54
KEPA JUNKERA & SORGINAK TRIKITIXAREN HISTORIA TXIKI BAT DEVIL’S MUSIC Infernuko Hauspoa-rena zabaldua dago munduan. Mississippi ibaiak itsasoratu aurretik egiten duen bihurgunearen bi aldetara baziren joan den mendearen hirugarren hamarkadan Juke Joints izenez ezagutzen ziren taberna zulo negargarri batzuk. Kotoia biltzen lan egiten zuten beltzek leku hits horietan garatu zen bluesa eta musika horri Devil’s Music (deabruaren musika) deitzen zioten elizan Gospela (Jainkoaren musika) kantatzen zuten beltz zintzo eta sinestunek. Trikitixa ere gurean susmopeko musika izan da edo errezelo horrekin jaio zen behinik behin, jendea eta bereziki gazteak bekatura bultzatzen zituela uste izan baitzen. Trikitixaren etorreraz bi teoria daude. Batzuek 1850 eta 1860 bitartean Norteko Trenaren zati batean, Beasaindik Altsura bitartekoan, tunel eta zubiak egitera Italiako Piamontetik etorri ziren langileek ekarri zutela uste dute. Beste batzuek trikitixa Bilboko portutik sartu zela diote. Lehen teoriaren bultzagile nagusia “Trikitixa” liburaren egile den Agirre Franco donostiarra da. Berak dioenez, italiar langile horiek Alpeetan tunelak eta zubiak egiten bereganatutako esperientziarekin batean hainbeste maite zuten instrumentua ekarri zuten eta zaila ikusten duela dio Bilboko portutik sartzea, trikitixak ez baitu apenas sustrairik botatzen kostaldean eta gutxiago portuen inguruan, baina bai barrualdean. Berak dioenez, Europa erdialdean (Alemania hegoaldean, Austrian eta oro har Alpeen inguruan) zabaldu zen soinu txikia, itsasotik urrun zeuden lurraldeetan alegia eta zaila egiten zaio Euskal Herrira portuetatik sartu zela pentsatzea. Soinu Txikia erakusten duen lehen argazkia 1890koa da eta Altsasun eginda dago. Bizkaiko herri musika ikertu duen Aingeru Berguices eta beste batzuentzat ezagutzen diren trikitilari zaharrenak bizkaitarrak dira eta soinu txikiak saltzen zituen lehen denda ere, Zengotita, Bilbon zegoen eta badirudi handik zabaltzen den Gipuzkoara. Eztabaida honek ez du bi lurraldeen arteko lehia etengabea pizteko baizik balio. Dauden datuen arabera eta trikitixaren historia lerro batzuetara biltzekotan, esan daiteke lehen loraldia Bizkaian ematen dela, baina 36ko Gerrak erabat zapuzten duela loraldi hori eta gerra amaitzean Gipuzkoan berpizten dela generoa eta Elgetaren itzalari esker lurralde honetan garatzen direla trikitiaren figurarik handienak. Bizkaian Franco hil arte itxoin behar izan zuten berpizkundea ezagutzeko eta ordua itzuli ziren agertoki handietara Rufino Arrola, Fasio Arandia edo, pandero-jotzaile famatuena aipatzeko, Maurizia Aldeiturriaga bera. Rufinok 58 urte zituen ordurako eta Fasiok 62, baina sekulako kemena eta garrotea erakutsi zuten hala ere plazaz plaza eta lehiaketaz lehiaketa. Kepa Junkera trikitixarekin estreinatzen denean (1980an 15 urte zituen) bi erreferente nagusi aurkituko ditu: bata Iurretakoa zen, han biltzen baitziren Bizkaiko trikitilariak urtero omenaldiak egiteko. Han ezagutu zituen Fasio, Rufino Arrola, Maurizia eta Leon Bilbao albokaria. Ez zuten teknikoki trikitixa jantzia egiten, baina bai nortasun handikoa. Bigarren erreferentea Gipuzkoakoa

Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Embed Size (px)

DESCRIPTION

Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Citation preview

Page 1: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

KEPA JUNKERA & SORGINAK

TRIKITIXAREN HISTORIA TXIKI BAT

DEVIL’S MUSIC

Infernuko Hauspoa-rena zabaldua dago munduan. Mississippi ibaiak itsasoratu aurretik egiten duen

bihurgunearen bi aldetara baziren joan den mendearen hirugarren hamarkadan Juke Joints izenez

ezagutzen ziren taberna zulo negargarri batzuk. Kotoia biltzen lan egiten zuten beltzek leku hits

horietan garatu zen bluesa eta musika horri Devil’s Music (deabruaren musika) deitzen zioten elizan

Gospela (Jainkoaren musika) kantatzen zuten beltz zintzo eta sinestunek.

Trikitixa ere gurean susmopeko musika izan da edo errezelo horrekin jaio zen behinik behin, jendea

eta bereziki gazteak bekatura bultzatzen zituela uste izan baitzen.

Trikitixaren etorreraz bi teoria daude. Batzuek 1850 eta 1860 bitartean Norteko Trenaren zati batean,

Beasaindik Altsura bitartekoan, tunel eta zubiak egitera Italiako Piamontetik etorri ziren langileek

ekarri zutela uste dute. Beste batzuek trikitixa Bilboko portutik sartu zela diote. Lehen teoriaren

bultzagile nagusia “Trikitixa” liburaren egile den Agirre Franco donostiarra da. Berak dioenez, italiar

langile horiek Alpeetan tunelak eta zubiak egiten bereganatutako esperientziarekin batean hainbeste

maite zuten instrumentua ekarri zuten eta zaila ikusten duela dio Bilboko portutik sartzea, trikitixak

ez baitu apenas sustrairik botatzen kostaldean eta gutxiago portuen inguruan, baina bai barrualdean.

Berak dioenez, Europa erdialdean (Alemania hegoaldean, Austrian eta oro har Alpeen inguruan)

zabaldu zen soinu txikia, itsasotik urrun zeuden lurraldeetan alegia eta zaila egiten zaio Euskal Herrira

portuetatik sartu zela pentsatzea.

Soinu Txikia erakusten duen lehen argazkia 1890koa da eta Altsasun eginda dago.

Bizkaiko herri musika ikertu duen Aingeru Berguices eta beste batzuentzat ezagutzen diren trikitilari

zaharrenak bizkaitarrak dira eta soinu txikiak saltzen zituen lehen denda ere, Zengotita, Bilbon

zegoen eta badirudi handik zabaltzen den Gipuzkoara.

Eztabaida honek ez du bi lurraldeen arteko lehia etengabea pizteko baizik balio.

Dauden datuen arabera eta trikitixaren historia lerro batzuetara biltzekotan, esan daiteke lehen

loraldia Bizkaian ematen dela, baina 36ko Gerrak erabat zapuzten duela loraldi hori eta gerra

amaitzean Gipuzkoan berpizten dela generoa eta Elgetaren itzalari esker lurralde honetan garatzen

direla trikitiaren figurarik handienak.

Bizkaian Franco hil arte itxoin behar izan zuten berpizkundea ezagutzeko eta ordua itzuli ziren

agertoki handietara Rufino Arrola, Fasio Arandia edo, pandero-jotzaile famatuena aipatzeko,

Maurizia Aldeiturriaga bera. Rufinok 58 urte zituen ordurako eta Fasiok 62, baina sekulako kemena

eta garrotea erakutsi zuten hala ere plazaz plaza eta lehiaketaz lehiaketa.

Kepa Junkera trikitixarekin estreinatzen denean (1980an 15 urte zituen) bi erreferente nagusi

aurkituko ditu: bata Iurretakoa zen, han biltzen baitziren Bizkaiko trikitilariak urtero omenaldiak

egiteko. Han ezagutu zituen Fasio, Rufino Arrola, Maurizia eta Leon Bilbao albokaria. Ez zuten

teknikoki trikitixa jantzia egiten, baina bai nortasun handikoa. Bigarren erreferentea Gipuzkoakoa

Page 2: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

zen. Hauek dagoeneko teknika oso garatua zuten eta grabazio asko zituzten, gainera, eta hori

abantaila bat izan zen Errekaldeko gaztearentzat.

Junkerak, beraz, 15 urterekin trikitixa deskubritu zuenean bi polo nagusi aurkitu zituen. “Berehala

ikusi nuen Bizkaian trikitixa jotzeko modua pertsonalagoa zela, trikitilari bakoitzaren izaeraren

araberakoa. Gipuzkoan, aldiz, hobeto ezagutzen zuten instrumentua eta teknika aldetik

aurreratuagoak zeuden. Bizkaiko trikitilarietatik Fasio izan zen gehien liluratu ninduena. Bera zen

melodikoena. Rufinok, berriz, indarra zuen eta erritmoa. Bi erreferentzia horien artean, Iurretan

biltzen zirenen eta gipuzkoarren artean eta bien eragina ezinbestekoa izan nuen neure bidea egiten

hasteko”, dio trikitilariak.

Kepa Junkera 1986ko Trikitilari Txapelketaren hasi zen bere bidearen berri ematen. Bizkaitar bakarra

zen eta berak egindako piezekin aurkeztu zen. Urte batzuk baziren pieza berriak egiten ari zela.

Junkera, Zabaleta eta Motriku ezagunak ziren dagoeneko Bizkaian eta beren jarraitzaileak zituzten.

“86ko txapelketan publiko berri bat agertu zen eta horrek egin zuen posible ni bide berri bat

markatzen hastea. Aukera ikusi eta aurrera egitea erabaki nuen, nahiz eta banekien ikasteko asko

nuela oraindik. Egiten ari nintzenaren berri emateko balio izan zidan txapelketak. Ez nuen nire

idoloekin lehiatzeko inongo asmorik. Motriku eta biok bilbotarrak ginen, ez ginen euskaldun zaharrak

eta ile luzearekin agertu ginen jendaurrera eta horrek egonezin bat eragin zuen jende batengan.

Gipuzkoako eskolaren, nire maisu handienen eskolaren, ateak ireki zizkidan niri txapelketak”, dio

trikitilariak.

Sotanak eta trikornioak

Joan den mendearen lehen hamarkadan (egiten ari diren ikerketa batzuen arabera lehenagoa ere

bai) Bizkaian soinu txikiak ezagutu zuen zabalkundearekin batean kontrako gurutzada bat jarri zuten

martxan apaizek pulpituetatik. Kirikiñok, euskaraz hainbat kronika idatzi zituen idazle eta kazetariak

1914ko lekukotasuna utzi zigun idatzirik. Urriko bigarren igandean Urkiola gainean egiten zen

erromeriaz ari da: “gazte aldra asko joan ohi dira bidean soinu joten, dultzaina, pandero, atabal,

auspo soinu eta honelakoekaz, ikotika eta ujuka, zoro-zororik”.

Azkuek ere, apaiza izaki, gisako ale batzuk utzi zituen eta, bitxiagoa dena, baita Toribio Etxeberria

eibartar sozialistak ere. Erromerietan kantatzen ziren koplen gordintasunaz kexatzen ziren.

Edanarekin eta dantzarekin, antza, gazte jendeak ahaztu egiten zituen aurreiritziak eta, apaizek beren

sermoietan errepikatzen zutenez, “emakumeak gizonezkoen besoetara oldartzen dira”. Hortik

datorkio soinu txikiari fama txarra eta hortik jarri zizkioten izenak ere, Infernuko Hauspoa, Txerren

Hauspoa y beste hainbat.

Apaizek bazuten motiborik dantzak zituen arriskuez zerbait jakiteko, aitortza egitera zetozen gazteek

kontatzen baitzien horren berri. Hortik dantzari oro har eta bereziki “dantza lotua”ri 60ko

hamarkadara arte egin zieten gerra. Maurizia Aldeiturriagak kontatu ohi zuen bere senarra,

Benantzio Bernaola “Karakol” trikitilaria, aitortza egitera joan eta pasadobleren bat jo izana aitortzen

zuen bakoitzean barkazioa ukatuko ziola egiten omen zion mehatxu.

Auntxa trikitilariaren amak gutun anonimoak jaso zituen eta semeak bere arima galduko zuela

lehenik eta berak ere berea esaten omen zion igorleak. Auntxa gaztek erromeriaren batetik etxera

etortzen zenean ama negarrez aurkitzen omen zuen.

Jabier Abasolo “Tiliño”k, 1974tik aurrera Bizkaiko trikitilari zaharrei omenaldiak antolatzen aritu

zenak, kontatu zigunez, Guardia Zibilak ere hartu zuen parte gurutzada horretan, nahiz eta beste

Page 3: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

arrazoi batzuk izango zituen tarteko, eta isunak jartzen omen zizkien Arratiako trikitilariei eta inoiz

edo behin soinu txikiaren hauspoa zulatzera ere irisi omen ziren. Isunak jarri ahal izateko salatzaileak

behar ziren, txibatoak alegia.

Dantza lotuaren aurkako gerra horrek egoera barregarri asko ekarri zituen. Azkarate gainetik gertu

dagoen Madariaga auzoa, esate baterako, Azkoitia eta Elgoibarren arteko mugan dago. Azkoitian

dantza lotua debekatuta zegoenez, herriko aguazila joaten zen ikuskari gisa eta dantzan ari ziren

bikoteak korrika eta barrezka Elgoibarko lurretara joaten ziren, han legezkoa baitzen dantza lotua.

Antzeko egoerak bizi izaten zituzten Aizpurutxon ere, Azkoitia eta Zumarragaren artean dagoen

auzoan. Urola bailaran, kontatzen dutenez, baltseo txikia asmatu zuten, dantza soltea eta lotua

konbinatzen zituen modalitatea, dantza sueltoan ari zirela, koplak kantatzeko unea iristean zenean,

bikoteak besarkatu egiten baitziren.

Eliza trikitixaren kontrako jazarpen modu horiek bideratzen ari zen bitartean, agintariek baztertu egin

zuten soinu txikia ekitaldi ofizialetatik eta festetatik kanpo utziz. Beren instrumentu kutuna txistua

zen. Euskal festetan txistulariak kaikuarekin jantzita joaten ziren eta trikitilariak brusarekin, genero

bakoitzaren maila soziala agerian uzteko edo.

Aigeru Berguicesek aurkitu du Bakioko festetako egitarau bat, 1905ekoa, honako hau dioena: “Al

terminar las regatas (…) dará comienzo la animada romería campestre (…). Se prohíben los pianos de

manubrio, para que no haya nastes”. Badirudi soinu txikiak ‘naste’ edo ‘nahaste’ak ekartzen zituela.

Kepa Perez Urrazak, Zeberioko herri musika aztertzen hainbat lan egindakoak, garbi du soinu txikia

askatzailea izan zela garaiko gazteentzat. Trikitixa Elkarteko webgunean aurki daitekeen hiztegi baten

arabera, sotana eta trikitixa bateraezinak dira. Apaiz langileak egon dira, apaiz diputatuak,

parlamentariak, konspiratzaileak eta bertsolariak, baina ez da ezagutzen apaiz trikitilaririk.

Ez du suerte hoberik izan trikitixak zeruetako zaindariekin ere. 70eko hamarkada hasieran trikitilari

talde batek Arrateko Ama beren zaindari izendatzea erabaki zuten. Haren oinetan soinu txiki bat utzi

zuten, emari gisa. Ez zuen astebete iraun. Ez da inoiz jakin nork eraman zuen.

GERO ETA IZEN-DEITURA GEHIAGO

Trikitixaren historia laburra da, baina izen mitikoz betea dago. Aingeru Berguicesen esanetan, Juan

Bautista Uriagereka (1862) eta Agustin Elortegi (1863), Mungiako Markaide auzoan jaiotakoak, dira

Bizkaiko lehen izen propioak. Orain egiten ari diren ikerketa batzuek, ordea, bi mendeen mugan bizi

izan ziren trikitilari gehiagoren izenak aterako dituzte argitara. Trikitixa Elkarteko webgunean ageri

denez, Gregorio Abaro da ezagutzen dugun trikitilari beteranoena. Bermeotarra zen, 1869an jaioa.

Agirre Francoren arabera, Gipuzkoan lehen trikitilarien erreferentzia idatziak 1900ekoak dira. Idatzi

horietan Ormaiztegiko Itsua agertzen da, eztei eta jaietan soinu txikia joz bizi zena, nahiz eta beste

askotan herriko geltokian bidaiariei dirua eskatzen egoten zen. Harekin batean Pedro Urteaga ere

agertzen da, Zumarragako Altzola baserriko semea. Bikote horren ondotik Jose Korta “Pastor” dator,

“Mollo” eta Martin Aranzeta. 1918an trikitixaren historian mitikoa bihurtuko zen gizon bat agertzen

da, Gelatxo, urte horretan bi pandero-jotzailerekin batean Elgoibarko Trikitixa osatu zuelako. Bi

pandero-jotzaileak emakumeak ziren.

1920an Zumarragako Elizkaleko San Juan suari buruzko kronika batean Kanpazar trikitilaria agertzen

da. Berak eta Joxe Oria pandero-jotzaileak osatu zuten Euskal Herriko lehen trikitixa bikote

Page 4: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

egonkorra. Garaitsu horretakoa da Itsasakorta ere eta 1920tik aurrera izen-deiturak dituzten

trikitilarien nomina izugarri handitzen da.

Berguicesek, ordea, Bizkaia aurreratu zela uste du eta lurralde horretan trikitixak ezagutu zuen

zabalkunde goiztiarraren frogatzat Bilboko Dendarien kalean ireki zuten Zengotita denda aipatzen

du. Denda ez ezik tailerra ere bazen eta soinu txikiak egiten ere aritu ziren hor, kopuru handirik egin

ez bazuten ere. Kepa Junkerak berak badu Rodriguez anaiek Artxandako tailerrean 1920 aldera

egindako sinu txiki bat. Europako modak Bilbora iristen ziren eta handik zabaltzen ziren Euskal

Herrira. La Casillan egiten zen erromeriak, esate baterako, izen handia zuen urte horietan”, kontatu

digu Kepa Perez Urrazak, horretan eta beste gai askotan Berguicesi jarraiki.

Kepa Perez Urrazak deskubritu duen daturik interesgarriena trikitixari buruzko lehen erreferentzia

idatzia da. “Juan Carlos Guerra historialariaren lan batean aurkitu nuen eta Urkiolako erromeriari

buruz ari dela ‘un novisimo acordeón’ aipatzen du. 1889koa da testua. Bitxia da trikitixaren lehen

erreferentzia grafikoa ere urte horretakoa izatea. Irudia Altsasun hartua da eta trikitixa bat erakusten

du. Badago 1905ko Bakioko festa egitarau bat ere, Aingeru Berguicesek aurkitua, trikitixarekin

erromeria iragartzen duena. Datu hauek trikitixak berehalako zabalkundea izan zuela erakusten dute

eta susmoa dugu foku nagusia Bilbo izan zela. Bertako dendak erakusten du inguru honetan

zaletasun izugarria zegoela. Gipuzkoan garai horretan gisako zaletasunik izan balitz, Donostian

dendaren bat zabalduko zuten”.

Hasierako abantaila hori dela-eta deituko diote beharbada Nafarroako Huitzin trikitixari “bizkai-

dantza”. Hala kontatzen du behintzat Orixek.

36ko Gerrak hondatu zuen, ordea, trikitiaren loraldia Bizkaian eta Franco hil ondoren ematen den

kultur pizkundearekin itzuliko dira hainbat figura garrantzitsu plazetara. Jose Jabier Abasolo “Tiliño”

1974an hasi zen Iurretan trikitilari zaharrei omenaldiak egiten. Fasio Arandia, Rufino Arrola eta

Maurizia Aldeiturriaga garaitsu horretan hasi zien Euskal Herrian barrena jotzen.

“Dantzarien federazioak eratu ziren, Durangoko Azoka, Ez Dok Amairu… eta giro horretan herri

musikak ere (trikitixaz gainera albokak, dultzainak eta txalapartak) piztualdia izan zeun. Trikitilarien

omenaldiak antolatzen hasi ginen eta lehen omendua Serafin Aranzeta izan zen, Oromiñokoa,

Iurretako auzo batekoa alegia. Kamineroa zen eta 1926an diskoa grabatu zion Bilbon La Voz de su

Amo etxeak. Orduan ikusi genuen trikitilari beterano gehiago ere bazeudela eta horitako asko ez

genituela ezagutu ere egiten, baserrietan gordeta bizi zirelako. Baserriz baserri ibili ginen trikitilarien

bila”, dio.

Tomas Arrizabalaga “Sitze”, Rufino Arrola, Basilio Txiki (Undagoitia), Salba Ugarte, Luis Bilbao,

Modesto Solozabal, Frutos Aulestialde, Fasio Arandia edo Maurizia bera mendearen lehen urteetan

jaiotakoak dira, baina “Tiliño”k ezagutu zuen lehenago jaiotakorik ere. Natxituako Juanita eta Felisa

Bermeosolok 90 urte baino gehiago zituzten omenaldiak egiten hasi zirenean. Zaratamon Anton

Agirre izeneko trikitilari bat aurkitu zuten 100 urte inguru zituena, baina berarekin harremanetan

jartzeko pausoak ematen hasi eta hil egin zen. Hil ondoko omenaldia egin zioten. Juan Etxebarrik ere

100 urte inguru zituen garai horretan eta Santa Ageda eskean ateratzen zen bere soinu txikiarekin.

Trikitilari hauetako asko gerra egindakoak ziren eta baziren frentera soinu txikia bizkarrean hartuta

joandakoak ere.

Kepa Junkerak Iurretako Jai Batzordeak antolatzen zituen omenaldi horietako batean estreinatu zuen

soinu txikia. Beti Alai dantza taldearekin joan zen alboka jotzera eta atsedenaldi labur batean beste

batek utzitako soinuarekin atera eta aho zabalik utzi zituen entzuleak. Tiliñok badu 79ko argazki bat

eta han dantza taldeko trikitilari gisa agertzen da Errekaldekoa. Melena luzea darama. 14 bat urte

izango zituen.

Page 5: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

“88tik aurrera, dagoeneko 24 urte zituela, Bizkaiko erromeria gehienetara eta Gipuzkoako askotara

agertzen hasi zen Kepa Junkera. Urte batzuetan Euskal Herria behin eta berriz zeharkatu zuela esan

daiteke. Erromeria horietan errepertorio klasikoa jotzen zuen, oso errepertorio zabala”, dio Tiliñok.

Bizkaiko emakume pandero-jotzaileen zerrenda ere ez da makala. Aipatu ditugun Bermeosolo

ahizpez gainera, Romualda Zuloaga (Galdakao), Leona Ziarreta (1888, Zeanuri), Felisa Lekue (1878,

Dima), Frantziska Larrinaga (1861, Dima), Paula Elorrieta (1901, Arratia), Kattalin Urigoitia (1860,

Elexabeitia), Tomasa Etxebarria (1889, Zollo) edo Andresa Ibarrondo (1906, Erandio Goikoa) aipa

ditzakegu eta, noski, Maurizia Aldeiturriaga (1904, Zeberio).

Mauriziaren garaikoa da Gipuzkoan Primi Erostarbe (1907, Araoz). Manuel Sudupe “Gelatxo

Zaharra”k bere emazte Pantxika Zubizarretarekin jotzen zuen. Haren ahizpa bi ere, Martzelina eta

Juliana, pandero-jotzaileak ziren eta Maria Barrena (Araoz) ere. Maria Larrañagak, Etxesakortaren

arrebak ere jotzen zuen panderoa.

Emakume pandero-jotzaileen zerrenda honetan aipatu beharrekoa da Mikaera Zunzunegi, 1923an

Zumarragan jaioa, urte batzuetan Elgeta mitikoaren ondoan jo zuelako eta haren andregaia izan

zelako. Hala kontatzen du Antxiñe Mendizabalek “Zumarragako Trikitixa” liburuan. Esan dezagun

bidenabar Mikaelaren familian pandero-jotzaile ez zena trikitilaria zela. Bere aita, Joxe Antonio

Zunzunegi, maila dezentea zuen trikitilaria zen, Gelatxoren ondoan jotzen baitzuen. Eta bere anaia

Juan Marik ere soinu txikia jotzen zuen eta ahizpa Maritxuk panderoa.

Zumarragako Trikitixako Joxe Oriaren amak ere, Frantziska Antonia Irizarrek, panderoa jotzen zuen.

Begi bistakoa da panderoa soinu txikiaren aurrekoa dela. Albokari lagundua zen aurretik eta bakarka

ere bazekien erromeria bat antolatzen, panderoa eskuan hartu eta kantuan eginez alegia. Kontatzen

da garaiko pandero-jotzaile emakumezkoek panderoaren larruan beren senargaiaren profila

zirriborratzen zutela.

EUSKARAREN MAPA

Harrigarria da soinu txikia kanpotarra izanik, zeinen azkar egokitu zen gure lurrera eta zeinen erraz

zabaldu zen ia euskal geografia osora. Urte batzuk lehenago gauza bera gertatu zen Alpeen itzalean

dauden eskualdeetan: bertakoak ziren instrumentuak baztertu eta bertakotu egin zen. Beraz, ondorio

bat atera behar da: soinu txikiak bazituela aurrekoek, albokak eta dultzainak esate baterako, ez

zituzten dohain batzuk, hala nola “hots armonikoagoa eta ñabardurak agertzeko gaitasuna”, Agirre

Francoren hitzak erabiltzearren.

Baina badago soinu txikiaren inguruan bigarren datu bat harrigarria egiten zaiguna: trikitixaren

hedapenak euskararen maparekin bat egiten du. Hain egiten du bat trikitixak euskararekin non

belaunaldi berrientzat soinu txikia gure hizkuntzarekin uztarturik agertzen den.

Joxe Mari Iriondok 1962an abiarazi zuen “Gure erromeriak” irratsaioa Loiola Irratian. Donostiako

Herri Irratiak “Saski-Naski” jarri zuen martxan 1964ean. Esteban Larrañagak “Sutondoko erromeriak”

programarekin hasi zen garaitsu horretan Arrate Irratian. Zenbaiten iritziz, goizean, arratsaldean eta

gauean trikitilariei egindako grabazioak ematen zituzten irrati horretan, baina ez dirudi inor kexatzen

zenik. Larrañagaren nahiz Iriondoren irratsaioetan trikitilari belaunaldi baten piezak grabatu ziren.

Irratsaio horiek guztiak, ordea, euskara hutsean ematen ziren. 60ko hamarkadan oso arrunta zen

Page 6: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Gipuzkoa, Bizkaia edo Nafarroa atlantiarreko mendi bideetan barrena leihatilak jaitsita zeramatzaten

Land Roverretatik trikitixa entzutea.

1964ean Loiola Irratia itxita egon zen, gobernadoreak hala aginduta. Entzuleren batek abisua eman

zuelako gertatzen ziren debeku horiek, zenbait pieza ez baitziren frankisten gustuko.

Maixa Lizarribarek Euskadi Irratian eta Jabi Navarrok Egin Irratian irratsaio bana gidatu zuten 1996tik

aurrera, hauek ere euskaraz noski.

LEHEN GRABAZIOAK

Trikitixarekin grabatutako lehen diskoa 1924ekoa da. Joxe Oria pandero-jotzailea eta Jose Lete

“Etxesakorta” trikitilariak osatutako bikotea izan zen protagonista. Oriak 24 urte zituen orduan eta

Etxesakortak 19. Donostiako Columbia etxean egin zen grabaketa.

Bi urte geroago Serafin Aranzetak grabatu zuen trikitixaren historiako bigarren diskoa. Iurretako

kamineroa lanean ari zen, trikitilariak berak kontatu ohi zuenez, La Voz de su Amo grabaketa

etxekoak auto batean agertu eta ea disko bat grabatu nahi al zuen galdetu ziotenean. Eskorga eta

aitzurrak errepide bazterrean utzi eta autoan sartzeko agindu zioten. Ez zioten arropak aldatzeko

astirik ere eman. Arrebari deitu eta biak joan ziren, bata soinuarekin eta bestea panderoarekin.

Bilbora iritsi eta Coliseo Albiara sartu zituzten eta han oso denbora gutxian grabatu zuten diskoa.

Jose Oriak beste disko bat grabatu zuen berehala Columbia etxean, baina oraingoan Legazpiko Errota

trikitilaria eraman zuen soinuarekin. Hirugarren diskoa ere grabatu zuen Egiguren trikitilariarekin.

Baina ez dakigu bi disko hauen data segururik; 36ko Gerraren aurrekoak direla bakarrik dakigu.

Gerra aurretik grabatu ziren disko gehiagoa ere: Etxesakorta eta Manuel Sudupe “Gelatxo”k

arbelezko diskoak grabatu zituzten Regal etxearekin. Zaldibarko Trikitixak ere grabazioak egin zituen.

1963tik aurrera hasi zen Joxe Mari Iriondo Loiola Irratian grabazioak egiten eta irrati horretatik igaro

ziren Gipuzkoako trikitilari onenak. Jose Mari Iriondo soldaduska bukatu berritan itzuli zen bere

irratiko egitekoetara eta irratian lanean ari zen batean Sakabi eta Egañazki agertu omen ziren pieza

batzuk grabatzea zenbat kostatuko ote zitzaien galdezka. Izatekotan ere irratiak berak ordaindu

beharko liekeela erantzun omen zien Joxe Mari Iriondok. Horrela hasi ziren trikitilariek irratira egin

zituzten bisitak. Maltzeta, Zendoia eta Egurrola aita-semeak igaro ziren, Epelde, Arbe, Epelarre,

Bitarte eta Zabaleta ondoren.

Joxe Mari Iriondo egiteko horretan hasi aurretik Bergara jesulaguna grabaketa batzuk egina omen

zen: Migel Sagastume eta Gillermo Aldalur “Pikua” esate baterako grabatzen izanak ziren, biak ala

biak akordeoiarekin. Kandido Beristainek ere pieza batzuk grabatu zituen, akordeoiarekin eta soinu

txikiarekin.

1970etik aurrera hasi ziren Edigsa, Herri Gogoa, IZ eta beste zenbait etxe modu normalizatuago

batean diskoak grabatzen.

Page 7: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

ELGETA, MITO BAT

Jacinto Rivas “Elgeta” (1905-1964) da, zalantzarik gabe, mito bihurtzeko biografia aproposena izan

zuen trikitilaria. Donostian jaio zen, inklusa batean abandonatu zuten gurasoek txikia zela eta

Bergarako Intxuzabal baserrira eraman zuten adopzioan. Baserri hori Elgetatik gertuago dagoelako,

“Elgeta” esaten zioten edo “Intxuzabal”. Bi belaunaldiren maisua izan zen gerra ondoan gutxienez

Gipuzkoan. Sakabi gerra aurretik hasi zen berarekin ikasten. Eleuterio Tapia, Epelarre, Auntxa, Arbe,

Kataolaza, Urkiolegi, Zabaleta, Erribera, Zialtzeta, Laja eta beste hainbat ibili zien berarekin ikasten

eta guztiek eragin ezinbestekoa izan zuela uste dute soinu txikiak Gipuzkoan izan zuen bilakabidean.

Sakabik, esate baterako, “beragatik izan ez balitz, ez zegokeen hemen trikitixarik”, esan ohi zuen.

Bere irakaskuntza Bizkairaino iritsi zen, orain Gernikan bizi den Munitibarko Julian Larrinagak ere

berarekin ikasi baitzuen jotzen.

Hitz batean esateko, trikitixaren lehen profesionala izan zen. Gerra aurretik peoi gisa lan egina zen

Eibarko tailer zenbaitetan, baina lana bukatu orduko despedida eta erromerietan jotzen zuen. Petra

edo Petratxarri izeneko madame baten etxean “piano-jotzaile” ere izan zela kontatzen dute,

Errepublikaren garaian Eibarren emakume horrek kudeatzen zuen burdel txikian alegia, herria

kosmopolita samarra baitzen sasoi hartan.

Elgetaren biografiaren lehen zatia Eibarri oso lotua egon zen. Herri horretan ikasi zuen trikitixa jotzen

ere, Migel Sagastume “Urkiko Aztia”ren aitak erakutsi baitzion. Diogun bidenabar Migel Sagastume

La Habanako Orquesta Tropicanako soinu-jotzaile profesional gisa kontratatu zutela 19 urte

zituenean. Euskaldun batek kudeatzen zuen orkestra eta amak lagunduta joan zen mutila La

Habanara. Elgetaren ibilbidea xumeagoa izan zen. Gerra ondoren bizileku finkorik gabe ibili zen,

baserriz baserri soinua erakusten. Bere kontratuan egunero bost ogerleko, hiru puru eta mantenua

eskatzen zituen. Ez zuen elizarik zapaltzen. Gau-txoria zen eta lo zailekoa. Orduak ematen zituen bere

gelan karta-jokoan bakarkakoak egiten. Eguerdi aldera altxatzen zen (ez zen ordutegi hori oso ohikoa

baserrietan) eta hasten zen ikaslearekin lanean.

Gerra garaian boluntario joan zen Bilboko frentean gotortze-lanak egitera eta kartzela zigorra bete

behar izan zuen Santoñan eta Cadizen, baina zigorra laburra izango zen, 1942eko argazki batean ageri

baita bere bi ikasle, Auntxa eta Sakabi, ondoan dituela.

Ez zen inoiz ezkondu. Harreman sentimentalik ezagutu zitzaion, ordea. Azkena Urretxuko Mikaela

Zunzunegirekin izan zuen. Neska honek panderoarekin lagundu zion bolada batez eta harremana

hautsi izanak sekulako eragina izan zuen trikitilariarengan. Sakabik bere etxea eskaini zion bertara

erretira zedin, baina ez zuen nahi izan. Trikitixa girotik aldendu zen, Donostiara joan eta han-

hemenka lo eginez nolabaiteko bizimodua eramaten hasi zen. Batzuek erruki-etxean lo egiten zuela

zioten, beste batzuek tren-bagoi zahar batera erretiratzen zela. Bere ikasle ohi batzuek Parte

Zaharreko tabernatan ikusten zuten jotzen eta dirua eskatzen. Pepe Yantzik pieza batzuk grabatu

zizkion azken etapa horretan. Iker Goenagak, gazte belaunaldiko haren miresleak, agertzen duenez,

pieza horitako batean bost aldiz aldatzen du tonuz eta beste batean inprobisazioak egiten ditu. Antza

denez, Elgetak bi oktaba erantsi zizkion bere soinuaren teklatuari Martzelino Larrinagaren

laguntzarekin.

Elgeta gaurko artistaren prototipoa dela esan daiteke, ukitu erromantiko batzuk baditu ere,

bizimodua artearen alde sakrifikatu baitzuen eta musika beste heldulekurik gabe bizitzera iritsi

baitzen. Are gehiago, artista modernoa izanik, baserri giroan bizi izan zen, gerra ondoko baserri giro

itxian, eta horrek areagotu egiten du bere bizitzaren paradoxa.

Page 8: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

BI KASU MUTURREKO

Kasu bitxiz betea dago trikitixaren historia. Joan den mendeko Bizkaiko bi figura ezagunenak Rufino

Arrola eta Bonifazio Arandia “Fasio” dira eta biak ala biak dira bereziak. Biak jaio ziren urte berean,

1909an, Rufino Mungiako Andrakas auzoan eta Fasio Igorren, eta biak utzi behar izan zuten gaztetan

trikitixa arrazoi ezberdinak tarteko eta adinean aurrera zihoanean hartu zuten berriro eskuetan soinu

txikia, Arrolak 58 urterekin eta Fasiok 62rekin eta adina gorabehera gelditu gabe ibili ziren ondorengo

urteetan. Rufinok, esate baterako, hogei bat txapelketetan hartu zuen parte (egun berean bi lekutan

txapela irabazi zuela kontatu ohi da) eta Fasiok hirukote mitikoa osatu zuen Leon Bilbao eta Maurizia

Aldeiturriagarekin eta Bizkaia alderik alde zeharkatu zuen behin eta berriz.

Rufino Arrolak mutikotan ikasi zuen soinu txikia jotzen. Hamalau urte zituela erromerietan jotzen

zuen, baina nerabea zela utzi gin behar izan zuen soinua, lanak horretara behartuta seguru asko, eta

ez zuen berriro eskuetan hartu 58 urte bete zituen arte. Xabier Amurizak trikitilariari eskaini zion

liburuan kontatzen duenez, auzoko festetan jotzera etorri zen trikitilariari begira egon omen zen

luzaz arratsalde batean. Ez dakigu bere baitarako zer gogoeta egin zituen. Etxera joan zen eta

biharamunean motoa hartu eta semeari Donostiara zihoala esan zion. Larrinaga-Guerrini batekin

itzuli zen handik. Errementaria zen. Aingura eta burdinak alde batera utzi eta soinuarekin hasi zen eta

1996ra bitartean ez zuen atsedenik hartu.

Bonifazio Arandia “Fasio”ren kasua antzekoa da. Hamahiru urterako plazan jotzen ari zen, baina gerra

iritsi zen eta etxean gordeta zituen bi trikitixak lapurtu egin zizkioten. Jubilatzeko sasoia gainean

zuenean hartu zuen berriro soinu txikia. Maurizarekin eta Leon Bilbaorekin hirukotea osatu eta plazaz

plaza hasi aurretik, ordea, Igorreko futbol taldearekin ibili ziren hara eta hona autobusean giroa

berotzen. Xabier Payak eta Fredi Paiak Mauriziari eskaini zioten liburuan kontatzen dutenez,

1968rako bazebiltzan elkarrekin Arratie izeneko taldea animatzen. Dindirri eta Andra Mari dantza

taldeekin ere kolaboratzen zuten eta astean behin Atxondoko Mendigoikoa jatetxean jotzen zuten.

MAURIZIA, AHOTS BAT DENON GOGOAN

Asko izan dira mende eta erdiko historian trikitixa bikoteetan kide izan diren emakumeak, baina

horietatik hogei bat igaro dira jendearen memoriara eta nabarmenena Maurizia Aldeiturriaga izan

da, 13 urterekin panderoa jotzen eta kantuan hasi eta eskola bat sortzera iritsi baitzen, agertoki

gainean erakusten zuen nortasunari esker.

Zeberion jaio zen 1904ean familia panderozale batean. Aitak jotzen zuen panderoa, anaia zaharrenak

eta osaba Kalixtok, amaren anaia batek, ere bai. Hau izan erakutsi ziona. Neskatoa zela igande

arratsaldeak bere gelan sartuta igarotzen omen zituen Mauriziak panderoa jotzen. Garai horretan

hori nonbait ikasteko modu arrunta zen. Xabi Paya eta Fredi Paiak “Aupa Maurizia” liburuan beste

kasu bat ere aipatzen dute: Plentziako Manu Ugarte pandero-jotzailea. Honek etxetik ur bila iturrira

bidaltzen zutenean balde-ipurdia joz ikasi omen zuen mutikotan.

Agurtzane Intxaurragak Bidegileak sailak pandero-jotzaileari eskaini zion alean kontatzen duenez, 9

urterekin atera zen etxetik Maurizia neskame joateko, baina hiru urterako berriro etxean zen

Page 9: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Zeberion bertan hari fabrikan lan egiteko. 13 urterekin hasi zen panderoa plazan jotzen Jokin Goiti

“Joakintxu” trikitilariari lagunduz. 17rekin ezagutu zuen Benantzio Bernaola “Karakol” eta harekin

hasiko da panderoa jotzen eta harekin ezkonduko da zazpi urte geroago.

“Karakol” Arteakoa zen eta ahuntzak zaintzen ari zen bitartean ikasi zuen soinu txikia jotzen.

Geroago, Vasconia enpresan lan egiten zuenean Pedro Artiñano “Aldai” trikitilariaren lagun egin zen

eta honek lagundu zion bere zaletasuna bideratzen. Bere anaiak ere, “Juan Lodia”k, trikitixa jotzen

zuen, nahiz eta, ezkerra izaki, baxuak eskubiarekin eta melodikoak ezkerrarekin jotzen zituen.

Kotatzen dutenez, Benantzio Bernaola “Karakol” soinu txikia joz sartu zen herrira soldaduska bukatu

eta itzuli zenean.

Lehen aipatu dugun Pedro Artiñano “Aldai” hori Bizkaiko onena zen hotsak ziren garai hartan.

Igandetan Bilboko La Casillan jotzen zuen. Leku horretan hiru talde osatzen ziren. Lehen taldean

txotisak eta tangoak dantzatzen ziren, bigarren taldean San Frantzisko eta inguruko kaleetan lan

egiten zuten emakumeak biltzen ziren eta hirugarrenean euskal neskameak eta inguruko herrietatik

hiriburura etortzen ziren mutil gazteak. Hirugarren talde horretan jotzen zuen Pedro Artiñanok.

Baina itzul gaitezen Arteara. 20 edo 30eko hamarkadetan Arteako erromeria arratsaldeko hiruetan

hasten zen, gazteak elizan arrosarioa errezatu eta ateratzen zirenean. Zeberiotik Arteara oinez joaten

zen Maurizia panderoa joz. Bere lagun neska bat ekarri ohi zuen berarekin, hura ere panderoarekin.

Pedro Egia “Popon” egoten zitzaien itxoiten plazan trikitixarekin eta lehen pieza honek jo ohi zuen.

Egia esan, “Popon” ez zen “Karakol”n teloneroa baizik, erromeria horietan benetako protagonista

Benantzio Bernaola “Karakol” baitzen eta, noski, Maurizia ere bai.

Erromeria hura ezagutu zutenek diotenez, fandangoetan bakarrik laguntzen ziola Mauriziak

“Karakol”i, gainontzeko errepertorioa bakarrik jotzen baitzuen. Atsedenaldietan Leon Bilbao igotzen

zen agertokira bere albokarekin eta honi ere Mauriziak laguntzen zion, bere kantatzeko modua oso

ondo lotzen baitzitzaion albokari.

Baina garaiko gazteei alboka modatik pasatako instrumentua iruditzen zitzaien. Trikitixak askoz ere

indar gehiago zuen, polifonia eta hiritik zetozen aire berriak jotzeko balio zuen, pasadobleak esate

baterako.

Edozein modutan ere, Arteako plaza horretan hasi zen hezurmamitzen gerora euskal herri musikan

hain famatu bihurtuko zen hirukotea.

Maurizia eta “Karakol” ezkondu egin ziren, baina jotzen jarraitu zuten. Zornotzako Karmen eguneko

erromerian bikote hau izaten zen jotzen, Urkiolako San Antonio egunekoan, Durangoko San Fausto

egunean edo Dimako San Pedro egunean ere bai. Hitzordu garrantzitsu horietaz gainera beste

hainbat herri eta auzotan jotzen zuten. Erromeria horietan gazteek orduak egiten zituzten dantzan.

Kontatzen dutenez, Garaiko San Migel ermitaren inguruak ureztatu egiten zituzten goizean goizetik

erromeria egunean, baina lurra lehortu egiten zen eta arratsalderako dantzan ari zirenek hainbesteko

hautsa harrotzen zuten, non ezin zuten elkar ezagutu.

Mauriziak eta bere senarrak haurra izan zuten, baina etenaldi laburra egin zuen pandero-jotzaileak,

haur txikia besoetan zutela joaten baitziren plazarik plaza.

Gerra izan zen Mauriziaren bizitzako gertakaririk dramatikoena. Zeanuriko baserria utzi eta bere

amarengana itzuli zen, Zeberiora, 8 urteko semearekin. Baina Francoren tropak gerturatu zirelarik,

Somorrostrora ihes egin zuten, han bizi baitzen osaba Kalixto, eta handik Kantabriara ondoren. Bien

bitartean bere senarra preso hartu zuten, Iparraldera ihes egitekotan zenean.

Gerrak iraun zuen hiru urteetan inor ez zen trikitixarekin gogoratu. Senarra etxera itzuli zenean ezin

izan zuen Vasconia enpresan zuen bere lanean hasi, separatisten bandoan ibili zelako. Predi Paia eta

Xabier Payak liburuan kontatzen dutenez, 1949an hasi zen berriro Maurizia panderoa jotzen, bere

Page 10: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

senarrari lagunduz. Txarribodetan eta inguruko auzoetako festetan hasi zen lehenik eta erromeriak

berpizten hasi ahala erromerietan ondoren. Eta 1964 inguruan gehitu zitzaion Leon Bilbao, historia

egin zuen hirukotea osatzeko.

“Karakol” hil zenean “Fasio” Arandiak hartuko zuen hirukotean haren lekua eta hau hiltzean Basilio

Undagoitia sartuko zen. Bien bitartean famatu egin zen Maurizia, euskal kulturaren

berpizkundearekin bat eginez, behin eta berriz zeharkatu baitzuen Euskal Herri osoa. Hogei urtez ibili

zen Maurizia gelditu gabe. Bere urrezko aroa izan zela esan daiteke. Arreta handiz prestatzen zituen

ekitaldiak. Baserritar jantziekin janzten zen. Pare bat ordu aurretik ateratzeko prest egoten zen. Beti

garaiz iristen zen jo behar zuen lekura eta agertokira igo aurretik erritual txiki bat errepikatu ohi

zuen: egunkari orri batzuk lurrean jarri eta su ematen zien, panderoaren larrua berotu eta

tenkatzeko.

Kontatzen dutenez, behin Zeberioko Ermitabarrin jo behar zuen Pedro Aratiño “Aldai”rekin, baina

hau ez zen garaiz iritsi eta bera bakarrik hasi zen erromeria animatzen, soinu-jotzaileari itxaron gabe.

Agertokia betetzen zuen bere presentziarekin eta sekulako indarra transmititzen zuen. Mauriziak

ahots lodia zuen eta tonu horrekin hasten zen beti koplak kantatzen eta goikoarekin bukatzen zuen.

Berak Leon Bilbaoren alboka imitatzen zuela errepikatzen zuen. Eta hala uste dute Xabier Payak eta

Fredi Paiak ere, kadentzietan eta kopla bukaeretan albokaren eredua erabiltzen zuela.

Gazte batzuek desafinatu egiten zuela esaten zuten. Helduek, ordea, ezetz erantzuten zieten. Garbi

dagoena zera da, bere ahotsak antzinako oihartzunak zituela eta indar basatia transmititzen zuela.

60ko hamarkadan hurbildu zitzaizkion musikari gazteak liluratuta utzi zituen. Garaiko diskoetan

grabaturik geratu zen haren ahotsa: Kortaturen lehen diskoan, Iker Goenagaren “Txikitxuterik”

lanean, Kepa Junkeraren “Nondik jo Maurizia?”n, Urgabe taldearen “Agur Maurizia”n, Imuntzoren

disko batean edo Xabi Aburuzaren “Bizkaiko trikitixa”n. Lau disko utzi zituen eta horietan bere

protagonismoa nabarmenagoa da: “Herri musika sorta. 15 Arratia”, 1977ko “Herriko musika”,

Beltranen “Euskal Herriko musika tresnak” eta 1987ko “Maurizia, Leon eta Fasio eta Basilio”.

Si bemolean kantatzen zuen, ozen eta indartsu. Gerra aurreko erromerietan modu horretan

kantatzen zuten gazte jendea dantzara erakartzeko. Bere emanaldiek orduak irauten zuten. Panderoa

jo eta kantuan eginez itzultzen zen etxera askotan eta oheratzen zelarik, orduak igarotzen zituen lo

hartu ezinik eguneko irudiei errepasoa ematen.

Joan den mendeko lehen zatian emakume pandero-jotzaileen nomina luzea da. Baina guztien artean

Maurizia izan da gazte belaunaldien artean mirespenik gehien eragin duena. Bere ibilbidearen zati

handi bat Euskal Rock Radikalaren garaikidea izan zen eta mugimendu horretako aitaponteko

zenbaitek, hala nola Josu Zabalak edo Fermin Muguruzak, laudorio handi samarrak bota zizkioten eta

“beste garai bateko punk” gisa definitzera iritsi ziren, esan nahi baitzuten Maurizia ere punk bat izan

zela, avant la lettre izan bazen ere.

1940 eta 1960 artean apalaldi handia bizi izan zuen trikitixak. Euskarak ez zuen inolako prestigiorik

eta 1960 bitartean Mauriziak gazteleraz kantatzen zituen kopla asko. Euskadi Irratiari 85ean

emandako elkarrizketa batean oso garbi aitortzen zuen berak ez zekiela gazteleraz hitz egiten. Antza

denez, Bizkaian nahikoa zabalduta zegoen ohitura zen. Paya anaiek beren liburuan Getxoko bertsolari

batena kontatzen dute. Asensio Bidaurrazaga zen bere izena, euskaraz egiten zuen bertsotan

lagunartean, baina gazteleraz plazan. Maurizia euskaraz kantatzera igarotzen 60ko hamarkadan eta

hori egien ahal izateko kopla zaharrak erabiltzen hasi zen.

Gerra ondoko bi hamarkada horietan zehar soinu-jotzaileak ere soinu txikia baztertu eta handia

jotzera pasatu ziren eta garaiko musika genero ezberdinetako errepertorioa bereganatzen hasi ziren:

runbak, habanerak eta rantxerak. 1970 inguruan, berriz, alderantzizko jarrerak hasi ziren gailentzen:

Page 11: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

soinu handia jotzen ikasitako akordeoilariak txikira pasatu ziren. Euskal Herriko mailako txapelketak

ere berriro martxan jarri ziren. Final bakoitzeko diskoa argitaratzen zuten eta irratiek nahiz ETBk

trikitixa gizarteratzen lagundu zuten.

Euskal Herriko lehen Trikitixa Txapelketa 1970ean egin zen Donostiako Trinidade plazan Euskal Jaien

egitarauaren barruan eta trikitixa gizartean zeinen sustraitua zegoen erakutsi zuen. Jende aldetik izan

zuen arrakastak txunditu egin zituen asko. Sarrera guztiak agortu ziren eta zaleak kontra pilatzen hasi

zirelarik, sarrerako burdin-sarea botatzera iritsi ziren. Bi mila lagun baino gehiago sartu ziren

ikuskizunera eta beste hainbat geratu zen sartu ezinik.

80ko hamarkadan finalak Belodromora eraman ziren eta 8.000 lagun biltzera iritsi ziren. Hamarkada

horretan jarri ziren abian trikitixa eskolak ere. Martin Aginagalde 300 ikasletik gora edukitzera iritsi

zen, zortzi eskoletan banatuta. Eskola horiek sekulako oinarria eman zioten trikitixari.

ROMAN URRAZA ETA KONTXA URRATZA, Keparen aitona eta ama

Kontxa Urraza (Kepa Junkeraren ama): “Neuk ikasteko aukerarik izan ez nuenez, seme-alabak

bultzatu ditut musika ikastera”

Kepa Junkerak askotan esana du jotzeko teknikari dagokionean, Gipuzkoako maisuekin dituela

zorrak, baina bere piezek transmititzen duten erritmoa eta indarra umetatik edan zuela. Ama, Kontxa

Urraza, Txilibrinen dantza bikotea izan zen. Txilibrinek, (Silvestre Elezkano) Igorren 1912an jaiotako

albokari, koplari eta dantzariak, dantzaren eta herri musikaren bultzagile nekaezina izan zen gerra

ondoan. Kepak gordetzen dituen umetako irudien artean bada bat garrantzia handikoa: Errekaldeko

Goya kaleko beren etxeko sukaldean ama ari da dantzan.

-Zu eta senarra etxe berean jaio zineten. Zuena eskailera bereko maitasuna izan zela esan daiteke.

Biok ezkaratza berekoak gara, Goya kaleko 7. zenbakikoak. Bera behean bizi zen eta ni lehen

solairuan. Pena da gaur hemen ez egotea. Egun batzuk ospitalean dago bronkitis batekin. Umetatik

ezagutzen genuen elkar. Pedrok Belgikan eman zituen urte batzuk, gerratik ihesi joandako umeetako

bat izan zen. Gerora ere harreman estua izan zuen hartu zuen familiarekin. Pare bat aldiz izan ginen

haien etxean eta haiek ere bai hemen, gure etxean. Asko maite zuten. Azkena etorri zirenean Pedro

haientzat seme bat bezala zela esan zidaten eta ni alaba bat eta gure seme-alabak berentzako

bilobak izango zirela.

-Trikitixarekiko lotura zure aitaren aldetik dator. Roman Urrazak panderoa jotzen zuen.

Page 12: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Gure aita Zollokoa da eta ni Miravallesen jaio nintzen. Aitak euskara hitz egiten zuen, baina ama

Santaderkoa izaki, galdu egin genuen euskara. Aitak, esan bezala, panderoa jotzen zuen. Salba Ugarte

trikitilariren adiskide mina zen eta Txilibrinena ere bai. Azken hau Basurtoko Beti Alai dantza

taldearen sortzaileetako bat izan zen eta hor hasi nintzen ni dantzak ikasten. Txilibrin bere aldetik

jota txapelketetan parte hartzen hasi zen eta niri galdetu zidan ea nahi zuen bere bikote izatea. Urte

askotan izan nintzen bere dantza bikotea.

-Baina Beti Alain hasi aurretik ere zuk dantzan egingo zenuen.

Bai, bai. Etxean denok erromeria zaleak ginen eta ia igandero antolatzen genuen festaren bat

mendian. Adiskide batek baserria zuen San Roke ermitaren ondoan, Pagasarrira bidean, eta han

familia osoak elkartzen ginen. Salba Ugarte trikitilaria ere Errekaldeberrin bizi zen, gure etxearen

aurrez aurre. Orozkokoa zen. Gure aitak eta berak umetatik ezagutzen zuten elkar. Beti jende artean

jotzen zuen bikotea osatzen zuten, koadrilako trikitilariak zirela esango nuke. Ez dut uste sekula

agertoki bat edo kiosko bat zapalduko zutenik. Santa Lutziako erromeriara joten ginen, baina familia

giroan beti, janari poltsak eta umeak zintzilik genituela. Leku horietan, noski, dantzan egiten genuen,

baina modu formalagoan dantzak ikasten Beti Alain hasi nintzen. Eta Txilibrinekin jotak dantzatzea

luxu handi bat izan zen niretzat. Ni baino zaharragoa zen, adin tarte handia genuen. Bera zen taldean

dantzak erakusten zituena. Egia esan, beste hainbat taldetan ere ibiltzen zen dantzak erakusten, garai

horretan talde gehiago sortu baitzituzten Bilboko auzoetan.

-Zergatik aukeratu zintuen dantza bikote bezala?

Nabarmentzen nintzelako izango zen. Jota dantzatzen zuenean hari begira egotea gozamena zen.

Lehiaketa askotara joan nintzen berarekin. Gero gure ama hil zen eta Maite Ugartek ordezkatu

ninduen, Salba Ugarteren alabak. Ez genuen beti jota dantzatzen. Behin Guridiren “Euskal estanpak”

muntatu zuten Ayala antzokian eta gogoan dut emanaldi horretan ere parte hartu nuela.

-Kepak kontatzen du artean umea zela igande arratsalde batean bere aitona eta Salba Ugarte

menditik jaitsi eta auzoko taberna batean sartu zirela. Han trikitixa jotzen hasi zirela eta bera kaletik

egon zela harriturik entzuten.

Eszena hori askotan errepikatzen zen. Igandetan joaten ginen baserri horretatik jaisten ginen edo San

Roke ermitatik eta gure aitak ez zekien panderorik gabe ezer ospatzen. Familiakoak etxera

erretiratzen ginen eta haiek tabernara joaten ziren jotzera. Hori zen ohitura.

-Pedro eta zu ezkondu zinetenean non jarri zineten bizitzen, bere etxean edo zurean?

Nirean, nire aita alargun zegoelako. Oraindik pisua han dugu Errekalden, baina Zeberiora etorri gara

alabarekin bizitzera, Bilbo nekagarria egiten zaigulako.

Page 13: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

-Kepak urte batzuk eman zituen Zumaian ere.

Han itsasargiaren ondoan dauden bi txaletak egin zituztenean bera zen enkargatua eta San Juan

iturriaren ondoko etxebizitza batean eman genituen hiru urte. Kepak bi urte eta erdi zituen eta

Mariak sei hilabete. Txalet horiek enpresako nagusientzat ziren, Retolazarentzat bat eta

Asumendirentzat bestea. Bi txaletak bukatu ondoren behean etxebizitzak ere egin zituzten. Txalet

horiek egiteko, dena den, sekulako lanak hartu zituzten. Odisea bat izan zen hura. Obrarako

materialak igotzeko Talaimendiko zelaietatik barrera garraiatu behar izan zituzten. Pena da Pedro

hemen ez egotea. Izugarri gustatzen zaio lan horiei buruz berriketan egitea. Niri Zumaia asko

gustatzen zait. Txortenaren familiaren etxean eman genituen hiru urte horiek eta harreman oso

estua izan genuen. Geroztik askotan itzuli ginen oporretan Zumaiara. Telebistako erreportajeetan

herri hori agertzen denean hunkitu egiten naiz.

-Zenbat seme-alaba dituzue?

Hiru. Kepa da zaharrena, Maria dator ondoren eta Asier da txikiena.

-Gehienetan txikienak ateratzen dira artista.

Mariak ere akordeoi ikasketak egin zituen eta magisterio musikala egin zuen ondoren. Niri izugarri

gustatzen zait musika. Beharbada Kepak entzungo balu, barre egingo luke, baina niri musika asko

gustatzen zait.

-Kepak aitortzen du zuregandik datorkiola zaletasuna. Zuk dantzarekin egin zenuena berak soinu

txikiarekin egin nahi izan zuela esaten duela uste dut.

Hori egia da, halaxe esaten du. Bera autodidakta da trikitixan. Orain eskolak daude, baina orduan ez

zegoen horrelakorik. Etxean sartu, kaseteak hartu eta zatika ikasten zituen. Pieza bat ikasten

zuenean, berak jo eta nik dantza egiten nuen eta ondo zegoen edo ez esaten nion, nolabait esateko,

onespena ematen nion. Ni beti izan naiz dantza asko egitekoa. Kepa trikitixarekin hasi baino lehen

ere nik dantza asko egin nuen. Pedro, berriz, ez da dantzarakoa. Plazan musika zegoenean nik

jertseak berari utzi eta dantzara joaten nintzen, dantzan ari zen jendearen artean sartu eta

edonorekin egiten nuen.

- Peciña izeneko irakasle batengana ere bidali zenuen Kepa akordeoia ikastera.

Zortzi edo 9 urte izango zituen. Bigarren eskuko akordeoi bat erosi genion, txiki bat, ez baitzuen

handiarekin jotzeko indarrik. Solfeoa eta akordeoia ikasten hasi zen. Baina ez zitzaion askorik

gustatzen. Ni bere ondoan esertzen nintzen, presioa egiteko, baina protestatu egiten zuen eta utzi

egingo zuela esaten zuen askotan. Partitura bati begira jotzea ez zaiola inoiz gustatu esango nuke.

Page 14: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Egun batean utzi egingo zuela esan zidan eta sekulako disgustua eman zidan. Irakaslearengana joan

nintzen eta gaitasun handiko mutikoa zela esan zidan eta bere bidea aurkituko zuela, lasai egoteko.

Institutuan oso nota onak ateratzen zituen, matrikulak ere bai.

-Nolakoa da Kepa? Egoskorra al da, borondate handikoa?

Ez dakit nolakoa den. Gauza batzuetan asko nabarmentzen zuela gogoratzen dut Indautxuko eskolan,

esate baterako, bazituen irakasle batzuk zoriontzen zutenak, erredakzioan esate baterako hamarreko

nota ateratzen zuelako.

-Kepa trikitixaren moldeak apurtzen hasi zenean, zer iruditu zitzaizun zuri?

Ikasketetan oso nota onak ateratzen zituenez, nik musika ikasketa akademikoak egitea nahi nuen.

Behin, dentistarengana eraman nuen batean, nire kezkak kontatuko nizkion eta gogoan dut lasai

egoteko esan zidala, trikitixa horrenbeste gustatzen bazitzaion eta horrekin zoriontsu bazen, horrekin

dirua irabazten asmatuko zuela. Izugarria da zenbat ordu igarotzen zituen etxean kaseteak jarri eta

kendu. Ez da sinestekoa. Gogoan dut egun batean Salba gure etxean zegoela eta Kepari jotzen entzun

zionean esan zuela: kopiatu egin dit. Salbak oso pieza gutxi jotzen zituen, baina indar izugarriarekin

jotzen zituen eta oso hots berezia ateratzen zion soinu txikiari. Oso azkar ohartu nintzen Kepak bere

bidea egingo zuela. Lehiaketetara joan aurretik ikusten zen hori eta hasi eta gero askoz ere

nabarmenago.

-Zuk bere piezekin dantza egiten zenuen. Kepak dio bere pieza trikitixa zirela bazekiela, zuk haiekin

dantza egiteko gai zinelako.

Hori horrela da. Orain 82 urte ditut eta dantza egiteari utzita nago, baina lehen semearen piezekin

ere dantzan egindakoa naiz. Gertatzen dena zera da, trikitixari sekulako astindua eman ziola. Badira

egin dituen pieza batzuk oso-oso gustukoak ditudanak. Horietako bat da “Uriondo”, egunak emango

nituzke entzuten bat ere aspertu gabe. Kepa Perez Urraza suhiak dio Uriondo Zeberio inguruko leku

bat dela eta hortik datorrela gure abizena.

-Eta beste biak, alaba eta semea?

Mariak musika ikasketak egin zituen, Psikologia ikasi zuen gero eta irakasle ikasketak ondoren. Urteak

eman ditu eskoletan musika irakasten, baina oso lan gogorra zela esaten zuen eta utzi egin zuen. Nik

musika ikastera behartu ditut hiruak. Diogun animatu egin ditudala. Baina txikienarekin ezin izan dut.

Irakasle ezberdinekin saiatu nintzen, baina alferrik izan zen. Asier ingeniari teknikoa da ikasketaz eta

horretan egiten du lan. Beste modu batera esateko, uste dut neuri gustatuko izango zitzaidala musika

ikasketak egitea eta, ezin izan nuenez, seme-alabekin saiatu naizela.

Page 15: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

IZEN HANDIAK

ZUMARRAGAKO TRIKITIXA

Gauza askotan izan zen aitzindaria Zumarragako Trikitixa. Trikitixa baserri girotik kalera jaitsi zutenak

izan zirela esan ohi da, diskoa grabatu zuten lehenak eta gerra aurretik zetorren modari jarraiki

kopletan gaztelera erabiltzen hasi izana leporatzen zaie. Joxe Oriaren ama ere pandero-jotzailea zen.

Frantziska Antonio Irizar Zumarragako Olarte baserrikoa zen. Antxiñe Mendizabalek bere

“Zumarragako Trikitixa” liburuan jaso zuenez, baserriko zenbait lan egiteko emakumeak auzolanean

biltzen zirenean bera omen zen giroa jartzen zuena. Atsedenaldietan Frantziska Antoniak panderoa jo

eta kantatu eta beste emakumeek dantzan egiten zuten.

Semeak, Joxe Oriak, amaren zaletasuna heredatu zuen. 1920ko kronika batean Kanpazarrekin

bikotea osatuz agertzen da eta ondoko urteetan beste hainbat trikitilarirekin. 1924an grabatu zen

trikitixaren historiako lehen diskoan bere izena agertzen da Etxesakorta trikitilariari laguntzen.

Horrela jaio zen Zumarragako Trikitixa.

Zumarragako Elizkalen bazegoen taberna bat igande goizetan, aurrez aurre zegoen parrokiako

sermoiak irauten zuen bitartean eliztarrez betetzen zena eta berriro organoa jotzen hasten zenean

denak korrika joaten omen ziren elizara. Taberna horretan zuen bere egoitza Zumarragako Trikitixak.

Gainean bizi ziren oriatarrak eta Joxeren amak ohetik jarraitzen zituen semeak panderoarekin egiten

zituen aurrerapenak, erromeria batetik itzuli eta egunari amaiera emateko hor sartzeko ohitura

baitzuen. Joxe Oria izen baten jabe egin zen. Garaiko kronistek (Antxiñe Mendizabalek lekuko batzuk

bildu ditu) animatzaile peto-petoa zela nabarmentzen dute eta sekulako pikardia zuela ere bai.

“Ayer me dijiste que hoy/ hoy me dirás que mañana/ y mañana me dirás/ que de lo dicho no hay

nada”, zioen gazteleraz kantatzen zuen kopla batean. Gaztelerazko beste adibide bat: “Dicen que

casar/ yo también me casaría/ si la vida del casado/ fuera como el primer día”. Eta hirugarren bat:

“Debajo del delantal/ tienes el txitxilimurdi/ y un poco más abajo/ qui tolis pecata mundi”.

Etxesakortak 23 zituenean Euskal Herria utzi eta erbestera joan behar izan zuen, “aipatu ezin diren

arrazoiak tarteko”, kronikaren batek dioen bezala. Antza denez, neska bat haurdun utzi zuen eta

garaiko gizarte itxiak biei ezarri zien zigorra. Zumarragako taberna batean egin zioten trikitilariari

agurra eta Joxe Oriak beste trikitilari batzuekin jarraitu zuen panderoa jotzen eta koplak kantatzen,

Errostarekin, Gorrizekin edo Karlos Egigurenekin.

Hurrengo trikitilari horietako batek ere arazoak izan zituen. Felipe Mondragon “Errosta” legazpiarra

zen eta Patricio Echeverrian egiten zuen lan. Nagusiak oso garbi esan zion aukeratu egin behar zuela,

edo lana edo trikitixa. Soinu txikiarekin zituen konpromisoak alde batera utzi eta lanean finago hasi

behar izan zuen.

Joxe Oriari aitortu behar zaio bera izan zela lehena trikitilari batekin bikote egonkorrak osatzen.

Aurretik kantatu eta panderoa joz erromeria egiten zuten emakume pandero-jotzaileak zeuden edo

trikitixa bakarrik jotzen zutenak. Baina bikote bezala modu egonkorrean lanean hasi zirenak

Page 16: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Zumarragako Trikitixakoak izan ziren. Eta ondoko urteetan ere Sakabi etorri arte itxoin beharko da

panderoaren eta soinu txikiaren arteko lotura hori sendotzeko.

Gerra aurretik hiru disko zituen grabaturik Joxe Oriak, Etxesakortarekin bat, esan dugun bezala,

Errostarekin bigarrena eta Egigurenekin hirugarrena. Garai horretakoak dira ondoko kopla ezagun

hauek: “Al entrar en Zumarraga/ ha nacido una laguna/ donde se bañan las guapas/ porque fea no

hay ninguna”.

Joxe Oria abertzalea zen eta nabari egiten zitzaion jarrera hori bere diskoetako kopla batzuetan. Bere

hirugarren diskoan, Egigurenekin batean grabatu zuenean, arazoak izan zituen zentsurarekin. Gerra

garaian Amayur batailoiko kide izan zen.

Aipatu ditugunez gainera, Elorrioko Benigno Berezibar “Kanpazar”ekin jo zuen panderoa, Azkoitiko

Kandiko Beristainekin, Antzuzolako Alejandro Telleria “Gorriz”ekin eta herri bereko Joxemiel

Ormazabalekin.

Azken honekin izan zuen harremana oso garrantzitsua izan zen, belaunaldi berriarekiko lotura egin

baituen Zumarragako Trikitixak berari esker. Trikitilari hau izan zen Joxe Oriaren ilobari, Joxe

Urteagari, soinu txikia jotzen erakutsi ziona eta Urteaga ezinbesteko figura izan zen ondorengo

urteetan. Joxe Oria 1940an hil zen, baina hil aurretik bere iloba oholtzaren gainean jotzen ikusteko

zoria izan zuen. Hamar urte geroago Urtega familiako lau anaiek Zumarragako Trikitixa birsortu eta

urrezko arora eraman zuten. 1957an Columbiarekin grabatu zuten berriro. Disko horretan sartu

zituzten Eusebio tabernako alabari eskainitako kopla famatuak: “Kalebarrendik hasita/ Elizkaleraino/

ez dago neska politagorik/ Eusebioren alaba baino”, zioena esaterako. Diskoa kaleratu zenerako

Eusebioren alaba, Gurutze, ezkonduta zegoen eta senarrak afari batera gonbidatu zituen trikitilari

taldekoak.

Gerra ondoko urteak ziren eta Guardia Zibila beti gainean zuten. Taberna batean jotzen zutenean

norbait atean uzten zuten begirale eta hark abisu ematen zien noiz zetozen. Kizkitzako erromerian

pasadobleak jotzera behartu zituen Benemeritak.

Antxiñe Mendizabalek gisa horretako hainbat gertakari bildu ditu bere liburuan. Orduak ematen

zituzten gelditu gabe jotzen eta inoiz edo behin Joxe Urteagari laguntza ematen zioten jotzeari utzi

gabe pixa egin zezan.

Joxe Urteagaren irakasle izandako trikitilaria ere, Josemiel Ormazabal, pertsonaia famatua izan zen

herrian. Isabel jatetxearen eta Golden dantzalekuaren jabea zen. Diskoteka horretara jotzera joten

ziren orkestrek biribilketarekin bukatu behar izaten zituzten beren emanaldiak. 1959an anaietako

batek, Inaxiok, taldea utzi zuenean, Joxemiel Ormazabal Zumarragako Trikitixan sartu zen.

SAKABI, HANDIENETAKO BAT

Faustino Azpiazuri bere izen artistiskoa jaio zen baserritik datorkio, beste askori bezalaxe. Sakabi

baserria Izarraizko maldaren kontra ezkutaturik dago, gaur Aittola Berri jatetxea dagoen lekutik

gertu, Madariagatik Lasturrera doan errepidearen inguruan. Eskualdean izen handia zuen petrikilo

baten seme gazteena zen. Hain zen famatua non Azkoitiko sendagile bat (Artzuaga) beregana joan

baitzen bere semeetako bat gaixorik jarri zenean, nahiz eta aurretik bere kontra salaketak jarria zen.

Salaketa horien erruz kartzela ere ezagutua omen zen.

Page 17: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Faustino Azpiazu “Sakabi” 1916an jaio zen. Hamar urte zituela aitarekin joan zen Pentekoste egunez

Izarraitzen egiten zen erromeriara eta txundituta geratu zen soinu txikiaren hotsarekin. Bere osaba

Anton Baltzolarekin ikasi zituen lehen notak eta Madarixa Txikiarekin (Jose Manuel Aranbarri) jarraitu

zuen. Igande goizetan zazpietako mezatara joaten zen Madariaga auzora eta ondoren trikitilariak

bere etxean ematen zion eskola. Madarixa Txikiak auzo horretan jotzen zuen igande arratsaldetako

erromerian. Trikitilari hori izan zen Faustinoren aitari Elgeta gomendatu ziona. Sakabik 16 urte

bakarrik zituen baina dagoeneko ikusia zuen Elgeta urte zaharretan Elgoibarren jotzen eta liluratuta

utzi zuen. Elgeta, ordea, Eibarren bizi zen eta bidaia odisea txiki bat zen: ordu eta erdiko bidea

baserritik Azkarate gainera. Azkoititik 8etan abiatzen zen autobusa hartzen zuen han eta han joaten

zen Elgoibarreraino ea handik trenez egiten zuen Eibar artekoa. Elgetak eskola bikoitza ematen zion,

bazkal aurretik bata eta ondoren bestea. Arratsaldeko seietan hartzen zuen itzulerako trena Elgoibar

aldera, baina hemen autobusik ez zuenez, oinez egin behar izaten zituen Azkarate gainera dauden

zortzi kilometroak eta ondoren oinez jarraitzen zuen beste ordu eta erdiko bidea Sakabiraino.

Dozena bat aldiz bakarrik egin zuen joan-etorri hau, gerra etorri baitzen eta gerrak eten baitzuen

irakaslearen eta ikaslearen arteko harremana. Elgeta boluntario joan zen frentera Francoren kontra

borroka egiteko eta ikaslea berriz, 20 urte bakarrik zituenez, baserrian geratu zen eta soldadutzara

deitu zioten. Extremaduran eta Madrilen egin zuen gerra, bitan zauritu zuten eta horietako batean

etxetik eramandako trikitixa galdu zuen. Bando aurkarietan egin zuten gerra, baina ez ziren luzaz

egon elkartu gabe, 1940an berriro soinua erakusten hasi baitzitzaion Elgeta Sakabiri. Oraingo

honetan Elgeta bera izan zen ikasleari etxera joan zitzaiona. Sakabin egin zuen egonaldia izango zen

seguru asko Elgetak gerra ondoren baserriz baserri egin zuen ibilbide luzearen lehen etapa. Elgeta

dozena bat ikasle izatera iritsi zen, baina Sakabi izan zuen kutunena.

Sakabik Egañazpi pandero-jotzailearekin (Jose Mari Urbieta) osatu zuen bikotea. Bikote egonkorra

izan zen, 30 urte iraun baitzuen. Esklusibotasun kontratu bat izan zutela esan daiteke. Urte askotan

Egañazpiren Lanbrettaren gainean joten ziren erromerietara. Egañazpik Zestoako Egiguren

tornutegian egiten zuen lan. Erromerietan galdutako orduak berreskuratu behar izaten zituen eta,

kontatzen zuenez, izan zituen 16 ordu lan egindako egunak ere.

1957an ezagutu zuen Sakabik Laja Izarraizko maldan egiten zen Korostiteko erromerian. Hamahiru

urte bakarrik zituen Lajak, baina soinua jotzen nabarmendu egiten omen zen. Iñigo Aranberrik

“Sakabi. Soinu txikiaren handitasuna” liburuan kontatzen duenez, Sakabik Elgetari zera esan omen

zion: “Hobe diagu erretiratu. Mutiko hau ikusgarria zetorrek”. Urte batzuk geroago elkarrekin

askotan joko zuten.

Sakabik obsesioa zuen musikarekin. Larri baina solfeoa ikastera iritsi zen. Jose Mari Altuna “Puccini”

Azpeitiko bandako zuzendariarekin ikasten aritu zen. Lajak ere irakasle bera aukeratu zuen. Biek

sekulako ahalegina egin zuten soinu txikia duinago egiteko.

Sakabik jotzen zituen erromeriak izendatuz Gipuzkoako mapa zirriborra daiteke: Madariaga,

Martirieta, Komunsoro, Zurruntzola, Errezil, Bidania, Goiaz, Santa Engrazia, Erdoizta, Iturriotz, Aia San

Pedro, Urteta, Laurkain, Orio, Aginaga, Usurbil… . Bere estiloa dotorea zen, landua, oso teknikoa.

Aipatu ditugun erromeria horietako askotan goizetik hasten zen jotzen eta gauean edo goizaldean

bukatzen zuen.

1970ean Sakabik eta Egañazpik irabazi zuten Trikitilarien Lehen Txapelketa, gerra aurretik txapelketa

batzuk egin baziren ere. Irailaren 13an izan zen finala, arratsaldeko seietan. “Ez dago sarrerarik”

kartela jarri zuten. Bi mila lagun bildu ziren Donostian. Horietako gehienak Urola bailarakoak ziren,

sei bikote iritsi baitziren azken saiora eta guztiak bailara horretakoak baitziren: Zendoia anaiak,

Egurrola anaiak, Epelde anaiak, Illaramendi eta Imanol Iturbide, Laja eta Berastegi eta Sakabi eta

Page 18: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Egañazpi. Azken hauek eraman zuten txapela, baina soinu-jotzaile onenaren saria Lajak. Garaiko

egunkariek boikota egin zioten txapelketari.

Hurrengo urtean bigarren txapelketa jokatu zen eta Sakabik nahiago izan zuen ez parte hartzea. 60

urterekin erretiratu zen. Arazoak zituen erreumarekin. Plazak utzi aurretik “Sakabi-Egañazpi

trikitilariak” diskoa grabatu zuten.

Sakabik arrastoa utzi zuen bere ikasleengan. Horien artean nabarmentzekoa da Imuntzo (Juan Ramon

Azpitarte). Bere jotzeko modua, Sakabiren estiloa alegia, Elgetak markatu omen zuen. Baina bada

pasadizo bat 50eko hamarkadakoa askotan aipatzen dena: lehiaketa bat antolatu omen zuten.

Sakabik ez zuen gogorik izena emateko. Bere maisuak, Elgetak, eman zion izena eta Elgetaren

aurretik geratu zen.

GELATXOTARRAK, AITA-SEMEAK

Manuel Sodupe “Gelatxo Zaharra” (1888) izan zen gaurdaino iraun duen leinua inauguratu zuena.

Bere emazte Juliana Esnaola panderoarekin zuela Bizkaia eta Gipuzkoako erromeria gehienetan jo

zuen eta, askoren ustetan, gerra aurreko trikitilari onena izan zen, bai jotzeko zuen maisutasun

teknikoarengatik eta baita pieza berriak sortzeko zuen adurragatik, garai hartan trikitilari gehienak

oso errepertorio urriarekin ibiltzen baitziren. Gaur egun ere haren piezak jotzen jarraitzen dute

trikitilariak.

Gelatxo Zaharrak errepertorio propioa sortu zuen eta artista familia bat osatu zuen. Haren hiru

semeak, Lorentzo, Jose eta Pedro, trikitilariak eta dantzariak izan ziren. Ezagunena Pedro (1928) da,

“Gelatxo Gaztea”. Soinu handia jo zuen, baina soinu txikirako ere balio zuten piezak sortu zituen. 56

urtetan zehar Euskal Herria zeharkatu du eta horietatik 50 banda baten laguntzarekin. Banda mota

hori izendatzeko “jazzbana” hitza erabili zuten, perkusioko instrumentuaren markagatik. Bateria,

saxoa eta soinu handiak osatzen zuten.

Instrumentu horien garraioak ematen zien burukominik. Batzuetan aldez aurretik fakturatu eta

trenez bidaltzen zituzten jo behar zuten lekura, baina beste askotan astoaren gainean jarri eta iristen

ziren helmugara.

Manuel Soduperen (Gelatxo Zaharra) hiru alabak dantzari onak ziren eta lehiaketetan parte hartzen

zuten. 1953an hil zen. Elgoibarko San Lorentzo auzoan dago haren jaiotetxea, Agarre baserria.

Argazki bat atera nahi ziotela eta atarira eraman zuten. Argazkiak atera eta biribilketa bat joz zihoan

etxera. Gaizki sentitu zen eta handik gutxira hil zen. Hamarkada batean zehar Elgetarekin eta Sakabi

artean gaztearekin batean trikitixaren historiako hirukote maitatuena osatu zuen.

MALTZETA, PROFESIONAL BAT

Page 19: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Trikitixak izan duen lehen profesionaletako bat izan zen, soinu txikia jo eta erakustetik bizi izan

baitzen. Azkoitiko Forjas Juaristiko langilea izan zen eta langile baten ordutegia eta trikitilari batena

elkartzen saiatu zen urteetan, baina luzarora ezinezkoa zela ikusi zuen. Lana utzi eta hogei bat urtez

gutxienez soinutik bizitzea lortu zuen. Gipuzkoan erromeriek ezagutu zuten garairik oparoena bizi

izan zuen, 50 eta 60ko hamarkadak alegia. Trikitilarien rankig-ean lehen postuetan egon zen

Sakabirekin batean Laja agertu zen arte. 1966an ezkondu eta berriro fabrikan lanean hastea erabaki

zuen, Azkoitiko Zubillaga Fundizioak enpresan oraingoan. Baina istripu larri bat izan zuen eta lana

utzi behar izan zuen.

Urte askoan Azkoitiko Altzibar auzoan bizi izan zen, Landakanda baserritik edo Zabaletik gertu.

Umansoro edo Imuntzo baserria ere ez zuen urruti. Zirkulu hori pixka bat gehiago zabalduz gero, izen

ezagun gehiago agertuko lirateke, Zendoia, Epelde, Izer edo Zabaleta. Trikitixaren historian eman den

trikitilari eta pandero-jotzaile pilaketa handienaz ari gara hitz egiten.

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak “Maltzeta, soinu bete bihotz” liburuan kontatzen duenez, bere

anaia Justo eta alaba txikia Mamen lagun hartuta askotan igotzen zela jaiotetxera, Maltzeta Etxetxo

baserrira, bere Renault 4 zaharrean eta, baserria erorita zegoenez, horma eroriei begira jarri eta

“Hamabost hamasei urte” pieza jotzen zuela. Bistan denez, nostalgia ariketa bat zen hori.

Juanito Garate “Maltzeta” Azkoitiko Urrategi auzoko baserri horretan jaio zen 1924an. Inguruan ditu

Goenatxo, Euzkitze eta Uitte baserriak. Azken baserri honetatik trikitilari ezagunak atera dira,

Euzkitze ezaguna da Xabier Perez “Euzkitze”ren amaren aita bertakoa zelako eta Goenatxo ere askok

ezagutuko dute Juan Jose Unanue harri-jasotzailea bertakoa delako.

Maltzeta sorginkeriaz betetako baserria da. Aurreko bi belaunaldik dultzaina jotzen zuten.

Trikitilariak berak kontatzen zuenez, aitak kutxa batean musika instrumentu ezberdinak gordetzen

zituen, biolina, gitarra eta flauta batzuk ere bai tartean, panderoekin eta dultzainekin batean noski.

Kutxa horretan ez omen zuten egundo trikitixarik ikusi, nahiz eta aitak behin eta berriz gaztetan

dultzaina jotzen hasi aurretik soinu txikia jotzen zuela aitortu. Semeak gogoratzen zuenez, igandetan

mezatatik etxera itzuli, salda beroa baso bat ardorekin hartu eta bere gelako balkoian esertzen zen

aurrean zituen mendiei begira eta samurtasun handiz jotzen omen zuen. Etxean aitari entzundako

pieza batzuk berak soinu txikiarekin jotzen zituen eta 1981ean, 60 urte zituela, grabatu zuen bere

lehen diskoan haren biribilketa bat sartu zuen.

Juan Mari Beltranek lau dultzaina-jotzaile aurkitu zituen Maltzeta Etxetxo goitizena zeramatenak.

Trikitilariaren hiru osabek ezteietan jotzen zuten dultzaina talde egonkor bat osatu zuten. Koadroa

osatzeko, aitonaren anaia bat, Lorentzo Garate, bertsolaria izan zen.

Gaztetan Gelatxo Zaharrari (Manuel) zion mirespenak suspertu zuen bere bokazioa. Inguruko

erromerietan jotzen zuen eta etxe inguruan egiten zuten ikatza salduz irabazitako diruarekin erosi

zuen beren lehen soinu txikia. Erostera joan zenean Madarixa Txikia trikitilariak lagundu zion.

Larrinaga-Guerrini fabrikatik ekarri zuen etxera lehen soinua eta Madarixa Txikia hasi zitzaion

erakusten. Madarixa Txikia Azkoitian bizi zen. Igandetan Maltzetaraino igotzen zen eta han izaten

zuen zain Juanito eta baita gerora trikitilari izango zen Eugenio Alberdi “Zabaleta” ere. Biak, Maltzeta

eta Zabaleta 18 urterako hasi ziren jendaurrean jotzen inguruko erromerietan, Irukurutzetan, Pol-

Polen, Elosuan, Zarguaten, Urrategin edo Aizpurutxon.

Juanito Garate “Maltzeta”k soldadutza egitera joan eta Orioko trikitilari gazte bat ezagutu zuen

Elgetarekin ikasitakoa. Etxera itzuli zenean haren bidez egin zuen Elgetaren ezaupidea eta maisuak

bost aste pasatu zituen Maltzeta Etxetxon.

Maltzetak ere erromerien garairik onena ezagutu zuen, 50 eta 60ko hamarkadetakoa. Urrezko garai

hori dantzalekuak irekitzen hasi zirenean hasi zen moteltzen. Errezilen, esate baterako, lau erromeria

Page 20: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

egiten ziren igandero: herriko plazan, Benta Berrin, Zurruntzolan eta Leten. Aian beste lau egiten

ziren: Urdanetan, Altzolan, Aia Behean eta San Pedron. Elosuan, Irukurutzetan, Gorlan edo Oletan

erromeriak egiten ziren. Aipatu ditugun leku hauetako batzuetan urteko festa nagusiak egiten

zirenean trikitilariak egunak egin behar izaten zituen bertan. Altzolan, esate baterako, zazpi eguneko

egonaldia egiten zuen Maltzetak. Leku horietako askotan urtero trikitilari bera eramaten zuen.

Maltzetak, esate baterako, 35 urte jarraian jo zuen Zumarragako Agiñetan.

50eko hamarkadara arte pandero-jotzailerik gabe ibiltzen ziren. Gerora Izer, Landakanda, Iturbide,

Bidani, Egañazpi, Egurrola edo bere alaba Mamenek lagunduta ibili zen. Bere alaba jotzen hasi

zenean sekulako jakin-mina piztu zuen, “hanka eta buru” jotzen zuelako. Horrela jo zuen nonbait

1980ko txapelketaren finalean. Joseba Tapia joan omen zitzaion ea bere alabak lagunduko zion

panderoarekin txapelketa horretan eta Maltzetak oraindik gazteegia zela erantzun omen zion, baina

hobeto pentsatzen jarrita, Josebarentzat ona bazen berarentzat ere ona izango zela eta horrela

erabaki omen zuen alabarekin ateratzea.

Badago garaiko gobernadore zibilarekin lotutako pasadizo bat ere. Pedro Manuel Aristegi Irunen

jaiotako UCDko militantea zen. Inaugurazio ekitaldiren batean Mamen panderoarekin ikusi eta

liluratuta geratu zen nonbait. Mirespen gutunak bidali zituen, diskoak bidali zizkion opari eta

telefonoz berarekin hitz egitera iritsi zen. Bere senargaia soldadutzatik libratuko zuela agindu zion,

baina Iraken enbaxadore zela atentatu batean hil zuten.

Hamasei urte arte aitarekin jotzen jarraitu zuen Mamenek eta trikitilariak grabatu zituen hiru

diskoetan agertzen da bere izena. Horietako bat IZn grabatsa da eta beste biak Elkarren.

1983an Azkoitia utzi eta Hondarribira joan ziren bizitzera eta han trikitixa eskola bat zabaldu zuen

Mamenek. Aitak klase batzuk eman zituen eskola horretan. Eskola horretako ikasle ospetsuen artean

Amets Arzallus bertsolaria ageri da, bere arreba Itsaso trikitixa ikasten ibili zenean panderoarekin

laguntzen baitzion.

Maltzeta 2006an hil zen 82 urte zituenean.

AUNTXAREN IBILERAK

Antonio Aranaga “Auntxa” Urrestillako Kalebarren kalean jaio zen 1910ean. Bere belaunaldian

trikitilari gutxi dira kalean jaiotakoak eta horietako bat da Auntxa. Gerra ondoan erretegi bat jarri

zuen eta bere semeek daramaten haren martxa gaur egun. Goitizena aitonarengandik datorkio.

Apustu bat egin omen zuen tabernatan lehen ziren mostradore altu horietako batera jauzi batekin

baietz igo eta bi aldiz igo omen zen.

Antonio Aranaga “Auntxa”k Azpeitiko Guibert-en erosi zuen bere lehen soinu txikia 8 ogerlekotan.

Erosi aurretik, ordea, tarte luzeak egiten omen zituen erakusleihoan zegoen instrumentuari begira.

Bere kontura hasi zen ikasten, baina ez zuela behar adina aurreratzen ikusita, Azkoitiko Kandido

Beristainengana jo zuen, gerra aurreko trikitilaririk handienetako batengana. Kandidok hiru aldiz

irabazia zuen Euskal Jaietako lehen saria, 33an Donostiakoa, 34an Errenteriakoa eta 35ean

Bergarakoa. Kandido Beristainek hiruzpalau instrumentu jotzen zituen herriko bandan eta solfeoa

zekien. Sei hilabete eman zituen Auntxa gazteak berarekin eta Zestoako Antton Baltzolaren ikaslea

Page 21: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

izan zen ondoren eta Elgetarekin ikasi zuen azkenik. Klaseak aurrez aurre ematen ziren orduan

ikaslearen etxean gehienetan gela itxi batean sartuta eta orduak iraun zezaketen. Auntxak

gramofono bat ere erosi zuen eta han entzuten zituen garaiko disko bakanak. Etxesakortaren,

Gelatxoren edo Kanpazarren piezak ziren. Pieza horiek buruz ikasten zituen, baina bere kabuz

asmatutako batzuk tartekatzen hasi zen.

1941ean igorlerik gabeko gutun bat jaso zuen amak semearen jokabidearen ardura berari egotziz.

Joxe Mari Iriondori Auntxak kontatu zionez, etxera itzuli zen batean ama negarrez aurkitu zuen eta

trikitixa uzteko eskatu zion, arimak gehiago balio zuelako soinu txikiarekin irabazten zuen diruak

baino. Landetako erromeriak ezagutu zuen arrakastaren ondorioz idatziko zioten gutuna amari.

Inazio Bereziartuak taberna bat zuen Azpeitiko Landeta auzoan eta tabernaren kontra zuen zelaian

erromeria bat antolatzeko proposamena egin zion trikitilariari eta biltzen zen dirua berarentzat

izango zela agindu zion. Auntxari oso eskura zetorkion Landeta, Urrestillatik gertu dagoelako eta

baietza eman zion.

Arratsaldeko lauetan hasten zen erromeria eta afal ordura arte irauten zuen eta ordu horretan

trikitilaria taberna barrura joaten zen jotzen jarraitzeko. Gazte jende izugarria hasi zen biltzen

taberna ondoko zelai horretan. Sei edo zazpi igandetan egin zen erromeria, amari gutuna iritsi

zitzaion arte. Amaren erreguei jaramon egin eta utzi egin zion Landetan jotzeari eta bertan behera

geratu zen erromeria hori. Gutunak lortu egin zuen bere helburua.

Baina ordurako Auntxak izen bat zuen eta beste hainbat erromeriatatik eta ezkontza-despedidetatik

deitzen jarraitu zioten. Hamahiru urterekin Zestoako bainuetxean jotzen jarduna zen, udaldia

bukatzean San Migeletan udatiarrentzat egiten zituzten gala handietako batean. Udatiarrek eman

zizkizoten txanponek halako poza eman zioten, non etxera iritsi eta ama esnatu baitzuen erakusteko.

Hamalau urtetik aurrera inguruetako baserrietan egiten ziren ezkontza-despedidetan jotzera

eramaten zuten. Festa horiek baserriko ganbaran egiten ziren eta ehun bat lagun bildu ohi ziren

bizpahiru egun elkarrekin emateko. Diruarekin ordaintzen zioten, baina batzuetan generoa ere

ematen zioten. Baserriko ogia, babarrunak, arrautzak edo oilaskoren batekin itzultzen zen etxera eta

hori eskertu egiten zen gerra ondoko gose urte haietan.

50ko hamarkadatik aurrera galtzen joan ziren ezkontza-despedidak eta trikitilari baten presentzia

eskatzen zuten eztei tradizionalak, baina erromeriek puri-purian jarraitzen zuten. Urrestilla, Oñatz,

Nuarbe, Aratz-erreka, Arriaran, Matxinbenta, Ezkio, Urki, Santamaña, Kizkitza, Beizama, Bidania,

Goiatz, Errezil, Iturriotz, Zurruntzola, Benta Berri, Etumeta, Erdoizta, Elosiaga, Putzumenta, Pagotxeta

eta beste hainbat erromerietan jotzen zuen Auntxak. Nafarroan eta Iparraldean ere hitzordu jakinak

zituen.

Dena den, garai hartako ibilerek ez dute gaurkoen antzik bat ere. Iturriotzen esate baterako, San Jose

eguneko erromeriaz gainera bertako gazteek urtean sei bat aldiz zikiro-jana antolatzen zuten.

Iturriotzera joateko, ordea, balentria izugarriak egin behar izaten zituen. Urrestillatik Errezilera

bizikletaz joaten zen. Han zazpietako meza entzun eta oinez igotzen zen Zelatunera eta handik egiten

zuen Iturriotzerainoko bidea. Bi ordu eta erdiko bidea egiten zuen soinu txikia bizkarrean zuela. Joxe

Mari Iriondori (“Urrestilako trikitixa” libururako) egindako adierazpenen arabera, erromeria egun

batean fabrikan baino hiru aldiz gehiago irabazten zuen. Zelatungo erromeria batean hiru mila pezeta

garbi gelditu zitzaizkion, pandero-jotzailearekini eta kobratzaileekin kontuak egin eta gero. Bazeuden

erromeria bereziak ere, Zumarragan Santa Luzia egunean egiten zena esate baterako. Urte askoan

Elgeta, Sakabi eta Auntxa, gerra ondoko hiru trikitilari handienak, bildu ziren herriko plazan egun

horretako erromeria egiteko. Goizean, arratsaldean eta gauean jotzen zuten bi egunetan. Auntxak

esan ohi zuen hiru ordu segidan jotzeko gai zirela piezarik errepikatu gabe. Baina ez zuten

Page 22: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

errepertorioa inprobisatzen. Hilabete aurretik Auntxaren erretegian bildu ohi ziren emanaldia

prestatzeko. Plaza horretan bertan beste izkina batean akordeoilari bat izaten zen jotzen, baina hark

apenas jenderik biltzen zuen.

Zumarragako Trikitixa eta Urrestillako Trikitixa (Auntxa eta Iturbide) dira Iparraldean plazak jakinak

izan zituzten lehenak. Meritu hori ezin zaie ukatu. Hogeita hamar urtez joan zen Auntxa Hazparne,

Baiona, Ezpeleta edo Donibane Garaziko festetan jotzera. Behin batean Baionako Euskal Jaietan auto

desestali bat jarri zioten antolatzaileek hiriburuko kaleak zeharkatzeko. Auntxak bere ibilbide luzean

ezagutu zuen glamour handiko emanaldi bakarra izan zela esan daiteke.

Nafarroako hainbat herritan ere urtez urte jotakoa zen Auntxa. Iruñean, Leitzan, Lesakan, Bakaikoan,

Elizondon, Lizarran edo Kortesen jo ohi zuen. Gehienetan motoan egiten zuen bidaia. Iruñera, esate

baterako, 40 urte jarraian joan zen koadrilarekin. Urtean zehar dirua gordetzen omen zuten

sanferminak behar bezala ospatzeko. Entzierro batean zezenak behinola eman zion sustoa aipatu ohi

zuen.

Beste trikitilari askok ez bezala, ez zuen nahi izan bere seme-alabek soinuaren bidea har zezaten.

Etxetik kanpo egunak igarotzea oso gogorra zela esan ohi zien, ia lo egin gabe ibiltzen baitziren eta

etxera iritsitakoak lanera fabrikara joan behar. Azpeitiko Agirre Anaien mueble fabrikan lan egiten

zuen. Joxe Mari Iriondori aitortu zuenez, 1950ean bi lanen kontabilitatea eraman zuen eta

trikitixarekin gehiago irabazi zuen fabrikan lan eginda baino. Etxeko erretegiak ere gero eta lan

gehiago ematen zion, ordea, eta fabrika utzi egin behar izan zuen eta baita trikitixa ere bolada luze

batan. Hogei urte eman zituen trikitixa utzita. Semeak nagusitu ahala, hauen eskuetan uzten hasi zen

jatetxearen kudeaketa eta ekin zion berriro jotzeari.

Iturbiderekin batean LP bat grabatu zuen IZ etxean 1975ean eta beste hainbatetan kolaboratu zuen,

Erde Records etxe alemanak 1991ean atera zuen diskoan, horietan artean.

Kepa Junkerak tarteka bisitak egiten zizkion, soinu txikia ikasten ari ziren beste ikasle hainbatek

bezalaxe, eta trikitilari beteranoak bere diskoetako batean parte hartu zuen.

Mendizale porrokatua zen. Azpeitiko Lagun Onak taldeak antolatzen zituen 12 orduko ibilaldi

neurtuetan hartzen zuen parte. Auntxak 71 urterekin bukatu zuen ibilaldi horietako bat. Azpeititik

ateratzen ziren, Izarraitzera igo eta handik Lasaora jaisten ziren, Aizarnara igo, handik Etumetara

joan, Erniora igo eta Urrakitik bueltan itzultzen ziren Azpeitira. Azken urteetan Urrestillatik

Donostiarako bidea ere bost bat aldiz egina zen.

Gerra ondoan herriko erreketeek trikitixa bahitu zioten eta soinu txiki hori galdutzat eman zuen urte

askoan. Errekete horietako batek, ordea, egindakoarekin damututa beharbada, gutuna idatzi zion

soinua Madrilen zegoela esanez. Auntxak ez zion jaramonik egin, baina handik hilabete batzuetara

fardela jaso zuten etxean barruan soinu txikia zuela. Bilboko Zengotitan erositako soinua zen.

Auntxak eskertu egin nahi izan zion bidaltzaileari egindakoa eta hamaiketakoa eskaini zion etxeko

erretegian. Soinu horren ezbeharrak, hala ere, ez ziren horrenbestez bukatu, semeak Bartzelonara

egin zuen bidaia batean autotik lapurtu baitzioten.

Auntxa 2001eko Santa Lutzia egunean hil zen. Bere semeek Jose Mari Iriondori (“Urrestillako

trikitixa” libururako) kontatu ziotenez, azken uneetan ere behatzak atsedenik gabe mugitzen zituen,

Zumarragako erromeriak gogoratzen ari balitz bezala.

LAJAREN TXAPELAK

Page 23: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Iñaki Garmendia “Laja”ren kasuak badu antzekotasunik Andoni Egaña bertsolariarenarekin, biek

txapelak pilatuz joan baitziren txapelketaz txapelketa, gehiago ez aurkeztea erabaki zuten arte. Gaiaz

galdetu eta zalantzak ditu Iñaki Garmendia “Laja”k, kontuak ateratzen saiatzen da eta ez daki seguru

zortzi edo bederatzi izan ziren Donostiako finaletan ateratakoak.

Laja soinu-jotzaile goiztiarra izan zen. Kontatzen dutenez, Sakabik 1957an ezagutu zuen, mutikoak 13

urte zituenean (44an jaiotakoa da), Izarraitz mendiaren maldan egiten zen Korostietako erromerian

jotzen eta Elgetari esan omen zion: “Mutil hau ona zetorrek, hobe diagu erretiratu”.

Iñaki Garmendia “Laja”k ez du kontu horren berririk. “Ni Sakabiren atzetik nenbilen. Berak soinua

jotzen erakustea nahi nuen, baina ez zuela astirik esaten zidan, fabrikan egiten zuen lan eta

erromeriek jaten zioten geratzen zitzaion denbora libre apurra. Elgetarekin hitz egin zuen eta esan

zion bazeukala gazte bat ikasteko amorratzen zegoena. Elgeta Tolosako Erruki-etxean zegoen eta

Lajara etorri zen. Nik 15 bat urte izango nituen. Autobusean egin zuen bidaia eta gogoratzen naiz

nola etorri zen gure amarekin batean herritik baserrira astoaren gainean soinu txikia eta bere

arropen fardela zituela. Uste dut ni izan nintzela bere azken ikaslea. Lau bat hilabete emango zituen

gurean. Hemendik Donostiara joan zen. Baserri tabernan eta beste batzuetan ikusten zuten soinua jo

eta dirua eskatzen. Elgeta gure etxera etorri zenerako nik pare bat urte baneramatzan Korostietako

erromerian jotzen”, hasi da kontatzen.

Aitarengandik zetorkion zaletasuna Lajari. Berak trikitixa jotzen zuen eta bi anaia bertsolariak zituen,

auzotik herrira bidean zeuden bi tabernetan, Azanekoan eta Pikuanekoan, kantatzen egoten zirenak.

Baina bertsolaritzaren historiara pasatu zen familiako bertsolaria Iñakiren aitona zen, Txirrita

handiarekin bertso batzuk trukatu zituelako. Itxura denez, aitona txerrikume taldearekin zihoan San

Andresetan feriara eta Txirritarekin egin zuen topo. Honek “Asko pisatzen al dira? Galdetu omen zion

eta trikitilariaren aitonak “bai, denak zu bezalakoak balira”, erantzun omen zion. Puntu motzeko

jardun labur horren ondoren bertsoetara pasatu omen ziren eta liburuetan jasota omen dago saioa.

Iñakiren arreba zaharrenak ere oso ondo jotzen omen zuen soinu txikia. “Ni baino egokiagoa zen

jotzen. Elgeta gurean egon zenean guk behean jotzen genuen pieza arrebak goian kantatu egiten

zuen. Oso belarri fina zuen. Eta Elgetak esaten zidan hobe zukeela niri erakusten jardun ordez

arrebari erakusten hasi balitz”, gogoratu du.

Ez zen Elgeta izan Lajak eduki duen irakasle bakarra, Azpeitiko bandako zuzendariarekin ere, Jose

Mari Altunarekin, musika ikasten ibilia baita.

“Hiru negu ikasi nuen berarekin, neguan izaten baita lanik gutxien baserrietan. Beste gauza batzuen

artean solfeoa erakutsi zidan. Ordurako ezkontzetan jotzen hasita nengoen. Arzak jatetxera ere joan

ohi nintzen, baina ikuskariak etortzen ziren musikari txartelik ba al genuen galdetzera eta etxera joan

behar izaten genuen. Txartela ateratzea erabaki nuen, eztei egunetako emanaldiak galtzen ari

nintzelako. Jose Mari Altunarekin hiru negutan ikasten jardun eta Donostiako Kontserbatoriora joan

nintzen azterketa egitera. Epaimahaian Bello Portu eta Frantzisko Escudero zeuden Madrilgo

ministerioko ordezkari batzuekin batean. Azterketako ariketetako bat partitura bat hartu eta

trikitixarekin pieza ateratzea zen. Tonuek ere ez zetozen bat, nire soinua si bemolekoa zen eta

partitura la-koa, baina moldatu nintzen. Segidan prestatuta neraman pieza bat jo behar nuen eta

‘Marcha turca’ jo nien eta harrituta utzi nituen”, gogoratu du.

Trikitixaren historiako adituek diotenez, Elgeta eta Sakabi izan ziren gerra ondoko figura nagusiak eta

Lajak maila bat gehiago erantsi zion. Lajak berak ez die garrantzirik ematen esamesa horiei. “Beti

errazagoa da maila bat gora igotzea zure aurrekoak oso onak izan direnean. Nik oso ondo ezagutzen

nuen Sakabiren jotzeko era. Harena asimilatu eta neuretik zerbait jartzen saiatu nintzen”, dio.

Page 24: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Euskal Herriko Trikitixa Txapelketaren lehen finala jokatu zenean Sakabi eta Egañazpiri eman zieten

txapela, baina trikitilari onenaren saria Lajarentzat izan zen eta pandero-jotzaile onenarena Imanol

Iturbiderentzat.

Laja pandero-jotzaile askorekin ibilia da, Berastegirekin urte askoan, Etxeberritxorekin ondoren,

Zabalerekin gero, Imanol Iturbiderekin ere bai eta Landakandarekin eman du azken etapa luzea.

Txapelketaren historian txapelik gehien eskuratu duen trikitilaria izango da Laja. Kontuak ateratzen

jardun eta zortzi edo bederatzi izango direla dio. Badu Martin Aginagalderekin partekatutako bat

ere, puntutara berdinduta geratu zirelako. Hurrengo urtean bigarren geratu zen Martinen ondoren

(bigarren geratu zen aldi bakarra izan zen), beste guztietan txapelarekin itzuli baitzen etxera.

Iturbiderekin Herri Gogoan grabatu zuen diskoarekin abiatu zuen bere diskografia, Landakandarekin

beste bost grabatu zituen eta bere azken diskoa “Azken jazzbana” (saxoa eta bateriarekin) izenekoa

izan da. Horietaz gain, txapelketako piezen bildumak ditu.

Kepa Junkera gaztetxoa zela, artean Beti Alai dantza taldean soinu handia jotzen zuenean, ezagutu

zuen Lajak. “Bizkaiko herri askotara joaten ginen soinua jotzera, Ibarrangelura, Elantxobera, Lagara

edo Laidara. Kepa Junkerak eta Zabaletak soinu handia jotzen zuten orduan eta guri begira egoten

ziren jotzen ari ginen bitartean. Geroago, uda pasatzera Zumaiara etortzen zen Keparen familia eta

gogoan dut nola etortzen zen Aristerrazura, Martin eta biok jotzen ari ginela, gu ikustera. Oso gazte

azkarra zen. Gure jarraitzaile bat zen orduan eta artista handi bat da gaur. Ez du trikitixa guk bezala

jotzen, ez da lau orduko erromeriak egiteko prestatzen gu bezala. Bera ezberdina da, beste mundu

batekoa. Konpasa eramaten du, guk bezala, baina bere irudimenak ez du mugarik. Lehen, Bizkaian

eta Gipuzkoan erromerietan jotzen ibili zirenean eta lehen diskoa atera zutenean, “Kepa, Zabaleta

eta Motriku” disko eder hura, gure bidetik ibili zen, Zabaletak jotzen zuen oinarrizko doinua eta berak

apaingarriak egiten zituen, gogoak ematen zion guztia egiten zuen, inoiz bat errepikatu gabe, gainera.

Inprobisazioaren maisu bat da. Ez zuen suerterik izan txapelketarekin, ez zuen txapel bakar bat ere

atera, baina hori ere bere mesederako izan zela esango nuke, bere bidetik aurrera egiten lagundu

baitzion. Edozein modutan ere oso pieza onak eraman zituen txapelketara eta urteak igaro direlarik,

gaur haren piezak eskatzen dizkigute ikasleek, Tapiarenak baino gehiago”, dio.

Ea Keparen piezarik inoiz jo al duen galdetu diot. “Behin jo nituen –eratzuten du-. Jaialdi bat antolatu

zuten Tolosan. Kepa eta Motriku joatekoak ziren, baina azken orduan zerbait gertatu zitzaien eta ez

ziren agertu. Aurkezleak, uste dut Joxe Mari Iriondo zela, ea norbait ausartuko zen Keparen piezaren

bat jotzera galdetu zuen eta ale batzuk jo nituen eta arrakasta dezentea izan nuen. Bai trikitilari

gazteen artean bai zaletu gazteen artean Kepak onespen handia izan du”.

Azken aldi honetan Lajak harreman gehiago izan du Motrikurekin. Oraindik orain Aristerrazun jo

zuten elkarrekin. “Jendeak bikote zelebrea egiten genuela komentatzen zuen, hark euskaraz

kantatzen baitzuen euskara ondo menderatu gabe eta nik berarekin gazteleraz hitz egiten bainuen,

ondo jakin gabe eta, hala ere, elkar ondo ulertzen genuen. Tarteka bere emaztearen baserrian

elkartzen gara, Zornotzan. Landakandak behin esan zion berak erretiroa hartu nahi zuela eta ea

ordezkatuko al zuen. Sekulako ilusioa egin zion eta gure lehen erromeria oso serio prestatu zuen,

hain serio non piezak sobratu zitzaizkigun. Daukan lanagatik ezin dio denbora gehiegi eman trikitixari,

baina tarteka jotzeak ilusio handia egiten dio. Asko gozatzen du panderoarekin”, dio.

Azpeitian San Jose egunez egiten den trikitixa jaialdiaren ondoren Pastorkua jatetxean afaltzera bildu

ziren eta elkarrekin jo zutela gogarazten diot. “Belaunaldi ezberdinetako jendeak elkarrekin jotzea

polita izango zela erabaki zuten eta bazter batean ni Landakandarekin eta bera Motrikurekin

kointziditu genuen eta jotzen hasi ginenean egia da jakin-min handia piztu zela eta bideoak eta

argazkiak atera zizkigutela”, gogoratu du.

Page 25: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Lajak egunero jotzen du, ordutegi jakinik ez badu ere. “Pieza berriren bat ikasi edo zaharrak

errepasatzen aritzen naiz”. Bi etxebizitzako txalet berri batean bizi da, lehen baserria eta orain

jatetxea den Lajatik gertu. Bere eskuetatik gaur lehen lerroan jotzen ari diren trikitilari dezente igaro

dira, Imuntzo, Lurdes Alkorta, Izer edo Agurtzane Elustsondo, batzuk aipatzeko.

Trikitixa erakusten jarraitzen du. Bere ikasleen artean 12 urteko gaztetxoak eta 60 bat pieza jotzeko

gai diren jubilatuak ditu. Ikasleek piezak bideoan grabatzen dizkiote. Berak mantsoago jotzen ditu

ikasleari lana errazteko. Badaude etxera joan eta hurrengo asterako pieza atera eta jotzeko gai

direnak. “Orain herri eta auzo bakoitzean daude trikitixa eskolak. Niregana datozenak kapritxo hori

dutelako etortzen dira”.

Bi seme ditu trikitixa jotzen dutenak. Horietako batek lagundu egin ohi dio Atxondoko Mendigoiko

jatetxera ezkontzaren batean jotzera doazenean. Jatetxe horretan platerak zerbitzatzeko ere trikitixa

jo ohi da. “Dozena bat neska ateratzen dira ilaran platerak eskuetan dituztela eta gu jotzen ari garen

bitartean zerbitzatzen dituzte mahaietan”.

EPELDEREN IRRIBARREA

Badaude misterioz betetako irribarreak, Monalisarenak bezala. Baina badaude irribarre gardenak eta

alaiak ere, Tomas Soraluze “Epelde”rena, esate baterako. Honi gutxitan ezabatzen zaio irribarrea

ezpainetatik eta gutxiago soinu txikia eskuetan duela jotzen ari denean.

Azkoitiko Martirieta auzoko Epelde baserrian jaio zen. Herritik gora doan errepidean azken

baserritako bat da. Trikitilari Elkarteak egunen batean trikitixaren berri emateko ibilbide bat antolatu

beharko balu, Azkoitiko auzo hau aukeratu beharko luke. Herritik abiatu eta Martirietarako ermitara

igotzea trikitixaren iraganean murgiltzea bezala da. Auzoan dauden 30 baserrietatik gehienek badute

harremanen bat soinu txikiarekin edo dultzainarekin. Behetik hasi eta lehen baserria Imunsoro da

(Imuntzo), trikitilari baten jaiotetxea. Hirugarrenean Egurrola jaio zen, Tomas Soraluzeren aitarekin,

Epelde Zaharrarekin, jotzen zuen pandero-jotzailea. Errepidearen gora dago Zendoia ere, izen

horretako anaien sorlekua. Berehala dago Muno, Epelde Zaharraren etxea eta gorago dago Montte,

Euskal Herriko dultzainero familia ugarienetako baten sehaska.

Honek ez du esan nahi gainontzeko baserrietan trikitilaririk ez zenik. Sustetan, Irisarrin edo Urteagan

baziren trikitilariak, plazan jotzera iritsi ez baziren ere. Kortan edo Etxetxon dultzaineroak ziren. Baina

Tomas Soraluze “Epelde”k berehala zuzentzen dit, horiek lehengo kontuak zirela esanez, orain dela

horrelakorik alegia.

“Nik aitari askotan esaten nion benetako Epelde ni nintzela, bera Munon jaio baitzen eta Epeldera

ezkondu. Hain zuzen ere, bere inguruko guztiek Muno esaten zioten”, dio Tomas Soraluzek.

Txapelketak hasi zirenean biak aurkeztu omen ziren behin, aita Egurrolarekin eta bera anaia

Luzianorekin eta antolatzaileek, nahasketarik egon ez zedin, aitari Epelde Zaharra eta berari Epelde

deitzen hasi ziren.

Xabier Gantzarainek, Artelekuko gaurko zuzendariak, liburu bat eskaini zion Epelde Zaharrari,

“Epelde. Mende baten soinua”, eta liburu horretan bere harridura agertzen du trikitixaren inguruan

Azkoitiko herriak joan den mendearen lehen hamarkadetan bizi izan zuen loraldiaren aurrean.

Page 26: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Garaiko kultura fenomenorik interesgarrienetako bat dela uste du eta are harrigarriagoa dela loraldi

hori dio alderdi integrista eta katoliko bat agintean zegoen bitartean eman zelako.

Tomas Soraluzeren aitonak dultzaina jotzen zuen eta bertsolaria zen. Itxura denez, aita-semeak

elkarrekin joaten ziren Zumarragako feriara eta aitak bertsotan egiten zuen lehenik eta semeak

jartzen zuen festa ondoren.

Mendearen bigarren zatian trikitixak hartzen dio gaina dultzainari. Martirietatik igarotzen ziren

garaiko trikitilari onenak: Etxesakorta, Beltziur, Kantera, Gorriz edo Kanpazar. Epelde Zaharrak

bigarren eskuko trikitixa bat erosi zuen Azpeitian 16 urte zituenean eta berri bat Donostiako

Larrinagan 18 urte egin zituenean. Bigarren soinu txikia erosi eta gerra etorri zen arte inguruko

erromeria askotan jo zuen Epelde Zaharrak, Aizpurutxon esate baterako. Bakarrik jotzen zuen, baina

badaezpada pandero bat eraman ohi zuen, norbaitek jo nahi bazuen, uzteko.

Haren semea, Tomas, 1945ean jaio zen eta bere kontura ikasi zuen soinua jotzen, etxean, inoren

laguntzarik gabe. Aitak etxean oso gutxi jotzen bazuen ere, seme zaharrenari erakusten saiatu zen,

baina honek ez zuen aurrerapenik egiten. Orduan hartu zuen Tomasek soinua eskuen artean eta nola

moldatzen ikustean aitak “hi honetarako jaio haiz”, esan omen zion.

“Entzutearen poderioz ikasi dut dakidana. Maltzeta, Laja edo Sakabi sarritan etortzen ziren

Martirietara”, dio.

Epeldetarren leinuak jarraitzen, Tomasek bi iloba baititu lehieketetan oso goian ibili direnak.

Epeldek txapelketetan hartu du parte eta pandero-jotzaile ezberdinak izan ditu ondoan, nahiz eta

hogeita hamar bat urte egin dituen Imanol Iturbiderekin. “Baditugu hamahiru egun segidan jotako

boladak ere eta hainbeste ordu elkarrekin partekatzen dituzunean konpenetrazio handia ematen da.

33 urterekin hasi eta 56 bete nituen arte soinua jotzera bakarrik dedikatu nintzen eta modu

horretako ibilera asko egin nituen. Gure lan ordutegia goizeko hamaikak aldean hasten zen askotan

eta goizaldera arte jotzen genuen. Erromeria zenean ere hiruzpalau ordu jo behar izaten genituen”,

dio.

Zer edaten zenuten martxa horri eutsi ahal izateko?, galdetu diot. Iturbidek garagardoa edaten zuen

eta berak edari fuerteagoak, erantzuten dit.

Imanol Iturbiderekin grabatu zuen lehen diskoa eta beste hiru grabatu zituen ondoren Anjel

Larrañagarekin.

Tomas Soraluzeren jaiotetxean, Epelde baserrian, gaur ez da inor bizi, baina zaharberritu egin zuten

eta han biltzen dira tarteka familiakoak, bost senide baitira, hiru anaia eta bost arreba. Badaude

guztiak bilduta panderoa jotzen agertzen diren argazkiak ere. Horietako bat Laja jatetxean egina da.

Tomas ezkongabea da. “Irudipena dut ez dudala astirik hartu ezkontzeko”, justifikatzen da. Bere

gaztaroa dantza lotua zela-eta, auzoko apaizarekin izan zituzten tira-birek markatu zuten.

Hamasei urte zituenean auzolanean Azkoititik Martirietako elizara egin zuten sei kilometroko

errepidea irekitzen aritu zen. Dena eskuz egin behar izan zuten eta ezer kobratu gabe. Errepideko

lanak gidatzen Don Esteban apaiza, Tomasen osaba bat eta Montte dultzaineroa aritu ziren. Don

Estebani buruzko zenbait pasadizo bildu ditugu Zendoiari buruzko biografia laburrean, baina Epeldek

ere oso gertutik bizi izan zituen apaiz horrekiko gorabeherak.

“Errepidea bukatu genuenean auzokoek apaizari moto bat erosi behar zitzaiola erabaki zuten eta

Vespa bat ekarri zioten gora eta behera ibil zedin. Garai hartan gazte jende asko zegoen Martirietan

eta erromeria bat antolatzeko asmoarekin lanean hasi ginen talde bat. Don Estebanek elizan egin

zuen sermoietako batean nigatik ere epelak esan zituen. Erromeria batean zer egiten genuen

xehetasun guztiekin esplikatu zuen pulpitutik, gurasoak beldurtzeko asmoarekin. Eta egia esan, ez

genuen ezer larririk egiten”, goratu du.

Page 27: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Apaizaren eta gazteen arteko konponezinak gogortuz joan ziren eta apaizak igande goiz batean,

8etako mezatan, iragarri zuen auzoa utzi egingo zuela. Gazteek ez zuten ordu horretan mezatatik

irten eta tabernara joateko ohiturarik, baina egun horretan, gertakariak merezi zuela eta tabernara

joan ziren ospatzera.

Epeldek txapelketetan ezagutu zuen Junkera eta geroztik mirespenez begiratu izan diote elkarri.

ZENDOIA ETA MARTIRIETAKO KONTUAK

Tomas Zubizarreta 1930ean jaio zen Martirietako Zendoia baserrian. Laxaro Azkunek trikitilariaz

Durangoko Azokan aurkeztuko duen liburuan “firu-firu bailara” erabiltzen dutela dio Martirieta auzoa

izendatzeko.

Tomas Zubizarreta “Zendoia”k Martirietako erromerian jo zuen lehen aldiz jendaurrean 17 urte

zituenean, bere osaba baten ordez, eta erromeria horretako trikitilari ofiziala izan zen mendi erdiz.

Zendoiak bere jaiotetxean jarraitzen du bizitzen eta, 84 urte dituenez, plazetatik erretiratu bada ere,

familia giroan jotzen jarraitzen du tarteka. Laxaro Azkunek trikitilariaren bizitzako gorabehera

nagusienak bildu ditu liburuan eta horrekin batera pasadizo jakingarri asko ere bai. Liburuan “dantza

lotua”ri buruzko atal oso bat sartu du eta hortik par bat pasarte hartuko ditugu.

Azkoitiko udal batzak dantza mota hori legeztatzea erabaki zuen 1955ean, inguruko herrietan ere

erabaki hori hartua zutelako. Azkoitiko parrokoak, ordea, udal batza elizatik kaleratzea erabaki zuen

eta alkatearen bi umeri jaunartzea ukatu zien, modurik inozoenean aldarera gerturatu ziren batean.

Alkateak ezagutzen zituen ate guztietan jo zuen laguntza eske. Burgosko artzapezpikuarekin hitz

egitera iritsi zen, baina hiru urte igaro behar izan zuten berriro elizan sartzen utzi zioten arte.

Dantza lotuaren kontrako debekua kendu zuten herrian, baina ez auzo batzuetan. Martirietan,

esaterako, don Esteban apaizak gazteak izutu nahian jarraitu zuen bere sermoietan. Hamar urte

geroago, 1965ean, bertako hiru bikotek apaiza xaxatzea erabaki zuten. Epelde trikitilariren etxean

entrenatu zuten bezperan “baltseo txikia”. Dantza molde hori lotuaren eta sueltoaren arteko

erdibidea zen, koplak kantatzeko orduan bikoteek besarkatuta egiten baitzuten dantzan. Iritsi zen

igandea, Epelde hasi zen jotzen auzoko tabernan eta hiru bikote horiek “baltseo txikia” egin zuten.

Apaiza enteratu zen eta arratsaldean tabernara agertu zen. Eta hiru bikoteek don Estebanen aurrean

“baltseo txikia” egitera ausartu ziren. Hiru neskak elizako kongregaziotik bota egin zituen.

Apaizaren eta gazteen arteko giroa gaiztotuz joan zen eta don Estebanek bere kargua utzi egiten

zuela jakinarazi zuen egunean, gazteak mezatatik atera eta tabernara joan ziren ospatzera, lehen

esan dugun bezala.

Azkuneren liburuak bere garaiko trikitilari eta pandero-jotzaileen lekukotasunak bildu ditu. Liburuko

orrietan agertzen dira Laja, Epelde, Egurrola, “Sakristaua”, Manuel Iturbide, Luis Alberdi “Zabale”,

Manolo Arrizabalaga “Izer” eta beste zenbaiten esanak.

Page 28: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

ERRITMOA ESKUETAN

LANDAKANDA

50eko hamarkadako pandero jotzaileen artean Pedro Arruabarrena nabarmentzen da. 1960a hil zen

Tolosako Zeru Txiki tabernan Elgetaren ondoan panderoa jotzen ari zela. Garaiko trikitilari handienen

erritmoa markatu zuen. Elgetarekin ibili zen, noski, baina baita Migel Sagastumerekin edo

Gelatxorekin ere Gipuzkoako eta Durango aldeko erromerietan. Iruran 1925ean jaioa zen, Eibarren

lan egin zuen igeltsero eta ofizio horretan ere bere artearen froga batzuk utzi zituen, Bar Txokoko

terrazoa esate baterako, taberna behin eta berriz berritu badute ere, zorua bere horretan utzi

baitute. Arruabarrena ikustekoa omen zen panderoarekin. Eskuekin, ukondoarekin eta hankekin

jotzen zuen. Hari begira ikasi zuen Jose Ramon Zubizarreta “Landakanda”k. Miel Anjel Elustondok

“Landakanda”z idatzi zuen liburuan protagonistak kontatzen duenez, panderoa da trikitilariaren

erritmoa markatzen duena, panderoa da agintzen duena. 1982ko txapelketaren finalean aretora

sartu eta Landakandak dantzari bat ikusi omen zuen epaileen artean eta Lajari esan omen zion

mantsoxeagoa joko zuela, “ofizioz dantzari izandakoei erromerietan polikiago jotzea gustatzen

baitzaie. Agertokira igo aurretik saio txiki bat egin genuen. Lajari kosta egin zitzaion pixka bat, baina

berehala sartu zen nire pausoan. Askori kontrakoa iruditzen zaie, baina trikitixan panderoak agintzen

du”, zioen.

Baina ez da pandero-jotzailearen kezka bakarra. Elkarrizketa horretan bertan kontatzen du ura

bakarrik edaten duela eta ez txanpaina edo garagardoa gustatzen ez zaizkiolako, oso hotzak

ateratzen dituztelako baizik eta edari hotzak eztarria urratzen diolako.

Kontatzen dute halaber Egañazpik edariren bat eskatzen zuen bakoitzean “Epela egon dadila”, esaten

zuela eta Sakabik eransten zuela: "Irakin berria bada, hobe”. Eta hala ere arazoak izaten zituela

eztarriarekin. Landakandak uste du kantuan egiten duten guztiek zaintzen dutela eztarria Sebastian

Lizasok izan ezik, honi txanpan hotzak mesede egiten baitio.

Elkarrizketa horretan bertan Landandak dio norbaitek behin esan ziola edan gabe kantatzeko gai

bazen, artista bat zela.

Jose Ramon Zubizarreta Azkoitiko Kukuerri auzoan jaio zen, errota ere bazen baserri batean.

Arruabarrena zuzenean ikusi aurretik, 12 urterekin hasi zen panderoa jotzen Joxe Oria imitatuz,

Zumarragako Trikitixako pandero jotzailea askotan agertzen baitzen Radio San Sebastian-en, garaiko

irrati bakarrean. Hamar senidetatik gazteena zen. Etxean inork ez zuen panderoa jotzen, baina

lehengusuak zituen Izer baserrian jotzen zutenak. Errotan lanean ari zela, itxarotea egokitzen

zitzaionean harmailetan eseri eta panderoa jotzen zuen.

Hogeita sei urterekin ezkondu eta erretiratzea erabaki zuen. Hamahiru urte eman zituen jo gabe.

Egun batean, ordea, Maltzeta agertu zitzaion omenaldi baterako pandero jotzaile bat behar zuela

esanez eta hasi zen berriro. Bien bitartean trikitixa bere bidetik zihoan. Ordurako Egañazpi

Elgetarekin eta Sakabirekin zebilen panderoa jotzen. Erromeriak gainbehera hasita zeuden, baina

jaialdi handiak antolatzen ziren. Bikote bakoitzak 6.000 pezeta kobratzen zituen garaiak ziren. Diru-

sarrera hori garrantzitsua zen, batez ere bi emanaldiko egunak ere tartean izaten zituztelako. Bere

emaztearen baimenarekin, beraz, agertokietara itzuli zen.

Page 29: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Lajarekin hasi zen jotzen. “Laja eta Landakanda” diskoa etorri zen berehala. Madrilen grabatu zuten

eta “Mendien edertasuna” bezalako piezak sartu zituzten bertan, Azpillagaren koplekin. Pieza horrek,

esate baterako, sekulako arrakasta izan zuen. 1977an gaude. Hurrengo txapela partekatu zuten

Martinekin, enpate egin baitzuten puntuetara. Martin Egañazpirekin zen eta Laja Landakandarekin.

Biokoteak 20 uteko ibilbidea hasi zuen. Landakandak Kepa Junkerarekin ere jo zuen, Motriku

soldadutza egiten egon zen bitartean.

ITURBIDETARRAK

Imanol Arregi “Iturbide” ebakuntza izan berria dago eta makuluen laguntzarekin atera da etxeko

atera. Iturbide Loiolako Santutegitik gertu dago, muino baten gainean eta handik Izarraitz aurrez

aurre ikusten da. Makuluekin badabil ere, begiradan agertoki gainean erakusten zuen distira bera

igartzen zaio, pandero-jotzaile baten lanaren zati handi bat alaitasuna transmititzea baita.

“Pandero-jotzaile on batek hiru egiteko ditu: kantuan egin behar du, panderoarekin erritmoa

markatu eta dagoen lekuan festa jartzen jakin –dio- eta hirugarren egiteko horretan nabarmendu

naizela esango nuke”.

Patxi Arregiren seme zaharrena da. Hark sortu zuen Iturbidetarren pandero-jotzaileen leinua.

Errekarten jaio zen Patxi, baina santutegi ondoan zegoen etxe hori Foru Aldundiak Garate Anaiaren

museo bihurtu zuenean bertan bizi zirenak 500 metrotara zegoen Iturbide baserrira aldatu ziren.

Panderoa jo duten hiru belaunaldiri eman dio izena baserri horrek. Patxik, panderoaz gainera flauta

eta trikitixa jotzen zituen. Otola trikitilariak berarekin ikasi omen zuen.

Iturbidetarrek joan den mendeak eman zituen trikitilari ezagun guztiekin jo zuten panderoa: Gelatxo

Zaharra, Madarixa Txikia, Auntxa, Sakabi, Laja, Otola, Bitarte, Eleuterio eta Juan Tapia, Mardu,

Txankarta, Martin Aginagalde, Tomas Zubizarreta “Zendoia”, Tomas Soraluze “Epelde” eta beste

hainbat aurki daitezke zerrenda horretan.

Pandero-jotzaile familiaren burua Patxi izan zela esaten bada ere, badago aurrekari bat Maria Joxepa

izenekoa, panderoa jotzen zuena. “Aitonaren izeba zen. 95 urterekin hil zen, nik 17 nituenean.

Gaztetan jotzen omen zuen, baina nik ez nuen ikusi. Maria Joxepak urteak egiten zituen bakoitzean

Sakabi gonbidatzen zuten Iturbidera, baina gure etxean ez zen panderorik eta ez zuten jotzen,

bigarren mailako instrumentutzat zutelako. Nik edade dezente nuenean hasi zen aita jotzen.

Gelatxorekin eta Etxesakortarekin jo zuen. Azken honekin bikote oso ona egiten zuela esaten zuten,

trikitilariak ere ahots oso ona zuelako”, kontatu du.

Zumarragako Trikitixaren bigarren diskoan ere kolaboratu zuen Patxik. 1930ean egin zuten

grabaketa, baina ez zen kalera atera zentsurak galarazi baitzuen. Antza denez, koplak

“abertzaleegiak” ziren.

Migel Arregi da lehen belaunaldiko bigarren figura. Egutegiarekin lotura berezia zuen: urteak egin

zituen egun batean ezkondu zen eta hil ere 90 urte egin zituen egunean hil zen. Auntxa, Txankarta

eta Epelde Zaharrarekin asko jotakoa da. Anaien artean onena Patxi zela esan ohi zuen eta iloben

artean Imanol.

Boni Arregi “Iturbide”, urte askoan Otolaren bikote izandakoa eta Joxe Mari Arregi “Iturbide” dira

belaunaldia osatzen dutenak. Joxe Marik Sakabi, Arbe eta Hijinio Zabaletarekin jo zuen. Arbek esaten

omen zuen sekula santa ez ziola Jose Mariri nekearen keinurik sumatu aurpegian jotzen ari zen

bitartean.

Page 30: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Imanol Arregi Zubizarreta “Iturbide”, beraz, familiako bigarren belaunaldidkoa da. 1935ean jaio zen

Iturbiden eta garaiko trikitilari handi guztiekin jo du. Sakabi, Auntxa, Laja, Martin, Epelde, Miren

Etxaniz, Pikua, Migel Sagastume, Bitarte, Zabaleta eta Zendoia dira berarekin ibilitako trikitilarien

zerrendan. Loiola Irratian grabazioak egiten hasi zirenean, trikitilariren bat etorri eta pandero-

jotzailea behar zutenean, Iturbidera jotzen zuten Imanolen bila.

Imanol Iturbide familiako gorabeherak aipatzen hasten denean, hala ere, osaba Migelekiko lotura

berezi bat sumatzen zaio. Osaba hori artista handi bat izan zela uste du. “Jubilatu zenetik 80 urte

bete zituen artean egunero etortzen zen Iturbidera. Nik harreman berezia nuen berarekin. Baina 80

urte bete zituenean erabat tristatu zen, ez zen gauza izan urtebetetzea ospatzeko ere. Oso gizon alaia

izandakoa zen, baina animoak erori egin zitzaizkion. Azken aldiz barre egin zuenean neuk eraginda

izan zen. Indar handiko pandero-jotzailea zen jendaurrean. Panderoak apurtu egiten zituen. Ez zuen

ulertzen ni norabait nindoanean pandero bakarrarekin jotea. Dantzari amorratua zen. Nik ikusi dut

bastoiarekin ibili ezinda, andreari lepotik helduta dantza zegoen lekuren batera iritsi eta dantzan

egiten. Andrea azkar asko uzten zuen eta beste batzuekin alde egiten zuen. Umore oneko persona

zen. Dantzan zebilenean bikotez aldatzea gustatzen zitzaioan eta emakume askok ezkongabea izango

zela pentsatzen zuten eta galdetu ere egiten zioten. Baina panderoa ere jotzeko gauza ez zela geratu

zen. Niri sekulako pena ematen zidan”, dio Imanolek.

Imanolek dioenez, kasualitatez hasi zen panderoa jotzen. “Osaba Joxe Mari gaixotu zen batean Sakabi

etorri zitzaidan bila. Ni ez nintzen mutiko bat, 28 urte nituen eta etxetik irteteko amorratzen nengoen

beti, juergarako prest. Goiza Zarauzko kaleetan barrena jotzen ibili ginen eta nik sekulako lotsak

pasatu nituen. Baina bazkaritan trago batzuk egin nituen eta arratsaldean nirekin zebiltzan

trikitilariak ziren lotsatzen zirenak. Gauean jotzen jarraitzen banuen, 50 ogerleko gehiago emango

zizkidatela esan zidaten antolatzaileek, baina nik konpromisoak nituela erantzun nien. Nire

konpromiso bakarra dantzarako gogoa zen”, gogoratu du.

Imanol Itrubidek sinesten du kasualitateetan. 1970ean lehen Trikitixa Txapelketa antolatu zutenean

Joxe Mari Iriondo etorri zitzaion hurrengo igandean txapelketara joan behar zuela esanez. “Nik ez

nuen panderorik ere etxean. Saioan bertan Egañazpik utzi zidan”, dio. Aiako Errota trikitilariari

lagundu zion eta pandero-jotzaile onenaren saria eman zioten.

Sari horri esker Bartzelonara joteko zoria ere izan zuen, Enrike Zelaiak disko bat grabatu baitzuen han

Alemaniako diko etxe batentzat. “Zortzi egun eman genituen Bartzelonan erregeak bezala. Han ikusi

nuen nire bizian lehen aldiz bost izarreko hotel bat, ate automatikoak, eskailera mekanikoak eta

beste hainbat gauza. Han ikusi nuen lehen eta azken aldiz Ursula Andress. Eta, gainera, mila pezetako

propina eman zidaten. Osaba Migelek Elosuko baserri batetik ekarritako panderoarekin joan nintzen.

Orduan panderoari ez genion inolako garrantziarik ematen”, dio.

Imanolek beti kendu dio garrantzia bere lanari. Askotan esaten du panderoa trikitixaren apaingari bat

baizik ez dela. Kontatzen dutenez, behin Lajarekin Amezketako erromeria batean jotzen ari zirela,

pandero-jotzaileak trikitilariari esan omen zion jotzeari utziko ziola, ea dantzan ari zirenak ohartzen

ziren. Pieza erdiz-erdi zegoenean isildu omen zen Imanolen panderoa eta jendeak dantzan jarraitu

omen zuen. Horrekin panderoa sobran dagoen gauza bat dela frogatu nahi izan zuen.

Baina Tomas Soraluze Epelde elkarrizketa entzuten ari da eta ez datorrela bat dio. “Ni pieza bat

propio Imanolentzat egitera iritsita nago. Elkarrekin hainbeste ordu pasa eta gero, elkarren berri oso

ondo dakigu. Badaude elkarrizketa modura egiten ditugun pasarteak. Berak panderoarekin gauza

batzuk egiten ditu eta nik soinuarekin erantzuten diot”, dio eta panderoarekin bere kideak egiten

dituen erredoble batzuk imitatzen ditu ahotsarekin.

Page 31: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Baina Imanolek bereari eusten dio. “Niri hasiera batean sekulako lotsa ematen zidan neure

grabazioak entzuteak, bai panderoagatik eta bai ahotsagatik. Denborarekin zerbait ohitu egin naiz eta

ohartu naiz ni bezain txarrak gehiago ere badaudela”, dio.

Imanol Iturbide lorazina izan da lanbidez eta urte askoan Azpeitiko Udalarentzat egin zuen lan.

“Baina beti izaten zen zaila lana trikitixaren konpromisoekin uztartzea. Gogoan dut behin nola ibili

ginen hiru egun segidan zapatarik erantsi gabe, bakean uzten zizkiguten ordu apurrak autoan lo

egiteko erabiltzen baikenituen. Goizeko zazpietan etxera gentozenean autoari gurpila zulatu

zitzaigun eta larri-larri iritsi nintzen goizeko zortzietarako Azpeitira. Hogei bat mutil nituen zain

lanean hasteko”, gogoratu du.

Osaba Migel, noski, baina Joxe Oria ere asko miretsi izan du, baina bera ere tarteka miretsia sentitu

izan da. Motrikuk behin esan zion panderoarekin jarraitu bazuen, berari esker izan zela.

Etxean ez du grabaziorik, ez argazkirik gordetzen.

Bi seme eta alaba ditu. Hauek ez, baina baditu trikitixaren bidetik abiatu diren ilobak.

Josu Arrizabalaga “Izer”: “88ko finalean jendeak gaitzetsi zituen piezak dira gaur gazteek

txapelketara eramaten dituztenak”

Bere aitona (Joxe Arrizabalaga) eta bere aita (Manuel) trikitilariak ziren eta bi urte zituenerako

pandero txiki batekin egiten zuen jolas etxean. Mutikoa zela hasi zen bere aitaren soinu txikia

ezkutuan jotzen, Lajarengana bidali zuten arte. Lajaren eskuetatik pasatu zen. Gaur Izer eta

Alabierrek urtean ehun bat erromeria egiten dituzte. Cuarrogados Lasao enpresan ari zen lanean, itxi

zuten arte. Helduentzako trikitixa eskolak emateko aukera aztertzen ari da, baina poliki-poliki hartu

nahi ditu erabakiak. Josu Arrizabalaga “Izer” 1980an jaio zen eta 8 urte zituen Kepa Junkera 88ko

finalera aurkeztu zenean. Hain umea izanik ere, oso garbi gogoratzen ditu orduko gorabehera batzuk

eta bere emanaldiak trikitizaleen artean eragin zuen txokea.

-Zaila ematen du zuk hain urte gutxi izanda, final horretako kontuak gogoan izatea.

Finalean egon nintzen eta niri gauza asko argitu zitzaizkidan. Txapelketa hura trikitixak bizi zuen

egoeraren laburtzapen moduko bat izan zen. Aitak Junkera ezagutzen zuen, jaialdietan eta

lehiaketetan elkarrekin joak zirelako, eta behin eta berriz errepikatzen zuen Junkera eta Tapia

markatik kanpokoak zirela eta mirespen berezia zion bizkaitarrari. Nik buelta asko eman nizkion

txapelketa horri. Martin Aginagalde trikitixa eskolak zabaltzen hasi zenetik gazteok eskoletan ikasi

dugu jotzen eta teknika maila altua lortu dugu askok: konpasak oso zehatz eramaten ditugu, notak,

baxuak… politikoki zuzena den trikitixa egiten dugula esango nuke. Akatsik gabe jotzearen edo

zuzentasunaren obsesio hau trikitilari batzuek bizi duten konplexutik dator. Bai Lajak eta bai

Page 32: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Martinek, bi adibide jartzearren, musika ikasten saiatu ziren soinu txikia duinago egitearren edo.

Akordeoiaren zeloak zituzten eta trikitixaren baliabide urriek ematen zieten min. Akordeoi musika

entzuten zuten asko eta beren erakusteko moduan nabari da hori. Nabaria da beren jotzeko modua

zaharragoena baino landuagoa zela. Zortzi urterako modu lauso samar batean bada ere banekien

egoera horren berri eta Tapiak eta Junkerak maila koska bat gorago igo zutela ikusi nuen edo

beharbada bi koska igo zituztela kolpetik, eman zuten pausoak sekulako astinaldia eragin baitzuen.

Trikitixaren panoramika osoa laburbildu zuen txapelketak eta jokoan zeuden jarrerak oso agerian utzi

zituen: bazeuden eskola tradizionaleko trikitilari oso onak, hor zegoen Imuntzo ere, txapelketan

hamar ateratzera joan zen, notarik altuena alegia, oso ondo prestatuta. Imuntzok azkar eta garbi

jotzen zuen, bere piezak bikainak ziren… sekulako papera egin zuen, eskola zaharrekoak baino maila

bat gorago zegoela frogatu zuen. Zabale ere hantxe egon zen, gaur egungo txapelduna, baina

heldutasun puntu bat falta zitzaion artean. Eta bi munstro hauek agertu ziren, Tapia eta Junkera.

Hauek beste orbita batekoak ziren. Beste musika genero batzuk ere entzuten zituzten, trikitixa

bakarrik ez. Batek entzuten duen musika lixeriatzen du, metabolizatzen du. Eta bi hauek besteek

baino kultura musikal handikoa zuten. Dohain izugarriko trikitilariak ziren, oso bereziak eta erraldoi

baten pausoa eman zuten. Orain, Junkera hainbeste ezagutzen dugularik, bere pieza bat entzun eta

ez digu arretarik erakartzen, bere musikara ohitu egin gara, baina aipatzen ari naizen testuinguruan

ez da sinestekoa zer eragin izan zuen. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut egun hartan

epaimahaikoei egokitu zitzaien papeletaz eta beldurtzeko modukoa da.

-Egun horretan trikitixaren baitan bizirik zeuden jarrera guztien agerpen moduko bat eman zela

diozu.

Bai, niretzako hala izan zen. Trikitixaren historiari buruzko klase batera joatea bezala izan zen

niretzat. Jauregi zegoen han, Laura Apeztegia zegoen han, beste bat aipatzeko. Izugarri ondo jotzen

zuen, baina oso modu tradizionalean. Imuntzo eta Zabale ere han ziren eta beren formazioak beste

maila bat zuela erakutsi zuten. Eta gero beste bi extralurtar hauek agertu ziren.

-Nola definituko zenuke Junkeraren estiloa? Trikitixari etorkizun libreago bat ireki al zion?

Junkerak ez zuen guk gainean genuen kortserik. Nik, esate baterako, ez dut ezagutu besterik etxean

eta nire inguruan. Etxetik ateratzen naiz eta Epelderekin egiten dut topo edo Egurrolarekin. Ez dut

eduki mundu horretatik ateratzeko aukerarik. Urteak eman ditut astero Otolarekin afari bat eginez;

ostiralero Auntxari bisita egitera joaten nintzaion, hura niretzat aitona bezala baitzen. Sakabirekin

askotan egoten nintzen. Hil zen egunaren bezperan ere berarekin egon nintzen. Trikitixaren maisu

handi guztiak nire inguruan izan ditut. Nik ez dut esango Junkerak edo Motrikuk ez dutenik sustrairik

eduki, baina harreman ezberdina izan dute trikitixarekin. Laja eta Landakandaren erromerietara

etortzen ziren, egia da. Gure aitak kontatzen zuen ikusi duela Kepa Junkera Lajaren piezak erraztasun

izugarriarekin jotzen. Orain bere bidean hain urrutira joanda dagoela, kostatu egingo zitzaion pieza

horiek bere horretan jotzea, baina lehen egiten zuen. Gogoan dut behin Saizar sagardotegian

Imuntzoren disko baten aurkezpena egin zela. Trikitilari asko zegoen. Junkera bazter batean zegoen,

baina inor ez zitzaion gerturatzen agurtzera. Nik ez nuen orduan orain dudan harremanik berarekin,

baina pena eman zidan nola baztertzen zuten ikusteak. Badago jende bat Kepak ez dakiela jotzen

Page 33: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

uste duena. Ekitaldi horretan bertan pieza bat jotzeko eskatu zioten Imuntzorekin batean. Agertoki

gainean mikroak probatzen ari zela pieza bat jotzen hasi zen estilo tradizionalean. Oso segundo gutxi

izan ziren, baina denok harrituta berari begira geratzea lortu zuen. Hamar segundo izango ziren

gehienez, baina aho zabalik utzi gintuen. Soinua jotzeko gaitasun ikusgarria du eta, gainera, musika

egiten daki, soinu txikiari lagunduko dioten instrumentu ezberdinak koordinatzen. Diskoz disko

frogatu du gaitasun hori. Ona izan ez balitz, ez zen dagoen lekuan egongo. Noski, ez zait gustatzen

egiten duen guztia. Ez zait gustatzen Tapiak egiten duen guztia ere. Oraindik Junkera kritikatzen duen

jendea baldin badago, pentsa zer izango zen 88an. Talka bat izan zen jende horrentzat, buruz buruko

talka bat. Beste batzuentzat errebelazio bat izan zen bezalaxe. Eta horren froga da gaurko gazteak

haren piezekin joaten direla txapelketara. 88an gaitzetsi ziren piezak dira gaur txapelketan entzuten

direnak. Eta okerrena da 30 urte igaro direla, 30 urte igaro dira eta ez gara gai izan pieza horiek

gainditzeko. Haiek egin zutena errepikatzen duten musikariak eta taldeak ditugu gaur.

-Zuk Lajarekin ikasi zenuen. Askok trikitixa modernoaren panoraman figura giltzarria dela uste dute.

Figura garrantzitsua dela uste dut. Errepertorio bat jotzen erakutsi baino gehiago instrumentua bera

konprenitzen erakutsi zigun, instrumentuarekin jolas egiten, dituen ahalmenak ikustarazten eta

kontrolatzen. Berak erakutsi zidan trikitixa jotzen erakustea ez dela pieza batzuk ikasaraztea, baizik

eta zerbait sakonagoa dela. Aurretik Sakabik pauso garrantzitsuak eman zituen. Oso kezkatuta ibili

zen soinu txikiari prestigio bat ematearekin eta musika aldetik bere burua janzten saiatu zen.

horregatik bere jotzeko moduaren ezaugarri nagusia gardentasuna dela esango nuke, nota bakoitza

garbi jotzea alegia. Lajak eta Martinek, bi adibide nabarmen aipatzearren, maila bat gorago eraman

zuten trikitixa eta, nolabait esateko, ukitu profesionalago bat eman zioten ofizioari.

-Zure aitak, Manuel Arrizabalaga “Izer”ek, Euskal Herriko txapelketetan hartu zuen parte.

Aitak Junkerarekin kointziditu zuen txapeketa batean Tomas Soraluze “Epelde”ren anaia bat eraman

zuen panderoa jotzeko. Epeldeko anaietako bat aitaren arreba batekin ezkondu zen. Gure aitonak ere

tritikixa jotzen zuen eta, bi seme zituenez, zaharrena baserrirako utzi eta bigarrenari saiatu zen

trikitixa erakusten. Baina gure aitak ez zuen etsi, gauez jotzen zuen soinua, baserriko lanak bukatzen

zituenean eta anaia baino hobea izatea lortu zuen. Azkenean osaba geratu zen baserriarekin eta aita

trikitixarekin. Baditugu bi osaba ere, bikiak, guk “osaba amerikarrak” esaten diegunak, han

denboraldi bat igarotakoak direlako. Biak dira pandero-jotzaileak eta oso onak gainera. Ameriketatik

etortzen zirenean sekulako festak antolatzen zituzten, egunak irauten zuen festak. Landakandaren

oihu klasikoa gure osaba horiek patentatu zuten. Egia esan, trikitilarien familiak gurutzatu egiten dira.

Trikitixa odolean transmititzen den gaixotasuna da. Ez daukat soinua jotzen duen neskaren bat

bilatzea beste irtenbiderik. Aitak kontatzen zuen gazteak zirenean Martirietako trikitilariek Urrategi

bailaran Maltzetak edo Zabaletak jotzen zutena entzuten zutela eta erantzun egiten zietela, bi auzoak

elkarri begira baitaude. Esan beharrik ez dago trafikoak gaur baino zarata gutxiago aterako zuela.

Martirietaz esaten zen baserri bakoitzean trikitixa bat zegoela.

Page 34: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

AGURTZANE ETA JON ELUSTONDO: “Tapiaren eta Junkeraren garaitik trikitixak ez duela

aurrerapausorik eman iruditzen zaigu”

Agurtzane Elustondo Trikitilarien elkarteko lehendakaria da gaur eta bere familia izan daiteke gurean

belaunaldien arteko kultura transmisioaren eredu. Esker onez gogoratzen ditu Agurtzanek bere aitak

Legazpitik Azkoitira egiten zituen bidaiak, berak 10 urte bete berri, Lajaren etxera eramaten baitzuen

soinua jotzen erakuts ziezaion. Berak trikitixa jotzen du eta anaiak, Jonek, panderoarekin laguntzen

dio. Bigarren ahizpa bat dute panderoa gustuko duena eta laugarrenak, Nereak, kontra egiteagatik

edo bertso eskola batean eman zuen izena. Gaur nabarmentzen den bertsolaria da.

-Begi bistakoa da familiatik datorkizuela.

AGURTZANE: Aita Gelatxoren baserritik gertu jaiotakoa da, Elgoibarren, eta gaztea zela, itxura denez,

akordeoia jotzen zuen, amak horretan inoiz ikusi ez badu ere. Gure amaren etxean ere bazen trikitixa

zahar bat. Hamar urterekin, beraz, solfeoko irakasleak ea zer instrumentu jo nahi nuen galdetu

zidanean, soinu txikia jo nahi nuela erantzun nion eta errieta egin zidan. Hobeto esanda, amari egin

zion errieta, ea zertan zuen burua esaten zion gaur egun trikitixarekin pentsatzen egoteko. Urteak

igaro dira eta musika eskola horretan trikitixa erakusten dute gaur. Orduan erabaki zuten Lajarekin

hasiko nintzela ikasten. Aitak eramaten ninduen autoan, baina errelebotan lan egiten zuenez, ezin

zuenean bi autobus hartzen nituen, bata Zumarragaraino eta handik beste bat Azkoitira eta geltokitik

Laja baserrira oinez joaten nintzen. Luxu bat izan zen Lajarekin ikastea. Garai hartan puri-purian

zeuden trikitilariak ziren bera eta Martin. Ondoren enpresa ikasketak egin nituen Oñatin eta

Donostian eta Lenbur fundazioko gerentea naiz gaur egun. Gorabeherak izan ditu trikitixarekin, baina

inoiz ez diot jotzeari utzi.

JON: Umetatik eraman gintuzten Lajak eta Martinek jotzen zuten jaialdietara. Hiru zaharrenei trikitixa

maitatzen erakutsi ziguten. Txikienarekin ere saiatu ziren, baina kontrako efektua lortu zuten. Nereak

aspertuta zegoela esan zuen panderoaz eta soinu txikiaz eta bertso eskolan eman zuen izena.

Ingeniaritza ikasketak egin zituen hark. Euskal Herritik kanpo egon da lanean urte batzuk, baina

etxera itzuli orduko bertso saioetan zentratu da eta gozatzen ikusten dut. Agurtzanek eta biok

hasieratik jo dugu elkarrekin. Taldeko pare bat diskotan hartu dugu parte. “Faborez” izenekoa

grabatu genuen lau bikotek eta Goierriko trikitilari guztien artean grabatu genuen “Bizi”.

-86 eta 88ko finaletan izan al zineten?

AGURTZANE: Finalean bakarrik ez, kanporaketa guztietan izan ginen. Nik 11 urte bakarrik nituen

(75ean jaio zen) eta Jonek 13, baina oso ondo gogoratzen ditut garaiko giroa eta Joseba Tapiaren eta

Kepa Junkeraren inguruan eman ziren eztabaidak. Posible da urte batzuk lehenago Lajaren eta

Martinen inguruan ere eztabaidak egotea, baina seguru nago ez zutela halako berotasunik eta

erreminik izango. Bi bando eratu ziren, Tapiaren aldekoak batean eta Junkeraren aldekoak bestean .

Gure ama Zumarragako Agiñeta auzokoa da. San Martin egunean egiten dira han festak. Ez dakit

86an edo 88an izan zen, baina festa batzordeak Tapia kontratatzea erabaki zuen eta sekulako

Page 35: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

haserreak sortu ziren auzoan eta egoera baretzeko ostiralean Tapiak jo zuen eta larunbatean

Junkerak.

Forofismo hori nekazari giroko auzo eta herri txikietan eman zen nagusiki. Guk bi trikitilariei

jarraitzen genien.

JON: Hiru bat urtetan zehar Tapiak eta Junkerak Gipuzkoako geografia osoa zapaldu zuten. Leku

askotan biak kontratatzen zituzten. 86an hasi eta 89ra bitartean auzo guztietara iritsi ziren eta

errepertorio zabalarekin ibili ziren gainera. Tapiak, esate baterako, Beatlesen bertsioak egiten zituen,

ingelesez kantatzen zuen eta trikitixa joaz egiten zuen hori, panderoarekin eta erritmo kaxarekin

lagunduta. Junkerak bere piezak gehiago sartzen zituen.

AGURTZANE: Lehenagotik ari ziren errepertorioa berritzen. Lajak, esate baterako, oso estilo

pertsonala zuen. Martiek ere pieza oso landuak jotzen zituen. Tapiak modernotasun aireak ekarri

zituen eta rockaren erritmoak sartu zituen trikitixan. Kepa, Zabaleta eta Motrikuk, berriz, osagarri

inprobisatuak sartzen zituzten eta duoak. Zabaletak jartzen zituen oinarrizko doinuak eta horren

gainean Kepak inprobisatu egiten zuen, nahi zuena egiteko askatasuna hartzen zuen. Keparen joaldi

haiek luxu bat izan ziren. Gaur egun pieza asko daude Kepak orduan indarrean jarri zituen baliabide

eta apaingarriak erabiltzen dituztenak. Eta gero, imitatzaileak ere badaude eta ez dira gutxi. Tapiak

ere baditu imitatzaileak. Ordutik hona trikitixan ezer gutxi berritu den inpresioa dugu.

JON: Inprobisaziorako gaitasunean Kepak ez du parekorik. Tapiaren nahiz Junkeraren merituak

aipatzen hasi eta zerrenda luzeak egin ditzakegu. Tapia izan da kantuan egiten duen trikitilari

bakanetakoa eta estilo oso berea du kantuan ere. Baina Kepak Zabaletarekin egiten zituen duoak

gaindiezinak ziren eta dira gaur ere. Gauza bat da bitxia: aipatu ditugun txapelketa horietan Kepak

Tapiak baino kritika gehiago jaso zituen, baina aski da gaztetxoen lehiaketa batera joatea eta Keparen

piezak askoz ere gehiago entzuten dira Tapiarenak baino. Bere piezak klasiko bihurtu dira.

AGURTZANE: Kepak gutxik bezala ezagutzen du instrumentua eta tonu eta akorde berriak erabili ditu.

Fandangoaren eta arin-arinaren egiturak goitik behera aldatu ditu, erritmoari eutsi badio ere. Pieza

hasiera eta bukaerak eraberritu ditu eta badago jende bat barkatzen ez diona. Ohituraren indarra da.

Beste batzuek, ez zitzaiela gustatzen esan beharrean, ez zekiela jotzen esaten zuten. Nik esan

beharra daukat doinurik zailenak ere Kepak jotzen dituenean errazagoak ematen dutela eta hori

sentimenduarekin jotzen dakielako da. Ezingo da inoiz esan Kepagatik makina bat denik. Jotzen

duena barrutik ateratzen zaio eta talentu berezia du konposiziorako. Gero, agertokian egoten daki,

bere keinuak eta trantzeak ikusgarriak dira. Bere kontra daudenak ez direla asko pentsatu ohi dut

askotan eta horietako batzuk poseagatik daudela kontra eta ez gustatzen ez zaielako.

JON: Kepa Junkearen garrantzia neurtzeko aski da jotzera ateratzen den bakoitzean sortzen duen

ikusminari arreta jartzea. Joan den urteko San Jose eguneko jaialdiaren ondoren afaltzen elkarren

ondoan jarri ziren Kepa eta Laja eta elkarrekin jotzen hasi zirenean jendetza bat gerturatu zitzaien

beren mugikorrekin argazkiak ateratzera. Bazekiten une historikoa zela hura. Oso une berezia izan

zen. Gainera, urteak dira Lajak eta Kepak oso harreman berezia dutela elkarrekin.

Page 36: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

-Posible da belaunaldi zaharreko maisuen eta Kepa Junkeraren artean elkarrekiko mirespen bat

egotea ere.

JON: Seguru baietz. Inoiz egon naiz bere Busturiako etxean eta badakit badagoela elkarrekiko

mirespen hori. Maisu zaharrek badakite Kepak eurek susmatu ere egiten ez zituzten eremuetara

eraman duela trikitixa. Mirespen hori errazagoa da kideen artean, bakoitzak bestearena hobeto

apreziatzen duelako.

AGURTZANE: Keparen formazio musikala Lajarena baino mila bider zabalagoa da. Munduko folk

musikari handienekin kolaboratu du eta jazzeko batzuekin ere bai. Eta nazioarteko elitearekin lan

egiteko oso ona izan behar duzu.

JON: Ekoizle bezala ere oso ona da. “Betiko trikitixa” berak atera zuen eta gu guztiontzat

derrigorrezko erreferentzia izan da. Egia da ez dela beste munduko ideia, baina berak eduki zuen eta

berak atera zuen aurrera. Bi trikitilari belaunaldiren piezak biltzen ditu. Arrola, Maltzeta, Auntxa,

Martin, Joseba Tapia eta beste zenbaitek estudioan grabatu zituen eta Sakabiren batzuk ere sartu

zigtuen, dagoeneko erretiraturik zegoelako.

-Hitz egin iezaguzue panderoaz. Instrumentu apala da….

AGURTZANE: Kanpoan jotzen dugunean leku batzuetan ikusmin gehiago pizten du panderoak

trikitixak baino. Niretzat trikitixaren parte garrantzitsua da.

JON: Nik ezagutu nuen Martinek eta Imanol Iturbidek izan zuten harremana. Badute disko bat behin

eta berriz entzun dudana eta entzuten jarraitzen dudana. Motriku, Landakanda eta Leturia ere

ezagutu ditut eta uste dut pandero-jotzaileak ez duela protagonismo gehiegirik bereganatu behar.

Hori bai, giroa ez hozteko ahaleginak eta bi egin behar ditu, baina inor aspertu gabe. Oso lan

konplexua da. Rock banda batean kantariak duen egiteko bertsuak ditu, parekotasunen bat

aipatzeko. Gero, trikitilariaren eta pandero-jotzailearen arteko konpenetrazioa dago. Gutxitan

gertatu zait, baina erritmorako senik ez duen trikitilari batekin panderoa jotzea zigor izugarria da.

JUAN TAPIA (Eleuterio Tapiaren semea): “Junkerak Gipuzkoan egin zuen sarrera ikusgarria

izan zen”

Juan Tapiak 17 edo 18 urte zituen Kepa Junkera ezagutu zuenean. Bere lehen plazetako bat egiten

ari zen bere jaioterrian, Asteasun, eta atsedenaldietako batean Kepa gerturatu zitzaion eta trikitixari

buruz hitz egiten hasi zitzaion eta halako batean ea soinua proba zezakeen galdetu zion. Juanek eman

Page 37: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

zion soinua eta Kepa bere malabarismoak egiten hasi zenean erabat txundituta utzi zuen. Geroztik

haren ibilbidea gertutik jarraitzen du.

Juan Tapiatarren familiakoa da. Eleuterio Tapia (1926, Asteasu), Juanen aita, gizon harrigarria izan

zen, trikitilari handia izateaz gainera (Sakabi, Auntxa eta beste batzuekin batean gerra ondoko

belaunaldiko figura behinenetakoa izan zen), herri kiroletan ibili baitzen. Bere semeak, Juanek,

trikitixa erakusten egiten du lan Gipuzkoako musika eskola batzuetan eta aitari buruz ari dela, beren

etxeko sukaldean Perurena, Yurrebaso edo Urtain bezalako figurak nola egoten ziren gogoratzen du.

Eleuterio Tapia segalaria izan zen. Ez zuela sekula apustu bat galdu esaten zuen laineza puntu

batekin. Gisa horretako markak esplikatzeko orduan haren prestakuntza nabarmentzen du semeak,

zehaztasun izugarriarekin prestatzen baitzen. Gainera, garaiz erretiroa hartzen jakin izan zuen.

“Behin eta berriz errepikatzen zigun gauzak ondo egin behar direla edo ez direla egin behar”,

gogoratu du. “Segalariak eta harri-jasotzaileak prestatzen zituen eta lan hori erromeriekin

partekatzen zuen. Ni mutikoa nintzenerako aita famatua zen herri kirolen munduan eta baita

trikitixarenean ere. Egun batzuetan autoen joan-etorria amaierarik gabea zen gure etxeko atarian.

Artean ez zen telefonorik iritsi gure etxera eta abisuak ematera autoz etortzen ziren. Jaunartzeak,

ezkontzak, erromeriak trikitixarekin egiten ziren orduan. Horri herri kiroletakoen bisitak gehitzen

badizkiogu, pentsa!. Kontuan izan garai horretan aitak mutil dezente prestatzen zituela. Ni 63an jaioa

naiz eta hamar bat urte nituela ezagutu nituen etxean Perurena, Urtain eta beste hainbat. Apustu bat

itxi aurretik prestatzaile bezala aita hartzeko hitz egitera etortzen ziren edo besterik gabe zalantzak

argitu edo kontsultak egitera. Gure etxean zegoen etengabeko sartu-irtenarekin normala da

baserriko martxa amak eraman behar izatea. Baserria txikia zen: bost bat behi izaten genituen, bost

bat txahal eta mandoa. Eta gero herri kiroletan izena hartuko zuen mutil batek laguntzen zigun,

Paskualsorok. Soldadutza egin aurretik etorri zen gure etxera eta hogei bat urte eman zituen gurekin.

Segalaria zen eta harri-jasotzailea. Haren laguntzari esker aitak denbora gehiago izan zuen kirolariei

aholkuak eman eta prestaketan laguntzeko eta baita erromerietan jotzeko ere”, gogoratu du.

Tapiatarren leinua Eleuteriorekin hasi zen. “Kontatzen zuenez, 15 urte zituela auzoko baserri batetik

trikitixa bat ekarri zuen eta, gaua bazen ere, ezin izan zuen egon soinuari botoi batzuk jo gabe. Bere

anai-arrebak oheratuta zeuden, baina hotsak entzun zituztenean jaiki eta korrika sukaldera joan

ziren. Hamabost senide ziren eta atera zuten iskanbilarekin aita esnatu zuten, gure aitona alegia, eta

sekulakoak esan omen zizkien, aste barruan ezin zelako soinurik jo. Gure aitak maiz gogoratu ohi

zuen eszena hori”, jarraitu du.

Mindegiako (Asteasun Mutegia esaten diote baserriari Gipuzkoako euskalkian) sukaldean biltzen

ziren anai-arreba horien artean Joseba Tapiaren aita ere bazegoen, Juanito Tapia.

Bere kontura ikasi zuen pieza batzuk jotzen Eleuterio Tapiak. Ondoren herriko organu-

jotzailearengana jo zuen eta inguruko erromerietan jotzen hasi zen, dozena erdi bat pieza bakarrik

bazekizkien ere. Hala kontatzen zien behintzat aitak bere semeei. Trikitixarekin irabazten zuen diru

apurra aitari entregatzen omen zion eta orduan hasi omen zen aita jarreraz aldatzen, diru sarrera bat

zela ikusi zuenean. Elgetarekin hitz egitera iritsi zen eta hau behin baino gehiagotan izan zen

Mindegian Eleuteriori erakusten.

Mindegia Asteasutik Villabonara doan errepide ertzean dago erdi bidean, Zizurkil parean.

Juan Tapiak bere aitarekin hasi zen soinua jotzen ikasten 15 urte zituenean. 17 urterekin egin zuen

bere debuta Asteasun. 18rekin aitarekin batean klaseak ematen hasi zen, Tolosan Isidoro

Larrañagarekin musika eta Donostian delineazioa ikasten jarraitzen zuen bitartean.

Soldadutza egin eta enpresa batean hasi zen lanean, baina berehala ohartu zen berea musika zela

eta, zehatzago esanda, musika irakaskuntza eta trikitixa erakusteko metodologia propioa lantzen hasi

Page 38: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

zen. Bere ikasleak partiturekin hasten dira jotzen, zer jotzen ari diren ohartarazteko, zer akorde

erabiltzen dituzten edo akorde horri zer armonia dagokion jakin dezaten, baina bidean aurrera egin

ahala memoria eta entzumena lantzen hasten dira, hori baita modu libreagoan jotzeko aukera

bakarra, berak dioen bezala, “musika sormena baita gauza guztien gainetik”.

Aita 88an hil zen eta erromeriak utzi eta irakaskuntzari heldu zion bete-betean. Asteasu, Usurbil eta

Beasaingo eskoletan ematen ditu klaseak. 8 urtetik hasi eta 60 bitarteko ikasleak ditu. Gehienak

gazteak dira, baina baditu tartean 60tik dora doazenak ere eta pieza batzuk ikasteko asmoarekin

etortzen direnak.

Tapiatarren leinua ez da agortu. Bere iloba batek (bere besoetakoa da) Trikizio taldean jotzen du

trikitixa eta bere alabak ere, Aiorak, trikitixa jotzen du 16 urterekin.

-Zer meritu zituen zure aitak trikitilari bezala?

Ez zuen trikitilari izatea oso benetan hartzen, ez zuen inoiz horretan arima osoa jarri. Baserrian lan

egiten zuen, erromeriak egiten zituen eta trikitixa erakusten zuen, baina bere benetako grina, bere

benetako bokazioa herri kiroletan eta apustuetan zuen. Segalari eta harri-jasotzaile gazteei aholkuak

ematea gustatzen zitzaion. Trikitixa oso erraz uzten zuen kirolagatik eta, hala ere, ona zen soinua

jotzen. Garai horretan trikitilari onak ez ziren asko eta Auntxa, Zialtzeta, Egurrola edo Maltzetarekin

batean garaiko elitean ibili zen. Eleuterio Tapiak izen bat izan zuen. Bere jotzeko modua oso garbia

zen. Esaten zuen osaba Juanito oraindik ere garbiagoa zela jotzen. Aitak gaitasun gehiago zuen

inprobisaziorako eta konposatzen ere bazekien. Osabak pieza bat ikasi eta bere horretan jotzen zuen.

Dena den, aitaren ezaugarririk nabariena jotzeko zuen abiadura zen. Ez dakit seguru nork, baina uste

dut Sakabi izan zela, txapelketa batean galdetu omen zion ea zeinek azkarrago bukatu jokatzen zela

uste al zuen. Berandu hasi zen txapelketetan, 45 urterekin. Urte horretan Lajak irabazi zuen, baina

puntuetan berdindu egin zutela komentatu zen eta aita bera izan zela epaimahaikoengana joan eta

txapela Lajak merezi zuela esan zuena. Abiadura meritutzat hartzen zuten. Erromeria batzuetan

mantso samar joz gero, dantzan ari zirenak kexatu egiten ziren. Orain trikitilari askok errepertorio

finkoarekin joaten dira, baina orduan errepertorioa egokitu egiten zuten, jotzen ari ziren lekuari edo

aurrean zuten publikoari erreparatzen zioten.

-Zer grabazio utzi zituen Eleuteriok?

Disko bat grabatzeko zorian izan zen Landakanda lagun zuela. Bartzelonan grabatzeko proposamena

egin zieten eta piezak prestatzen ari ziren, baina segadorarekin lanean ari zela istripua izan eta

behatza galdu zuen. Bere ordez Laja joan zen. “Tapiatarren trikitixa” diskoa geratzen da. Bertan

Loiola Irratian egin zizkioten pieza batzuk bildu ziren eta txapelketetan jotako batzuk ere bai, baina

nolabaitekoak dira grabazio horiek.

-Noiz ezagutu zenuen zuk Kepa Junkera?

Euskal Herriko txapelketetan hasi aurretik txapelketa txikiago batzuetan ibilita zegoen Kepa. Nik

Gipuzkoan Junkerak eta Zabaletak egin zuen sarrera ezagutu nuen eta ikusgarria izan zen. Hain zen

Page 39: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

beste guztietatik ezberdina, hitzik gabe geratzen ginela. Nik Asteasun ezagutu nuen Kepa. Hasi berria

nintzen eta jotzen ari nintzen lekura etorri eta bera ere trikitixarekin ari zela esan zidan eta ea utziko

nion soinua frogatzen. Herriko festak ziren eta seguru asko Bilbotik etorriko ziren emanaldiren bat

egitera, ez dakit. Trikitixa utzi nion eta ariketa batzuk egiten hasi zen, ez zen hasi pieza jakin bat

jotzen, baina nahikoa eta gehiegi izan zen ni zur eta lur uzteko. Berak 17 edo 18 urte izango zituen.

Urteak arituko zela jotzen pentsatu nuen eta ziria sartu zidala. Erromeriako atsedenaldi batean

gertatu zen hori. Hasieran bere agerpenak tartekakoak izan ziren, gero sarriago agertzen hasi zen eta

txapelketan jo zuen aldaba.

-Zer frogatu zuen Junkerak 86ko txapelketan?

Oso gutxik dituzten dohainak zituela. Baina jendeak ez zuen bere estiloa asimilatu. Gogoan dut nola

pieza bati orduan bat ere ohikoa ez zen amaiera bat eman ziola. Jende askok bi eskuak burura

eraman zituen eta hanka sartu zuela esaten hasi ziren, hori ez zela horrela. Entzule gehienek

pentsatzen zuten fandangoaren edo arin-arinaren egitura ezin dela ukitu eta Kepak molde horiek

apurtu egiten zituen. 86ko finalera arte jendeak ez zuen ezagutzen zer egiten ari zen. Zurrumurruak

zeuden, besterik ez. Bilbon bazela gazte bat esaten zuten oso itxura onekoa, baina inork ez zekien

gehiagorik. Eta Kepak txapelketak baliatu zituen lortutako emaitzak ezagutzera emateko. Orain grazia

egiten dit gogoratzeak: nire inguruan bazegoen bat esaten zuena: “Irakasle on bat ondoan jarri eta

gazte hau aterako litzateke aurrera”. Finala iritsi zen eta jendeak ez zuen ulertzen pieza bat eskala

kromatiko batekin buka zitekeenik edo beste inork aurretik erabili gabeko akordeak erabil

zitzakeenik. Baina dena ondo ateratzen zitzaion. Hain zen berritzailea non bere pieza bakoitzak

lekutik kanpo uzten zintuen eta aldi berean liluratuta. Egia esan, izugarri ona zen.

-Baino aditu talde batentzako bakarrik al zen ona?

Hori da arazoa. Beharbada horixe gertatu zen. Nik nire esperientziatik hitz egiten dut. Badakit jende

askok ez zuela ulertu. Bere piezek ez zutela dantzarako balio, esaten zuten eta hori ez da horrela,

begi bistakoa da pieza haiekin dantzan egin zitekeela. Zabaleta eta Motrikurekin erromeriaz

erromeria hasi zenean jendeak dantza egiten zuen bere piezekin. Zabaletak eta Junkerak

erromerietan egiten zutenak ere merezi du komentario bat. Ni ikusita nengoen trikitilari bikoteak

duoak egiten: batek oinarria markatzen du eta besteak lagundu egiten dio beste tonu batetik. Baina

Zabaletak eta Junkerak egiten zutena beste zerbait zen: Zabaletak markatzen zuen melodia eta Kepak

inprobisatu egiten zuen edo, beste era batera esanda, nahi zuena egiten zuen. Normalean bigarren

bueltan (fandangoak gehienetan bi buelta izaten ditu) trikitilariak errepikatu egiten du. Kepak ez zuen

egundo errepikatzen. Batzuk ezin sinetsirik egoten ginen begira. Oso zaila da, bestalde, hainbeste

nota akorde eta armonia errepikatzea ere. Ezinezkoa da hori dena memorian pilaturik eramatea.

Kepak, ondorioz, etengabe inprobisatu egiten zuen. Eta lehen esan dudana, Keparen piezak balio

zuten dantzarako. Kepak ematen zituen erromeria guztietara joaten nintzen eta jendea jo eta ke

ikusten nuen dantzan.

-Baina bakarka jotzen zuenean nola moldatzen zen?

Page 40: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Bakarka jotzen zuenean zailagoa zen. Batzuetan kosta egiten zitzaigun zer jotzen ari zen antzematea

ere. Baina jendeak dantzan egiten zuen, baita Kepak bakarrik jotzen zuenean ere. Berak ez zuen inoiz

erritmoa galtzen, horretan ez dut inolako zalantzarik. Hasieratik zekien zer nahi zuen eta musikari

handi bat dela erakutsi du bere ibilbidean zehar.

-Itzul gaitezen 86ko eta 88ko finaletara. Nola bizi izan zenituen?

Keparekin uste dut bidegabekeria bat egin zela. Epaimahaiak erabaki zuen bere piezak ez zirela behar

bezalakoak izan, baina urte gutxiren buruan klasiko bilakatu ziren eta gazteak lehiaketara pieza

horiekin joaten hasi ziren. Ni nire ikasleekin joaten naiz txapelketara eta Keparen piezak jotzen

zituzten gazteak saritzen ikusi ditut. Jende batek 86ko finalean esan zuen pieza horiek ez zirela

trikitixa eta lelo hori errepikatzen jarraitu dute.

-Joseba Tapia eta Kepa Junkera bateratsu atera ziren jendaurrera. Zer esan dezakezu zure lehengusu

Josebari buruz?

Biak dira handiak eta irudipena dut genioak binaka etortzen direla, batek bestea behar duela

hazteko. Beste eremu batzuetan hala gertatzen da eta baita bizitzan ere. Elkarrengana bildu eta aldi

berean urrunduko balira bezala funtzionatzen dute. Aurrera egiteko elkarren beharra balute bezala

funtzionatzen dute. Pilotaren munduan, esate baterako, Belokik Eugi zuen ondoan, Retegik Galartza,

Olaizolak Irujo. Imuntzo ere sekulako trikitilaria da, baina beste biak nabarmendu dira. Joseba

Tapiaren jotzeko modua gertuagoa dago jendearengandik. Baina Josebarekin ere arazo handiak egon

ziren azken aldiz txapelketan parte hartu zuenean. Gogoan dut finalaren aurretik etxera etorri

zitzaidala eta bere piezak jo zizkidala. Ni gauza berrien zalea naiz, nahiz eta badakidan berri guztiak ez

direla onak. Asko gustatzen zitzaizkidala esan nion, baina publikoarekin arazoak izango zituela eta

halaxe gertatu zen. Aurkeztu zuen arin-arinak mozketa ezusteko bat zuen, parentesi gisako bat, oso

onak ziren akorde batzuk sartzen zituen, baina jendea despistatzeko bidea ematen zuten… Uste dut

berrikuntza horietan bazegoela probokazio nahi bat, publikoarekiko joko bat erabat zilegi dena, baina

gaitzespena sortzeko ere balio lezakeena. Txapelketara doan jende gehiena dantzan asko ibilitakoa

izaten da. Hori da gustua markatzen duena eta jende hori tradizioaren aldekoa izan ohi da. Aipatu

ditugun final horien ondoren epaimahaia trikitilarien lana arautzen hasi zen, jo beharreko piezak jarri

eta arau batzuk markatu zituen eta uste dut horrek mugak jartzen dizkiola trikitilariaren sormenari.

Hain zuen ere orduan hasi zen txapelketen gainbehera.

GAIZKA PEÑAFIEL: “Puntu batera iritsi da non sustraietara itzultzeko premia zuen”

Lezaman jaioa da 1985ean. Gaizka Peñafielek ez du trikitixa bizi izan familiako ondare moduan, ez eta

ere inguruarekiko balore gisa. Txorierrin apenas dagoen trikitilaririk. Baina, hala ere, txikitandik

Page 41: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

telebistaz jarraitzen zituen trikitilarien txapelketak eta entzuten zituen diskoak. 8 urterekin hasi zen

herriko dantza taldean txistua jotzen eta 12rekin Zamudioko Bertokon hasi zen, didaktika

planteamendu berriekin lan egiten duen musika eskolan. Han hasi zen trikitixa jotzen eta berehala

jakin zuen hura zela bila zebilen instrumentua. Gaztañagarekin eta Allur anaiekin ikasi zuen.

“Gipuzkoarrak izan dira nire irakasleak. 15 urterako herrialde horretako klasikoen piezak jotzen

nituen. Allur anaiek jotzen erakusteaz gainera gaur musika eskoletan ematen ez den gauza bat eman

zidaten, trikitixaren inguruko kulturaren berri, mundu hori irudikatzeko ezinbestekoak diren

pasadizoak, esamesak, istorioak erakutsi baitzizkidaten. Kultura hori teknika bezain garrantzitsua da

mundu horretan mugitzeko”, dio.

Hamalau urterekin entzun omen zuen lehen aldiz Kepa Junkeraren disko bat. “’Bilbao 00:00H’

argitaratu zuenean, 1999an, gurasoek oparitu zidaten, baina ez nuen hamar minutu ere entzungo. Ez

zidan ezer esaten eta tiraderan sartu nuen. Gaur nire disko kutuna da. Bat aukeratzera behartuko

baninduten, ez nuke zalantzarik izango, baina horrekin gozatzeko belarria landu behar da aurretik. Ni

garai hartan triki-poparekin liluratuta nenbilen. Alaitz eta Maider edo Maixa eta Itziar ziren nire

erreferentziak, haiek ziren nik etorkizunean izan nahi nuenaren eredu. 16 urterekin folk musika

egiten zuen jendea ezagutu nuen, ni baino zaharragoak ziren eta nik baino kultura gehiago zuten

musikan. Junkerak trikitixari buruzko liburu bat bazuela esan zidaten, BBK-k argitaratua, eta bigarren

zatian partiturak zituela. Niretzako aurkikuntza bat izan zen. Bere hogei bat pieza ikasi nituen eta

bere estiloa barneratzen hasi nintzen. Nire lagun batek esaten du Kepa izan dela nire irakasle

birtuala. Bere diskoak entzutearen poderioz, bere errepertorioa jotzearen jotzez, bere estiloaren

osagarriak asimilatzen joan naiz, armoniak batez ere. Trikitixa jotzen dudanean beti galdera bera

egiten didate: “Keparekin ikasi duzu, ezta?”, jarraitu du.

Gaur musika eskola ezberdinetan ematen ditu klaseak, disko bat du argitaraturik, trikitixari buruzko

webgune bat eta musika taldeentzako ikus-entzunezkoak egiten ditu, Esne Beltzarentzat esate

baterako. Ibilbide polita badu ere, Aristerrazun jo zuen eguna bere bizitzako egun gogoangarritzat

dauka.

-Nola uztartzen zenituen 16 urterekin Gipuzkoako trikitilari klasikoen piezak Junkeraren estiloarekin?

Nik adin horretan ematen zidaten guztia jotzen nuen. Trikitixaren munduan badago adin bat,

engantxatzen bazara, dena asimilatzen eta dena jotzen duzuna. Duela egun batzuk egon nintzen

Getarian jokatu zen Trikitilari Gazteen Txapelketako finalean eta makina batzuk direla ohartzen zara.

Hainbesteko gosea eta grina dute, sekulako erraztasunarekin ikasten dutela dena. Estilo guztiak

txandakatzen dituzte. Oso ikuspegi irekia dute. Nire irakasleak ere, Allur anaiak, horrelakoak ziren,

oso irekiak, eta errepertorio zabalarekin ibiltzen ziren. Tapia edo Junkeraren aldeko eta kontrakoen

80ko hamarkadako eztabaida eta istiluak oso urrun gelditzen zitzaizkien. Eztabaida haietatik gelditzen

den gauza bakarra oinarrietan sartu duten arau bat da, piezaren “dantzagarritasuna” neurtzen duena

eta hori txorakeria bat da, zeren solfeoa erakusten duen edozein irakaslek baitaki Keparen piezak

beste edozeinenak bezain fandangoak direla. Beste inork zapaldu gabeko bide bat aurkitu zuen

Kepak. Tapiak ere gauza berriak egin zituen, nahiz eta ez zen Kepa bezain urrun iritsi. 86ko finalean

Tapiak jo zuen fandangoa oraindik ere oso berritzailea iruditzen zait. Baina aldagai asko zituen bere

alde: euskaraz hitz egiten zuen, trikitilari familia batekoa zen eta ez ziren berarekin sartu edo

eskuzabalagoak izan ziren. Kepa erdalduna zen, Errekaldekoa, ez zuen izen handiko irakasle baten

itzalik ere, autodidakta baitzen.

Page 42: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

-Zer esan nahi duzu, bi jenio horien ondotik belaunaldi galdu bat etorri zela?

Junkeraren eta Tapiaren ondoren triki-poparen korrontea etorri zen. Beren bidea egin zuten trikitilari

horiek. Baina horien ondoren gure belaunaldia dator, 80ko hamarkadan jaiotakoena, eta guk ez dugu

hanka markarik ere utzi. Ez dut uste gure belaunaldian erreferenterik dagoenik. Ezingo nituzke bost

izen baino gehiago aipatu.

-Zure aurreko belaunaldiko trikitilariek Junkeraren eta Tapiaren etorrerak eragin zuen talkaz mintzo

dira. Zuek ez zenuten horrela bizi izan.

Guk ez dugu inolako arazorik izan estilo tradizionala eta berria txandakatzeko orduan, bietan

berdintsu mugitzen gara. Baina talka haren oihartzunak iritsi zaizkigu. Oraindik tentsioak hor

jarraitzen dute. Lehiakortasun gehiegizko bat dago gure artean, errezeloak ere bai. Uste dut

trikitilariok taldeko irudia gehiago bultzatu beharko genukeela, bertsolariek egiten duten gisan,

adibide bat jartzearren.

-Aipa al ditzakezu Junkerak trikitixari egin dizkion ekarpen batzuk

Keparengan gehien miresten dudana bere ausardia da, gauzak egiteko orduan duen askatasuna. Uste

dut ez diola inori ezer zor eta hortik datorkiola ausardia hori. Irudipen hori daukat. Askatasun horri

esker egin ditu berak nahi zituen gauzak berak nahi zituenean. Ez du trikitixaren munduan izango

duen eraginean pentsatzen, eremu askoz ere zabalagoetan pentsatzen du. Ikuspegi zabal hori

Oskorrirekin bizi izan zuen garaikoa dela uste dut, oso kultura zabala duen taldea baita. Urte askoko

ibilbidea darama, baina sormenerako duen grina ez zaio apaldu. Proiektu batean sartzen da eta

hurrengoarekin pentsatzen ari da eta oharrak idazten ditu. Gauzak aldez aurretik ikusten ditu, igarle

batek bezala. Sortzaile gutxik izaten dute gaitasun hori. Beti ustekabean harrapatzen gaitu. Egia da

bere bitartekoak ere ugariak direla. Hasteko, formazio oso zabala du, nahiz eta autodidakta izan. Ez

da sinestekoa etxean zer disko piloa duen, erotzeko modukoa da. Eta genero guztiak interesatzen

zaizkio. Tartean zarzuela ere aurki dezakezu. Galdetzen diozu ea zarzuelak trikitilari batentzat inolako

interesik izan dezaken eta baduela frogatzeko gai da, gai da gauza oso interesgarriak aurkitu dituela

esateko. Azken urteotan hain teknikoa izateari utzi dio eta melodikoagoa bilakatu da. Gero eta

zailagoa da bere piezak trikitixarekin bakarrik jotzea. Baina ibilbide horretan puntu batera iritsi da

non berriro hasierara itzultzeko premia sentitu duen. Eta inor espero ez zuenean, guztiok kontrakoa

espero genuenean, bilduma gisako ikuskizun batekin agertu zaigu, azken urteotan egiten zenarekin

zerikusirik ez duen zerbaitekin; alderantziz, sustraietara itzuli da eta berriro fandangoak eta arin-

arinak joko ditu. Noski, fandango eta arin-arin horiek bere modura joko ditu, Kepak ez baitu inoiz

pieza bat modu berean jotzen. Denok sartzen ditugu aldaketak pieza batean, baina aldaketa txikiak

izaten dira, baina Kepak egiten duena besterik da, kapaza baita zati bat erabat berria sartzeko, gai

baita tonuz aldatu edo beste trikitilari guztiontzat guztiz arraroak diren tonuak erabiltzeko. Baina

berari erraztasun harrigarri batekin ateratzeko zaizkio. Uste dut soinu txikiak eman dezakeena

ateratzera iritsi dela, mugak ezagutzera alegia. Ezkerreko hamabi botoiekin ezin da egiten duena

Page 43: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

baino gehiago egin, bakarrik ari denean bereziki, banda bat atzean duela ari denean errazagoa baitu,

baxu-jotzailea duelako, baina bakarrik ari denean baxuekin egiten dituen gauzak besteontzako

pentsaezinak dira. Nik berritzailetzat dut neure burua, baina Kepa ikustera joaten naizen bakoitzean

belarrondoko bat ematen dit. Ez ditu oinarri handiak behar, doinu bat ematen diozu eta pieza bat

ateratzen dizu.

-Beste batzuek, Tapiak esate baterako, ezingo al zituzten gauza bertsuak egin?

Tapia ere gai da bere estiloan antzeko gauzak egiteko, baina Tapia beharbada latinoagoa da, tex-mex-

etik edan du edo Quebec-eko musikatik eta bere identifikatzen errazagoak diren osagarriak ditu bere

estiloak. Junkerarengan, aldiz, ezin izaten dira erreferentziak aurkitu. Tarteka pentsatu izan dut

erreferentzia horiek berak kolaboratu duen musikariengan aurkituko nituela. Ibili naiz musikari horiek

lanak aztertzen eta ez dut ondorio garbirik atera. Beste guztiok aztarnak uzten ditugu, gure

erreferentzien arrastoak ikus daitezke, eta askotan gure iturriak aitortu egiten ditugu. Keparekin hori

ez da posible, ezin zaio bere iturriak zein diren antzematen. Bere musika pertsonala da erabat, hain

pertsonala non besteek imitatzen duten. Zenbait trikitilari eta zenbait talde haren fotokopiak bezala

dira. Iruditzen zait gaurko musikan jende kamaleoniko asko dagoela, haizearen arabera mugitzen

dena, gaur rocka egingo dute eta ondoren folka, etzi triki-latin edo tex-mexa eta ondoren triki-rocka.

Zilegi da hori egitea, ez dut ezetz esaten, baina komeniko litzaieke noizean behin zerbait haizearen

kontra egitea. Hori da Keparen merituetako bat, haizearen kontra joateko gai izatea. Orain denak

banda bana atzean dutela ateratzen dira agertokira eta berak bakar-bakarrik ateratzea erabaki du eta

horrek berritzaile izatera behartzen zaitu. Orain bi urte esan balidate Kepa bakarrik aterako zela

agertokira, bere trikitiarekin eta panderoarekin eta koplekin, ez nuen sinetsiko, gurean tradizioak

fama txarra baitu, gauza berriak egiteko margen urria uzten baitu tradizioak. Baina seguru nago hain

osagarri gutxirekin ere gauza berriak egiteko gai izango dela. Sakabiren eta Auntxaren piezak joko

ditu berriro, baina ez haiek jotzen zituzten moduan. Horretara jarrita, gai da haiek jotzen zuten

moduan jotzeko, baina horrela ez luke gozatuko, berak pieza horiek hartu eta jolas egitea nahi du,

barruan daraman deabrua ateratzea. Dena den, gauza bat esan behar da: agertokira bakarrik atera

eta hori egiten saiatzea, puenting egitea bezala da, amildegira jauzia egitea bezala. Erromeria bat

bakarka antolatzea normala da, baina soinu txikia eskuen artean hartu eta ikuskizun bat bakarka

egiteko eroturik egon behar da. Hori Kepak bakarrik egin dezake.

JOSE MARI SANTIAGO “MOTRIKU”: “Lehen hamahiru urtetako ibilbidea egiten lagundu

nion”

Errekalde auzokoa, koadrilako laguna, Kepa Junkeraren eta Zabaletaren pandero-jotzailea izan zen

txapelketetan eta lehen grabazioetan. Kepa oso gertutik ezagutzen duen pertsona da. Baina pandero-

jotzaile izatea kasualitate askoren ondorioa izan zela dio.

“Koadrilakoak ginen Kepa, Iñaki Zabaleta eta hiruok. Haiek biek gehiago ezagutzen zuten elkar,

irakasle berarekin ikasten baitzuten akordeoia. 1980an konpartsek antolatu zuten Bilboko lehen Aste

Page 44: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Nagusian Errekaldeko Kezkalariak konpartsan atera ahal izateko hasi nintzen panderoa jotzen

ikasten. Zezen plazatik Arenalera jaitsi ginen. Iñaki Zabaletak Beti Jai Alai dantza taldearekin jo behar

zuen Santiago plazan, Euskal Dantzarien Biltzarrak emanaldi bat antolatu zuelako. Ea lagunduko nion

galdetu zidan eta bi gautan jo nuen berarekin. Horiek izan ziren nire lehen aktuazioak. Egun batzuk

geroago Kepak eta biok Beti Alai taldean sartzea erabaki genuen”, gogoratu du Jose Mari Santiago

“Motriku”k.

Kepa Junkera Beti Alai taldeak Zuberoako dantzak egiteko erabiltzen zuen fanfarrian hasi zen

akordeoia jotzen. “Alboka jotzen hasi zen hasieran. Gogoan dut nola Tiliñok Leon Bilbaoren etxera

eramaten gintuen albokak afinatzera. Pitari argizaria botatzen zion, bere bularretik ile bat atera eta

irekidura neurtzen zuen… bisitan joaten gintzaizkion bakoitzean zeremonia bera errepikatzen zuen.

Egia esan, Kepak bere kontura ikasi zuen alboka jotzen ere. Geroago etorri zen trikitixa. Nik osaba bat

nuen Basaurin, Migel Olabarrieta, baserrian Royal markako soinu txiki bat zuena. Zelestino

Rodriguezek fabrikatutakoa zen. Oso hots txarrekoa zen trikitixa hori. Iñaki bere aldetik Beti Alai

taldeko Larrinagarekin jotzen zuen eta hark Soprani bat erosi zuenean hasi zen Kepa Larrinagarekin

jotzen”, jarraitu du Motrikuk.

Hiruak hasi ziren Beti Alai dantza taldeak emanaldietan egiten zituen atsedenaldietan jotzen,

“dantzariak arropaz aldatzen ziren bitartean”. Baina 15 edo 16 urte zituztenerako hasi ziren Durango

aldera irteten. “Tiliñok deitzen zigun Iurretako edo Durangoko Pilastra auzoko jaietan jotzeko eta

berehala hasi ginen hiruak eskualde horretako erromerietan jotzen, bai Durango inguruan eta baita

Markina aldean ere”, dio.

Euskal Herriko Txapelketaren finalera 82an iritsi zirenerako (urte horretan Kepak Ramos eraman zuen

panderoarekin eta Motrikuk Iñaki Zabaletari lagundu zion) errodajea eginda zeuden. “Eta 86ko

finalera joan ginenean Gipuzkoan ere ezagunak ginen. Iñaki Zabaletak oinarria jotzen zuen eta Kepak

bere inprobisazioak egiten zituen. Gustatu egiten zitzaion. Makina bat zen. 86ko finalean Kepak

hautsak harrotu bazituen, pieza berriekin joan zelako izan zen. Kontuan izan behar da Lajak edo

Martinek besteek egindako piezak jotzen zituztela, Pepe Yantzirenak esate baterako. Uste dut bi

berrikuntza handi eman zirela txapelketa horretan: Keparen pieza berriak eta Tapia eta Leturiaren

duoak. Jende askoren ustez guk irabazi behar genuen txapelketa hori. Kalejira ere puntuatu duten

txapelketa bakarra izan da eta kalejirako kopla bat ahaztu egin zitzaidan kantuan ari nintzela. 30 urte

igaro dira eta oraindik badago jendea final hartako irabazleak guk izan behar genuela gogorazten

didana”, adirezi du.

Motrikuren ustez, 88ko Txapelketaren historia bestelakoa izan zen. “Finala agertokiz aldatu zen.

Ordura arte Anotako Karmelo Baldan egiten zen, 3.500 lagunentzako kabidarekin, eta 88an

Belodromora pasatzean 8.000 lagun sartu ziren. Athletic-en eta Realaren arteko derbia ematen zuen,

jendea bozinak jotzen eta ikusmin izugarriarekin. Gu proposamen askoz ere ausartago batekin joan

ginen eta epai-mahaiak zigortu egin gintuen. Iraultza txiki bat izan zen, arauak apurtzera joan ginen,

denborak esate baterako. Hiru final horiek Keparen ibilbidea markatu zuten eta bide horri eutsi dio

ondoko urteetan. Nik ibilbide horren lehen 13 edo 14 urtetan hartu nuen pate modu aktiboan. Baina

geroztik ere harreman estua izan dut Keparekin, nahiz eta lan kontuak tarteko Euskal Herritik kanpo

hogei urtetik gora eman ditudan”, jarraitu du.

Jose Mari Santiago “Motriku” ingeniaria da. AMCOR multinazionalarena den Lezoko lantegi baten

zuzendari orokorra da. “Enbalajerako osagarriak egiten dituen multinazionala da eta kanpoan egin

ditudan urteetan lantegiak berregituratzen ibili naiz gehienbat. Zuzenari orokorra izan naiz Burgosen,

Bartzelonan, Italian, Norvegian, AEBn eta Hegoamerikan. Enpresaren munduak oso arau estuak ditu.

Page 45: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Trikitixaren arloan beste jende mota bat dago, pentsatzeko beste modu bat. Oso ederra iruditzen zait

mundu batetik bestera igarotzeko aukera izatea”, jarraitu du.

Berriki Lajarekin jo zuen Aristerrazuko erromerian. “Bi hilabete eman genituen hiru orduko erromeria

hori prestatzen. Hogeita hamar bat pieza ziren, gehienak kantatuak. Niretzako eguneratzeko modu

bat izan zen eta amets bat egia bihurtzeko bidea ere bai, Lajarekin jotzea amets bat baitzen niretzat.

Orain beste modu batera disfrutatzen dut trikitixarekin. Aspaldidanik ezagutzen nituen Laja eta

Epelde, baina orain urte eta erdi Euskal Herrira itzuli nintzelarik, adiskidetasuna berritu dugu eta nik

lehen ez nuen konfiantza giroa sortu da gure artean. Niretzako opari bat izan da. Nire emaztea, Pilar,

trikitizale familia batekoa da, Zornotzako Belatxikita auzokoa, eta bizi garen baserrian bildu ohi gara

tarteka”, esan du.

MARTIN AGINAGALDE: “Gazteek oso azkar bereganatu zuten estiloa markatu zuen Kepak”

Junkera eta Motriku Gipuzkoako trikitilariei jarraiki lurralde honetako erromeriak bisitatzen hasi ziren

garaikoa da Martin Aginagaldek Errekaldekoarekin duen harremana. “Gogoan dut Kepa lehen aldiz

txapelketako finalera iritsi zen eguna ere. 1982ko finala izango zen. Eleuterio Tapia bizkaitarren

aurretik geratu zen eta biharamunean pozik zegoela esan zidan ‘gutxienez Bizkaiko gazte horiei

irabazi diet eta’. Ez Lajak eta ez nik ez genuen txapelketa horretan parte hartu. Ni 88an itzuli nintzen

finalean jotzera. Gogoan dut Joseba Tapiak bere osaba Eleuterio Tapiari eskaini zion fandangoa eta

nik neure baitan pentsatu nuen txapelari agur esan behar niola, Eleuterio hil berria baitzen. Josebak

irabazi zuen txapela eta merezimendu osoz gainera. Kepa bigarren geratu zen eta ez dakit gu

hirugarren geratu ginen edo laugarren. Keparen emanaldia izugarri berritzailea izan zen. Gogoan dut

ikusle bat erdiko pasillora atera eta rockaren parodia moduko bat egiten aritu zela dantzan, Keparen

jotzeko moduari barre egin nahian edo eta jendeak txalo jotzen ziola eta Kepari txistu egiten ziotela.

Trikitizale gehiengoaren gustuarekin bat ez zetorren estiloa markatu zuen Kepak, baina hain zuzen

ere estilo hori gelditzeko etorri zen. Kepari txistu jotzetik Keparen estiloa kopiatzera igaro ziren

trikitizaleak, gazteak bereziki. Final horren aurretik eta ondoren Kepa, Zabaleta eta Motriku Bizkaiko

eta Gipuzkoako erromerietan jotzen ibili ziren. Ford Transit furgoneta batean ibiltzen ziren. Eta

oroitzen naiz behin nola esan zidan Kepak ez zuela bere burua urte askoan gauza bera egiten

irudikatzen eta beste gauza batzuk egitera pasatu zen, beste erronka batzuk jarri zizkion bere

buruari”, kontatu digu Martin Aginagaldek.

Trikitixaren historiak tarteka jauziak egiten dituela dirudi eta txapelketak horretarako balio izaten

dute, zabaldutako bide berriak, emandakoa jauziak erakusteko. Lajak teknika landu eta estilo

elaboratu bat ekarri zituen. Eta Martinek ere berrikuntzak ezarri zituen. “Tonu nagusian jotzen aritu

ondoren tonu txikiago batera igarotzen nintzen baxuetan, sol maiorrean afinatutako soinuak

erabiltzen nituen eta soinuaren beraren izaera ere zertxobait aldatu egin nuen, 47 baxu jarri

bainizkion, akordeoiari bezala, instrumentuaren ahalmena gehitzeko. Sol maiorrean afinatutako

trikitixak aukera hobeak eskaintzen ditu kantatzeko orduan eta berehala zabaldu zen eredu hori”,

dio.

Page 46: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Martin Aginagaldek 1979ko txapela irabazi zuen ondoan bere osaba Egañazpi panderoarekin zuela

eta urte askoan trikitixaren figura garrantzitsuenetakoa izan zen Lajarekin batean. Txapela irabazi

zuenerako eskolak ematen hasita zegoen Larraulen, bere jaiotetxean lehenik eta herriko etxebizitza

batean gero. Etxebizitza hori txiki geratu zitzaion eta lehen trikitixa denda eta lehen eskola zabaldu

zituen Villabonan 1882an. Trikitixa jotzen ikasteko metodo baten sortzailea ere izan zen. “Banaka

ikasi genuen trikitixa jotzen, irakaslearekin aurrez aurre eserita, baina ikasle bat baino gehiago biltzen

zituen gela batean metodoak ez zuen funtzionatzen. Ezin gintezkeen ikasle bakoitzari ordubete

eskaintzen hasi. Bartzelonan egiten zen musikari buruzko feria batean organo txiki bat ikusia nuen

tekla bakoitzean zenbaki banarekin. Ideia hain sinple batetik abiatuta hasi nintzen lanean eta joan

nintzen metodo berria hobetzen eta eskola guztietara zabaldu zen”, dio Martin Aginagaldek.

XABIER BERASALUZE “LETURIA”: “Nik mirespen bera diet Tapiari eta Junkerari”

Xabier Berasaluze “Leturia” hogei urte beteak zituenean sartu zen trikitixaren munduan, beste

zenbait instrumenturekin probatu eta gero. Villabonako bere jaiotetxean musika klasikoa etengabe

entzuten zen. Pianoa lau ikasturte ikasi zituen, gitarra hamar urte eta trikitixaren mundura gerturatu

bazen, dantzan egitea gustuko zuelako izan zen, lagunekin erromerietara joaten hasi zelako.

“Soldadutza bukatu arte ez nuen egundo panderorik eskuetan hartu”, dio. Trikitixa ikasten ari zen

Eleuterio Tapiarekin. Hau gaixotu egin zen eta ordezkoa etorri zitzaion klaseak ematera, haren iloba

Joseba Tapia. Hurrengo astean Itsasondon emanaldia zuela esan zidan eta pandero-jotzailerik gabe

zegoela. 1984an zen hori. Hiruzpalau erromerietan lagundu nion”, gogoratu du.

Joseba soldadutzara joan zen eta handik itzuli zenean, 86an, txapelketa bat zegoela esan zion. “Ea

animatuko nintzen galdetu zidan. Ni beti baietz esaten duten horietakoa naiz. Pepe Yantziren pieza

batzuk hartu eta duoak prestatzen aritu ginen, ordurako duoak egiten baikenituen plazetan.

Txapelketa hartako berrikuntzetako bat izan zen. Esan beharra dago, hala ere, gure aurretik

Zumarragako Trikitixak egiten zituela duoak, haiek bi pandero-jotzaileen artean egiten bazituzten

ere”, jarraitu du Leturiak.

1987an lehen diskoa grabatu zuten bai Tapiak eta Leturiak eta bai Kepa, Zabaleta eta Motrikuk ere.

“Elkarreko estudioetan kointziditu genuen. Haiek egunez grabatzen zuten eta guk gauez, nik Kutxan

lan egiten nuelako. Elkarrekin parranda batzuk egitera ere iritsi ginen. Betidanik izan dugu harreman

ona Kepa Junkerarekin. Erromeria eta plazetan ere ikusten genuen elkar. Garai horretan Laja, Martin,

Kepa eta Tapiaren artean banatzen ziren erromeria eta plazak. Askori oso arraroa egiten zaie gure

artean ondo konpontzea, trikitizaleen artean halako lehia bat zegoelako Tapiaren eta Junkeraren

aldekoen artean”, dio.

1986ko txapelaren ondoren Tapia eta Leturia itzulia egitera atera ziren eta Europan eta Ameriketan

barrena emanaldi asko eman zituzten. “Ordura arte Eusko Jaurlaritzak antolatutako ordezkaritza

ofizialen barruan joaten ziren trikitilariak AEBetan jotzera, baina gu beste zubi batzuk eraikitzen hasi

ginen eta folkaren beste hainbat figurarekin harremanetan sartu ginen. Ondoren 88ko txapelketa

etorri zen eta final horrek trikitixaren elitera eraman gintuen bai Kepa eta Motriku eta bai gu.

Page 47: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Musikaren ikuspuntutik begiratuta, Tapia eta Junkera gutxitan ematen diren figurak dira. Nik

banekien Joseba Tapiaren pandero-jotzaile izatea luxu bat zela eta aukera izugarri bat ere bai. Haiek

luzitzen dira eta zuri ere zeure instrumentuarekin luzitzeko aukerak ematen dizkizute. Jazz talde

batean jotzea bezala da, bakoitzak askatasun eremu bat du bere bidea egiteko”, dio.

90eko hamarkadan tex-mex-arekin egin zituzten esperimentuak, bikoteari Mikel Artiega baxua eta

Leiza bateria-jotzailea erantsita. Ondoren rock etapa bati ekin zioten eta horretarako taldean gitarra

bat sartu zuten, Akelarretik zetorren Batis. “Nik umetatik era guztietako musika entzun dut etxean,

klasikoa, garaikidea eta jazza batik bat. Eta oso aberasgarria egin zitzaidan rockaren generoa

ezagutzea. Baina gure jarraitzaile askorentzat aldaketa gogorregia izan zen. Bien bitartean

erromerietako errepertorioa biltzen zuten bi disko grabatu genituen eta segidan beste bi disko rock

erritmoekin eta azken bi disko hauetan hitz askoz ere gogorragoak sartzeko aukera izan genuen.

Kanta horietako batzuk probokazioaren mugan zeuden, Joseba Tapiari betidanik gustatu izan zaion

estiloan. Bidenabar gure inguruan lanean ari ziren rock taldeekin harremanak estutzeko balio izan

zigun etapa horrek”, jarraitu du.

1998an zuzeneko disko bikoitza grabatu zuten trikitixako errepertorioarekin, bidean galdutako

trikitizaleak berriro adiskidetzeko asmoarekin. Joseba Tapiak “Apoaren edertasuna” grabatu zuen

Koldo Izagirrerekin eta beste bat ondoren Bizkaiko koplekin Leturia ondoan zuela. “Quebec-eko

jendearekin harreman estua genuen. Nik zapatak jotzen ikasi nuen Boutine Sourriante taldekoekin

eta, hango taldeen formatua geureganatuz, mandolina, biolina eta pianoa sartu genituen eta diskoa

grabatu ondoren emanaldiak egiten hasi ginen dantzari bat agertokian genuela”, gogoratu du.

Joseba Tapia kantari gisa dabil orain gitarra eskuetan duela. Etapa berri bati ekin dio.

Tapiak eta Leturiak Kepa Junkerarekin izan duten harremana betidanik izan da beroa. “Erromeriaren

baten kointziditzen genuenean afaltzera joaten ginen elkarrekin. Benetako arazoa, ondo pentsatzen

jarrita, epaimahaiak izan zuen 88ko txapelketan, txanpona airera botata erabaki baitzuen ia-ia

txapela nori eman. Junkera oso teknikoa da, baina Tapiak sekulako indarra du eta transmititzen daki.

Gure arteko harreman on horren froga da sari gisa Tapiari eman zioten soinu txikia honek Junkerari

oparitu izana. Nik antzera miretsi izan ditut biak. Biak tradiziotik abiatuta, oso bide ezberdinak ireki

dituzte eta taldekoei beren lana egin dezaten askatasuna eman izan diete. Guk abantaila handi bat

genuen gure alde: trikitixaren maparen erdigunea aurkitzen ginen, euskarazko prentsak eta irratiek

ate guztiak zabaltzen zizkiguten”, dio.

Leturiak behin baino gehiagotan jo izan du Kepa Junkerarekin. “Zabaleta eta Motriku kanpoan ziren

batean deitu zidan Kepak libre al nengoen galdetzeko eta erromeria batzuk egin genituen elkarrekin.

Horrek erakusten du gure arteko harremana nolakoa zen. Gogoan dut baita beste behin Baqueiran

astebetez aritu ginela jotzen elkarrekin, Tapiarekin jotzera joan eta eskiatzeko pistetan erori eta

zangoko zuntzak hautsi zituelako. Kepari deitu nion, zer gertatzen zen kontatu nion; esan nion ez

zutela ordaintzen, baina primeran pasatuko genuela eta berehala animatu zen. Bost izarreko

hotelean, gastu guztiak ordainduta, egon ginen astebetez. Pereirarekin batean diskoa atera berria

zuen eta ‘Bilbao 00:00H’ren proiektuari bueltak ematen hasita zegoen ordurako”, gogoratu du.

Page 48: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Imanol Urkizu: ” Betelun behin jazz-fusio itxurako grabazio bat erakutsi zigun eta orduan hasi zen

Keparen ibilbide berria”

Orion 1962an jaioa, trikitixa biziberritzeko hainbat esperientzia berri martxan jarri zituen belaunaldi

bateko kide da, baina aitortzen du berrikuntzen arloa Kepa izan dutela beti aitzindari.

-Nola hasi zinen? Ni nahiko berandu hasi nintzen trikitixaren munduan panderoa jotzen. Soldaduska amaitzeko zorian

nintzela, pertsona batek ditu zidan telefonoz ea panderoa jotzen ikasiko nukeen galdezka. Nik

atabala lehenagotik jotzen nuen eta gehiegi pentsatu gabe baiezkoa eman nion. Pandero-jolearen

bila zebilena Miren Etxaniz trikitilaria zen eta harekin jarduteko gonbidapena zen hura.

Soldaduska amaitu eta Mirenen etxera agertu nintzen hitz egitera. Lehendabizi panderoa irakatsiko

zidan pandero-jolea behar genuen eta bideo batzuk jarri zizkidaten ea gustuko zein nuen jakiteko.

Imanol Iturbide aukeratu nuen eta hasiera baten ezetz esan zigun, berak ez zuela irakasten, ez zuela

pazientziarik eta ez zuela horretarako balio. Azkenean pertsona baten bitartez konbentzitu genuen

eta baiezkoa eman zigun. Bere etxera joateko esan zidan. Berarengana joan nintzen eta jangelan

geundela panderoa hartzeko agindu eta musika jarri zuen. Kalejira bat jotzen hasi zen bera eta nik ez

nion inondik ere ezer harrapatzen. Geldiago jotzeko eskatu nion baina esan zidan berak geldiago ezin

zuela jo, berari segitzea beste erremediorik ez nuela. Egun hartan ahal nuena egin nuen. Handik

hamabost egunera berriz joan nintzen eta esan zidan berak bezain ondo jotzen nuela eta gehiago ez

zidala erakutsiko, ez nuela bere beharrik eta horrela amaitu ziren nire ikasketak.

Orduan ulertu nuen zergatik ez zuen panderoa jotzen irakatsi nahi, niretzako jotzen onena zen, baina

irakasle moduan ez zuen balio. Handik aurrera bakarrik jarraitu nuen Laja eta Landakandaren

diskoekin. Biniloak etxean jarri eta jota ke aritu nintzen, handik bi hilabetetara kalean lehendabiziko

aldiz jotzera irten nintzen arte.

Nire debuta Arrasateko jaietan egin nuen. Egun hartan Laja eta Landakanda ere han ziren eta

niretzako ahaztezina izan zen . Ramonek (Landakandak) esan zidan: " Hi, arreta gehiegi jartzen diok

panderoan jo behar duanari, utzi jotzen, ez sartu hainbeste gauza eta natural eta sinple jo”.

Gomendio izugarri hori nire ibilbidean zehar praktikara eramaten saiatu naiz eta niretzako oso

positiboa izan da.

-Nola egin zenuen topo Keparekin?

Lehenengo aldiz Arrasateko jai horietan ikusi nuen, ni Mirenekin joan nintzen egunean, Kepa,

Zabaleta eta Motriku ere bertan baitziren. Egun hartan Arrate irratira ere joan ginen grabazio batzuk

Page 49: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

egitera eta gero Eibarren trago batzuk hartzen jarraitu genuen, baina ez ginen gehiegi hitz egitera

iritsi. Geroago hasi nintzen Kepa ezagutzen, Martinekin lehen aldiz txapelketara joan nintzenean.

Tapia eta Leturiarekin tratu gehiago nuen, gertukoak zirelako. Besteekin, bizkaitarrak izaki, ez nuen

traturik. Handik oso denbora gutxira Motri lanagatik kanpoan ibiltzen hasi zenean, ni joaten nintzen

haren ordez jotzera Keparekin eta Iñakirekin. Kepa eta Iñaki musikari apartak ziren, nik ordura arte

trikitixa munduan ezagutu nuena baino askoz harago zihoazen bi pertsona. Kepak zehazki ate asko

zabaldu zizkidan eta berari esker musikan asko sakondu eta estilo berriak ezagutu nituen. Gaur egun

ere nire jotzeko moduagatik asko identifikatzen naiz Kepak duen estiloarekin.

-Bitxia izan behar zuen Bizkaitik zetozen …

Gustura etortzen ziren eta jendeak ez zioten garrantzirik ematen beren jatorriari. Keparen benetako

agerpena txapelketan izan zen. Ni Martinekin nindoan, Tapia eta Leturia era bazeuden. Gogoan dut

Martinek aldageletara heltzean esan zidala: “Lasai Imanol, hau menderatuta zegok…” Orduan Kepak

eskala kromatikoa jo zuen gora eta behera eta une horretan Martin zurbildu egin zen, pasatuta

geratu zen, urduri eta ez zen bere onera etorri. Agertoki gainean ere nabaritu nion ez zegoela bere

onean eta laugarren bukatu genuen. Ez zen kapaz izan jotzen zuen bezala jotzeko aldageletan

ikusitakoaren ostean.

Nire ustetan, irabazi beharreko txapelketa zuen hura Kepak, baina epaimahaia oraindik ez zegoen

prestatuta Kepak ekarri zituen berrikuntzak ondo neurtzeko. Tartean J. I. Ansorena zegoen eta hark

bakarrik eman zien hamarra Kepa eta Motrikuri. Garbi dago, hark musikaren beste ikuspegi bat

zeukan eta ondo ikusten zuen zer zegoen. Momentu horretan Kepa bezalakorik ez zegoela ulertu

zuen seguru asko. Gero, epaimahai guztietan bezala, kide bakoitzak puntuazio ezberdina ematen du

eta batuketak erabakitzen du irabazlea.

Nik gaur epaile lanak egiten ditut txapelketetan, baina nire helburua pedagogikoa da. Txapelketak

amaitu eta nire ustez zertan hobetu dezaketen komentatzen diet parte-hartzaileei. Hala ere zaila da,

oraindik badagoelako txapelketen inguruan saltsa gehiegizko bat. Lehen behintzat txapelketen

ondoren aukera gehiago egoten ziren diskoa grabatu edo erromerietan izen bat egiteko…. Baina

orain ez dago aparteko aukerarik. Zorionez parte hartzen dutenak elkarren lagunak dira eta hori oso

onuragarria da. Orain dela urtebete pasatxo txapelketetan dabiltzanekin egon nintzen Orion eta

komentatu nien ea zergatik ez zuten pandero-joleen talde bat osatzen, horrelakorik ez dagoelako

hemen oraindik. Nola diren gauzak, orain horiek dira Keparen proiektuko Sorginak. Hori jakitean

zoriondu egin nituen. Beharrezkoa zen panderoaren munduari bultzada bat ematea.

-Zein ekarpen egin dio Kepak trikitixari?

Gaur egun trikitilari gazteak entzuten badituzu Keparen abestiak jotzen jarraitzen dute eta hala

izango da etorkizunean ere. Musika estiloa, pieza kopurua, asko dira Keparen ekarpenak.

Tradizioaren mugetatik ateratzean onura asko ekarri dizkio ez soilik trikitixari, baita txalapartari eta

panderoari ere. Perkusio mailan ere gauza asko egiten ari da. Beste mundu bat zabaldu du Kepak.

Tapiak ere egin zuen bere garaian, baina nik uste bi gauza ezberdin izan direla. Kepak inork pentsa

ezin zezakeen mundu bat zabaldu dio trikitixari.

Page 50: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Gogoratzen dut “Nondik Jo Maurizia?” abestia txapelketan jo zuenean jendea txistuka hasi zela eta

pasilloan rocka dantzatzen hasi zirela batzuk eta hori ez zela trikitixa esaten zuten. Handik sei

hilabetera, kritikatzen zutenen seme-alaba askok pieza hori jotzen hasi ziren. Ustez tradizioa ez zena

hilabete gutxitan tradizio bilakatu zen. Gaur egun oraindik fandango hori hamaika gaztek jotzen du

txapelketan eta horrek zerbait adierazten du.

-Nazioarteko hedapena ere ez da makala izan.

Egia esan gure instrumentu tradizionalak nazioarte mailan ezagutzera eman dituena Kepa izan dela

eta ez tradizional bezala, baizik eta musika tresna batzuk gehiago bezala. Lan ikaragarria egin du eta

oraindik ere horretan dihardu, ezagutzen ez duten lekuetara joan eta emanaldi arrakastatsuak egiten

dituelako. Horrek zerbait adierazten du. Baina Kepa oso ausarta izan da betidanik. Berak esaten zuen

eszenatokian trikitixa ez zela erromerietan bezala jo behar, berak eserita zegoen publikoarentzako jo

behar zuela. Une batetik aurrera erromerietan aspertu egin zen. Ez zuen agertu nahi izan, baina igarri

egiten zitzaion. Harago joan nahi zuen: fandango bat jotzen hasi eta ikusten zen berak egiten zituen

moldaketak ez zirela jada dantzarako. Aspertzen hasia zen eta beste bide bat jorratu beharra zuen.

-Hori “Triki Up”en atzeman zen.

Gogoratzen dut Betelun ginela jotzen eta Zabaleta eta bioi deitu zigula furgonetara hurbiltzeko.

Orduan esan zigun: “a ver qué os parece esto”. Kasetea jarri eta guretzako sorpresa handia izan zen.

Saxoa entzuten genuen, baina ez Gelatxo eta hauen formazioetan jotzen zen bezala. Jazz-fusion

estiloko saxoa zen. Baxua zegoen. Honek ere erritmo ezberdinak egiten zituen. Keparen argudioak

entzun ondoren konturatu ginen hori zela apurtzeko modu bakarra eta handik aurrera aldaketa

handiak ekartzen hasi zen. Orain entzutean konturatzen zara sasoi hartan Keparen burua non

zebilen, ez zeukala dagoeneko lehengo erroetan. Disko horrek ondo islatzen du momentu hartan

atzeman genuena.

Hala ere, konturatzen ari naiz poliki-poliki oinarrietara bueltatzen ari dela, bai erritmo aldetik eta

baita musikalki ere. Aldaera eta berrikuntzak egiten, baina tradiziora itzuliz berriro ere, bidaia luzea

egin eta etxera itzuli nahiko balu bezala.

XABIER SOLANO: “Nik 10 urte nituen 88ko txapelketara joan nintzenean, baina Keparen estiloak

harritu egin ninduen”

Page 51: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

Ereñozun jaio zen 1978an, oso umetan hasi zen trikitixa jotzen eta 12 urterako txapelketan parte

hartzen hasita zegoen. Etzakit taldeko partaide lehenik eta Esne Beltzakoa gero, Fermin Muguruzaren

proiektuetan parte hartu izan du eta munduan zehar soinu txikiarekin asko ibilitako trikitilaria da.

-Nola hasi zinen trikitixa jotzen?

Bederatzi urterekin hasi nintzen trikitixa ikasten, aitak horretara bultzatu ninduelako, nik musika

tresna ezagutu ere ez bainuen egiten. Behin eraman ninduen Aia San Pedrora erromeria bat zen ikus

nezan eta asko gustatu zitzaidan. Hala ere 8-9 urterekin ez dakizu seguru zer nahi duzun eta itsu-

mustuan sartu nintzela esan dezaket trikitixaren munduan. Gero gustua hartu nion.

Sasoi hartan Ereñozun bizi nintzen eta beldur pixka bat ematen zidan handik irten eta Villabonara

joatea, Martin Musika Etxera. Hasieran nire arrebak laguntzen zidan eta ordu beteko klasean nire

ondoan gelditzen zen, eta horren ondorioz, gustatu eta bera ere ikasten hasi zen. Azkonobieta izan

zen nire lehendabiziko trikitixa irakaslea eta geroago Martinekin ibili nintzen.

-Zer metodorekin ikasi zenuen?

Zenbakiz hasi nintzen ikasten, baina urte horretan solfeoa ikasten hasi nintzen Ereñozun bertan

Imanol Kamiorekin. Bera izan zen hastapenetan solfeo, armonia eta musikan aurrera eraman

ninduena. Azken batean trikitixa pobre geratzen da zenbakiekin bakarrik, trikitixa tradizionala edo

ohiko kantutegia asko ikasten da, baina hortik kanpora aurrera pausu bat emateko beharrezkoa da

solfeoa eta armonia pixka bat. Nik beste instrumentu batzuk ikasi ditut besteak beste horiekin

ikasitakoa trikitixan aplikatzeagatik.

-1988ko txapelketa gogoan duzu?

Bai, gogoan dut, ikusi nuen lehendabiziko txapelketa izan zelako Belodromoan. Orduan 10 bat urte

nituen, trikitixarekin hasi berria nintzen, baina asko harritu ninduen egun hartakoak. Osaba eta

izebarekin joan nintzen; gogo izugarria nuen txapelketa ikusteko, nahiz eta ez nuen parte-hartzaile

bakar bat ere ezagutzen. Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak harritu ninduten batez ere. Tapia eta

Leturiak zeukaten freskura asko gustatu zitzaidan, baina Kepak erakutsi zuen abilidadea eta ekarri

zituen berrikuntzak paregabeak iruditu zitzaizkidan.

-Zu zeu ere txapelketetan ibilia zara.

Ni 12 urterekin hasi eta 15-16 urtera arte ibili nintzen txapelketetan. Gogoratzen dut hasieran ez

nuela bikoterik eta gertutasunagatik nire bizilagun bati, Jon Mari Beasaini (gaur egun Esne Beltzan

gitarra jotzen duena), komentatu niola. Elkarrekin hasi ginen eta lehendabiziko txapelketan, Garain

Page 52: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

jokatu zenean, bigarren gelditu ginen. Handik aurrera txapelketa pila baten aritu ginen, Hernialden,

Zerainen, Oiartzunen, Zarautzen... Arrebaren eta bion artean 24 txapel ditugu etxean.

Behin Italiara ere joan ginen junior mailako Munduko Txapelketa baten parte hartzera. Hara joatea

soilik itzelezkoa izan zen. Bertan herrialde ezberdinetako partaideak zeuden eta irabazi egin genuen.

Oso berezia izan zen guretzako.

-Txapelketetatik kanpo ere oso emankorrak izan zineten orduko trikitilari gazteak.

Txapelketetako ibilbidea bukatzeko zorian zegoenean, 16 bat urterekin, talde bat egin nuen Jon

Marirekin. Honek gitarra joten zuen eta Ander Barrenetxeak bateria. Orduan hasi ginen erromeriak

egiten, ezkontzak... denetik. Handik gutxira Aitor Zabaleta baxu-jotzailea gehitu zen taldera eta

Etzakit sortu genuen. Niri gehiago gustatzen zait talde giro hori, jendea inguruan izatea, denak maila

berdinean egotea eta aurrera egitea. Maketa bat grabatu genuen sasoi horretan, Elkar-ekoei gustatu

egin zitzaien eta lehenengo diskoa grabatu genuen. Nik 17 urte nituen. Guretzako gauza berria zen,

hain gazteak izanik plazak goraino betetzen eta lehenengo lansariak irabaztea. Gogoan gelditu

zaidan garaia izan zen. Triki-pop izenez deitu zuten fenomeno hura, baina nik uste herrietako giroa

izan zela bereizgarria, fandango eta arin-arinak jotzen genituelako eta plaza dantzan jartzen

genuelako. Hori bukatuz joan da; gaur egun erromeri gutxi dago eta agian talde gehiegi plaza

gutxirako.

-Kepa Junkera izan zen aitzindaria munduan zehar trikitixa zabaltzen, baina zuek ere ibili zarete

gerora munduan barrena. Zer suposatzen du trikitixa atzerrira eramateak?

Gaur egun trikitixa munduan zehar eramatea oso gauza polita eta berezia da trikitilari batentzako.

Euskal Herrian oso entzunda dago eta gaur egun lotsagarria da nola jaietan trikitilariak jartzen

dituzten inolako fundamenturik gabe, are gehiago herri honetan soinu txikiak suposatu duen

guztiarekin. Trikitilari horiei espazio eta aukera duinak eman behar zaizkie. Nik uste dut trikitixa

kanpoan gehiago miresten dela hemen baino, hemen ez baita horrenbeste estimatzen. Japonera

zoaz, soinua ikusi eta harrituta gelditzen dira.

-Izugarrizko arrakasta lortzen ari zarete Esne Beltzarekin.

Nik uste Esne Beltzaren sekretua ez dela trikitixa. Gurean instrumentu bat gehiago da. Kepa

Junkeraren edo Joseba Tapiaren kasuan diskoetan eta zuzenekoetan soinua txikia da ardatza. Dena

den, bai haiek eta bai guk beste instrumentuekin izandako harremanean ikasi dugu trikitixaren

aukerak aztertzen. Nik trikitixaren potentziala gerora ezagutu dut, beste instrumentu batzuk ikasiz

eta ikasitakoa aplikatu diot soinu txikiari. Fermin Muguruzarekin eta gisako musikariekin ibiltzeak ere

lagundu dit horretan. Askotan zenbakiekin edo solfeorekin ikasten dugu trikitixa jotzen, errepertorio

bat ikasten dugu, baina ez dugu musika tresna bera ondo ezagutzen. Hori kontuan izan behar du

irakasten duenak.

Page 53: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

-Aurreko belaunaldietako trikitilariei miresmena zor al zaie?

Niri pieza bat irakasten zidatenean, norena zen azaltzen zidaten eta trikitilari haren inguruko

pasadizoren bat kontatzen. Eta horrela miretsi egiten dituzu azkenean aurreko belaunaldietakoak.

Gaur egungo gazte batek ez daki nor ziren eta gainera berdin zaie, nahiago dute gaurko kanta bat

ikastea. Niri batzuetan gogorra egiten zait axolagabekeria hori. Baina irakasleak horretarako gaude,

gustuko dutena irakasteko eta tarteka pieza garrantzitsuak tartekatzeko.

“Esne Zopak” grabatu genuenean, esaterako, trikitilari askorengana jo genuen eta primeran hartu

gintuzten. Haiengan ikusten genuen gogoa, kontatzen zizkiguten pasarteak,... oso berezia izan zen

iraganeko mundu horretan barneratzea.

-Zer asmo dituzu atzetik datozen trikitilari gazteei begira?

Nire piezen partitura liburua argitaratuko dut laster, ikasleek ikasteko aukera izan dezaten. Solfeoz

agertuko dira, baina baita zenbakiz ere, oraindik askok eta askok hala ikasten dutelako. Gainera,

ikasle ugarik ez dute profesional bilakatu nahi, gozatzeko jotzen dute trikitixa eta merezi dute

erraztasunak ematea.

SORGINAK SORGINAK SORGINAK SORGINAK

Izenak aldatu dira. Dagoeneko ez dira Romualda edo Mikaela edo Martzelina deitzen. Amets

Ormaetxea, Maria Lasa, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Garazi Otaegi, Eneritz Aulestia eta Irati

Gutierrez dira, baina trikitixaren historiaren hasieran agertzen diren emakume pandero-jotzaileen

leinukoak dira. Emakume haiek garai batean pandero soilaren eta ahotsaren laguntzarekin jartzen

zuten festa behar zen lekuan. Gero hasi ziren trikitilari handien ondoan jotzen. 15 urtetik hasi eta

18ra bitartekoak dira. Oso goiz hasi ziren panderoa edo trikitixa ikasten, bost eta sei urterekin batzuk.

Taldeko hiru partaide Arrasatekoak dira eta gainontzekoak Zizurkil, Zarautz edo Debakoak. Etxean ez

zuten aurrekaririk trikitixa jotzen, baina zale amorratuak guztiek dituzte. Hauetako bik taldean ere

jotzen dute. Maria Lasak Gugaz taldean. Hiru neska eta mutil batek osatzen dute taldea. Alaitz

Eskuderok Ez Den Giro taldean jotzen du. Lau neska dira bertan, bi trikitilari, gitarra eta bateria.

Erromeria taldeak dira eta arrakasta badute.

Guztiek hartzen dute parte txapelketetan, pandero-jotzaile gisa batzuek eta trikitilari gisa besteek.

Maria Lasak, esaterako, bere pieza propioak aurkeztu izan ditu txapelketan. Egunero jotzen dutela

diote. Garazi Otaegik, adibidez, igandetan ere jotzen omen du. Guztiek uste dute festarako

instrumentua dela trikitixa, baina batzuek hori baino zerbait gehiago ote den ere susmatzen dute.

Garazik dio triste dagoen egun batzuetan soinu txikia jotzen hasi eta umorea aldatzen zaiola.

Ilusio handiarekin bizi dute Kepa Junkerarekin burutzen ari diren esperientzia. “Pandereoa jotzeko

beste modu bat da. Erromerietan indarra da jotzeko moduaren oinarria. Keparen ondoan jotzen

Page 54: Una Pequeña Historia de La Trikitixa Euskera

dugunean estiloa finagoa da, neurtuagoa, dotoreagoa. Kepak errepikatzen digunez, erritmo sinpleak

eta soilak interesatzen zaizkio, baina ondo joak”, dio Eneritz Aulestiak.