a) Pertsona erabiltzaileen erregistroa
b) Pertsona profesionalen erregistroa
c) Eguneroko funtzionamenduko erregistroa
d) Gorabeheren erregistroa
e) Kexen erregistroa
f) Iradokizunen erregistroa
g) Ezarritako neurrien erregistroa
h) Heziketako neurri zuzentzaileen aplikazioko erregistroa, portaera oso larriak
gertatzen diren kasuetan
i) Bisiten erregistroa
j) Medikamentuak emateko erregistroa
k) Diruaren eta baliozko gauzen gordailuen erregistroa
l) Menuen erregistroa
m) Erregistro pertsonalen eta gauza pertsonalen jardueren erregistroa
57
n) Adingabekoen epaitegian irekitako espedienteen erregistroa, eta alor horretan
ezarritako neurriak
o) Administrazio-eremuko zehapen-espedienteen erregistroa
p) Baimenik gabeko absentzien erregistroa
9.6. Euskarri dokumentalak, kasuetan esku hartzeko
Kasu batean egin beharreko esku-hartzearen plangintza, garapen eta ebaluaziorako
ezinbestekoak diren dokumentu guztiak landu eta gordeko direla ziurtatu beharko da.
Dokumentazio horren prestaketa premiazko lana izateaz gain, aukera egokia da
eguneroko praktikatik zertxobait urruntzeko, eta horrek kasu bakoitzaren martxari
buruzko gogoeta egiteko modua ematen du. Ondorengoak dira kontuan hartu
beharreko alderdiak:
Espediente Indibiduala: Neska, mutiko edo nerabe bakoitzari eskainiko zaion
arreta planifikatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia gordeko da,
adingabekoaren historiarekin batera. Espediente indibidual horretan hurrengo
dokumentu hauek sartuko dira, gutxienez:
– Babes-neurriak arrazoitzen dituen txostena eta Kasu Plana.
– Neska, mutiko edo nerabearen dokumentu pertsonalak: legalak, familiarrak,
sanitarioak eta eskola-mailakoak.
– Adingabeko pertsonak eta/edo bere familiak parte hartu duten edo une
horretan parte hartzen ari diren programei buruzko txostenak (esku-hartze
familiarra, laguntza psikoterapeutikoa, txosten psikiatrikoak, etab.).
– Egoitza Harrerako Ebaluazio eta Erregistroko Sistema (SERAR): Adingabekoak
Egoitza Harrerako egonaldian izandako txosten guztiak, jarraipenekoak,
irteerakoak, HPIak eta erregistro metatuak, eta baita Bizitza Liburua ere,
horrelakorik balego. – GFAra bideratutako proposamen-txosten guztiak: gorabeherak, arau-urratze
edo portaera larri nahiz oso larrien ondorioz sortutako heziketako
espedienteak, etab. – Garrantzitsutzat jotzen den beste edozein txosten.
Dokumentazioa antolatzea: Dokumentazio hori antolatu eta kudeatzeko sistema bat
ezarriko da, bertara sartzeko baldintzak arautzen diren bitartean, profesional guztiek
ezagutuko dituzten antolamendu-mailako irizpideekin. Horrez gain irizpideak argi eta
garbi markatuko dira; zer-nolako informazioa erregistratu behar den, noiz, nola, non
eta nork egin behar duen jakin ahal izateko. Hezitzaile tutorea arduratuko da
dokumentazio-sistema egunera mantentzeaz.
Datuen babesa eta konfidentzialtasuna: Informazio konfidentziala gordetzen duten
artxiboak itxita egongo dira. Eta informazio hori euskarri informatikoan gordetzen
denean, baimenik gabekoei bertara sartzea eragotziko dieten mekanismo egokiak
58
ezarriko dira. Argi eta garbi adieraziko da zein pertsonek duten sarbidea informazio
horretara, zein artxibotara, zein xede eta helbururekin eta zein baldintzatan espresuki
adieraziz: egoitza-baliabideko langileak, Haurrak Babesteko Zerbitzuko langileak,
kanpoko profesionalak, familia eta neska, mutikoa edo nerabea (baldin eta horientzat
interesgarria gertatzen bada). Prozedura horiek indarrean dagoen legedira egokituko
dira beti. Dena den, konfidentzialtasuna mantentzeko obligazio hori adingabeko
pertsonaren interesaren mendean egongo da, eta horren barruan sartzen da heziketa-
taldeko edozein profesionalek bere lanbidea betetzen ari den bitartean artatutako
adingabekoei eta horien familiei buruz ezagutu duen eta zabal dezakeen idatzizko
nahiz ahozko informazio oro.
Neskak, mutikoak edo nerabeak egoitza-baliabidean edukitako egonaldian zehar,
onartua izan den unetik irteera iritsi arte alegia, behaketa eta ebaluazioko lana egin
beharko da, bestela esanda adingabekoaren egoera eta eboluzioa ezagutzeko
informazio esanguratsua jaso eta baloratzeko prozesu sistematiko bat jarri beharko da
martxan, esku-hartzea bere premia eta beharrizanetara egokitzeko. Ebaluazioa
egitearekin batera, beharrezkoa eta bidezkoa da berorren emaitzak neska, mutiko edo
nerabeari eta egokia bada, baita familiari ere itzultzea.
SERAR (Egoitza Harrerako Ebaluazio eta Erregistroko Sistema): hau izango da kasu
bakoitzeko erregistro eta programazioko tresna. Aurreneko behaketa eta ebaluazioko
egitekoak, helburuen programa zehatz eta xehatua, kasuan egindako aurrerapausoen
etengabeko balorazioa eta jarraipeneko txostenen eredua integratzen dira sistema
horretan. Jarraipeneko txosten hori izango da kasua berrikusteko oinarria.
Proposamen-txostenak: Edozein arrazoi dela medio, kasuari dagokion jarraipeneko
txostenean sartu gabeko proposamenen bat geratu denean, eta heziketa-taldearen
iritziz horren aurkezpena eta azterketa hurrengo aldizkako txostena aurkeztu arte
atzeratzea kaltegarria izan daitekeenean, proposamen-txostenak aurkeztuko dira.
9.7. Kudeaketa ekonomikoa
Kudeaketa ekonomikoko mekanismoak egoitza-baliabideen berezitasunetara egokitu
beharko dira, eta horrela, adingabeko pertsona bakar bat ere ez da geratuko
baliabideren batera sartzeko aukerarik gabe, edo bere premia edo beharrizanen bat
estali gabe, aurrekontu-faltagatik. Egoitza-baliabideek mekanismo bizkor eta malguak
eduki behar dituzte, aldizkako gastuei edo baita premiazko gastuei ere aurre egin ahal
izateko.
Gastuen aldetik, bestalde, adingabeko pertsonek ez lukete ohizkoak ez diren erosteko
prozeduren mendean egon behar (ez litzaieke faktura formalik eskatu beharko gastu
oso txikiak justifikatzeko, adibidez). Normalizazioa da, beste ezeren aurretik, kontu
hauetan jarraitu beharreko printzipio nagusia.
59
10.- EGOITZA-HARRERAKO ESKU-HARTZEAREN
PROZESUA
Atal honetan esku hartzeko prozesuaren faseak ezarriko dira, horietako bakoitzean
aurrera eraman beharreko jarduera nagusiak zehaztuz.
10.1. Egoitza-harrerako ingresua
Egoitza-harrerako neurria, ebaluazio zabal eta ulerkorraren ostean eta esku-hartzearen
planifikazioa egin ondoren hartuko da, baldin eta neska, mutiko edo nerabearen eta
baita horren familiaren premia eta beharrizanei erantzuteko baliabiderik egokiena dela
erabakitzen bada.
Egoitza-harreran sartzeko pausoak hurrengoak izango lirateke:
a) Kasu Plana lantzea eta Programa eta Baliabideak esleitzea.
Egoitza Harrerako batzorde teknikoak, Babeseko beste bi ataletatik (Haurren
Babeseko Sarrerako ataletik eta Familia Harrerako eta Adopzioko ataletik)
etorritako informazioa irakurri eta aztertu ondoren, Kasu Plana landu eta
prestatuko du, bertan hainbat puntu adieraziz: neska, mutiko edo nerabea zein
Programatan sartuko den, baita ingresua harrerako zein pisu eta egoitzatan egingo
den, kasuaren orientazio orokorra zer-nolakoa izango den eta zenbateko
baliabideak izango dituen, eta bisiten erregimena baimenduz. Horretarako zenbait
alderdi eduki beharko dira kontuan, esaterako:
– Kasuaren xede edo helburu orokorra.
– Adingabeko pertsonaren ezaugarriak (adina, sexua).
– Ea babes-neurrien premian dauden anai-arrebarik badagoen, eta horiek guztiak
elkarrekin mantentzea egokia den ala ez.
– Kasuaren premia espezifikoak, bai adingabeko pertsonarenak eta baita horren
familiarenak ere, eta familiarekiko eta/edo jatorrizko lurraldearekiko
hurbiltasuna mantentzearen edo ez mantentzearen komenigarritasuna.
– Bisiten erregimena.
– Baimentzen diren baliabideak (esku-hartze psikologikoa, esku-hartze familiarra,
etab.).
– Epeak eta tenporalitatea.
– Harrerako egoitza-baliabideak une horretan duen egoera (artatutako kasuen
kopurua, kasuen ezaugarriak eta premiak, zentroaren egonkortasuna, etab.).
Eta alderdi horien guztien arabera, zehaztu eta erabakiko da kasuaren
orientazioa:
60
– Adingabekoa banantzea, itzultzeko aurreikuspenarekin (familia berriz
elkartzea).
– Behin betiko banatzea, integrazio egonkorra eskainiz ordezko familia batean
(familia-harrera sinplea, iraunkorra nahiz adopzio-aurrekoa) edo babeseko
beste baliabideren batean, desgaitasun edo mendekotasuneko egoeretan.
– Independentziarako prestatzea.
– Tratamendu espezializatua eta errehabilitazioa.
Era berean, eta jasotako informazioaren arabera, programa eta egoitza-harrerako
baliabide egokiak esleituko zaizkio adingabekoari, esparru-programa honen 4. atalean
adierazitakoari jarraituz.
b) Sareko bilera egitea.
Sareko bilera funtsezko tresna da, haurrak babesteko sistema osatzen duten atal eta
zerbitzu desberdinen bitartez aurrera eraman nahi den esku-hartzearen jarraitutasuna
eta koherentzia bermatu ahal izateko. Bilera horren helburuak ondorengoak dira:
- Ordura arte parte hartu duten pertsona profesional guztien artean kasuaren
uneko egoeraren inguruko informazioa partekatzea, eta baita Kasu Plan berriari
buruzko informazioa eta plan hori aurrera eramateko kontuan hartu beharreko
orientazioei buruzkoa ere.
- Adingabekoaren ingresua egiteko, edo baliabidez aldatzeko data eta jarduera
zehatzak erabaki eta adostea.
Sareko bilera-motak izan daitezke ingresu edo sarrerakoa, baliabide-egoitzaz
aldatzekoa, Familia Harrerara bideratzekoa, Familia Harrerara atxikitzekoa edo baita
irteerakoa ere.
Deialdiaren prozesua horrela egingo da:
- Kasua bere gain hartzen duen teknikariak hurrengo profesionalak deituko ditu
bilerara: kasua eraman duen erreferentziako teknikaria eta Kasu Plan berrian
parte hartzen duten baliabideetako teknikariak eta ordezkariak. Kasua Familia
Harrerara bideratua izan bada, Familia Harrera eta Adopzioko Ataleko (SAFAko)
erreferentziako teknikaria ere deituko du.
- Ordura arte kasua eraman duen teknikariak bilera-deialdiaren berri emango die
une horretara arte esku hartu duten baliabide eta programetako profesional
esanguratsu guztiei.
- Sareko bilerak asteazkenetan egingo dira, eta beraz Egoitza Harrerako baliabide
guztiek bilera horietara joateko erabateko aukera eta baimena izango dute,
alde batera utzita bilerara zer-nolako epearekin deituak izan diren
Bileran parte hartuko dute:
61
- Orientazioa egin eta prestatuko duen atalak: kasuaren erreferentzia izan diren
teknikariak, batetik, eta baita esku hartu duen baliabide bakoitzaren ordezkari
gisa arituko den pertsona ere, bestetik.
- Harreraz arduratuko den atalak: behin aldaketa egin ondoren kasuaren
erreferentzia izango diren teknikariak, batetik, eta baita esku hartuko duen
baliabide bakoitzaren ordezkari gisa arituko den pertsona ere, bestetik.
- Familia Harrera eta Adopzioko atalak: Kasu Plana Familia Harrerara bideratzen
bada, adingabekoaren zaintza hasiera batean Egoitza harreraren bidez
gauzatuko bada ere, Familia Harrera eta Adopzioko atalari (SAFAri) ere luzatuko
zaio deialdia.
- Haurren Babeseko Sarrerako atalak(SAPI):
- GFAko erreferentziako teknikariak (SAPIk egoki irizten dienean).
- EZIAko erreferentziako teknikariak.
- Kasuan esku hartu duten baliabideetako (larrialdiko harrera-zentroak,
CAU, Osatu, Gizalan edo Izan erakundeetako) profesionalak eta neska,
mutiko eta nerabeen eta/edo horien familien terapeutak.
- Familia berriro elkartzen denean, Kasu Plan berrian aktibatu diren
baliabideetako (HPI, Elkargoak, osasun mentaleko zentroak, esku-hartze
familiarreko programak, etab.eko) profesionalak.
- Familiaren jatorriko Udaletxeko Gizarte Langileak bertan parte
hartzearen komenientzia, kasu bakoitzean baloratuko da.
- Familia Harrera eta Adopzioko atalak (SAFA):
- GFAko erreferentziako teknikariak (SAFAk egoki irizten dienean).
- Kasua Familia Harrerara bideratzekoa denean, LAUKAko erreferentziako
teknikaria, familiak hautatu eta prestatzeko programaren barruan.
- Atxikitze bidean dagoen kasua denean, LAUKAko erreferentziako
teknikaria(k), kasuaren ardura eta koordinazioa daraman Laguntza
Teknikoko programaren barruan.
- Familia harrera profesionalizatuko kasua denean, ARCEko eta LAUKAko
erreferentziako teknikaria(k), kasuaren koordinazioa daraman Laguntza
Teknikoko programaren barruan.
- Profesionales de los recursos que han intervenido en el caso: Gizalan,
Izan, Avanvida, Gure Amets…
- Kasu Plan berrian aktibatu diren baliabideetako (HPI, Elkargoak, osasun
mentaleko zentroak, esku-hartze familiarreko programak, etab.eko)
profesionalak.
- Familiaren jatorriko Udaletxeko Gizarte Langileak bertan parte
hartzearen komenientzia, kasu bakoitzean baloratuko da.
- Egoitza Harrerako atalak (SAR):
- Jarraipeneko teknikaria.
- SATeko teknikaria.
- Egoitza-baliabideko arduraduna eta erreferentziako hezitzailea.
62
- Kasuan esku hartu duten baliabideetako (Gizalan, Izan, Avanvida, Gure
Amets, etab.eko) profesionalak.
- Kasu Plan berrian aktibatu diren baliabideetako profesionalak (HPI,
psikoterapeuta, Elkargoak, osasun mentaleko zentroak, esku-hartze
familiarreko programak, etab.).
- Bileraren edukia zer-nolakoa den kontu, familiaren jatorriko Udaletxeko
Gizarte Langileak bertan parte hartzearen komenientzia, kasu
bakoitzean baloratuko da.
Bilera behar bezala egiteko, ezinbestekoa da kasuari harrera egin behar dioten
profesional guztiek deialdiarekin batera jaso dituzten txostenak aldez aurretik lantzea,
era horretan bilerara joango diren pertsona guztiek kasua ondo ezagutuko baitute, eta
ezagutza hori bilerarako abiapuntu egokia izango da.
Kasua bere gain hartzen duen teknikariak zuzendu behar du sareko bilera,
hasierako aurkezpenak eginez eta hitza dagokion profesionalari emanez kasu
bakoitzean. Bera izango da bileran jorratu beharreko informazio-mota
kontrolatzeaz arduratuko dena, eta baita gai bakoitzari zenbat denbora
eskainiko zaion erabakiko duena ere. Garrantzi handikoa da teknikari horrek
argi edukitzea zeintzuk diren bileraren helburuak, batetik, eta baita bileran zein
alderdiri buruzko informazioa jaso edo zein alderdi zehaztu behar diren ondo
identifikatuak edukitzea ere, bestetik.
Sareko bilera ez da erabakiak hartzeko foro bat: Kasu Plana aldez aurretik
hitzartu baita zegokion batzorde teknikoan. Une horretan eskura dagoen
informazio garrantzitsua laburbiltzeko, Kasu Plana azaldu eta esplikatzeko, eta
data eta jarduketa zehatzak hitzartzeko berariaz prestatutako ekitaldia da
sareko bilera.
Sareko bilerak gehienez ere ordubeteko iraupena izatea gomendatzen
da, era honetan banatuta:
- 20 minutu uneko egoeraz aritzeko
- 20 minutu Kasu Plana azaltzeko
- 20 minutu data eta jarduketa zehatzak hitzartzeko
Oharrak
Salbuespen gisa, informazio garrantzitsu berria sortuko balitz, ordura arte kasua
aurrera eraman duen teknikariak aurkeztuko du, dagokion proposamenarekin
batera, bere ataleko Batzordean. Bestela esanda, informazio berriak ez dira
sareko bileretan planteatzen, kasu bakoitzari dagokion batzordean baizik.
Salbuespen gisa, Jarraipeneko teknikariak beste mota bateko sareko bilerak
egiteko premia planteatzeko aukera izango du, izanik bilera horien helburu
bakarra kasu berean inplikatuak dauden heziketako talde edo esku hartzeko
baliabide desberdinen artean parte hartzeko irizpideak bateratzea eta
koordinazioa hobetzea. Kasu horretan, bilera deitzen duen teknikariak gidatu
63
beharko du sareko bilera, eta berak ezarriko ditu profesional desberdinen esku
hartzeko irizpideak bateratzeko oinarriak.
Adingabekoaren zaintza zein modutan (zaintzaren modalitatea, programa,
baliabidea, bisiten erregimena, neurriaren iraupenaren aurreikuspena, etab.)
egingo den ezartzen duen Kasu Plana, kasua hartzen duen zerbitzu-atalak
landuko du beti (alegia, SAR edo SAFA zerbitzuak). Zerbitzu horixe izango da
zaintzaz arduratuko den atala eta, horregatik, baita informazio hori familiei
helaraziko diena ere. Horrela, eta kasua bideratzen duen atalak landutako
txosten eta Kasu Planetan ere zaintza egikaritzeko moduari buruzko
orientazioak jasotzen diren arren, atal horretako profesionalek familiei ezin
diete ziurtatu —eta ez liekete ziurtatu beharko— kasua hartuko duen atalak
orientazio horiek bere gain hartu eta onartuko dituenik.
c) Harrerako prozesua
Egoitza-baliabidean sartzeko unea, ingresua alegia, da egoitza-harrerako prozesuaren
unerik garrantzitsuenetako bat, eta horrekin batera baita esperientziarik
zirraragarrienetakoa ere abegian hartutako neska, mutiko eta nerabeentzako.
Hausturako unea izaten da, sarritan familia-girotik urruntzea eta/edo lotura afektiboak
galtzea dakarrena, identitate edo nortasunaren eta erreferentziako ingurunearen
ezaugarriak galtzen dira, eta horrez gain deserrotzea, beldurra, banatzeko neurria
eragin duen egoera ukatzeko eta/edo norbere burua erruduntzat jotzeko joerarekin.
Prozesu honen helburu orokorrak hauek dira:
– Neska, mutiko edo nerabeari eta horren familiari ordutik aurrera abegian
hartuko duen leku fisikoa, eta aurrerantzean bere gela propioa izango dena
erakustea.
– Hurbilketa graduala, pixkanakakoa, izan dadin saiatzea, une horrek berekin
daramatzan beldurrak eta segurtasunik ezak gutxituz era horretan.
– Adingabekoari egoitza-baliabidearen funtzionamendu orokorra azaltzea.
– Lehen une horietan bai familiari eta baita neska-mutikoari edo nerabeari sor
dakizkiokeen zalantzei erantzutea.
Harrerako prozesua neska, mutiko edo nerabe bakoitzarentzat, eta baita horren
familiarentzat ere, modurik egokienean ari dela gertatzen bermatu beharko dute
egoitza-harrerako baliabideek, eta edozein kasutan hurrengo irizpideei jarraituz
betiere:
- Giro egokia lortzen saiatu behar da, neskari, mutikoari edo nerabeari
familia-girotik aldentzeak eta testuinguru berrira egokitzeak ekarri ohi
dituen sentimendu eta emozioei aurre egiteko segurtasuna eta
laguntza eskainiko dien giroa, hain zuzen ere.
- Lasaitasun-une bat bilatu beharko da, baldintzarik onenak gertatzen
diren momentuan, adingabeko pertsona horrek hezitzaileen aldetik
64
eta antzeko beste profesionalen aldetik atentziorik eta arretarik onena
jaso dezan.
- Gainerako adingabeko egoiliarrak prestatu egingo dira, ingresua ahalik
eta lasaiena eta ulerkorrena izan dadin.
- Harrerako unean funtsezkoa da hezitzailearen edo hezitzaile
tutorearen abegirako joera edo jarrera berezia, profesional horrek
egingo baitio adingabekoari egoitza-baliabidean egokitzeko modua
erraztuko dion laguntza edo akonpainamendua. Lekua eta bertako
usadioak erakusteaz gain, egoitzako gainerako kideak eta hezitzaileak
aurkeztuko dizkio, eta segurtasuna eta konfiantza transmititzen
saiatuko da, beste ezeren aurretik.
- Egoitzan egindako lehen egunetan, bertako funtzionamendu
orokorraren berri (arauak, eskubideak, betebeharrak, kexa eta
iradokizunen protokoloa) emateko unerik egokiena zein izan ote
daitekeen baloratuko da.
- Erraztasunak emango zaizkio adingabekoari, neskak, mutikoak edo
nerabeak espazio fisiko hori bereganatu eta bere-berea balitz bezala
bizi dezan, eremu hori pertsonalizatzeko modua eskainiz (dekorazioa,
banaketa, kolorea hautatzeko eta pintatzeko prozesuan parte
hartzeko aukera).
Sarrera edo ingresuaren prestaketa
Adingabeko pertsonari eta bere familiari jakinaraztea
Kasua Egoitza Harrerako atalera bideratzen duen atalak edo baliabideak jakinaraziko
dio adingabeko pertsonari eta baita horren familiari ere hartu eta erabakitako neurria,
hala nola baita bisitak egiteko eta sarrera edo ingresurako hitzartutako datak ere. Une
hau funtsezkotzat jotzen da esku-hartzearen barruan, adingabekoaren parte-hartzea
eta inplikazioa eskatzen baitu, bakoitzak ahal duen neurrian. Adingabeko pertsonak
bere bizitzaren inguruko erabakietan iritzia emateko aukera izango duela bermatu
beharko da, eta horrekin batera laguntza eskaintzen diogula hartzen diren erabakiak
ulertu eta onartzeko bezala, baita erabaki horiek sor diezaioketen ezinegona baretzeko
ere.
Egoitzako Harreran adingabeko pertsonarentzat eta horren familiarentzat
erreferentzia izango den SATeko teknikaria familiarekin bilduko da, xede hauek
lortzeko:
- Egoitzako Harreran egingo den esku-hartzea, bestela esanda Kasu
Planaren edukia, zertan den azaltzeko.
- Diputazioan bere erreferentziako profesional gisa aurkezteko, eta
berarekin telefono bidezko harremana nola egin azaltzeko.
- Berandu baino lehen, posta ziurtatuaren bidez, Egoitzako Harreran
65
egin beharreko ingresua eta baita horren baldintzak ere ezartzen
dituen Foru Agindua bere etxean jasoko duela jakinarazteko.
Harrera edo abegiaren prestaketa
Egoitza Harrerako baliabidean diharduten profesionalek neska-mutikoaren edo
nerabearen harrera eta abegiko prozesua errazteko neurri egokiak hartu beharko
dituzte. Eta horretarako:
a) Gainerako egoiliarrak kide berriaren etorrerarako prestatuko dituzte; b) Neskak, mutikoak edo nerabeak, sarrera edo ingresuaren unean behar
bezalako laguntza eduki dezan saiatuko dira;
c) Nahi dituen objektu pertsonalak berekin ekartzen utziko diote;
d) Adingabekoaren iraganari egingo diote erreferentzia, identitate-galeraren
sentimendua saihesteko;
e) Etorkizunari ere egingo diote aipamena, adingabekoak harrera-egoitzako
baliabidean izango duen egonaldia aldi baterako soilik izango dela gogoratuz;
f) Egokitzapeneko aldi bat aurreikusiko dute, eta bertan egoera ulertzen eta
horrek sortzen dizkion sentimenduak eta gatazkak adierazten lagunduko diote
adingabekoari.
Ingresuaren edo trasladoaren aurreko bisitak
Adingabeko pertsonak ingresuaren aurretik ezagutuko du baliabidea, eta beretzat
erreferentziakoak diren pertsonen eta senideren baten edo pertsona esanguratsu
baten laguntza izango du beti bertara egindako bisitetan, legezko egoerak horretarako
aukerarik ematen badu eta bere intereserako kaltegarritzat jotzen ez bada. Gutxienez
bi bisita egingo dira egoitza-baliabidera.
Bisita horien helburuak:
- Zentroa ezagutzea, non kokatua dagoen, bertako heziketa-taldea,
pertsona arduraduna eta baita bere erreferentziako hezitzailea ere.
- Baliabideko eta gelako bere kideak ezagutzea.
- Egoitza-baliabideko oinarrizko araudia, bizikidetzako funtsezko
ereduak eta pautak, eta bere eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.
- Adingabeko pertsonak eta horren familiak familia-gunetik banantzeko
arrazoien eta helburuen inguruan behar duten informazio guztia
jasotzea, baita bertan emango dela estimatzen den egonaldiaren
iraupena eta familia-ingurunean egingo diren esku-hartzeak ere.
- Umeak eta/edo nerabeak aurreneko bisitan ezagutuko du Aldundian
duen erreferentziako bere profesionala.
Ingresua Programa Espezializatuko baliabide batean gertatzen denean, ahal dela
66
prozedura orokorra errespetatzen saiatuko dira, bere esku dauzkaten bide guztiak
erabiliz. Hori ezinezkoa gertatzen den salbuespenezko kasuetan bakarrik, ingresua
aldez aurreko bisitarik gabe egin ahal izango da. Premiazko edo larrialdiko ingresua
beharrezkoa denean era berean jokatu ahal izango da.
Familiak egindako bisitak gainbegiratzea
Adingabeko pertsona ez bada jadanik bere familia-gunearekin batera bizi, baina bere
familiartekoren batek bisitatzen badu, lehenengo 2 bisitak gainbegiradarekin egingo
dira, bai kasuaren jatorriko baliabideko edo ataleko profesionalen eskutik, edo baita
kasua hartu berri dueneko profesionalen eskutik ere.
Administrazioko izapideak eta jakinarazpenak
- Ingresuaren jakinarazpena: Ingresu edo sarreraren aurretik, adingabeko
pertsonaren jatorriko atalari dagokion profesionalak, egoitza-baliabidean egin
beharreko ingresuaren berri emango die ikastetxeari, aisiako jarduerei nahiz
eskolaz kanpokoei, medikuari, psikologoari, psikiatrari, eta beste hainbati.
Banku-helbideratzeak eta bekak: Adingabeko pertsonaren jatorriko egoitza-
baliabideak edo atalak egin beharreko ordainketei buruzko (ikastetxe, jangela,
eskolaz kanpoko jarduera, etab.) eta jaso daitezkeen beken inguruko informazio
guztia helaraziko dio egoitza-baliabide berriari.
- Erroldatzea: Egoitza-baliabideak helbide berrian erroldatuko du harreran
hartutako adingabeko pertsona.
- Proba medikoak: Ezingo da inolako proba medikorik egin adingabeko pertsona
bat Egoitza Harrerako sareko ezein baliabidetan sartzeko baldintza edo
obligazio moduan, hori egitea justifikatuko duen gomendio medikorik ez
badago behintzat.
Ingresua edo sarrera
Ingresua sareko bileraren osteko 15 eguneko epearen barruan egingo da gehienez ere,
eta aparteko xehetasunak edo gertaera bereziak izango dira epe hori atzeratzeko
baldintza bakarra.
Ingresuaren egunean, neska, mutiko edo nerabea gutxienez erreferentziako
profesionalak lagunduta joango da, eta horrez gain, ahal dela eta egoki denean, bere
familiako pertsona baten edo gehiagoren laguntzarekin. Egun horretan bere gauzak
eramango ditu adingabekoak, eta erreferentziako bere hezitzaileak lagunduko dio,
maleta desegiteko.
Behaketa eta jarraipeneko aldia
67
Behaketa-alditzat jotzen dira gutxi gorabehera ingresuaren osteko aurreneko bi
hilabeteak. Adingabeko pertsonak bai bere familiarekiko, edo baita datorren baliabide
edo abegiko familiarekiko banantze-prozesu egokia egin dezala da etapa horren
helburua.
Esleitutako egoitza-baliabidearen egokitasuna eta neska, mutikoa edo nerabea bertan
nola moldatzen den baloratzeko, bere erreferentzia izan den pertsona profesionalak
hainbat dei egingo dizkio behaketa-aldi horrek irauten duen bitartean, bere egoeraz
interesatzeko. Horrez gain, SATeko teknikariak elkarrizketa bat izango du
adingabekoarekin ingresua egin eta hilabetera.
Etapa honetako heziketako esku-hartzea Kasu Plana kontuan hartuz programatuko da,
eta SERAR metodologiak ezarritako pauta eta irizpideei jarraituz betiere.
10.2. Egoitza-harrerako egonaldia
Neskak, mutikoak edo nerabeak egoitza-baliabidean ingresua edo sarrera egiten
duenetik irteerako prozesua aktibatzen den unera arteko denbora hartzen du aldi
honek.
Egonaldiak irauten duen bitartean garrantzi berezia hartzen du sare osoan neska,
mutiko eta nerabeen mesedetan aurrera eramandako jarduketa koordinatuak. Horrela,
nabarmentzeko modukoak dira Haurtzaroko Tekniketatik hasi eta SATetik, heziketako
taldeetatik, oinarrizko gizarte-zerbitzuetatik eta beste hainbat arlotatik egindakoak,
esku hartzeko prozesuan kasu egin beharreko askotariko egoerei erantzuna emateko
eskatzen diren eta/edo martxan jartzen diren baliabide guztien parte-hartzea, azken
finean. Sistemak kasu bakoitzaren eboluzio positiboa erraztuko duten baldintzak jarri
beharko ditu.
Kasuaren esku-hartzean beharrezkoa ikusten da maila desberdinetan aritzea, praktika
egokia bermatzeko, eta adingabekoarekin egingo den esku-hartzea arrakastatsua izan
dadin saiatzeko. Horrela, esku-hartzea neskaren, mutikoaren edo nerabearen premiak
asetzen zentratuko da, batetik, eta familiari bere beharrizanetan laguntzen, bestetik.
Ikuspegi sistemiko batek aukera emango dio profesionalari neska-mutikoa edo
nerabea eta baita horren familia ere gauza eta ondasunen sistemei begira hartzeko,
eta horrek kanpotik esku hartuko duten teknikarien ikuspegiaren fokua zabaltzeko
modua ematen du, jarduketaren barruan ikuspegi globalizatzaileari bere lekua eskainiz.
Esku-hartzea oinarrizko ardatz batzuen gainean eraikiko da:
– Heziketako taldeen diziplinartekotasunari esker, profesional bakoitzak sortzen
diren egoera eta arazoen inguruan duen ikuspegia aberastu egingo da, eta
68
horrek alternatiba berriak eta irtenbide edo konponbide berriak bilatzeko
modua emango dio taldeari.
– Esku-hartze profesional desberdinek oso kontuan eduki beharko dute neska,
mutiko edo nerabearen talde bateko kide izateko mikrosistemen krisia. Hortik
sortzen da, hain zuzen ere, sareko lanaren garrantzia, neska, mutiko eta
nerabeentzat eta horien familientzat esanguratsuak diren mikrosistemen
artean elkartrukeak erraztu eta ahalbidetuko dituen sistema baten moduan,
sistema horretan kideak arazoak konpontzen lan egin baitezekate, laguntza
eskaintzen dien sarearen beraren elkarreraginak sumatu eta hartzen dituzten
bitartean.
– Bioetikaren printzipioak:
– Kalterik ez egin, neska bati, mutiko bati edo nerabe bati, eta baita familiari
ere, fisikoki, psikikoki edo sozialki kalterik ez egiteko obligazioa bezala
ulertua.
– Justizia. Ez diskriminatzeko obligazioa, abiapuntu gisa pertsona guztiek
begirune eta errespetu bera merezi dugula pentsatuz.
– Autonomia. Neskaren, mutikoaren edo nerabearen, eta baita familiaren
ere, balioak eta nahiak errespetatzeko obligazioa, posible den neurrian.
– Ongintza. Ongia egiteko obligazioa edo gainerako pertsonei euren
premietan laguntzeko obligazioa, laguntza hori hurkoek bere borondatez
eskatu edo onartzen dutenean.
Egoitza Harrerako programetatik lehentasunezkotzat jotzen da Sistema osoak
partaidetzako filosofia edukitzea, aldaketa-prozesuak adingabeko pertsonen eta horien
familien onarpenetik eta inplikaziotik bultza daitezen, bai sistemaren beraren
funtzionamendutik eta baita bertan parte hartzen duten profesionalen aldetik ere.
Partaidetza horretatik abiatuz, eta laneko filosofia, metodologia, etab. bateratuak
onartuz sare osoaren lana koherentea izatea lortuko da, lan horren kalitatea eta neska,
mutiko edo nerabeen, horien familien eta profesionalen ongizatea gehituz aldi berean.
Edonola izanik ere, egoitza-harreran egindako egonaldian jasotako arretari dagozkion
alderdi guztiak esparru-programa honetan begiesten diren kalitateko estandarren
arabera erregulatu eta eraenduko dira beti.
10.3. Egoitza-harrerako irteera
Irteera edo egresua esaten zaio neska, mutikoa edo nerabea egoitza-harrerako baliabidetik
irteten den uneari.
Harrerako baliabidetik irtetea prozesu baten emaitza moduan ulertu behar da: prozesu hori
adingabekoa egoitzako harreran sartzen den unean bertan hasten da, eta esku-hartzeak
irauten duen denbora osoan landu eta planifikatu behar da. Prozesuaren orientazioa Kasu
Planean egongo da jasoa, aurreikuspenen arabera, eta plan hori ondoz ondoko jarraipen-
69
txostenetan ebaluatuko da. Beraz, prozesu baten emaitza da, eta gertatu aurretik aurreikusia
eta landua dagoen prozesuaren emaitza.
Prozesu horrek lan jarraitua eskatzen du aurrez:
a) Neska, mutiko edo nerabearekin.
b) Familiarekin.
c) Beste baliabide profesional eta komunitario batzuekin.
a) Neska, mutiko edo nerabearekin:
– Hurrengo etapan egokitzeko modua emango dioten harreman eta
sozializazioko trebetasunak eskuratzen lagunduz.
– Bere errealitate pertsonal, familiar eta sozialaz kontzientzia hartzen lagunduz:
aukerak, mugapenak, etab.
– Berari dagozkion erabakietan partaide izan dadin animatuz, eta entzunaldiko
izapidean izango duen parte-hartzea sustatuz.
b) Familiarekin:
– Familiarekin lan egitea, euren seme-alabari laguntza eta mantenua emateko,
eta adingabekoaz kargu egiteko dituzten ahalmen eta mugapenez benetan
kontziente izan daitezen.
– Egoitza-baliabidearekin lankidetzako dinamika bat sortzea, ahal duten neurrian
euren seme-alaben bizitzan inplika daitezen.
– Euren seme-alabarekin harremanak izateko trebetasunak eskuratzen laguntzea,
elkarren artean ahalik eta harreman onena egon dadin, maila kuantitatiboan
bezala baita maila kualitatiboan ere.
– Euren seme-alabari dagokion edozertan (informazioa, erabakiak hartzea, etab.)
inplikatu eta partaide izatea.
– Euren seme-alabentzat beharrezkoak diren arretako eta bizitzako baliabideak
onartzeko prestatzea, bai familiak eskain ditzakeenak osatzeko bai horiek
ordezteko ere.
c) Beste baliabide profesional eta komunitario batzuekin:
Esku-hartze osoan zehar saiatu beharko da neska, mutiko eta nerabeei, eta horien familiei,
ahalik eta arretarik onena eskaintzeko, eta baita eboluzio positiboa ekarriko duen laguntza
emateko ere. Horrek egoitza-baliabidetik lana egitea eskatuko du, noski, baina baita egoitzako
harrera-sarearen barruan nahiz sareaz kanpo beste pertsona profesional batzuen lankidetza
ere, esku-hartzea aberastu eta helburuak lortzen lagunduko dutenak.
Horrek guztiak bi mailatako lana eskatzen du: lehen maila batean, neska, mutiko edo
nerabearekin, edo baita familiarekin ere egitekoren bat duten edo eduki dezaketen
komunitate-eremuko beste pertsona profesionalekin (udaletxeetako gizarte-langileekin, kale-
hezitzaileekin, aisia eta denbora libreko begiraleekin, eskolako tutoreekin, etab.) lana
70
koordinatzea eta laneko sare bat eratzea. Bigarren mailako lanak, aldiz, kasuarekin lan egiten
lagun dezaketen baliabide eta maila guztiak (psikoterapiak, esku-hartze familiarreko
programak, osasun mentalekoak, droga-mendekotasunak tratatzekoak, etab.) eskatzea esan
nahi du, eta baita neska, mutiko edo nerabeek, eta baita horien familiek ere, bere inguruneko
komunitate-mailako eta gizartean parte hartzeko baliabideekin (aisiako elkarteak,
autolaguntzako taldeak, gizarte-zerbitzuak, etab.) izan ditzaketen harremanak erraztu eta
bideratzea ere.
Zentrotik irtetea ekarriko duten arrazoiak
– Adingabeko pertsonak eta/edo familiak esku-hartzearen hasieran ezarri eta
Kasu Planean edota ondoz ondoko jarraipeneko txostenetan jasotako
helburuak lortu dituztela egiaztatzea.
– Egoitza-harrerako neurria eragin zuten arrazoiak partzialki bada ere gaindituak
izan direla egiaztatzea, eta familia berriro elkartzea egokitzat edo posibletzat
jotzea, sistema osatu edo horri lagunduko dioten beste baliabide batzuekin
batera.
– Egoitza-harrerako esku-hartzeak familiako harreraren edo adopzioaren aurreko
pauso bezala lortu beharreko helburuak bete direla egiaztatzea.
– Kasuaren premia eta beharrizanak eraginda, Programa, Orientazioa edo Neurria
aldatzea gomendatzeko modukoa izatea.
Irteera-motak
Egoitza-harreratik irtetea (egresua ere esaten zaio) adingabekoa beste bizitzako giro
batean sartzera doanean gertatzen da. Irteera izan daiteke:
– Adingabekoaren familia propiora, neska, mutikoa edo nerabea aurrez
familia-girotik banantzera eta ondoren babeseko egoitza-baliabide batean
ingresatzera behartu zuten baldintzak gainditu badira eta berriro ere familia
elkartzea posible bada.
– Familia-harrera edo adopziora, berriro ere familia elkartzea ezinezkoa edo
desegokia denean, eta adingabeko pertsonarentzat ordezko familia-giro bat
(familia zabala, arrotza eta/edo izaera profesionalizatukoa)
mesedegarriagoa gertatzen denean.
– Beste egoitza-baliabide batera trasladatzea, bai egoitza-harrerako
sistemaren barruan edo baita sistemaz kanpo ere, adingabekoaren
ezaugarri eta premiei erantzun hobea eman ahal izateko.
– Adingabekoak adin-nagusitasuna lortzen duenean, helduen gizarteratzeko
baliabideetan sartzea, dela emantzipazioko baliabide batera, erabateko
autonomia lortzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, dela
bizimodu independentera, horretarako aski baliabide ekonomiko baditu
edo laguntzei esker bizitzeko modua badu, bere eguneroko jardunean
behar adinako autonomia lortu ondoren betiere.
Irteera eskatzeko jarraitu beharreko prozedura
71
– Hasieran Kasu Planean eta ondoren gutxienez sei hilean behin egingo diren
jarraipeneko txostenetan markatutako Kasu Orientazioaren aldizkako
berrikuspena egingo da, txostenak etengabe doituz eta garatuz doan prozesura
eta horren xehetasunetara egokituz eta moldatuz.
– Irteera gertatzeko beharrezkoak diren aipatutako baldintzak ematen diren ala
ez hezitzaile tutoreak baloratuko du, heziketako taldearekin batera, erabaki
horiek prozesuan esku hartzen duten gainerako profesionalekin kontrastatuz
betiere.
– Txostena irteeraren aldekoa izango balitz, kasuaren ardura duen hezitzaile
tutoreak egin beharko du Irteerako txostena edo Jarraipeneko txostena (azken
dokumentu hori denboran zehar aurrekoarekin batera gertatuko balitz).
Kasu guztietan kontuan hartu beharreko alderdiak
Irteerako egoera bakoitzak irteerako programa indibidual bana eragingo du, bere
helburuekin, bere faseekin, bere baliabideekin eta denboraren araberako egutegiarekin.
Jarraian, programa hori garatzeko irizpide batzuk zehazten dira:
– Irteera gertaera positibotzat hartu behar da beti alderdi guztien aldetik,
hobekuntza-prozesuaren adierazle bat bailitzan.
– Igurikimen sakonak eta sentimendu gogorrak, anbibalenteak edo bikoitzak
kasurik gehienetan eragiten ditu (desira nahiz beldurrak, poza irabazten
denagatik, baina baita tristura ere atzean uzten denagatik, etab.) Hori guztia
behar bezala landu beharra dago, alderdi guztiek (adingabekoek, familiak,
profesionalek) modu onean asimilatu eta bereganatu dezaten. Ondo
programatutako pauso progresiboz osatua egon behar du.
– Ezinbestekoa da ukitutako pertsonak (neska, mutiko edo nerabeak batez ere,
eta baita horien familia) prozesuaren onarpenean eta erabakiak hartzeko
unean inplikatuak egotea. Familia beti jakinaren gainean eduki behar da.
– Prozesuan parte hartzen duten pertsona profesional guztiak inplikatuko dituen
plan bat prestatuko da, prozesuak irauten duen bitartean koordinatutako
ekintza guztiak bermatzeko.
– Sare sozialarekin eta sare profesionalarekin lan egin behar da, irteerako unean
neskak, mutikoak edo nerabeak bere familia, prestakuntza eta lanbide nahiz
gizarte-mailako integrazioan ahalik eta laguntza eta erraztasun gehien eduki
dezan.
– Adingabeko pertsonak bere gauza eta objektu guztiak (ondasunak, argazki-
bildumak, bizitzako liburua, etab.) berekin eraman eta dokumentazioa ere
egunera edukiko ditu, beharrezkoa duen guztia (laguntzak, dokumentazioa,
premiazko laguntza-baliabideak aktibatuak egotea, etab.) kudeatzeaz gain. Era
berean, egoera berri horretan babesa bermatzeko beharrezkoak diren baliabide
guztiak eskura edukiko ditu familiak ere.
– Irteerari ekin aurretik plan bat egin beharko da, eta bertan aurreikusiak egongo
dira neskak, mutikoak edo nerabeak atzean uzten duen egoitza-baliabideko
72
heziketa-taldearekiko egin beharreko harremanak: modua, uneak, iraupena,
epeak, etab.
– Garrantzitsua da despedida edo agurreko erritual bat egitea.
– SERAR sistema, adingabeko pertsonarekin batera trasladatuko da egoitza-
harrerako beste baliabide batera joaten bada, aurreko baliabidean egonaldiak
iraun duen bitartean pilatutako lan eta informazio guztia berekin hartuta.
Edonola izanik ere, informazio hori guztia transmititzeko modua GFAk ezarriko
du irteera-mota desberdinetan.
Hala ere, eta neska, mutikoa edo nerabea zer-nolako ingurune edo girotara pasatzera
doan kontu, alderdi espezifiko batzuei erreparatu beharko zaie:
Familia berriro elkartzea
Egoitza-harrerako prozesua aurrera doan bitartean ezinbestekoa da familia neskaren,
mutikoaren edo nerabearen bizitzan inplikatuz joatea, ahal den moduan, eta bereziki
kasuaren orientazioa berriro familiara itzultzea denean, eta inplikazio horren maiztasuna eta
baita parte hartzeko eremuak ere gehitzen joatea, seme-alabaren eguneroko bizimoduko
alderdi guztiak estaltzeraino. Horretarako, ondorengo irizpideak kontuan hartuz lan egin
beharko da:
– Heziketako taldearen aldetik igurikimen errealistak, errealitateari doitutakoak
alegia, landuko dira adingabekoarekin eta horren familiarekin: bi alderdiak zein
egoeratan dauden azalduko zaie, eguneroko bizikidetzan izan dezakeen
eragina, zer espero dezaketen eta zer ez, etab. argi eta garbi adieraziz.
– Plangintza xehatua eta negoziatua prestatuko da gurasoekin eta seme edo
alabarekin, hurbiltzerako xedeak eta epeak ezarriz aldi berean.
– Neska, mutikoa edo nerabea familia-giroko eremu komunitarioan ere
integratzea lortzeko pausoak emango dira pixkana-pixkana: eskola, lagun eta
adiskideen taldea, aisia eta denbora libreko baliabideak, ekipamenduak
(kiroldegia, liburutegia, ludoteka edo haur-txokoa, gazte-lekua, ingurune irekiko
programak, etab.) ezagutu eta erabiltzea. Neskak, mutikoak edo nerabeak
ezagutu ditzala laguntzako baliabideak eta horietara iristeko modua.
– Euskarri eta laguntza eman diezaieketen zerbitzu profesionalekin (gizarte-
langileak, kaleko hezitzaileak, eskolako tutorea eta/edo orientatzailea,
etab.ekin) koordinazioan aritzea.
– Esku-hartze familiar bat abian jartzea, elkarrengana moldatzea errazteko
beharrezkotzat jotzen bada.
– Neskak, mutikoak edo nerabeak familiako etxea bere egin dezan saiatzea, etxe
barruan bere premia eta beharrizanetara egokitutako eremu bat prestatuz,
bere ondasunak eta gauzak bertara eramanez edo dekorazioa bere gustuetara
moldatuz.
Familiako Harrera edo Adopzioa
73
Kasu hauetan, familia-harrerarako edo adopziorako trantsizio moduan prestaketako lan
espezifikoa egin beharko da aldez aurretik, eta beharrezkoak diren alderdi guztiak landu eta
jorratuko dira bertan (informazioa, laguntza, alderdi emozionalak, etab.). Neska, mutikoa edo
nerabea berriro ere familiaren etxera ezin itzul daitekeela uste denean aplikatuko litzateke
neurri hau, bere familia-guneaz bestelako familia-giro batean egindako bizikidetza, dela aldi
baterakoa dela behin betikoa, beretzat mesedegarria izan daitekeela pentsatzen denean.
Prozesu hori egokia izan dadin, ondorengo puntuak hartu beharko dira kontuan:
– Beharrezkoa da familiaren hautaketa egokia egitea, neska-mutikoaren
ezaugarrien eta premien arabera (lan hori Familiako Harrera atalaren
eskumena da).
– Garrantzi handikoa da familia-leialtasunaren kontzeptua maneiatzerakoan sor
daitezkeen sentimenduak lantzea.
– Garrantzitsua da, era berean, bi alderdiek dituzten igurikimenak lantzea: izan
daitezela errealistak, izan ditzaketen mugak ondo ezagutu eta muga horiek
eguneroko bizimoduan ekar dezaketena onar dezatela.
– Familia biologikoak eta abegi-familiak egoera den bezala onartu eta elkarren
lehian aritu ez daitezen saiatzea.
Independentziarako prestatzea
Egoitza-harreratik irten ondoren hartuko dituen familia-girorik ez duten nerabeentzat dago
pentsatua, edo baita familiaren etxera berriro itzultzea nerabearen garapen pertsonalarentzat
ez dela mesedegarria izango uste den kasuetarako ere.
Bide horixe landu beharko litzateke adin-nagusitasunarekin berriro ere familiara itzultzeko
aukera egon arren, familiak estaldura partziala besterik eskaini ezin dionean nerabeari, eta
beraz gazteak bere bizimoduaz erantzukizunez arduratzeko adina autonomia eta heldutasun
eduki beharko luke.
Gaztearen autonomia lantzeak izan behar du adingabekoak egoitza-harreran egingo duen
egonaldi osoan jorratu beharreko ildoetako bat, gaztearen adinaren eta gaitasunen arabera
betiere, baina lan hori areagotu egin beharko litzateke 16 urtetik aurrera, bizimodu
independenterako prestatzeko asmotan, berriro familiara itzultzea ezinezkoa den kasuetan
edo baita gaztearen ezaugarri pertsonalak nahiz sarrerako adina direla medio, edo
baliabideak porrot egin duelako, familiako harrera-baliabiderik ez dagoelako.
Autonomia-programa hori egoitzako harrera-baliabideetan aurkitzen diren nerabe guztiekin
landu beharko da, bakoitzaren heziketako plan indibidualetik abiatuz, neska-mutikoak
hurrengoak bezalako gaietan prestatzeko:
– Eguneroko bizimoduan aritzeko: norbere burua zaintzeko trebetasunak,
higienearen eta osasunaren mailan, erosketak egin, otordu sinpleak prestatu,
etxea txukun eta ondo antolatua eduki, etab.
– Bizilekua edo ostatua lortzea eta auzokideen arteko portaera-arauak betetzea.
74
– Diruaren kudeaketa eta dokumentazioarekin lotutako izapideak egitea:
antolamendu ekonomikoa, bankuak, dokumentuak eta agiriak berritzea,
erroldatzea, etab.
– Herritarren eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.
– Pertsona eta taldeekin harremanak (elkarrizketa, argibideak eskatu, kritikak
egin eta onartu, enpatia, arrazoibide morala, autokontrola, talde-presioarekiko
erresistentzia, etab.) izateko trebetasunak.
– Bere bizimodu eta portaerekiko ardura izatea.
– Enplegua bilatzeko gaitasunak edukitzea eta xede horretarako baliabideak
(INEM, Langai, etab.) ezagutzea eta erabiltzen jakitea.
– Enpleguari eustea.
– Komunikabideak erabiltzea.
– Baliabide komunitarioak ezagutzea: instituzionalak (gizarte-zerbitzuak,
ogasuna, osasunekoak, heziketa eta lan-mailakoak, ...) eta sozio-komunitarioak:
gazte-lekua, kiroldegia, liburutegiak, aisiako eta gizarte-partaidetzako taldeak,
etab.
Aipatu berri diren independentziarako oinarrizko gaitasunak lortu ahal izateko, bizitzako
trebetasunen Umbrella programaren aplikazioa ezartzen da, GFAren egoitza-harrerako
sarearen barruan.
Horrez gain, garrantzitsua da gazteekin egin beharreko lanean gizarteratzeko oinarrizko
trebetasunak garatzen laguntzen dieten Gizarte Ongizateko edo Gizarteko Trebetasunen
programa espezifikoak ere jorratzea, batetik, eta familiaren egoeraren ezagutza pertsonala
lantzea eta igurikimen pertsonalak eta lanekoak nerabeen gaitasun eta trebetasunetara doitu
eta egokitzea, bestetik.
Azkeneko fasea zubi moduko egoera bat izango da, eta bertan harrerako pisu edo
etxebizitzarekiko loturak askatzen eta maila pertsonalean gazteari orientazioa eta babesa
ematen dion heziketako taldearen laguntzatik pixkanaka askatzen hasiko da nerabea, lan-
munduan sartzeko prozesua prestatzen joateko eta beste pertsona profesional batzuekin eta
sare sozialekin loturak martxan jartzen hasteko. Baina landuko diren trebetasunak egunero
erabiliz, ikaskuntza egokia lortzeko eta komunitatearekiko etengabeko elkarreraginean
aritzeko aukera ere izango du aldi berean nerabeak.
Bizimodu independentea egiten hasiko badira, aldez aurretik eskatuak eta hitzartuak eduki
beharko dituzte loturak hausteko laguntzak, horrelakorik behar badute bederen, eta ondo
ezagutu beharko dituzte eskura eduki eta erabil ditzaketen laguntzako baliabideak (gizarte-
zerbitzuak, bekak, ...).
Gaur egungo gure gizarte honetan nerabeek adin-nagusitasunetik hurbileko adinetan
bizimodu independentea egin ahal izateko dituzten zailtasunak ikusita, gutxi dira aukera hori
aurrera eramateko modua emango dieten baldintzak (ekonomikoak, laboralak nahiz
autonomia pertsonalekoak) lortzen dituztenak. Egoitza-harreran egon diren gazteen kasuan,
gainera, beharrezkoa gerta daiteke emantzipazioko zubi moduko baliabide batera pasatzea,
bertan alderdi horiek guztiak lantzen jarraitu ahal izateko behin adin-nagusitasunera iritsita
ere, horretarako kanpoko laguntzaren premia badute.
75
Programa aldaketa
Neskak, mutikoak edo nerabeak dauzkan premiei erantzun hobea emateko beharrezkoa
denean soilik planteatu beharko da programa-aldaketaren egoera hori. Abiapuntuko filosofia
gisa, behar-beharrezkoak ez diren aldaketak baztertu egin beharko dira, aldaketa horiek
dakartzaten lotura-hausturengatik, eta neskak, mutikoak edo nerabeak bere historiaren
jarraitutasunaren pertzepzioa gal ez dezan, beste lotura berri batzuk sortzeko ekar dezaketen
kalteagatik.
Ezinbestekoa da gaztea aldaketarako prestatzea, eta horretarako azalpen oinarrituak eta
sinpleak emango zaizkio, bere adinerako nahiz ulermenerako egokiak, erabakitzeko prozesuan
izan dezakeen partaidetza sustatuz. Trasladoan parte hartuko duten egoitza-baliabideen
arteko koordinazioa ziurtatu eta jarduteko prozedura orokorra egituratu beharko da,
baliabide bakoitzean erabiltzen diren heziketako irizpideen aplikazioan eta/edo
interpretazioan desberdintasunik egon ez dadin.
Trasladoak suposatzen duen mozketa emozionala ahal den neurrian gutxitzen saiatu beharko
dugu, mozketa hori bat-batean gerta ez dadin, modu programatuan eta ondoz ondoko faseak
eta pausoak betez baizik: profesionalen koordinazioa, inplikatutako alderdiek neurria
onartzea, baliabide berriari buruzko informazioa ematea, espazio berria (zentroa, eremu
komunitarioa) fisikoki ezagutzea. Zubiak eta trantsizioko egoerak ezarriko dira, egoitza-
baliabide zaharreko eta berriko profesionalak batera arituko diren uneak, laguntzak eta
akonpainamenduak eskainiz, adingabeko pertsonak segurtasuna lortu eta egoitza-baliabide
berriarekiko lotura positiboa martxan jar dezan. Garrantzi handikoa da baliabide berriarekiko
egokitzapena erraztea, bertan artatutako pertsonek jakin dezaten badela sare bat, euren
garapen pertsonaleko prozesua babestu eta horri jarraipena ematen diona, nerabeak
jatorriko egoitza-baliabidean egindako ikaskuntzak modu positiboan aprobetxatuko dituena.
Aurreko egoitza-baliabidera egin beharreko bisitak eta nerabearentzat esanguratsuak izan
diren profesionalekiko elkarraldiak ere programatu beharko dira, aurreneko hilabeteetan
batez ere. Oso garrantzitsua da, era berean, SERAR sistemari dagokion dokumentazioa (kopia
bat) neska, mutiko edo nerabearekin batera iristea bere destinoko baliabide berrira.
76
11.- EGOITZA-HARRERAREN EBALUAZIOA
Egoitza-harrerako Esparru Programa ez litzateke osoa izango, baldin eta esku-
hartzearen emaitzen irismena zer-nolakoa izan den eta hemen proposatutako
prozedura eta ekimenak errealitatera behar adinako kalitate-bermearekin zein
neurritan eramaten diren jakiteko erabiliko den metodologia azalduko ez bagenu.
Egoitza-baliabideak ebaluatzeko, programen ebaluazioaren bi helburu nagusiak barne
hartzen dituen metodo bat erabiliko da: esku-hartzeen eraginkortasuna baloratzeko
modua ematen duen emaitzen ebaluazioa, batetik, eta programaren
funtzionamenduaren egokitasuna detektatzera eta dauden akats eta hutsuneak
zuzentzera bideratua dagoen prestakuntzazko ebaluazioa, bestetik.
Emaitzen ebaluazioa
Askotariko hurbilpenak balia daitezke emaitzaren kontzeptura iristeko. Aurrenekoa,
eta baita sinpleena ere, zera da, emaitza onak helburuak edo xedeak lortzearekin
batera ulertu behar direla. Horrek beste puntu batera eramango gintuzke, ea egoitzako
harrerak adingabeko pertsonak erabat garatzea eta gizarteko giro eta ingurune
desberdinetan behar bezala egokitzea lortzen duen ala ez galdetzera alegia.
Integrazioko helburuen irismena zer-nolakoa den jakiteko, berriz, heziketa-plan
indibidualen bidezko ebaluazio xehatua egitea proposatzen da, plan horietan baitaude
ezarriak esku-hartzearen helburuak hain zuzen ere, SERAR sistemak eskaintzen
dizkigun tresnak erabiliz.
Hala ere, emaitzez hitz egiten denean, adingabekoaren egonaldiak irauten duen
bitartean helburuak lortzea baino zabalagoa den beste kontzepturen bat ere sartu
beharko litzateke tartean. Izan ere, emaitza benetan eta egiazki ebaluatzeko
ezinbestekoa izango baita adingabeko pertsonak egoitza-baliabidea utzi eta ondoren
gertatutako gizarteratze-prozesuaren inguruko jarraipena egitea. Bestela esanda,
egoitza-baliabidean egindako egonaldiaren emaitza, garapen pertsonaleko helburuak
lortzeaz gain, adingabekoa berriro familiara itzultzea, beste familia-giro batera
egokitzea edo emantzipazio pertsonala izan beharko bailuke, eta alderdi horiek epe
ertain edo epe luzeko perspektiba batetik aztertu behar dira betiere. Ebaluazio horrek
egoitza-baliabideko egonaldiaren ostean jarraipena egiteko konpromisoa eskatzen du,
adingabeko pertsona baliabidetik irten eta hiru, sei, bederatzi eta hamabi hilabeteko
tarteetan, gutxienez, egin beharko litzatekeena. Emaitza horrek Esku Hartzeko Plan
Globalaren helburuak lortzearekin du zerikusia, eta baita neska, mutiko edo
nerabeekin eta horien familiekin egindako lanaren eragina neurtzearekin ere.
Prozesuaren ebaluazioa
77
Programaren emaitzak aztertu eta izandako eraginak ikertzeaz gain, beharrezkoa da
aztertzea baita ere zein modutan ari den funtzionatzen edo zer-nola ematen dituen
bere zerbitzuak. Helburuak zein mailatan lortzen diren alde batera utzita ere,
programa batek aurreikusia eta planifikatua zegoen moduan funtzionatu behar du
nahitaez. Eta Esparru Programa honen kasuan, egoitza-baliabideak dokumentu
honetan ezartzen diren estandarretara eta irizpideetara (ikusi hurrengo atala)
egokitzen diren ala ez jakitea izango da prozesuaren ebaluazioaren funtsa. Adingabeko
pertsonetan izandako emaitzak aztertu eta ikertzea baino gehiago, egoitza-
baliabideetako funtzionamendua aztertzea da kontua.
Funtzionamenduaren ebaluaziorako, bi estrategia proposatzen dira: barne-
ebaluaziokoa da bata, GFAk koordinatua, eta estrategia horren arabera egoitza-
baliabideek autoebaluazioari ekin beharko liokete, urteroko maiztasunarekin gehienez
ere. Beste estrategia kanpo-ebaluaziokoa litzateke, balorazioko lan hori erakundeez
kanpoko talde bati enkargatuz bost urtean behin. Programen ebaluazioa programa
horien kudeaketaren zati bat bailitzan egin behar da beti, eta beraz baliabideen
arduradunek berek barne-ebaluazioak egin beharko dituzte, urtean behingo
maiztasunarekin gutxienez, eta prozesu horietan langile guztiek, eta baita baliabidean
hartutako neska, mutiko eta nerabeek ere parte hartuko dute. Langileen eta
adingabeko pertsonen gogobetetasun-maila, esku-hartzeko helburuetan erdietsitako
lorpenak, eta baliabideak artatutako pertsonen premietara noraino egokitzen diren,
horiek izango lirateke balantzean kontuan hartu beharreko funtsezko pautak. Garrantzi
handikoa da, gainera, kalitatearen eta ebaluazioaren kultura hori heziketa-
proiektuetan ere sartzea.
Ebaluazio integrala eta etengabeko ebaluazioa
Balorazioa alderdi bien gainean, emaitzen eta prozesuaren gainean alegia, egitearen
garrantzia —era horretako ebaluazioari integrala edo osokoa esaten zaio—, lortutako
emaitzen eta ematen ari den zerbitzu-motaren artean azalpeneko loturak ezarri ahal
izatean dago. Estrategia-mota horrek lana egiteko moduari buruzko eta espero
daitezkeen emaitza-motari buruzko erabaki zehatzak hartzeko aukera emango du eta,
beraz, baita zuzendu eta hobetu beharrekoa zuzentzeko aukera ere.
Hemen ezartzen den ebaluazioa, bestalde, betidanik ikuspegi puntual eta zeharkako
batetik egin izan diren beste balorazio-klase batzuetatik aldentzen da. Zenbait kasutan
programen ebaluazioa aukerako praktika edo jardunbidetzat jo izan da, unean uneko
egoera eta zirkunstantzien arabera eta eskura dauden baliabide eta bitartekoen
arabera aldian behin egikaritu daitekeen aukera puntual baten moduan. Baina datuak
jaso eta interpretatzeko lanaren jarraitutasun historikoa da, hain zuzen ere, arazoari
zentzua ematen diona, datuen interpretazioari koherentzia emanez lan hori errazten
duena. Eboluziozko konparazioa eta esperientziaren metaketa dira baliozko ezagutza
lortzeko modua ematen diguten tresnak. Hemen proposatzen den planteamenduak
ebaluazioko jarduera etengabe, integral eta konplexua aurrera eraman ahal izateko
oinarriak jarri nahi lituzke.
78
Hurrengo atalean GFAko sarea osatzen duten egoitza-baliabideetako ebaluazioa
egiteko kalitate-estandarrak garatzen dira xehetasun osoz, baliabideen plangintza
egiteko gida moduan eta ebaluazioetarako irizpide gisa balio dezaten aldi berean.
79
12. KALITATEZKO ARRETARAKO ESTANDARRAK
Esparru Programa honek kalitateko estandar batzuk ezartzen ditu egoitza-harrerako
lanaren garapenerako, eta sareko egoitza-baliabide guztiek nahitaez bete beharko
dituzte estandar horiek. Egoitza-baliabideetako heziketako proiektuak antolatzeko
irizpide gisa ere funtzionatu beharko dute estandar horiek, eta baliabideak aldian
behin ebaluatzeko, kanpoko ebaluazioan bezala baita barrutik egindakoan ere, irizpide
horiexek erabiliko dira. Estandar bakoitzean definizio bat agertuko da, estandar horren
garrantzia justifikatzeko arrazoiekin eta bere praktikako adierazle batzuekin batera.
Egoitza-baliabide batek irizpide horietakoren bat bete ezin duenean, baliabidearen
beraren espezifikotasunagatik edo beste arrazoiren batengatik, ezintasun horren
justifikazio egokia aurkeztu beharko du bere heziketako proiektuan, GFAk onar dezan.
Kalitateko estandar horiek neska, mutiko eta nerabeei eskainitako arretaren hainbat
alderdi estaltzen dituzte. Bai baliabide materialak eta baita giza baliabideak ere
egokitzeko irizpideak ezarri dira jadanik Esparru Programa honen dagokion atalean eta
ez dira irizpide hauetan agertuko.
1. SEGURTASUNA, BABESA ETA HARREMANA
2. INDIBIDUALTASUNA
3. ESKUBIDEAK ERRESPETATZEA
4. OINARRIZKO PREMIAK
5. IKASKETAK ETA PRESTAKUNTZA
6. OSASUNA ETA BIZI-ESTILOAK
7. NORMALIZAZIOA ETA INTEGRAZIOA
8. GARAPENA ETA AUTONOMIA
9. NESKA, MUTIKO ETA NERABEEN PARTE-HARTZEA
10. AISIA ETA DENBORA LIBREA
11. PIZGARRIAK ETA ZEHAPENAK
12: PROFESIONALEN ARTEKO KOORDINAZIOA
13. FAMILIEI BERRIRO ELKARTZEKO EMANDAKO LAGUNTZA
80
1. ESTANDARRA: SEGURTASUNA, BABESA ETA HARREMANA
E1. Neska, mutiko eta nerabeentzako giro seguru eta babeslea eskaini beharko dute
egoitza-baliabideek, helburu edo xede nagusi moduan, bizikidetzako ingurune lasai
bilakatzeko eta helduekiko nahiz beren kideekiko lotura afektiboak eta laguntzazkoak
ezarri eta sustatzeko gai izango dena. Langileen eta neska, mutiko eta nerabeen arteko
harremanak elkar errespetuan eta onarpenean oinarrituko dira.
Garrantzia
Egoitza-harrerako neurri bat beharrezkoa gertatzen denean, etxeko indarkeria nahiz
zainketen edo maitasunaren falta izan ohi dira normalean horretarako arrazoiak. Eta
segurtasun eta babeseko giro hori edozein neska, mutiko eta/edo neraberentzat
beharrezko baldintza edo egoera den arren, ia ezinbestekoa bihurtzen da bortxakeria
eta babesgabezia lehendik ere ezagutu eta bizi izan dituzten adingabeko pertsonen
kasuetan. Horrexegatik, giro eroso eta seguru hori bermatuko duten neurriak indartu
eta areagotu beharko dituzte egoitza-baliabideek, etxeei segurtasun, konfiantza eta
babeseko giro hori ematen dieten alderdi guzti-guztiak xehetasun osoz programatuz.
Praktikako adierazleak
1. SEGURTASUNA, BABESA ETA HARREMANA
1.1. Segurtasun fisikoa ingurunean
1.1.1. Egoitza-baliabideek arrazoizko eta arauzko segurtasun-neurri guztiak
eduki beharko dituzte, eta neurri horiek haur txikienekin eduki behar dira
kontuan batez ere, etxeko istripuak saihestuz.
1.1.2. Neurri bereziak hartuko dira puntu jakin batzuetan: leihoetarako
irteera-guneak, entxufeak, eskailerak, garbiketako materialak edo
produktu kimikoak, eta sukaldeko tresna eta aparatuak, batez ere.
1.1.3. Egoitza-baliabide guztiek suteen kontrako segurtasun-neurri egokiak
eduki beharko dituzte, eta bertan diharduten langileek prestakuntza
jasoko dute neurri horiek nola erabili eta kasu horietan nola jokatu behar
den jakiteko. Bestetik, gai hau bereziki landuko da neska, mutiko eta
nerabeen taldearekin.
1.2. Kideen arteko abusuzko harremanei aurre hartzea
1.2.1. Neska, mutiko eta nerabe batzuek biolentziarekin edo
agresibitatearekin lotutako portaera-arazoak izan ohi dituzte. Kasu
horietan, gerta daiteke horiekin batera bizi diren beste neska edo mutiko
batzuk, beren etxeetan tratu txarrak jasateagatik babestuak izan direnak,
berriro ere mehatxuak edo erasoak jasateko arriskuan egotea. Egoitza-
baliabideek neska, mutiko eta nerabeen artean gertatzen diren
harremanen kontrola bermatu beharko dute, gisa horretako egoerarik
gertatu ez dadin.
81
1.2.2. Arreta berezia jarri beharko zaie egoera horiei, gauez edo asteburuetan
batez ere, egoitza-baliabideetako langileen kopurua jaitsi egiten baita une
horietan.
1.2.3. Egoitza-baliabideek aurreikusiak eta planifikatuak eduki beharko dituzte
bullying edo gehiegizko jazarpenari aurre hartzeko ekintzak: neska, mutiko
edo nerabe guztiek hezitzaileei edo lagun diezaieketen beste pertsona
batzuei beren arazoak kontatzeko adina konfiantza eta segurtasun
badutela bermatzea, bullying-aren gaia taldearekin modu irekian lantzea
eta arazo horren detekzioari arreta berezia eskaintzea bezalakoak sartzen
dira ekintza horien artean.
1.3. Abusuzko edo gehiegikeriazko harremanei aurre hartzea, langileen aldetik
1.3.1. Egoitza-baliabideek langileak hautatzeko mekanismo egokiak izango
dituzte, neska, mutiko eta/edo nerabeekiko tratuan desegokia izan
daitekeen pertsonarik ez dela lanpostu horretara iritsiko aldez aurretik
bermatu ahal izateko.
1.3.2. Arreta berezia jarriko zaio baliabidean sartu berriak diren langileen
behaketako faseari, langile horien probako aldietan, bai eskaini behar
zaien laguntza eta orientazioari begira, eta baita heziketa-lanarekin
bateraezinak izan daitezkeen jarrera edo portaerak detektatzeko ere.
1.3.3. Neska, mutiko eta nerabe guztiek erakundeko edo baliabideko
arduradunekin, batetik, eta beren kasuaren ardura duen teknikariekin,
bestetik, harremanetan jartzeko modua ezagutzen dutela bermatu
beharko dute egoitza-baliabideek, adingabekoek eduki ditzaketen kexak
hezitzaileen aurrean aurkezteaz gain, tratu desegokia hartzen ari direla
uste dutenean kanpoko pertsonei bere egoeraren berri emateko modua
ere izan dezaten.
1.3.4. Etxe bakoitzeko heziketa-taldeek, bertako zuzendari edo
koordinatzaileez gain, baliabideko edozein pertsonaren aldetik neska,
mutiko edo nerabeen kontrakoak izan daitezkeen praktikak sumatu bezain
pronto, praktika desegoki horiei arreta berezia jartzeko konpromisoa bere
gain hartu beharko dute.
1.4. Bizikidetza segurua eta aginteari eustea
1.4.1. Zuzeneko arretan aritzen diren langile guztiek neska, mutiko eta
nerabeen portaerei muga seguru eta sendoen barruan eusteko adina
trebetasun edo gaitasun izango dute.
1.4.2. Portaera egokiaren eta desegokiaren arteko mugak argi eta garbi
zehaztuak egon behar dute, eta denek berdin ulertuko dituzte.
Adingabeko pertsonek ere parte-hartze aktiboa izango dute definizio eta
zehaztapen horretan.
1.4.3. Langile guztiek arreta berezia jarri beharko dute portaera desegokien
detekzioan, eta aldaketa positiboak ahalbidetuko dituen erantzun sendo
eta egokiari eutsiko diote.
82
1.4.4. Egoitza-baliabideetako arduradunek eta langileek autoritate edo
aginteari eutsiko diote modu arrazoizkoan, baina inolako zalantzarik utzi
gabe aldi berean.
1.5. Jarraipeneko kontrola, irteeretan eta bisitetan
1.5.1. Hezitzaileen ezinbesteko eta funtsezko egitekotzat hartuko da neska,
mutiko eta nerabeekin elkarrizketak eta solasaldiak edukitzea, euren
etxean ematen duten denborari buruz (asteburuak, oporraldiak, etab.) eta
baita familia barruko harremanei buruz ere, diskrezio osoarekin eta
adingabeko pertsonek euren intimitatearen inguruan ezarri nahi dituzten
mugak errespetatuz betiere. Garrantzitsua da pertsona profesional
guztien artean kontrola eta segurtasuna bermatzea adingabeko pertsonak
bere familiarekin dituen harremanetan, eta asteburuko edo oporretako
irteeretan batez ere.
1.6. Afektu-mailako estaldura
1.6.1. Neska, mutiko eta/edo nerabeen premiak aldatu egiten dira kasu
batetik bestera, eta baita adingabekoak garapeneko zein fasetan aurkitzen
diren kontuan hartuz ere. Hala ere, afektibitatea ezinbesteko osagaia da
adingabekoaren eguneroko heziketako harremanean, garapeneko etapa
desberdinetan eduki ditzakeen adierazteko eta harremanak egiteko forma
ugari eta diferente guztiekin. Neska, mutikoa edo nerabea inolako
baldintzarik gabe, den bezala, onartzea eta banakako eta gertuko lanean
jarritako arreta, goxotasuna eta ardura, horiek izango dira harremanerako
oinarri nagusiak.
1.6.2. Baliabideek bermatu beharko dute ezen neska, mutiko eta nerabeekin
harremanak ezartzeko kontratatzen dituzten langileek badituztela lan
horretarako beharrezkoak diren gaitasun eta trebetasunak.
1.7. Abokatutza soziala
1.7.1. Haur eta nerabeekin lanean ari diren profesionalek, arreta eta laguntza
ematen dieten neska, mutiko eta nerabeen eskubideak babesteko
konpromiso pertsonala onartu behar dute. Egoitza-baliabideen kasuan,
aldiz, abokatutza sozialaren kontzeptuak adingabeko pertsonen
eskubideak eta interesak defendatzea esan nahi du bidegabeko edozein
egoeraren aurrean.
83
2. ESTANDARRA: INDIBIDUALTASUNA
E2. Harrera eta babeseko baliabideetan hartutako neska, mutiko eta nerabe guztiek
indibidualtasunean oinarritutrako tratamendua jasoko dute, adingabeko bakoitzaren
alderdi pertsonal edo bereizgarrienak, eta bereziki pertsona bakar moduan dauzkan
premia eta beharrizanak kontuan hartuz betiere.
Garrantzia
Adingabeko pertsonei zuzendutako garai bateko erakundeen funtzionamendua
hobekien deskribatzen duen ezaugarria taldeari bideratutako lana da. Erakunde
horietan egiten ziren jarduera guztiak, hasi oinarrizkoenetatik (elikadura edo garbiketa,
esate baterako) eta konplexuenetaraino —ikasketak edo lanbide baten ikaskuntza,
adibidez—, talde edo kolektibo handietan egiten ziren, egoitza-inguruneak ideia
horretara egokituz, eta baliabideak ideia horren haritik eraikiz. Indibidualtasunaren
errespetuaren printzipioak heziketako lanean neska, mutiko edo nerabe bakoitzaren
ezaugarri propioak eta bakarrak aitortzeko premia aldarrikatzen du. Edo beste era
batera esanda, arreta indibidualizatua lehenesten da taldeko jarduera eta
erregulazioen gainetik, edo egoitza-baliabideetako antolamendu-premien gainetik,
azken finean neska, mutiko eta nerabeen ezaugarrietara egokitu behar baitira premia
horiek, eta ez alderantziz.
Praktikako adierazleak
2. INDIBIDUALTASUNA
2.1. Harrera edo abegiko protokolo xehatua
2.1.1. Egoitza-baliabideetan, adingabekoaren egokitzapena erraztu eta giro
berrian integratzea bultzatuko duen harrerako protokolo edo prozesu bat
ezarri beharko da, idatziz, neska, mutiko edo nerabe bakoitzaren
kasurako, ondoren zehatz-mehatz eta zorrozki betetzeko. Prozesu horri
esker, neskak, mutikoak edo nerabeak bere egoera behar bezala
ezagutuko du ingresuaren aurretik, arrazoiak ezagutuz, baita helburuak
eta bere adinaren eta garapenaren arabera dituen etorkizuneko aukera
edo alternatiba posibleak ere.
2.1.2. Une horretan, neska, mutiko edo nerabe bakoitza jarrera ahalik eta
hurbilen eta irekienetik tratatu behar da, segurtasuneko sentimendua eta
egokitzapena erraztuz adingabekoari, baliabiderako sarrera modurik
adeitsuenean gerta dadin bideratuko duten ekintzak aurrera eramanez,
beharrezko informazioa eskainiz, adingabeko pertsona bere kide izango
direnei eta baliabideko langileei aurkeztuz, aurreneko uneetan arreta
pertsonalerako behar adina denbora edukiz eta inguruneko baliabideak
ezagutuz.
84
2.2. Lanaren plangintza indibiduala
2.2.1. Bai babeseko zerbitzuek, horietan kasu plan esplizitu bat egongo baita,
eta baita egoitza-baliabidek ere —horietan Heziketako Programa
Indibiduala izeneko ebaluazio eta programazio indibidualeko prozesu bat
jarriko da martxan, hain zuzen ere—, neska, mutiko eta nerabe bakoitza
bere zirkunstantzia eta premia propio eta bakarren bidetik artatu edo
tratatuko dute, eta bi programazio horien helburuek eta xedeek gidatuko
dituzte ondoren egingo diren esku-hartze guztiak.
2.3. Heziketa-lanaren erantzukizuna eta erreferentzia indibiduala
2.3.1. Neska, mutiko edo nerabe bakoitzak hezitzaile bat edo hezitzaile tutore
bat edukiko du izendatua, eta profesional hori erreferentzia egonkorra eta
iraunkorra izango da neska, mutiko eta/edo nerabearentzat, horren
familiarentzat (horrela gertatuz gero) eta babeseko teknikari edo
bestelako pertsona profesionalentzat ere.
2.4. Kultura-jatorriaren errespetua eta jatorriko identitateari laguntzea
2.4.1. Neska, mutiko edo nerabe bakoitzak, jatorriko talde kultural edo etniko
bateko kide izateagatik dituen ohiturak eta sinesmenak izan behar dute,
nahitaez, bere heziketa-prozesuaren oinarrizko abiapuntua.
2.4.2. Kasu horiek dezente ugaritu daitezkeela aurreikusiz, bereziki kasu horiek
lantzeko prestatu beharko dira langileak, eta beste jatorri kultural
batzuetatik etorritako adingabeko pertsonekin lan egiteko jarriak dauden
baliabide espezifikoen kasuan, berriz, adingabeko horien premia bereziak
izango dira baliabidea diseinatzeko oinarria.
2.4.3. Tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua ere modu berezian landuko
dira neska, mutiko edo nerabeekin egoitza-baliabideetan.
2.4.4. Beste kultura batzuetako neska, mutiko edo nerabeekin egindako
heziketa-lanak euren jatorriko identitate edo nortasunaren alderdiak
sendotu eta indartu beharko ditu, sinesmenak, ohiturak edo elikadurako
azturak bezalakoetan, batzuk aipatzearren.
2.5. Jasandako hutsune, gabezia eta traumatismoei arreta berezia eskaintzea
2.5.1. Egoitza-harreran hartuak izateko arrazoiak gero eta maiztasun
handiagoarekin lotzen direnez adingabekoek jasandako tratu txarrekin
edo egoera traumatikoekin, esperientzia horiek adingabekoetan utzi
dituzten sekuelak eta ondorioak ebaluatzeak garrantzi berezia du. Neska,
mutiko edo nerabe guztiak sakonean ebaluatu beharko dira bere garapen
psikologikoaren inguruan, gerta daitekeen edozein arazo detektatu eta
beharrezko tratamenduetara bideratzeko (ikusi 8. estandarra).
2.5.2. Langileek tratu txar edo abusu-mota bakoitzak ekar ditzakeen ondorio
postraumatikorik usuenak ezagutu beharko dituzte, eta baita kasu
bakoitzean neska, mutiko edo nerabeari laguntzeko modurik egokiena ere.
2.5.3. Egoitza-baliabideek arreta berezia eskaini beharko diete adingabeko
pertsonek dituzten arreta profesional (mediko, psikologiko, etab.eko)
premiei.
85
86
3. ESTANDARRA: ESKUBIDEAK ERRESPETATZEA
E3. Egoitza-harrerako neska, mutiko eta nerabeei emandako arretaren jarduerako
erreferentzia nagusia adingabekoen eta baita horien familien eskubideen errespetua
izango da.
Garrantzia
Neska, mutiko eta nerabeekin egindako lanean, bere eskubideen errespetua
ezinbesteko gidalerroa izan ohi da edozein ingurunetan. Beste ezeren aurretik,
azpimarratu behar da egoitza-harreran aurkitzen diren neska, mutiko eta nerabeen
eskubideak beren familiekin bizi diren gazteek dituzten eskubide berberak direla eta,
beraz, nazioarteko erakundeek prestatu eta gure herrialdean haur guztientzat
indarrean dagoen umeen eskubideen zerrenda onartzeko modukoa da kasu hauetan
ere. Aipatu eskubide horiek babeseko baliabide-egoitzetako bizimoduari begira
aztertzen direnean, bereziki garrantzitsuak diren hainbat alderdi agertzen dira, arauen
artean sartuak izan direnak, batez ere Haurrak eta nerabeak babestu eta zaintzeari
buruzko 3/2005 Legearen 80. artikuluan eta Gizarte-babesik gabeko egoeran dauden
haur eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituen 131/2008
Dekretuko II. tituluan.
Estandar honetan neska, mutiko eta nerabeen, eta baita familien eskubideen
errespetuan praktika ona adierazten duten jarduera eta usadioak bakarrik
azpimarratzen dira. Erabakiak hartzeko prozesuan, eta egoitza-baliabideetako
bizimoduan eta antolamenduan parte hartzeko eskubidea beste estandar espezifiko
baten moduan aztertuko da (bederatzigarren estandarra, zehazkiago esateko),
heziketa-lanerako duen garrantziagatik.
Praktikako adierazleak
3. ESKUBIDEAK ERRESPETATZEA
3.1. Intimitatea espazioen erabileran
3.1.1. Neska, mutiko eta nerabe guztiek bainu-gelak erabiltzeko beharrezko
intimitatea izango dute, eta ixteko sistemak (kisketak, esaterako) erabili
ahal izango dituzte horietan, matxura edo larrialdi-kasuetan langileek
bakarrik kanpotik ireki ahal izango dituztenak.
3.1.2. Gelen erabilera pertsonal eta indibiduala bultzatu beharko da, eta
heziketako taldeek arreta berezia jarriko dute espazio hori behar bezala
errespetatzeko, eta bizikidetza-arau batzuk prestatuko dira gainerako
pertsona guztiek, egoiliarrek nahiz langileek, errespeta dezaten.
3.2. Komunikazioa eta konfidentzialtasuna
87
3.2.1. Agintariek familiekiko harremanei ezarritako murrizketak alde batera
utzita, neska, mutiko eta nerabeei ezingo zaie ukatu inolaz ere bere
familiekiko harremana eta komunikazioa.
3.2.2. Posta jasotzeko eskubidea, telefono-deiak eta bisitak neska, mutiko
eta/edo nerabearen intimitatea errespetatzeko moduan antolatuko dira,
komunikazio edo jakinarazpen horien edukietara adingabeko pertsonaren
baimenik gabe inork ezingo duela sartu bermatzeko modua emango duten
espazioak eta prozedurak sortuz.
3.2.3. Telefonoz kanpokoekin hitz egiteko lekuren bat egongo da, baina
konfidentzialtasuna eta adingabekoaren intimitatea gordez betiere.
3.3. Datuen konfidentzialtasuna
3.3.1. Espedientean agertzen diren datuak eta baita kasu bakoitzeko beste
dokumentuak ere behar bezala zaindu eta gordeko dira, ezinbestean
dokumentu horietarako sarbidea eskatzen duten pertsonei horietara
iristeko modua emanez.
3.3.2. Adingabeko pertsonek datu horietarako sarbidea izango dute, horrek
kalterik ekartzen ez badie behintzat.
3.3.3. Egoitza-baliabide bakoitzeko pertsona profesionalek sekretu
profesionalaren printzipio deontologikoa onartu behar dute, eta
informazio pertsonalen batera iristeko modua duten gainerako guztiei ere
(boluntarioak, praktiketan daudenak, etab.) errespetaraziko diote.
3.4. Tratu duina eta abegitsua
3.4.1. Adingabeko pertsonekiko harremana errespetuan eta maitasunean
oinarritutako jarrerarekin egingo da. Ez da onartuko ezizenak erabiltzea,
ezta neska, mutiko edo nerabeek beraiek erabili eta onartzen badituzte
ere.
3.4.2. Portaera desegokiengatiko zehapenak eta horien ondorioak Heziketako
Neurri Zuzentzaileen Protokoloan ezarritakora egokitu eta moldatuko dira.
3.5. Erreklamazioak eta iradokizunak
3.5.1. Egoitza-baliabideek ahalegin berezia egingo dute langileen aldetik nahiz
gainerako gazteen aldetik ere modu desegokian tratatua sentitzen den
edozein neska, mutiko edo neraberi, bere arazoa konfiantza osoarekin eta
erabateko konfidentzialtasunez azaltzeko modua emango dioten
prozedurak martxan jartzeko.
3.5.2. Prozedura horiek neska, mutiko eta nerabe guztiek sarrerako unean
jasotzen duten informazioaren barruan egongo dira, eta prozedura horiei
esker arazoa egoitza-baliabideko arduradunen eskuetara pasatu ahal
izango da (kasuaren arduraduna, haurrak babesteko profesionalak, etab.),
edo baita haurrak artatzeko erakundeen eskuetara ere.
3.5.3. Neska, mutiko eta nerabeek beren kasuaz arduratzen den profesionala
zein den jakin beharko dute, eta pertsona horrekin une oro harremanetan
jartzeko aukera eduki beharko dute, eta egoitza-baliabideetako gainerako
profesionalek ezingo dute inolaz ere harreman hori mugatu edo murriztu.
88
3.6. Familien eskubideak
3.6.1. Beren seme-alabekiko eskubideetan inolako muga edo murriztapenik ez
duten familiei ezingo zaie harreman hori ukatu. Harreman horietan jar
daitekeen muga bakarra egoitza-baliabideetako ordutegiak eta
antolamendua errespetatu beharrak dakarrena da.
3.6.2. Heziketako lanaren barruan sartzen da talde familiarrari bideratutako
helburuak eta xedeak lortzea ere, eta horretarako hainbat alderdi sustatu
beharko dira: familiak adingabekoetara hurbiltzea, prozesuan parte
hartzeko familiak duen motibazioa eta baita familia bera heziketako lanen
subjektu izatea ere (ikusi 13. estandarra).
89
4. ESTANDARRA: OINARRIZKO PREMIAK
E4. Neska, mutiko eta nerabe guztiek behar bezala estaliak eduki behar dituzte
premiarik oinarrizkoenak, esate baterako elikadura, arropa, edo poltsikorako dirua,
adingabekoen adin diferenteetara eta bakoitzaren zirkunstantzia pertsonaletara
egokitutako irizpide sozial normalizatzaileak erabiliz betiere.
Garrantzia
Egoitza-harreraren barruan badira behar bezala garatuak izateko gomendio eta irizpide
zehatzak eskatzen dituzten oinarrizko alderdi batzuk. Egoitza-baliabideen egitekoetako
bat horixe da, hain zuzen ere, neska, mutiko edo nerabeari oinarrizko premia eta
beharrizanak berehala estali eta beteko dizkion inguruneak osatzea. Izan ere, hain
oinarrizkoak direnez, premia horiek ondo beteta daudela pentsatzen baita sarritan,
uste hori frogatuko lukeen azterketa zehatz eta espezifikoagorik egin gabe.
Praktikako adierazleak
4. OINARRIZKO PREMIEN ESTALDURA EGOKIA
4.1. Elikadura, adinaren arabera egokitua eta irizpide dietetikoekin
4.1.1. Elikadura ondo planifikatu behar da egoitza-baliabideetan, dietetika-
mailako irizpideei jarraituz betiere, elikagaiak haurren adin desberdinetara
eta horietako bakoitzaren premietara egokituz, zona geografiko eta urte-
sasoien araberako beharrizanei ere erreparatuz.
4.1.2. Otorduak, beraz, premia eta beharrizan horien arabera planifikatu eta
garatuko dira, ahal den neurrian aurrez prestatutako platerak erabiltzea
saihestuz, edo era berean erosoagoak izan arren neska, mutiko eta
nerabeentzat ez hain gomendagarriak diren prozesuak alde batera utziz.
4.1.3. Otorduen garaiak heziketa-eremutzat hartu behar dira, horietan
oinarrizko premia hori betetzeaz gain, beste hainbat gauza ere ikasten
baitira, adibidez arauak, ohiturak eta elikagai berrien aurrean izan
beharreko jarrerak. Langileek neska, mutiko eta nerabeekin batera egin
beharko lituzkete otordu nagusiak, ahalik eta giro familiarrenean gerta
daitezen. Heziketaren barruan elikagai diferenteak dastatzen saiatuko da,
betiere oinarrizko elikagaiak jateko baldintzarekin, elikadura bariatua
baina neurriz moderatua eginez eta gozatuz
4.1.4. Neska, mutiko eta nerabeak otorduen prestaketan, erosketetan eta
planifikazioari buruzko iradokizunetan parte hartzera animatu behar dira.
4.2. Autonomiarako irizpideak elikaduran
4.2.1. Egoitza-baliabideetan, neska, mutiko eta nerabeek hozkailura inolako
trabarik gabe iristeko modua eduki behar dute, fruta, esnea eta aldez
90
aurretik erabakitzen diren bestelako produktu osasungarriak bertan
kontsumitzeko.
4.2.2. Nerabeek eta neska eta mutiko koskortuagoek aukera eduki beharko
dute sandwich-ak, gosariak eta bestelako jaki txikiak prestatzeko. Alderdi
horiek guztiak heziketako lanaren barruan sartuko dira.
4.3. Arropa
4.3.1. Harrerako etxeetan neska, mutiko eta nerabeek eguneroko egoera eta
jarduera desberdinei aurre egiteko janzki egokiak badituztela zirtatuko
beharko da.
4.3.2. Arropa gelako armairuetan egongo da, adingabeko pertsonek
erabiltzeko moduan; arroparen erabilera eta horren txukunketa eta
antolamendua heziketako lanean jorratu beharreko gaia izango da.
4.3.3. Arroparen erosketa modu normalizatuan egingo da, eta horretarako
neska, mutiko eta nerabeekin joango dira komunitatean dauden arropa-
dendetara, kontrako arrazoi sendorik ez badago bederen.
4.3.4. Arropa aukeratzea, eta horretan gastatutako aurrekontua puntu
garrantzitsuak dira heziketa-lanaren barruan, behar bezala erabakitzeko
laguntza eskatzen baitute.
4.3.5. Nerabeen kasuan, beraiek nahi izanez gero, erosketak bere kasa egiteko
aukera eman behar zaie, bai mutilei eta bai neskei ere.
4.4. Higieneko ekipamendua
4.4.1. Beren higiene eta itxura pertsonalerako beharrezkoak diren oinarrizko
produktuak eduki beharko dituzte nerabeek: bizarra mozteko tresnak,
desodoranteak, ilea zaintzeko produktuak eta kosmetiko batzuk.
4.4.2. Nesken kasuan, garrantzitsua da hilekoarekin lotutako premietarako
ekipamendu higieniko egokia edukitzea, eta puntu horren inguruan bere
gustukoak diren alternatibak aukeratzeko eta erabiltzen jakiteko adina
informazio edukitzea.
4.5. Poltsikorako dirua erabiltzea
4.5.1. Beste edozein neska, mutiko edo neraberen kasuan gertatzen den
bezala, egoitza-baliabideren batean hartuak daudenek ere diru-kopuru bat
eduki beharko dute astero, bai asteburuan edo baita beste edozein
unetan ere egin ditzaketen gastuetarako.
4.5.2. Kopuru horri beste pizgarri batzuk gehi dakizkioke, helburuak
betetzeagatik edo erantzukizun bereziak bere gain hartzeagatik. Gerta
liteke baita ere diru-kopururen bat kentzea adingabekoak egindako
kalteren bat konpontzeko zigor moduan (ikusi 11. estandarra).
4.5.3. Aurreko kasuetan bezala, dirua oinarrizko premia izateaz gain heziketa-
lanaren gai ere bihur daiteke, bai diruaren balorazioari dagokionez, eta
baita aurrezteko ohiturari, gastuak aukeratzeari eta antzeko beste puntu
batzuei dagokienez ere.
91
4.5.4. Bereziki zaindu beharreko puntua izango da neska, mutiko eta nerabeek
dirua edukitzearena eta diru hori gordetzearena, eta horretarako leku
egokiak eskainiko zaizkie, adinean aurrera doazenei batez ere.
4.6. Garraiobideak
4.6.1. Neska, mutiko eta nerabeek eduki ditzaketen jatorri geografikoak
askotarikoak direnez, eta normalean beren familiekin harreman estua
mantentzeko premia eduki ohi dutenez, adingabekoak beren helbideetara
garraiatzeko beharra ere oinarrizko premia bat bezala hartu behar da, ez
diruak edo ezta bestelako faktore batek ere baldintza ezin dezakeen
premia bezala.
4.6.2. Egoitza-baliabideek garraiobide komunitarioen erabilera lehenetsi
beharko dute ahal den neurrian, eta ibilgailu propioaren beharra dagoen
kasuetan, horietan ez da erakundearen edo egoitza-baliabidearen izena
erakutsiko duen adierazlerik edo errotulurik jarriko.
92
5. ESTANDARRA: IKASKETAK ETA PRESTAKUNTZA
E5. Neska, mutiko eta nerabe guztiek beren adinera edo bere interesetara egokitu eta
moldatuak dauden ikasketak eta trebakuntza egin beharko dituzte. Eskola-
errendimenduan arazoak agertzen direnean, beharrezko laguntza guztiak bilatu eta
sustatu beharko dira, egoitza-baliabidean bertan ikasteko ohitura egokiak landu, eta
ikaskuntza nahiz motibazioaren aldetik ager daitezkeen arazoak gainditzeko programa
eta ataza bereziak jorratzeaz gain. Lanean aritzera bideratutako trebakuntzak izango
du erabateko lehentasuna, beren ikasketekin jarraitzeko perspektibarik ez duten
adingabekoen kasuan.
Garrantzia
Garapenean zehar jasotako heziketa eta lortutako prestakuntza-maila dira
adingabekoak gizarteratzeko dituen aukeren aurresale onenetakoak. Neska, mutiko
eta/edo nerabeek ez dutenean ikasketa-maila nahikorik lortzen, edo eskolako
ikasketak garaia baino lehen uzten dituztenean, helduaroan izan ditzaketen aukerak
eta posibilitateak nabarmen murrizten dira. Horregatik, ikasketak sustatzea eta
eskolatzean eta prestakuntzan behar adinako aurrerabidea egitea eragotzi dezakeen
edozein oztoporen kontra borrokatzea lehentasunezko helburuak izango dira egoitza-
baliabideetan eta heziketako programetan. Heziketa-proiektuek argi eta garbi azaldu
beharko dituzte eskolatzera eta prestakuntzara bideratutako helburuak, jarduerak,
bitartekoak eta estrategiak, eta alderdi horrek funtsezko atala osatuko du proiektu
horien barruan.
Praktikako adierazleak
5. IKASKETAK ETA PRESTAKUNTZA
5.1. Eskolatze normalizatua
5.1.1. Beren adinagatik horrela dagokienean, adingabeko guztiak
komunitateko ikastetxeetan eskolatuak egongo dira, euren premia
partikularrak ahalik eta hobekien estaltzeko eta joan-etorrietarako
erraztasun gehien eskaintzeko irizpideei erreparatuz.
5.1.2. Ikastetxean heziketa berezia edo laguntza espezifikoak behar dituzten
neska, mutiko edo nerabeen kasuan, ikastetxeak heziketako bitarteko eta
tresna egokiak edukitzea izango da egoitza-baliabidea aukeratzeko orduan
kontuan hartu beharreko irizpidea.
5.2. Eskolako lana bultzatzea
5.2.1. Heziketa-taldeak arreta berezia jarriko dio eskolako eguneroko lanari,
eta funtzionatzeko irizpideak behar bezala planifikatuak eta xehatuak
edukiko ditu.
93
5.2.2. Eskolako lanetan emandako laguntza ahalik eta modu
indibidualizatuenean egingo da, ikasketa-aretoetan neskak, mutikoak edo
nerabeak egunean zehar bizi izan duen giro bera eratuko luketen taldeak
osatzen ibili gabe alegia. Ikasketa-prozesua, ahal dela bederen,
adingabekoen geletan egingo da, edo eginkizunak modu indibidualean
garatzeko modua emango duten lekuetan bestela.
5.2.3. Beharrezkoa gertatuz gero, eskolako indargarriak edo laguntzak bilatuko
dira, bai ikastetxearen beraren barruan, horrelakorik balego, eta baita
egoitza-baliabideko edo komunitateko laguntzako irakasleen bitartez ere.
5.3. Ikasketarako ekipamendua eta materiala
5.3.1. Egoitza-baliabideek beharrezko material guztiak emango dizkiete neska,
mutiko eta nerabe ikasle guztiei, ikastetxe bakoitzean ezarritakoari
jarraituz betiere.
5.3.2. Egoitza-baliabidean, aldiz, beharrezkoak diren laguntzako materialak
emango zaizkie adingabekoei, hiztegiak, entziklopediak eta oinarrizko
bibliografia lagungarria bilduko dituen liburutegi txiki bat esate baterako,
eta baita ordenagailua eta Internetera sartzeko modua ere.
5.4. Ikasketa-trebetasunak indartzeko jarduerak eta programak
5.4.1. Nahiko maiz gertatzen da egoitza horietan artatutako neska, mutiko eta
nerabeek eskola-errendimenduan arazoak edukitzea, arretari edo
oroimenari dagozkion trebetasunetan, edo mintzamenarekin,
idazketarekin eta irakurketarekin lotutako trastornoak bestela. Sarreran
egindako ebaluazio psikologikoak gisa horretako arazoak detektatzera
bideratuak egon behar dute eta, horrelako diagnostikoren bat egiten
bada, heziketa-taldeak errekuperazio-lanari emango dio lehentasuna,
teknikariek trastorno edo hutsune horiek tratatzeko egoki iritziko dieten
programak eta jarduerak baliatuz horretarako.
5.5. Ikasteko trebetasunak eta ohiturak
5.5.1. Egoitza-baliabideetako programazioen barruan, lehentasunen artean
ikasketa-garaian dauden adingabeko guztientzat ikasteko trebetasunak
eta ohiturak garatzeko helburua ezarriko da, eta eduki hori beharrezkoa
den kasuen heziketako plan indibidualetan sartuko da.
5.5.2. Heziketako langikeek prestakuntza berezia edukiko dute ikasteko
tekniketan, adingabekoekin teknika horiek lantzeko eta ohitura horiek
eskuratzeko giro egokiak sortzeko modua izan dezaten.
5.6. Laneko prestakuntza
5.6.1. Ikasketekin jarraitu nahi ez duten edo ezin duten nerabe koskortuagoen
kasuan, laneko prestakuntzari emango zaio lehentasuna, komunitatean
dauden gisa horretako bitartekoak baliatuz horretarako.
5.6.2. Lan egiteko adinean dauden nerabeekin, berriz, laneko bitartekoak
edukitzen saiatu beharko da, eta baita enplegua sortzen ere,
adingabekoek bertan hasteko modua izan dezaten.
94
95
6. ESTANDARRA: OSASUNA ETA BIZI-ESTILOAK
E6. Neska, mutiko eta/edo nerabe guztiek asistentzia sanitario eta terapeutiko egokia
jaso beharko dute, eta baita bizimodu-estilo eta bizitzeko ohitura osasungarriak
eskuratzeko heziketa aproposa ere, heziketa afektiboa eta sexuala multzo handi
horren barruan sartuz lehentasun osoz.
Garrantzia
Osasunaren barruan sartuko dira arreta sanitarioa, batetik, Gizarte Segurantzako
estaldurak konponduko lukeena printzipioz, eta osasunerako heziketa esaten zaiona,
bestetik. Tratamendu eta terapietako batzuk baliabide eta bitarteko pribatuak
eskatuko dituzte zenbait kasutan, atentzio psikologikoa, logopediakoa,
psikomotrizitatekoa edo are estomatologiako arreta ziurtatzeko. Osasunerako
heziketari dagokionez, berriz, arreta gutxirekin zaindutako eremua izan da hori
betidanik, egoitza-baliabideetan artatutako adingabekoak sarritan gaixotasun
garrantzitsuen arrisku-taldeen barruan aurkitzen diren arren. Aurrekoez gainera,
heziketa afektibo-sexualarekin zerikusia duten alderdiak ere, osasun soilaz haratago
doazen gaiak izanik ere, eremu honetan aurki dezakete modu erraz eta hurbilekoan
jorratzeko lekurik aproposena.
Praktikako adierazleak
6. OSASUNA ETA BIZI-ESTILOAK
6.1. Arreta sanitarioa
6.1.1. Osasun-estaldurak erabat bermatua egon beharko du adingabeko
pertsona guztientzat. Hasierako azterketa mediko osoa egin beharko da
baliabidean sartzeko unean bertan, zainketa edo tratamendua eskatzen
duen edozein arazo modu goiztiarrean detektatzeko. Era berean,
aldizkako azterketak eta jarraipen medikoak ere egin beharko zaizkie
ezinbestean adingabekoei.
6.1.2. Tratamendu osagarriak —aho-hortzetako osasunarekin lotuak,
adibidez, edo gizarte-segurantzak erabat estaltzen ez dituen beste
batzuk— behar dituen edozein neska, mutiko edo nerabek tratamendu
horiek jasotzeko eskubidea izango du.
6.1.3. Era guztietako tratamenduak (psikologikoak, psikomotrizitatekoak,
logopediakoak, etab.) behar direnean, trastorno edo akatsen bat
lehenbailehen tratatzeko modua emango duten erantzun egokiak eta
bizkorrak jarriko dira martxan. Egoitza-harreran emandako denborak
babeseko denbora izan behar du definizioz, baina baita errekuperaziokoa
ere.
6.2. Osasun-historiala eta erregistroa
96
6.2.1. Baliabidean hartutako adingabeko pertsonen kasu guztietan osasun-
historiala jaso beharko da, arreta berezia eskainiz arazo kronikoei, alergiei
edo zainketa eta babes espezifikoak behar dituzten gaixotasunei.
6.2.2. Abegiko edo harrerako aldiak irauten duen bitartean osasun-erregistroa
eguneratua mantenduko da eta bertan apuntatuko dira jarritako txertoak,
gorabeherak, gaixotasunak eta jasotako tratamendu guztiak (erregistro
hori SERARen sartuko da).
6.3. Osasunerako heziketa
6.3.1. Egoitza-baliabideek heziketa-mailako programa, arau eta irizpide
zehatzak garatuko dituzte tabakoaren kontsumoaren inguruan.
Baliabideetako langileek eredu eta erakusgarri izan beharko dute,
ingurune horietan alkoholik eta tabakorik kontsumitu gabe. Gai horiei
buruzko heziketa-lana planifikatzean erabateko lehentasuna izango du,
modu indibidualean ahal izanez gero, taldeko eztabaida moduan lantzeko
informazio-jarduerak probetxugarriagoak diren arren. Beste gai batzuk,
hala nola higiene pertsonala, elikadura, alkohol, tabako edo beste
substantzia batzuen kontsumoa eta gaixotasun infekziosoen prebentzioa,
ordea, espezifikoki landu beharko dira.
6.3.2. Heziketa afektibo-sexuala. Sexualitatea, bere ikuspegi eta aldagai
desberdinetan, lehentasunezkoa izango da neska-mutikoen heziketan, eta
batez ere nerabeen heziketan. Heziketako langileek prestakuntza sendoa
eduki beharko dute sexu-heziketaren eremuan, adingabekoekin duten
eguneroko bizikidetzaren giroan bertan eduki horiek beraiek bakarrik
landu eta jorratzeko.
6.3.3. Egoitza-baliabideek adin desberdinetara egokitutako heziketa-
programak landu eta garatuko dituzte modu sistematikoan, adingabeko
pertsonei eduki horietan inplikatzeko eta horiekin motibatzeko aukera
emango dieten tresnak eta jarduerak erabiliz horretarako.
97
7. ESTANDARRA: NORMALIZAZIOA ETA INTEGRAZIOA
E7. Egoitzako arretaren oinarria eta funtsa etxeko moduko giro goxo eta abegitsua
sortzea izango da, normalizazioko irizpideei jarraituz, bertako eremuak, ekipamenduak,
erritmoak eta errutinak edozein neska, mutiko edo nerabek bere familiarekin batera
bizi denean goza ditzakeenen antzekoak izan daitezen. Normalizazioko irizpideari
jarraituz, neskak, mutikoak edo nerabeak komunitateko jarduera eta zerbitzuetan
integratu beharko lirateke, trebetasun sozialak eskuratu eta baliabide komunitarioak
erabiltzen ikasteko.
Garrantzia
Normalizazioaren kontzeptua oso garrantzitsua gertatu da egoitzako harrera edo
abegi-sisteman. Izan ere, kontzeptu horren esanahi nagusiaren arabera, gizarte-
zerbitzuek artatutako pertsonak ez lirateke sozializazio edo gizarteratzeko bideetatik
apartatu behar, eta gainerako hiritarrek gozatzen dituzten baliabide eta bitarteko
berak erabili eta baliatu beharko lituzkete. Zentzu horretan, garai batean
adingabekoentzat sortu ohi ziren erakunde nagusiak ikuspegi horren kontrako
paradigma izan dira gehienetan, neska, mutiko eta nerabe ugarirentzat eskoletatik,
komunitatetik eta bizimodu familiar eta etxekoiago batetik aldentzen zituen bizitzeko
moduak eratzen baitziren horietan. Egoitza-baliabideak sortzeko orduan, bertan
egingo den eguneroko bizimoduaren irizpide nagusia bere familiarekin bizi den edozein
neska, mutiko edo nerabek daukan bizimodu-ereduaren ahalik eta antzekoena den
eredua irudikatzea izan behar du, ahal den punturaino. Eta horretan nabarmentzeko
moduko gaia da komunitateko gizarte-baliabideetan barrena egindako zirkulazioa
(ibilbidea???) eta horrek berekin daraman gizarteratzea.
Praktikako adierazleak
7. NORMALIZAZIOA ETA INTEGRAZIOA
7.1. Aisia eta gizarte-harremanak komunitate-giroan
7.1.1. Neska, mutiko eta nerabeek, partaide diren komunitatearen barruan,
aisiaz, kirolaz eta adiskidetasunezko harremanez gozatuko dute.
7.1.2. Komunitatearen barruan jarduerak egiteko motibatuak izango dira,
trebetasun berriak eskuratu eta aisiaz gozatzeaz gain, adiskide berriak egin
eta lotura afektiboak ezartzeko modua eduki dezaten. Egoitza-baliabideek
gisa horretako bitartekoetara sartzeko modua erraztuko diete
adingabekoei.
7.2. Adiskideak eta bisitak etxean
7.2.1. Adiskidetasuneko harremanak normalizatzeko bidean, garrantzi
handiko irizpidea da adiskideak beren etxeetan bisitatzeko aukera eta
98
baita horiek egoitza-baliabidean bisitan hartzeko aukera ere edukitzea.
Egoitza-baliabideek irizpide argiak ezarri beharko dituzte neska, mutiko
eta nerabeek beren lagun eta adiskideak ekar ditzaketela, eta baita horiek
ekartzeko modua ere zer-nolakoa den jakin dezaten, urtebetetzeak edo
bestelako egun bereziak ospatzeko batez ere. Eta hori guztia egoitza-
baliabide batzuetan garai horretan bisitak ez onartzea gomendatzen duten
egoera puntualak gerta daitezkeela ahaztu gabe.
7.3. Komunitateko baliabideak eta bitartekoak ezagutzea
7.3.1. Komunitateko denda eta establezimenduetan arropak neska, mutiko
eta nerabeekin batera erostearen garrantzia aipatu zen 4. estandarrean.
Ideia hori beste egoera batzuetara ere zabaltzeko modukoa da, eta kasu
horietan neska, mutikoa edo nerabea hezitzailearekin batera joango da
hainbat denda edo establezimendutara, saltegi horiek pixkanaka ezagutuz
joateko eta egoera horietan nola jokatu behar duen jakiteko.
7.3.2. Adingabekoaren adinak eta garapenak horretarako aukera eman ahala,
neska, mutikoa edo nerabea bera izango da bere kasa denda eta
establezimendu horietara joan eta erosketak edo izapideak egingo dituena
(bankuak, erakunde ofizialak, etab.).
7.3.3. Garraio-zerbitzuak bere kasa erabiltzen ere ikasi beharko dute
adingabekoek, beti egoitza-baliabideetako ibilgailuak erabili ordez,
baliabidea kokatua dagoen zonagatik horretarako oztopo eta zailtasun
handiak dauden kasuetan izan ezik.
7.4. Baterako heziketa edo koedukazioa etxeetan
7.4.1. Egoitza-baliabideek irizpide ireki eta malguak edukiko dituzte
koedukazio edo baterako heziketari dagokionez, eta horretarako saiatuko
dira taldeak bi sexuetako neska, mutiko edo nerabez osatzen, etxe
barruan bi sexuen arteko harremanak nolakoak izan behar duten
erakutsiko dien giroa izateko eta genero-ikuspegitik berdintasun eta elkar
ulermeneko ikaskuntza garatzeko.
7.4.2. Egoitza-baliabide batek uste badu ez duela irizpide hori aplikatu behar,
bere egoera berezia delako, edo une horretan artatzen ari den kasuistika
zehatzak horrela eraginda, behar bezala justifikatu beharko du bere
heziketako proiektuan.
7.5. Sexu bietako heziketa-ereduak
7.5.1. Egoitza-baliabideetako heziketa-taldeek gizonezkoen eta emakumeen
kopuru ahalik eta orekatuena eduki beharko dute beren osaeran, bertako
neska, mutiko eta nerabe guztien identifikazio-prozesuak eta ikasketak
ahal bezain modurik errazenean eta mesedegarrienean gerta daitezen.
7.5.2. Bereziki desegokitzat joko da egoitzako langile-taldea gizonezkoz soilik
edota emakumez bakarrik osatua egotea.
7.5.3. Administrazioak eta erakunde laguntzaileek politika bateratuak garatu
beharko dituzte, gizonezkoak nahiz emakumeak era bertsuan hurbil
99
daitezen eremu honetara, eta alor horretan sexu biek duten prestakuntza
ere antzekoa izan dadin.
7.6. Malgutasuna eta eguneroko bizimodua
7.6.1. Neskak, mutikoak eta nerabeak modu naturalean garatzeko baliatu ohi
dituzten giro familiarrek arau, ordutegi eta jarduera gutxi-asko antolatuak
eta esplizituak edukitzen dituzte normalean. Hala ere, neska, mutiko eta
nerabeek askatasun osoz erabil dezakete denboraren zati bat eta, edonola
izanik ere, beti egon ohi da malgutasun-maila bat egoera diferenteei eta
apartekoei aurre egin ahal izateko. Eta egoitza-baliabideek programazio
zorrotzagoa behar duten arren, horietan pertsona eta bitarteko
diferenteak koordinatu behar direnez, eguneroko bizimoduan ahalik eta
malgutasunik handienarekin jokatu behar da.
7.6.2. Neska, mutiko eta nerabe bakoitzak aukera izango du, arrazoizko
marjina batzuen barruan, bere garbiketa, ikasketa edo baita afaltzeko
ordutegia ere aldatzeko (adibidez, kirol-talderen batean entrenamendua
eduki ondoren etxera beranduago iristen bada), eta horrela bere bizitzan
sartzen den hautaketa eta erantzukizuneko osagaia beste kasu batzuetan
aurreikusitako erritmora egokitzea bezain garrantzitsua izango da
adingabekoarentzat.
7.7. Asteburuak
7.7.1. Kulturalki, asteburuetako denborak aste osoko jarduera eta erritmoekin
hausteko unea esan nahi du edozein pertsonarentzat, baina bereziki
neska, mutiko eta nerabeentzat. Tarte horretan neskak, mutikoek edo
nerabeek euren aukera eta hautaketa propioak egiten dituzte, beren adin
eta gustu pertsonalen arabera, lagun eta adiskideekin irteerak eginez
hainbat helburu betetzeko (paseoak, jolasak, ikuskizunak nahiz kirolak).
Asteburuan jarduera eta harreman sozialak aukeratzeko ahalmen hori, eta
aste barruko ordutegi eta erritmoak hausteko modua bermatuak egon
behar dute egoitza-baliabideetan.
7.7.2. Ezinbestekoa izango da asteburuetan behar adina langile egotea
egoitzetan, neska-mutiko txikienek ere irteteko eta entretenitzeko aukera
horiek disfrutatzen dituztela ziurtatzeko.
7.7.3. Ohetik jaikitzeko, gosaltzeko eta oheratzeko orduak ere gainerako
astegunetan ez bezalakoak izango dira asteburuetan.
100
8. ESTANDARRA: GARAPENA ETA AUTONOMIA
E8. Egoitza-baliabideetan eskainiko den arretak, bertan artatutako neska, mutiko eta
nerabeen hazkundea eta garapena modu sendoan indartuko dituen heziketa-giro bat
sortzea izango du enfoke eta helburu nagusitzat. Jarduerak, errutinak eta erritmoak
adingabekoek autonomia eta garapeneko pautak eskuratzeko behar dituzten
abaguneak ahalik eta gehien aprobetxatzera bideratuko dira, bai ikaskuntza eta
esperientzia berriak bultzatuz, eta baita garapen egokia oztopa dezaketen hutsuneak
eta defizit edo eskasiak berreskuratzeko lan espezifikoaren bidez ere.
Garrantzia
Aditu gehienak ados daude eta horregatik, egoitzako harrera adingabekoarentzako
irtenbide egonkor eta iraunkorra bilatu artean erabili beharreko aldi baterako tresna
bezala hartu ohi da gaur egun. Egonaldiak murriztu egingo dira, babes-sistemak
irtenbide horiek malgutasunez aurkitzen dituen heinean. Egoitzan hartuak diren
adingabeko pertsonak gero eta arazo sozial gehiagorekin, arazo emozional edo
heldutasunezko arazo gehiagorekin iristen badira, eta horrez gain egonaldiak laburrak
badira, nahitaezko ondorio gisa pentsa daiteke ezen esku-hartzeek gutxieneko
helburuak lortzeko bide bakarra kasu bakoitzaren premiak eta beharrizanak modu
gogor eta zentratuan lantzea izango dela. Neska, mutiko edo nerabea garapen bidean
dagoen eta, beraz, kasu askotan bizimodu heldu eta independenterako trantsizio-
bidean heldutasun eta sozializazioko helburu batzuk lortzeko estimulatua, gidatua, eta
babestua izateko premia duen izaki edo subjektu bezala hartzea izan behar du
egoitzako harrera eta arreta-lanaren abiapuntua. Edozein etapa da garrantzitsua, baina
bakoitzak ditu bere eskakizun eta baldintza propioak. Beharrezkoa da heziketa-lan
gogorra egitea, garapeneko helburuek gidatua betiere, kasuak ezarria daukan xede
nagusiari begira batez ere.
Praktikako adierazleak
8. GARAPENA ETA AUTONOMIA
8.1. Heziketako esku-hartzearen intentsitatea
8.1.1. Egoitza-baliabideko arreta lan intentsibotik abiatuz planteatu beharko
da, adingabekoaren garapena eta hazkunde pertsonala sustatuko duten
behar adina jarduera-mota eta egiteko prestatuz, eta baita heziketako
taldeari kasu bakoitzaren premiak eta beharrizanak ondo baloratu eta
jarduerarik egokienak aurrera eramateko modua emango dioten tresna
eta teknikak erabiliz ere.
8.1.2. Intentsitatea ebaluazioko tresnen bilaketan gauzatzen da, lan
indibidualeko nahiz talde-laneko tekniketan, jarduera berrien
esperimentazioan, esperientzia desberdinen bilaketan, askotariko
101
jardueren eskaintzan, esku hartzeko programa berrien aplikazioan eta
emaitzen alkantzua edo irismena ebaluatzeko erakutsitako interesean.
8.1.3. Alderdi jakin batzuk lantzeko—adibidez, trebetasun sozialak, ezagutza-
mailakoak, bizimodu independenterako trebetasunak, judizio morala edo
arazoen ebazpena bezalakoak lantzeko, beste batzuen artean—, aurrez
prestatutako programak erabiltzea nahitaezko praktika egokia izango da.
8.1.4. Kontrako muturrean, bereziki desegokitzat joko dira trebetasun berriak
eskuratzeko bizikidetzako eremuak erabiltzen ez dituzten egoitza-
baliabideen heziketa-lana, edo ez ebaluazioko tresnarik ezta ikaskuntzako
programa espezifikorik ere erabiltzen ez dituztenak, horietan eskainitako
egoitzako arreta eguneroko laguntza edo akonpainamenduan oinarritzen
baita (eta azkeneko hori beharrezko alderdia izanik ere, ez da nahikoa
adingabekoei emandako arreta osoa bere gain hartzeko).
8.2. Heziketako lan errehabilitzatzailea
8.2.1. Egoitza-baliabidean artatutako neska, mutiko eta nerabeek tratu
txarrak eta muturreko gabezia-egoerak jasan dituzte zenbait kasutan, eta
oso usua da adingabeko horiek portaerako trastornoak, desorekak eta are
garapenean atzerapen gutxi-asko larriak ere edukitzea. Arazo horiek behar
bezala ebaluatzea lehentasunezko egitekoa izango da, ondoren
errehabilitazioko esku-hartze bat programatu ahal izateko, arestian 2.
estandarrean adierazi den bezala.
8.2.2. Kontuan eduki behar da defizit horietako asko heziketa eta zainketako
eredu desegokien pean egotetik datozela, eta neskak, mutikoak edo
nerabeak heziketa-eredu egokiak esperimentatzea izango da arazoen
konponbiderik onena. Arazo horietako asko pertsona hezitzaileen lan
iraunkor eta etengabeari esker bakarrik gainditzen dira, egoitza-
baliabideko giroak arrazoizko denbora-epe batean eduki dezakeen
eraginaren laguntzarekin. Neska, mutiko edo nerabe guztiek dauzkaten
arazoak (arreta-arazoak, oroimenekoak, arrazonamendu edo trebetasun
sozialen ingurukoak, etab.) errekuperatzeko bereziki egokiak diren
jarduerak eta esperientziak jaso beharko dituzte beren eguneroko
bizimoduan, aurrez egin den hasierako ebaluazioaren arabera.
8.3. Igurikimen eta erabakien inguruko lana
8.3.1. Haurrak babesteko egin ohi diren esku-hartze prozesuetan neska-
mutikoen etorkizunarentzat eta batez ere nerabeen etorkizunarentzat
garrantzitsuak diren erabakiak hartu beharra gertatzen da une jakin
batzuetan. Adingabeko horiek, norberaren adinaren eta garapenaren
arabera, parte-hartze aktiboa izan behar dute prozesu horretan, beraien
familiek bezalaxe. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa da elkarrizketa
indibidualeko lana, adingabekoaren egoeraren arrazoiak, uneko egoera
eta bere igurikimenak eta nahiak aztertzeko. Elkarrizketa hori ez da
berehala hartu beharreko erabaki baten aurreko premia puntual bat,
hezitzaile bakoitzak aurrera eraman behar duen lanaren ezinbesteko zatia
baizik.
102
8.3.2. Adingabekoaren sarrera gertatzen denetik, eta adinaren eta kasuaren
ezaugarrien arabera, pertsona hezitzailea beharrezko diskrezio eta
zuhurtziarekin hurbilduko da adingabekoarengana, baina bere laguntza
eskainiz argi eta garbi, neskak, mutikoak edo nerabeak gertatzen zaiona
modu egokian prozesatu eta uler dezan. Eta bereziki garrantzi handikoa da
adingabeko pertsona bakoitzarekin bere etorkizunaz hitz egitea, dituen
aukera, alternatiba eta kezkez hain zuzen ere. Hezitzaileak edo hezitzaile
tutoreak bereziki zaindu beharreko alderdia da hori.
8.3.3. Egoitza-baliabideak arreta handiz programatu beharko ditu bere xedeak
eta helburuak, bere metodologia egokituz etengabe, eguneroko jardueran
arazo horiek guztiak behar bezala jorratzeko aukera emango duten lan
indibidualeko, elkarrizketako eta intimitateko aldiak txandakatu ahal
izateko.
8.4. Ardurak eta erantzukizunak gehitzea
8.4.1. Egoitzako bizimoduari egotzi izan zaion kritikarik gogorrenetakoa
bertan sortzen zen mendekotasunagatik eta pasibotasunagatik izaten zen,
horrek oztopo eta zailtasun ugari ekartzen baitzituen gizartearen
errealitateari aurre egiteko orduan. Horregatik, egoitza barruan egindako
bizikidetzan neska, mutiko edo nerabe bakoitzak, bere adinaren eta
garapenaren arabera, ardurak eta erantzukizunak hartzen joateko
konpromisoa sartu beharko litzateke.
8.4.2. Erantzukizun horiek besteekin batera bizitzeak dakartzan alderdi
desberdinekin lotuak egongo dira: garbitasuna, ordena, antolamendua,
sukaldea, erosketak eta ikasketak, beste batzuen artean. Arreta berezia
jarriko da etxeko lanak egiterakoan nesken eta mutilen artean
desberdintasunik egon ez dadin.
8.5. Independentziarako trebetasunak
8.5.1. Adingabeko pertsonak nerabezarora eta helduarora hurbilduz doazen
heinean, lehentasunezko kontua da autonomia eta independentziarako
trebetasunekin zerikusia duten helburuak ezarri eta horiek lantzea.
Kozinatzen ikastea, etxe bat aurrera eramatea, erosketak egitea,
komunitateko zerbitzuen inguruko izapideak egitea, edo norberaren
arropa zaintzea dira kontuan hartu beharreko alderdietako batzuk.
8.5.2. Egoitza-baliabideek duten egitura bera dela medio (barruko espazioen
banaketagatik edo egitekoak banatzeko moduagatik) neska eta mutiko
koskortuagoek jarduera horiek guztiak jokoan jarri eta asimila ditzakeen
talde baten barruan bizitzeko duten aukera zaildu egiten da sarritan. Hala
ere, begi-bistakoa dirudi adingabeko pertsona horietako askok bere kasa
baliatu beharko dutela gerora, eta ikaskuntza horiek gabe dezente kostako
zaiela. Esku-hartze horiek aurrera eraman ahal izateko, egoitza-
baliabideek egitura-mailako egokitzapenak egin beharko dituzte
etxebizitzetan, autonomia eta independentziako trebetasunak
eskuratzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta irizpideak programatuz
103
nerabeak bizi diren egoitzetan, adingabekoek sukaldean aritzeko, arropa
garbitu eta lisatzeko, etab. aukera izan dezaten.
8.5.3. Eta premia horiek ez dira berariaz nerabeei bideratuak dauden egoitza-
baliabideetan bakarrik planteatuko; nerabeekin batera beste adinetako
neska-mutikoak hartzen dituzten egoitzek ere programatu beharko dituzte
batez ere autonomia hori sustatzen duten egitekoak eta erantzukizunak.
104
9. ESTANDARRA: NESKA, MUTIKO ETA NERABEEN PARTE-HARTZEA
E9. Neska, mutiko eta nerabeek heziketa-prozesuan eta egoitza-baliabideko
bizimoduaren antolamenduan izango duten partaidetza heziketa-lanaren funtsezko
osagaietako bat bezala hartu behar da. Partaidetza hori eskubide baten moduan ulertu
behar da, baina baita garapena eta ongizatea sustatzeko heziketa-mailan erabil
daitekeen estrategiarik garrantzitsuenetakoa bezala ere. Eta neska, mutiko edo
nerabeak duen adinaren eta garapen-fasearen arabera, horietako bakoitzaren kasura
egokitutako jarduerak eta partaidetzako estrategiak erabili beharko dira.
Garrantzia
Historikoki babeseko egoitza-baliabideetan abegian hartuak aurkitzen ziren neska,
mutiko eta nerabeek helduen eta erakundeen zainketekiko mendekotasun handia
garatu ohi zuten, egoitza horietan jarduteko erabili ohi zen ikuspegi paternalista eta
ongintzakoaren eraginez seguruenik. Bestetik, gaur egun bizimodu heldurako bere
trantsizioa modu bizkorrean, eta oztopo ugarirekin gainera, egin beharrean dauden
nerabeak izaten dira gero eta gehiago, eta horregatik garrantzi handikoa da arazoak
aztertu eta konpontzeko, eta erabakiak hartzeko gaitasun eta trebetasunak garatzea.
Egoitza-baliabideetako bizikidetza-eremuak aukera eta abagune ugari ematen dizkie
adingabeko pertsonei beren ideia propioak proposatu, aldaketak iradoki eta
erantzunak edo erabakiak eskatzen dituzten egoerak aztertzeko. Baina, horrez gain,
eta lege-araudiak ezarritakoa betez, beharrezkoa da babeseko prozesuan erabaki
garrantzitsuei buruz neska, mutiko eta nerabeei galdetzea, adingabekoaren adinaren
eta garapenaren arabera betiere. Nerabeen kasuan, babeseko ekintza eta gizarte eta
hezkuntza-mailako esku-hartzea profesionalen eta gazteen artean adostu eta
partekatutako akordio eta helburuetan oinarrituak egongo dira, eta horrexegatik,
parte-hartzea prozesuaren funtsezko osagai bihurtzen da.
Praktikako adierazleak
9. NESKA, MUTIKO ETA NERABEEN PARTE-HARTZEA
9.1. Etxeko bizikidetza-arauak eta antolamendua prestatzeko parte-hartze aktiboa
izatea
9.1.1. Neska, mutiko eta nerabeek bizikidetzako arauak prestatzeko lanean
parte hartuko dute, eta baita portaera desberdinei ezarri beharreko
ondorioak (pizgarriak bezala baita zigorrak edo zehapenak ere)
erabakitzeko prozesuan. Praktika hori oso garrantzitsua da, batez ere
neska, mutiko eta nerabeengan judizio morala sortu eta garatzeko, izan
ere egoitza-baliabideetan abegian hartutako biztanleek arazo
garrantzitsuak izaten baitituzte maila horretan, gurasoen aldetik eredu
egokirik jasotzeko aukerarik izan ez dutelako.
105
9.1.2. Era berean, partaidetza-eremuak sortu behar dira adingabekoentzat,
egoitza-baliabideko antolamenduaren eta bizimoduaren inguruan
iradokizunak eta proposamenak egiteko aukera izan dezaten.
9.2. Erabakiak hartzeko jarduerak
9.2.1. Neska, mutiko eta nerabeek taldean parte hartzeko eta erabakiak
hartzeko esperientziatik ikasi ahal izan dezaten, bileraz osatutako praktika
bat ezarriko da egoitzan, sor daitezkeen alderdi desberdinak eztabaidatu
eta talde-mailan proposamen eta erabaki adostuetara iritsi ahal izateko.
Zer-nolako egoitza-baliabidea den kontu, eta esku arteko heziketa-
proiektuaren arabera, itxura formalagoa eta egituratuagoa duten
batzarrak bezala uler daitezke, edo aldian behingo bilera informal moduan
bestela, baina bizikidetzarekin, araudiarekin eta jarrerekin lotutako
arazoak aztertu eta berrikusteko helburuarekin betiere.
9.3. Bere Kasu Plana, bere heziketa-plan indibiduala eta bere ebaluazioa lantzeko
prozesuan parte hartzea
9.3.1. Bere adinaren eta garapenaren arabera, neska, mutiko eta nerabeek,
eta egoitzako adingabeko guztien artean nerabeek bereziki, beraien
heziketako plan indibiduala lantzeko prozesuan parte hartu behar dute,
bai beren premia eta beharrizanak ebaluatzeko prozesuan, eta baita
helburuak programatu eta erdietsitako lorpenak baloratzeko orduan ere.
Zenbait kasutan adingabekoaren heziketa-plan indibidualeko alderdi jakin
batzuk berari jakinaraztea kalterako gerta daitekeela ere erabaki dezake
heziketako taldeak.
9.4. Kalitateko ebaluazioan parte hartzea
9.4.1. Egoitza-baliabideetan heziketa-talde bakoitzak urtero egin behar duen
barne-ebaluazioko jardueraren barruan, neska, mutiko eta nerabeek
jasotako arretaren inguruan duten gogobetetasun-maila baloratzeko
modua ere egongo da.
106
10. ESTANDARRA. AISIA ETA DENBORA LIBREA
E10. Neska, mutiko eta nerabe guztiek beren gustuko jolas, aisia eta denbora libreko
jardueretan parte hartzeko adina denbora eta bitarteko izango dituzte. Egoitza-
baliabideek bitarteko horietarako sarbidea eta denbora librea gozatzeko modua
emango duten irizpideak ezarriko dituzte beren heziketa-proiektuetan, telebista,
Internet, edo bideojokoak bezalako alderdiei dagokienez batez ere.
Garrantzia
Egoitza-baliabideetan egin ohi den lanaren barruan jolasa, aisia eta denbora librea
heziketa-jardueraren funtsezko osagaiak dira. Jarrerak, motibazioak, erantzukizunak
eta trebetasunak lantzeko lehen mailako heziketa-eremua dira horiek guztiak,
hezitzaileentzat nahiz adingabekoentzat harreman pertsonalak, afektuzkoak eta
dibertsio-mailakoak ezarri ahal izateko leku eta arrazoi garrantzitsua ere izateaz gain.
Egoitza-baliabideek irizpide eta kriterio argiak ezarri beharko dituzte denbora librearen
erabileraren eta horren heziketarako aprobetxamenduaren inguruan, teknologia
berriekin eta horiek eskaintzen dituzten heziketarako aukera guztiekin ahalik eta
etekinik handiena lortzen saiatuz. Hala ere, eguneroko bizimoduan egongo dira
bestelako espazioak eta eremuak ere, neska, mutiko eta nerabeek beren denbora nahi
duten bezala erabil dezaten, gustukoak dituzten eta disfrutatzen duten jarduerak
eginez, aldez aurretik arautu edo planifikatutako jardueren pean egon gabe une oro.
Praktikako adierazleak
10. AISIA ETA DENBORA LIBREA
10.1. Denbora libreko bitartekoetara sarbidea edukitzea
10.1.1. Neska, mutiko eta nerabe guztiek denbora libreko behar adina jarduera
egokitan parte hartzeko aukera izango dute.
10.1.2. Egoitza-baliabideek behar adina bitarteko bideratuko dituzte mota
horretako jarduerak sustatu, finantzatu eta martxan jartzeko.
10.2. Zaletasun eta trebetasunak
10.2.1. Neska, mutiko eta nerabeen interesak eta zaletasunak beren heziketa-
plan indibidualean sartu beharko dira. Adingabekoak identifikatutako
gaitasun edo trebetasun bereziak edukiz gero, horien garapena sustatuko
da, eta prestakuntza berezia jasotzeko edo zaletasun horiek praktikatzeko
modua eskaintzen duten komunitateko baliabideetarako sarbidea erraztu
eta finantzatuko zaie.
10.3. Denbora librearen plangintza eta espontaneotasuna
10.3.1. Egoitza-baliabideetan programatzen diren jarduerei dagokienez, oreka
mantenduko da prestakuntzara eta aisiara bideratutakoen eta neska,
107
mutiko eta/edo nerabe bakoitzak nahi duen bezala eta nahi duena egiteko
erabil dezakeen denbora librearen artean.
10.4. Entretenimenduko materialak
10.4.1. Egoitza-baliabideek egunkariak, liburuak eta aldizkariak jarriko dizkiete
eskura neska, mutiko eta nerabeei, adingabekoek adierazitako gustuak eta
lehentasunak kontuan hartuz betiere. Egoitza-baliabidean eguneroko
prentsa egoteak irakurketaren ohitura sustatuko du gazteen artean.
10.4.2. Jostailu, jolas, musika, film, etab.en arrazoizko kopurua ere egongo da
egoitzetan, adin diferenteetako neska-mutikoek entretenitzeko aukera
eduki dezaten.
10.4.3. Material horiek guztiak behar bezala erabili, mantendu eta zaintzea
bereziki landu beharreko puntua izango da, egoitza-baliabideetako
bizikidetzan egin beharreko heziketa-lanaren barruan.
10.5. Telebista, bideojokoak eta Internet erabiltzea
10.5.1. Egoitza-baliabideetan bitarteko horiek guztiak erabiltzeko politika argi
zehaztua egongo da, neska-mutiko txikienek koskortuagoentzat soilik
diren eduki eta jardueretara sartzeko modurik izan ez dezaten.
10.5.2. Interneterako sarbidearen kasuan, batez ere, kontrolak ezarriko dira
eduki desegokietarako sarbidea mugatu edo baztertzeko.
10.5.3. Telebistaren kasuan ordutegiak ezarriko dira, taldean nahiz bakarka
telebista ikusi ahal izateko, edukiei arreta berezia jarriz neska-mutiko
txikienen kasuan .
10.6. Irteerak, bidaiak eta bisitak
10.6.1. Egoitza-baliabideek irteerak eta bidaiak programatu beharko dituzte
aldian behin (edo baita ustekabean horrelakoei ekin ere), dela talde
txikitan edo baita modu indibidualean ere, neska, mutiko eta nerabeekin.
Irteera horiek askotarikoak izan daitezke, komunitateko baliabideren
batean edo aire zabalean merienda edo afariren bat egitea adibidez,
erakusketa edo jarduera kulturalen batera egindako bisita, edo beste
herriren bat ezagutzea esaterako.
10.6.2. Bidaia laburrak planifikatu behar dira, ahal den neurrian, kanpamendu
modukoak, edo beste herriren batean egonaldi laburrak egitea bestela,
egoitza-baliabideetan abegian hartutako neska, mutiko eta nerabeek
ingurunea eta bertako baliabideak ezagutzeko eta disfrutatzeko aukera
izan dezaten, adingabeko beste pertsonek beren familietan normalean
egin ohi duten modu berean.
108
11. ESTANDARRA. PIZGARRIAK ETA ZEHAPENAK
E11. Heziketako ereduaren oinarria portaera eta jokabide egokiak indartu eta modu
positiboan ezagutzea izango da, harreman pertsonalak eta afektiboak sendotu eta
sustatu daitezen. Portaera desegokiak edo onartezinak agertzen direnean, zigor
konstruktiboekin erantzungo dute langileek, gertatutakoarekin proportzioan doazen,
ezagunak diren eta aldez aurretik neska, mutiko eta nerabeen partaidetzarekin
ezarriak izan diren zehapenekin hain zuzen ere.
Garrantzia
Heziketako lanaren funtsezko alderdietako bat neska, mutiko eta nerabeen portaerari
eta jarrerei arreta jartzean datza, ikaskuntza berriak sustatzeko eta portaera horietan
aldaketa positiboak gerta daitezen errazteko, modu egokian erreakzionatuz eta kasu
bakoitzean ondorioak pizgarri edo zehapen moduan aplikatuz. Mekanismo horiek
erabiltzeko aukerak askotarikoak dira, elkarren artean oso diferenteak, eta horregatik
komeni da egoitza-baliabide bakoitzean gogoeta egitea irizpideak bateratzeko. Oso
garrantzitsua da heziketako langileek irizpide eta pauta berak jarraitzea beti
adingabeko pertsonekin egin beharreko lanean, eta irizpide horiek elkar errespetuko
harreman pertsonaletan oinarrituak egotea.
Praktikako adierazleak
11. PIZGARRIAK ETA ZEHAPENAK
11.1. Araututako zehapenak
11.1.1. Funtzionamenduko barne-araudian zehapen eta zigorren atal bat
egongo da, eta bertan ezarriko dira zehapen horiek aplikatzeko irizpideak
eta baita erabili ezingo diren zigorrak ere.
11.1.2. Neska, mutiko eta nerabe guztiek ezagutuko dute Araudiaren atal hori,
eta aldian behin berrikusi eta eztabaidatuko da beraiekin.
11.2. Aplika ezin daitezkeen zehapen eta zigorrak
11.2.1. Ezingo dira erabili ondoren aipatzen direnak: inolako zigor fisikorik, ezta
horien mehatxurik ere, ezta janari edo elikagaiak gabetzea, edo
familiarteko edo profesionalekiko komunikazioak ukatzea (erabaki judizial
edo administratiboen kasuan izan ezik), neska, mutiko eta/edo
nerabearen gaitasun edo portaera desegokiarekin proportziorik gabekoak
diren lanak edo gehiegizko esfortzuak egitera behartzea, adingabekoa
fisikoki eusteko gela edo aretoak erabiltzea (131/2008 Dekretuan
aurreikusitako egoitza-baliabideetan izan ezik). Eta oro har, adingabekoa
umiliatzea dakarren, neska, mutiko edo nerabeen duintasunaren
kontrakoa den, edo adinaren edo zuzendu nahi den portaeraren arabera
neurriz kanpokoa den beste edozein zigor edo zehapen.
109
11.3. Kalteak konpontzeko zigorrak eta zigor ekonomikoak
11.3.1. Portaera desegokiak kalte materialak dakartzanean, komenigarria izan
daiteke beharrezko konponketak neskak, mutikoak edo nerabeak berak
ordaintzea, bere asteko pagatik diru-kopuru bat jarriz zor duen
zenbatekoa estaltzeraino, edo aparteko lanen bat eginez bestela, eta
zenbateko jakin bat jasoko luke lan horien truke zor dituen konponketak
ordaindu ahal izateko.
11.3.2. Zigor moduan asteko pagaren zati bat kentzea proportzioan eta
neurrian erabili beharreko prozedura izango da edozein kasutan, eta
astero jaso beharreko diruaren zati txiki bat jasotzeko aukera izango du
beti adingabekoak.
11.4. Ondorio positiboak erabiltzea
11.4.1. Zigor eta zehapenei dagokienez, egoitza-baliabideetako heziketa-eredua
estimulu, egoera eta jarrera positiboak mugatu edo erretiratzera
bideratua egongo da funtsean.
11.4.2. Kasu honetan, portaera desegokiaren ondorioz, mugatu edo debekatu
egiten zaio neska, mutiko edo nerabeari jarduera edo egoera atsegin eta
erakargarrietan (telebista ikusi, irteerak, jolasetan parte hartu, etab.)
parte hartzeko aukera. Eredu honetan, heziketako taldeek zigorrak modu
eraginkorrean eta kasu bakoitzari ondo egokitutako moduan jartzeko
duten gaitasuna estu-estu lotua dago adingabeentzako eremu eta
bitarteko erakargarriak, motibatzaileak eta gozamenekoak sortu edo
antolatzeko duten gaitasunarekin.
11.5. Euste fisikoko neurriak erabiltzea
11.5.1. Ondorengoak izango dira euste fisikoa erabiltzeko arrazoi bakarrak:
neska, mutiko edo nerabeari berari edo bere inguruan dituztenei kalteak
gertatzea saihestea, edo hondamen material larririk ez gertatzea.
11.5.2. Euste fisikoa ez da nahastu behar zigor fisikoarekin inolaz ere, eta sekula
ez da horren ordez erabili behar. Adingabeko pertsona guztiei jakinarazi
behar zaie bi zigor mota horien arteko aldea, baina aldi berean erasoak,
edo beraiek eta baita bere inguruko pertsonak ere arriskuan jar ditzaketen
portaerak esku-hartze eta euspen fisikoko neurriak ekarriko dituztela
esango zaie.
11.5.3. Euste fisikoa ez da erabiliko adingabekoak zerbait egitera behartzeko
bide bezala, ezta jarraian kalterik sortzeko arriskurik gabekotzat jotzen
diren erronkazko portaera desafiatzaileei emandako erantzun moduan
ere.
11.5.4. Helburua lortzeko beharrezkoa den indar ahalik eta txikiena ezarri
beharko da eusteko neurrietan, eta neurri hori, ahal dela behintzat, bi
langilek batera jardunez hartuko da beti, segurtasuneko pertsonal edo
langile bereziak ez badira bederen.
11.5.5. Eusteko neurri edo gertakariak erregistratu egingo dira beti, gorabehera
eta egoera garrantzitsu bezala zehaztuz, SERAReko dokumentuan
apuntatzeaz gainera.
110
11.5.6. Heziketako langileek, nerabeekin dihardutenek bereziki, eusteko
egoerak eta gatazkak maneiatzeko beharrezkoa den prestakuntza jaso
beharko dute.
11.6. Pizgarriak eta indargarriak erabiltzea
11.6.1. Ondorioak aplikatzeko heziketako ereduaren oinarria portaera
positiboak aitortzea eta horiek indartzea izango da.
11.6.2. Heziketako taldeak pizgarri horiek aplikatzeko irizpide eta pauta
bateratuak ezarri beharko ditu egoitzako barne-araudian, inolako
koherentziarik ez duten praktikak saihesteko.
11.6.3. Neska, mutiko eta nerabeek ondo ezagutu beharko dituzte irizpide
horiek eta baita espero daitezkeen eta espero behar liratekeen pizgarri
eta indargarriak ere.
11.6.4. Pizgarri horien barruan, onarpen eta maitasuneko erakusgarrien
eguneroko aplikazioari eman beharko zaio lehentasuna, ikaskuntzako
eraginaz gain adingabeko pertsonen eta pertsona helduen artean
harreman eta lotura afektiboak ezartzeko modua ematen dutelako.
111
12. ESTANDARRA: PROFESIONALEN ARTEKO KOORDINAZIOA
E12. Neska, mutiko edo nerabeekin esku hartzen duten gainerako profesionalen eta
pertsonen lan bateratua eta horien guztien arteko koordinazioa izango dira egoitzako
arretaren oinarria.
Garrantzia
Babes-neurrietara atxikiak dauden adingabeko pertsonekin egindako esku-hartzean
hainbat alderdi garrantzitsuz arduratzen diren profesional ugarik hartzen dute parte.
Egoitza-baliabideen kasuan, ezinbestekoa da neska, mutiko edo nerabearen
interesetan zentratuak dauden bestelako profesional, baliabide, zerbitzu eta
pertsonekin batera koordinatutako lana. Delegazio edo ordezkaritzetan kasuaren
arduradunak diren teknikariekiko koordinazioa da eginkizun horien artean
garrantzitsuenetako bat. Era berean, garrantzi handikoa da baita ere heziketako,
osasuneko, komunitateko gizarte-zerbitzuetako eta baita arrazoiren batengatik neska,
mutiko edo nerabeari bere helburuak lortzen laguntzeko baliagarria gerta daitekeen
beste edozein motatako langile profesionalekiko koordinazioa.
Praktikako adierazleak
12. PROFESIONALEN ARTEKO KOORDINAZIOA
12.1. Diputazioko familia-zerbitzu eta haurtzaroko zerbitzuekiko koordinazioa
eta lan bateratua.
12.1.1. Hau da egoitzan egindako lanaren funtsezko ardatza, izan ere,
helburuak, estrategiak, jarduerak eta faseak nahiz denborak aldez aurretik
ezarriak dauzkan kasu plan batekin iristen baitira kasuak, zerbitzu
horietatik bideratuak izan ondoren.
12.1.2. Ezinbestekoa da bi norabidetako komunikazioa etengabea eta malgua
izatea, esku-hartzeak koherenteak izan daitezen, jarraian estrategia eta
jarduera bateratuak garatzeko. Prozeduraren jarraipena, eta egoitza-
baliabideko profesionalen eta haurtzaroko zerbitzuetako arduradunen
arteko koordinazioa gida honetako oinarrizko prozesuen atalean
ezarritakoaren bidetik egingo da.
12.2. Ikastetxeekin eta prestakuntza-zentroekin izandako lankidetza
12.2.1. Beste edozein neska, mutiko edo neraberen kasuan gertatzen den
bezala, eskola-giroaren garrantziak irakasleekin eta tutoreekin
harremanak maiz edukitzea eskatzen du. Figura horiekin egin beharreko
jarraipeneko bisitak behar adinako maiztasunarekin programatuko dira,
hilean behin gutxienez.
12.2.2. Eskola-giroan integratzeko ahalegin berezia egin beharko da, gurasoen
elkartean edo neska, mutiko edo nerabearen interesentzat
mesedegarrienak izan daitezkeen bestelako jardueretan parte hartuz.
112
12.3. Beste profesional batzuekin izandako lankidetza
12.3.1. Aski arrunta da neska, mutiko edo nerabeak tratamendu medikoak,
psikologikoak edo beste edozein motatakoak behar izatea, eta
hezitzaileen lankidetza ezinbestekoa gertatzen da tratamendu horietan
(gainerako neska, mutiko edo nerabeen kasuan gurasoen lankidetza izan
ohi den bezalaxe).
12.3.2. Hartzen diren botika edo medikazioen jarraipena, eguneroko behaketa,
erregistroak, eta antzeko beste egiteko batzuk heziketako arretara jarriak
dauden langileek figura profesional horiekin hobeto koordinatzeko egin
beharreko lanaren alderdi garrantzitsua izango dira.
12.4. Beste gizarte-zerbitzu batzuekin izandako lankidetza
12.4.1. Premia eta beharrizanak, batetik, eta laguntzak, bestetik, behar bezala
bete edo estaltzeko, nerabeei eskaini beharrekoak bereziki, litekeena da
gizarte-zerbitzu komunitario edo espezializatuetako beste prestazio sozial
berezi batzuk ere behar izatea. Adibidez, nerabeen independentzia
bultzatuko duten prestazioetarako (etxebizitza-laguntzak, gizarte-
laguntzako soldata, etab.) egoitza-baliabideetatik teknikarien eta zerbitzu
horien arteko koordinazioa eta harremana beharko dira.
12.5. Komunitatearekiko harremanak
12.5.1. Kasu askotan komenigarria izan daiteke heziketako taldeak
komunitatean funtsezkoak diren hainbat pertsonarekin harremanak
edukitzea, egoitza-baliabideetako lana eta helburuak ezagutzera emateko.
12.5.2. Auzoko biztanleekin hurbileko harremanari eusten dioten egoitza-
baliabideen kasuan, bereziki zaindu beharko dira egoitzarekiko harremana
eta berarekin izandako komunikazioa.
12.5.3. Lanean txertatzeko aukerak, neska, mutiko eta nerabeak integratu ahal
izateko elkarteak, eta komunitatearekin informazioa maiz samar trukatzea
direla medio, adingabeko pertsonei posibilitate eta aukera berriak eskaini
ahal izango zaizkie, aurreiritzi eta erreparo posibleak uxatu eta deseginez.
113
13. ESTANDARRA. FAMILIEI BERRIRO ELKARTZEKO EMANDAKO LAGUNTZA
E13. Familiak berriro elkartzen diren kasuetan, programa espezializatuen laguntza eta
esku-hartze egokia jasoko dute, helburuetan aurrera egin eta denbora-epe ahalik eta
laburrenean bere seme-alabarekiko bizikidetza berreskuratzea lortzeko. Kasu horietan
egoitza-baliabideek laguntzako eginkizunak ere egingo dituzte, eta heziketa-mailako
orientazioa emango diete familiei, kasuaren arduradunak diren teknikariekin
koordinazio estuan jardunez, norabide guztietatik eta eragile guztien aldetik familia
berriro elkartzea bultzatuz eta sustatuz.
Garrantzia
Familiak eta adingabeko pertsonak osatzen duten unitatearen gainean modu
koordinatuan lan egiteak duen garrantzia azpimarratu behar da bereziki, babeseko
teknikarien aldetik bezala, baita egoitza-baliabideen aldetik eta esku-hartze
familiarreko taldeen aldetik ere, bai kasuaren helburu nagusia familiako etxera
itzultzea denean eta baita gure nahia batez ere adingabeko pertsonaren eta bere
familiaren artean lotura osasungarri bat sortzea denean ere.
Ikuspegi horretatik, familiarekiko lankidetza eta koordinazioa beharrezkoak gertatzen
dira, eta egoitza-baliabideek zeregin garrantzitsua jokatzen dute horretan. Bisiten
bidez, deien bidez eta bestelako ohizko kontaktu edo harremanen bidez, ezinbesteko
hurbilpen eta motibazio lana egin daiteke. Eta egoitza bakoitzak izan ditzakeen
ahalbideen arabera, familiek seme-alabak zaintzeko dituzten trebetasun eta
gaitasunen hobekuntza landu daiteke, aholkularitza indibiduala erabiliz horretarako.
Praktikako adierazleak
13. FAMILIEI BERRIRO ELKARTZEKO EMANDAKO LAGUNTZA
13.1. Familien laguntza eta lankidetzako enfokea
13.1.1. Sarrerako protokolotik bertatik arreta berezia eskaini behar zaio
familiari, baliabideko arduradunekin eta hezitzailearekin edo hezitzaile
tutorearekin beharrezko loturak ezarriz.
13.1.2. Era berean, bilerak egin beharko dira aldian behin familiarekin, neska,
mutiko edo nerabeak egoitza-baliabidean egindako aurrerapausoak eta
irteeretan edukitako portaera, eta baita kasuaren arduraduna den
pertsonarekin adostutako kasuaren beste eboluzio-gai batzuk ere
ebaluatzeko.
13.2. Familiarekiko kontaktuak erraztu eta laguntzea
13.2.1. Neurri judizial edo administratiboetan ezarritakoaren bidetik betiere,
heziketako langileek familiaren eta seme-alaben arteko kontaktuak
erraztu eta sustatuko dituzte, eta hor sartuko dira ez bakarrik bisitak, baita
telefono bidezko harremanak edo bestelako kontaktuak ere.
114
13.3. Bisitak, kontaktu eta ebaluaziorako abagune gisa
13.3.1. Hezitzaileek eta langileek familiek egoitzara egindako bisitak eta
bestelako harremanak aprobetxatu beharko lituzkete, kasuaren esku-
hartzean koordinazio egokia ahalbidetuko duten loturak ezartzeko.
13.3.2. Egoitza-baliabideetara egindako bisitak gurasoen eta seme-alaben
arteko harremanak behatzeko aukera edo abagune moduan hartu
beharko dira, kasuaren eboluzioa baloratzeko, eta elkarrizketa eta
hurbilpenerako une baten moduan, berriz, familiei eskainitako laguntzari
dagokionez.
13.3.3. Bisita familiarrak hartzen dituzten egoitza-baliabideek leku eta eremu
egokiak eduki beharko dituzte horretarako, bai intimitatea eskatzen duten
bisiten kasuan eta baita gainbegiratuak izan behar duten bisiten kasuan
ere.
13.4. Familien parte-hartzea sustatzea
13.4.1. Garrantzitsua da berriro elkartzeko asmotan dauden familiak beraiei
dagokien arazoetan parte hartzea, esate baterako seme-alabei buruzko
erabakietan, asteburu eta oporraldietako planetan, eta antzekoetan.
13.4.2. Eta familia berriro ere elkartzeko prozesu horrek aurrera egiten
duenean batez ere, pixkanaka ardurak eta erantzukizunak bere gain
hartzen hasi behar dute familiek: bisita medikoak, ikastetxera egindakoak
edo arropa-erosketak, hezitzaileek lagunduta edo baita hezitzailerik gabe
ere.
13.5. Guraso-trebetasunen heziketa
13.5.1. Zenbait egoitza-baliabidetatik, eta bakoitzak dituen ahalbideen arabera,
seme-alabak zaintzeko eta hezteko beharrezkoak diren gaitasunak eta
trebetasunak eskuratzera bideratutako helburuak planteatu beharko
lirateke familiaren aldetik. Helburu horiek modu indibidualean landu
daitezke, egoitza-baliabidetik bertatik antolatutako jardueren bitartez.